154. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1556/2019 EBAZPENA, 2019ko uztailaren 30ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez onesten da emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako ikasketa amaierako lanei buruzko poster lehiaketaren I. edizioaren deialdia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak sustatua.

Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra sortu zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoan, zientziaren eta teknologiaren berezko arloetan emakumeen parte-hartzea handiagoa izan eta, ondorioz, zientziako, teknologiako, ingeniaritzako eta matematikako titulazioetan sar daitezen sustatzeko (ZTIM titulazioak).

Helburu horiek lortzeko ezarri diren jardueren artean, nabarmentzekoa da emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan gradu eta master amaierako lanak egiteko laguntza.

Ondorioz, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak, 2019. urterako prestatutako jardueren programazioan, diru kopuru bat ezarri zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan defendatutako ikasketa amaierako lanik onenak saritzeko (gradukoak eta masterrekoak).

Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoaren akta eta proposamena.

Ikusirik Unibertsitateko Aholkularitza Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik kreditu erreserbaren ziurtagiria eta Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2019ko uztailaren 30ean emandako 1420/2019 Ebazpenaren bidez ematen dizkidan eskumenak betez.

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako ikasketa amaierako lanei buruzko poster lehiaketaren I. edizioaren deialdia (gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak sustatua, ebazpen honen eranskineko oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena.–Baimena ematea deialdi honek sortutako gastua egiteko. Gastua, 2.700,00 eurokoa gehienez, sarietarako izango da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren aurrekontuaren bidez finantzatuko da.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2019ko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partidaren kargura ordainduko da.

2019.

30.31.24.82.70 0380 480.25 Katedren sarietarako 2.700,00 euro.

Hirugarrena.–Deialdiak bi sari ditu modalitate bakoitzean (gradu amaierako lana eta master amaierako lana): 900,00 euro irabazlearentzat eta 450,00 euro bigarren sailkatuarentzat.

PFEZari dagokionez, sari hauek jarduera profesionalaren errendimendutzat jotzen dira; beraz, aplikatuko zaien atxikipena %15ekoa izango da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Errendimenduaren 78. artikuluaren arabera.

Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoko Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Ikerketako errektoreordeari eta Kontuhartzailetzari.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren webgunean argitara dadila agintzea: http://www.unavarra.es/catedra-mujer-ciencia-tecnologia/?languageId=100001.

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko uztailaren 30ean.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN EMAKUMEAREN, ZIENTZIAREN ETA TEKNOLOGIAREN KATEDRAK DEITU DUEN IKASKETA AMAIERAKO LANEI BURUZKO POSTER LEHIAKETAREN I. EDIZIOAREN OINARRIAK

2019ko uztailaren 30eko 1556/2019 Ebazpenaren eranskina

Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra sortu zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoan, zientziaren eta teknologiaren berezko arloetan emakumeen parte-hartzea handiagoa izan eta, ondorioz, zientziako, teknologiako, ingeniaritzako eta matematikako titulazioetan sar daitezen sustatzeko (ZTIM titulazioak).

Helburu horiek lortzeko ezarri diren jardueren artean, nabarmentzekoa da emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan gradu eta master amaierako lanak egiteko laguntza.

Ondorioz, 2019. urterako prestatutako jardueren programazioan, katedra horren Segimendu Batzorde Mistoak ditu kopuru bat ezarri zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan defendatutako ikasketa amaierako lanik onenak saritzeko (gradukoak eta masterrekoak).

Hala, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako gradu amaierako lanei (GAL) eta master amaierako lanei (MAL) buruzko poster lehiaketaren I. edizioaren deialdia egin du.

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen helburua prozedura arautzea da lau sari emateko emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako ikasketen amaierako lanei buruzko (GAL eta MAL) posterrik onenentzat, publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera.

Bigarrena.–Finantzaketa.

Deialdi honek 2.700,00 euroko aurrekontua du guztira. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2019ko gastuen aurrekontuko 30.31.24.82.70 0380 480.25 Katedren sarietarako izeneko partidaren kargura ordainduko dira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak jarriko du diru kopuru hori.

Hirugarrena.–Sari modalitateak.

Sarien deialdiak modalitate hauek izango ditu:

A.–Gradu amaierako lanen modalitatea: 900 euroko lehen sari bat emango zaio gradu amaierako lan bati buruzko posterrik onenari, eta 450 euroko bigarren sari bat modalitateko bigarren sailkatuari.

B.–Master amaierako lanen modalitatea: 900 euroko lehen sari bat emango zaio master amaierako lan bati buruzko posterrik onenari, eta 450 euroko bigarren sari bat modalitateko bigarren sailkatuari.

Aplikatu beharreko atxikipena %15 da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 78. artikuluak ezartzen duenez.

Laugarrena.–Hautagaiek bete beharreko baldintzak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko emakumezko ikasle guztiek izango dute sari hauen deialdian hautagai izateko aukera, betiere 2018-2019 ikasturtean zientziaren eta teknologiaren arloko ikasketa amaierako lan bat –dela gradu amaierako lana (GAL), dela master amaierako lana (MAL)– defendatu badute.

GALei buruzko posterren kasuan, gainera, beste unibertsitate batean ebaluatu den GAL bat egin duten emakumezko ikasleek ere har dezakete parte, betiere 2019-2020 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitate master batean matrikulatuak badaude.

Deialdi honetan lehiatzen diren gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak defendatuta eta gaindituta egon behar dira hautagaitzak aurkezteko azken egunean.

Bosgarrena.–Eskabideen aurkezpena.

Saria irabazteko interesa daukaten hautagaiek eskaera egin beharko dute, http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/investigacion/transferencia-conocimiento/premios-tfe-catedra-mujer-cc-tenol.pdf estekan dagoen inprimaki normalizatuaren bidez. Inprimakia Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar da, edo Administrazio Prozedura Arautzen duen Legeak ezartzen duen edozein medioren bidez, lege horrek ezartzen dituen tokietan.

Horretaz gainera, mezu elektroniko bat bidali behar dute catedra.mujercienciaytecnologia@unavarra.es helbide elektronikora, hautagaitzak aurkezteko epea amaitu baino lehen, eta gaian “Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrako posterren I. lehiaketa” jarri behar dute, hautagaiaren izen-deiturekin, eta dokumentazio hau erantsirik:

• IALaren ideiarik garrantzitsuenak agertzen dituen posterrak 120 x 90 cm-ko tamaina izango du gehienez (A0), eta bere diseinua horizontala nahiz bertikala izan daiteke. PDF formatuan bidali behar da.

Posterrak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 2019ko urriaren 2an bukatuko da.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

Hautagaitzak gradu amaierako lanaren edo master amaierako lanaren zuzendarien baimena izan beharko du.

Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.

Seigarrena.–Lehiaketa.

6.1. Lehiaketa Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Astean egingo da, hots, 2019ko urriaren 7tik 11ra bitarte, Kondestablearen Jauregian (Kale Nagusia, 2, Iruñea). Posterren defentsa eta sari-banaketa non eta zer ordutan izango diren lehiaketa baino 3 egun lehenago argitaratuko da beranduenez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren webgunean http://www.unavarra.es/catedra-mujer-ciencia-tecnologia/?languageId=100001.

6.2. Lehiaketa gauzatzeko modua:

1. Lehiaketaren egunean, antolatzaileek finkatutako orduan, hautagai bakoitza bere posterraren ondoan egon beharko da, bere IALa azaltzeko eta epaimahaikideek edo ekitaldira bertaratutako edonork egin diezazkioketen galderei erantzuteko.

2. Hautagai bakoitzak 5 minutu izango ditu posterraren azalpena egiteko.

3. Irabazleek, gainera, jende guztiarentzako aurkezpen ireki bat egiteko aukera izango dute sariak banatzeko ekitaldian.

4. Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Astean zehar, posterrak Kondestablearen Jauregian izango dira ikusgai. Horrez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak 2019ko abendura arte gordeko ditu poster guztiak.

5. Saririk irabazten ez duten hautagaiek 2020ko urtarrilera arte izango dute beren posterrak eskatzeko aukera. Saritutako posterrak, berriz, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrarentzat izango dira.

Zazpigarrena.–Sarien epaimahaia.

Honako hiru kide hauek osatutako epaimahaiak emango ditu sariak:

• Gurutze Pérez Artieda Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren zuzendari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea, edo hark eskuordetzen duen pertsona, zeina epaimahaiburu lanetan arituko baita.

• Nerea Álvarez Arruti Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrako kide eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Plangintzako eta Programetako zuzendariordea, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

• Milagros Ganuza Hernández Nafarroako Unibertsitate Publikoko Komunikazioko teknikaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona, zeina epaimahaiko idazkari lanetan arituko baita.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren zuzendariak eskatuta eratuko da epaimahaia, eta, horretarako, kideei dei egingo die. Halaber, Katedrak behar diren kudeaketak egingo ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.

Zortzigarrena.–Sariak emateko prozesua.

8.1. Epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat parte-hartzaileak balioesteko garaian:

1. IALaren kalitatea eta pizten duen interesa: zientziaren eta teknologiaren arloari egindako ekarpena.

2. Posterraren prestaketa: laburra eta argia izatea eta ongi aurkeztua egotea.

3. Azalpenak eta epaimahaikideen galderei emandako erantzunak: erantzunen zehaztasuna eta lanari buruzko galdera teknikoei labur erantzuteko gaitasuna.

4. Finkatutako denborara egokitu izana.

8.2. Jendaurrean azaldu eta defendatzeko ekitaldiaren ondoren, epaimahaiak sariak emateko proposamena egingo du, txosten arrazoituan oinarrituta.

8.3. Epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio sariak emateko proposamena. Errektoreordeak dagokion ebazpena emango du, aurkeztu diren ikasketa amaierako lanik onenei sariak emateko. Ebazpen horretan, saritutako hautagaien izena baino ez da agertuko, eta gainerako hautagaitzak atzera bota direla ulertuko da.

8.4. Saria eman gabe utz daiteke epaimahaiaren iritziaren arabera, edo hautagairik ez dagoelako.

8.5. Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektorearen aurrean hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.6. Sarien banaketa Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Astean egingo da, eta, ekitaldian, irabazleek bere posterra publikoari azaltzeko aukera izango dute berriz ere.

8.7. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak sarien behin betiko esleipenaren ebazpena zabalduko du saria emateko ekitaldi publikoa izan baino lehenago.

Bederatzigarrena.–Sarituen betebeharrak.

Sarituek jasotzen duten diru kopurua nahi bezala erabiliko dute, eta 2019ko abenduaren 31 baino lehen ordainduko zaie.

PFEZari dagokionez, sari hauek jarduera profesionalaren errendimendutzat hartuko dira, eta, beraz, Unibertsitateak %15eko atxikipena egingo du.

Deialdiko oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izango da saria kentzea. Hala gertatzen denean, hartutako dirua itzuli beharko du interesdunak.

Hamargarrena.–Irudi-eskubideak eta datuak argitaratzekoak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak sare sozialetan eta hedabideetan argitaratu ahal izango ditu parte-hartzaileen datuak eta posterrak, baita lehiaketan egindako argazkiak argitara eman eta publikoki zabaldu ere.

Hamaikagarrena.–Konfidentzialtasunaren betebeharra.

Enpresaren edo erakunderen batekin konfidentzialtasun hitzarmen edo betebehar bat sinatua eta indarrean daukaten ikasketa amaierako lanek, bai GALek eta bai MALek, akordio horretan ezarritakoa bete beharko dute. Nolanahi ere, hautagaien ardura izango da beren poster eta eskabideetan datu edo informazio konfidentzialik ez zabaltzea.

Hamabigarrena.–Argitalpena.

Deialdi honen oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren webgunean argitaratuko dira: http://www.unavarra.es/catedra-mujer-ciencia-tecnologia/?languageId=100001.

Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra arduratuko da oinarriak zabaltzeaz.

Deialdi hau aplikatzeko emandako gainerako egintzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren webgunean argitaratuko dira: http://www.unavarra.es/catedra-mujer-ciencia-tecnologia/?languageId=100001, eta ez beste inon.

Bitarteko horiek dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak onarturiko tresna bakarra; nolanahi ere, interesdunei posta elektronikoaren bidez eginiko jakinarazpen bat bidal liezaieke modu osagarrian eta ez ofizialean.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka, interesdunek zilegi dute berraztertzeko errekurtsoa jartzea, hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F1910371