154. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

683/2019 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen baitira ekido abandonatuak hartzeko edo biltzeko zentro gisa sailkatutako ustiategientzat, eta onesten baitu 2019rako deialdia. DDBN identifikazioa: 463452.

Azkeneko urteetan, Abeltzaintza Zerbitzuak ugaritu egin ditu animalien babes eta ongizatearekin lotutako jarduketak, batez ere zaldi aziendaren sektorean. Jarduketa horietako askoren jatorri dira salaketak, partikularrenak edo animaliak babesteko elkarteenak, ekidoen tratu txarrekin edo abandonuarekin loturik.

Inguruabar horiei erantzuteko, Abeltzaintza Zerbitzuak ez du ez behar den azpiegiturarik ez bitarteko materialik zaldi abandonatuak hartu edo bildu ahal izateko edo, tratu txarren kasuan, jabeei konfiskatutakoak hartu edo bildu ahal izateko. Horregatik, Abeltzaintza Zerbitzua elkarlanean ari da animaliak babesteko elkarteekin; elkarte horiek doan ematen dute beren laguntza konfiskatutako edo abandonatutako zaldiak maneiatzeko eta garraiatzeko, beren ustiategietan izanez eta zainduz harik eta animalien azkeneko destinoa erabakitzen den arte.

Kontuan harturik zaldi abandonatuak biltzeko eta hartzeko zentroak mantentzen dituzten abeltzaintza-ustiategien egoera, nahitaezkoa da zuzeneko laguntzen lerro batzuk paratzea. Horien artean, besteak beste, laguntzak ematen ahal zaizkie ustiategiei, ustiategi mota denean zaldi abandonatuak hartzeko edo biltzeko zentro bat. Azaldutako egoerari aurre eginen dioten neurriak hartzea premiazkoa denez eta kontuan hartuta sinplifikazio administratiboaren eta zamak gutxitzearen printzipioa, Administrazioak laguntza horiek emanen ditu, hau da, ordainketa bakar bat eginen zaie zaldien abeltzaintzako ustiategiei ebazpen honetan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatuko zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ekido abandonatuak hartzeko edo biltzeko zentro gisa sailkatutako zaldi-ustiategiei laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea, helbide honetan eskuratu daitekeena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf.

3. Onestea laguntzak emateko deialdia, ekido abandonatuak hartzeko edo biltzeko zentro gisa sailkatutako ustiategientzat, 2019rako.

4. Laguntza hauen aplikazioak dakartzan gastuetarako 50.000 euroko gastua baimentzea, ebazpen honen ondoriozko gastu-konpromisoei aurre egiteko, 2019ko aurrekontu orokorretako partida honen kargura: “Animaliak biltzeko eta hartzeko zentroentzako laguntza” izeneko 710005-71330-4819-412200 partida.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

6. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

7. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko ekainaren 20an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, laguntzak eman dakizkien ekido abandonatuak hartzeko edo biltzeko zentro gisa sailkatutako zaldi-ustiategiei

Lehena.–Xedea.

1. Ebazpen honen xedea da laguntza bat emateko oinarri arautzaileak ezartzea, zaldi abandonatuak biltzeko eta hartzeko zentroak mantentzeko, haien funtzionamendua hobetzen laguntzeko eta babesa emateko ekido abandonatuak biltzera eta adoptatzera bideratutako jarduerak egiteko.

2. Ebazpen honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten zaldi-ustiategiek jasotzen ahalko dituzte dirulaguntzak.

Bigarrena.–Onuradunak eta laguntzak jasotzeko betebeharrak.

1. Laguntza hauen onuradun izateko, beharrezkoa izanen da ekainaren 10eko 804/2011 Errege Dekretuaren arabera animaliak babesteko elkartea izatea eta laguntza-eskaera aurkezteko azken egunean honako beharkizunak betetzea:

–Legez eraturik egotea eta irabazteko asmorik ez izatea.

–Helburu nagusi izatea ekidoak babestea eta defendatzea.

–Jarduera Nafarroan garatzea.

–Zaldi abandonatuak hartzeko zentro bat izatea, eta Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egotea eskaera egiteko unean.

–Ekidoak hartzeko eta adoptatzeko programa bat izatea.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako kasuren batean dauden pertsonak nahiz entitateak ezin izanen dira laguntzen onuradun izan.

Hirugarrena.–Diruz lagungarriak diren kontzeptuak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Harrera zentroan dauden ekido kopuruaren araberakoa izanen da gehieneko zenbateko diruz lagungarria, betiere horiek mantentzeko mandatu ordaindurik eman ez badio Administrazioak. Honela kalkulatuko da: gehienez ere 5 euro ekido eta egun bakoitzeko, 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko azaroaren 20ra.

2. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako jardueretarako bakarrik emanen dira laguntzak, kontzeptu hauengatik:

a) Txertoak, albaitaritzako botikak, biozidak edo beste produktu zoosanitario batzuk erostea eta aplikatzea, barne direla albaitarien jarduketa profesionaleko gastuak.

b) Urtean zehar animaliarik sakrifikatzen bada, sakrifizio eguna arteko gastuak sartu behar dira, bai eta albaitarien jarduketa profesionalak ekarritako gastuak ere.

c) Lokalaren gastuak, alokairua, ura, argia, zergak.

d) Animalia abandonatuak biltzea, elikatzea eta identifikatzea.

3. Balio erantsiaren gaineko zerga gastu diruz lagungarritzat hartuko da, bakar-bakarrik, onuradunak berreskuratu edo konpentsatzerik ez duenean.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9, Iruña), Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaera horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren erregistroetan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) eskuratzen ahal da.

3. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Transferentzia bidez kobratzeko eskaera, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten ekoizleentzat.

b) Laguntzaren xedeko gastuen memoria (argibideak eta aurrekontua), gutxienez honako eduki hau izanen duena:

–Hartutako ekidoen kopurua eta aurreikusitako adopzioak, animalien kopurua eta zentroa erabili duten egunen zenbatekoa zehaztuta.

–Administrazio baten mandatuz zaintzen duten animalien kopurua, eta animaliak zaindu eta gobernatzeko esleipen zenbatekoa.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez daudela dioen aitorpena.

d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Nik, .................................................., nire izenean edo ...................................................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari egiazta dezan nik/ordezkatzen dudan entitateak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak ditudala/dituela, honako deialdi hau tramitatzeko prozeduraren barruan: ekido abandonatuak hartzeko edo biltzeko zentroentzako laguntzen deialdia.”

e) Lehenagoko d) atalarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharren eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

f) Aipatutako agiriren bat Foru Komunitateko Administrazioak baldin badu, interesdunak eskaeran azaldu beharko du, zein agiri den eta zein artxibotan dagoen adieraziz. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari baimena emanen dio datuak aztertzeko.

Bosgarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen ezaugarrien arabera banatuko dira. Eskaerak hurrenkera honetantxe hartuko dira kontuan:

2.1. Gutxienez 10 ekido hartzeko instalazioak dituzten elkarteak.

2.2. Gainerako eskatzaileak.

3. Aurrekontua lehentasunezko talderen baten eskaerak finantzatzeko aski ez bada, talde horren barrenean kobratu beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren baldintzak betetzen ote diren egiaztatuko du Abere Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez eta tokian berean eginen diren jarduketen ikuskapen akten bidez.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du. Ogasuneko zergen ordainketak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko dituzte eskatzaileek, laguntza emateko ebazpen proposamena egin baino lehen.

3. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

1. Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

2. Gainera, abeltzaintzako ustiategia funtzionamenduan izan beharko dute gutxienez 2019. urtean.

Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, halakorik baldin badago.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarrena.–Ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epeak.

1. Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

2. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa jasotzeko, onuradunek, 2019ko azaroaren 20an beranduenez, ordainketa eskaera, behar bezala beteta, eta honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela justifikatzeko jarduketa memoria, hartzeko zentroan mantendutako animaliak eta hor egondako egunak azalduko dituena.

b) Jarduera diruz lagungarriak erreferentziako aldian egiteko gastuen fakturak, eta horien ordainagiriak. Faktura elektronikoen bidez frogatzen ahalko dira gastuak, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira Foru Administrazioak berak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin.

Hamabigarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz eginen dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamahirugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da, zerbitzuen katalogoan, ekido abandonatuak hartzeko edo biltzeko zentro gisa sailkatutako ustiategientzako laguntzei dagokien fitxan.

Iragarkiaren kodea: F1908528