154. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

681/2019 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez oinarri arautzaileak onesten baitira ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko “de minimis” araubideko laguntzak emateko, eta 2019ko laguntza deialdia ere onesten baita. DDBN identifikazioa: 463444.

Arraza latxako ardien esnearen ustiategiek, beren jarduera dela-eta, baliabide naturalen erabilera jasangarria egiten dute, bertako arraza horren zainketan, mantenuan eta hobekuntzan parte hartzen dute eta lurraldea zaintzen eta mantentzen ere laguntzen dute.

Prozesuen berrikuntza erabiltzen dute, baina aldi berean milurteko jakintza gordetzen dute, eta populazioa landa-eremuan finkatzen laguntzen dute. Nafarroako iparraldean daude, batez ere ipar-mendebaldeko nekazaritza eskualdean; Baztan da esnea ekoizten duen arraza latxako artalde gehien duen udalerria, eta ondoren Araitz, Malerreka eta Sakana datoz.

Nafarroako Foru Komunitateko udalerri hauetako esne-ardien ustiategi hauek mantentzea zaila izaten da, ordea, eta horregatik beharrezkoa da konpentsazio ekonomiko bat ematea, ustiategiek mendi eskualde horietan ekoizten eta eraldatzen, bertako jarduera ekonomikoa sustatzen eta landa eremuari eusten jarrai dezaten.

Ustiategi hauen buruan, gehienetan, pertsona fisiko bat dago, eta horietako gehienek nekazaritza dute ogibide nagusia.

Beste alde batetik, emakumeak funtsezkoak dira ardi latxaren esnearen sektorean, animaliak zaintzen dituztelako, esnea eraldatu eta gazta egiten dutelako, eta gazta hori merkaturatzen dutelako. Jarduera hauek denek emakumeei lotuta jarraitzen dute. Nahiz eta ardi latxaren sektorean emakumeek duten papera nabarmena izan, beharrezkoa da, oraindik ere, neurriak hartzea beren ikusgaitasuna eta beren lanaren aitortza sustatzeko.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak uste du beharrezkoa dela abeltzaintzako ustiategi hauei konpentsazio ekonomikoa ematea; hau da, esnea ekoitzi eta ustiategian bertan eraldatzen duten ustiategiei, gutxienez urtean 8.000 litroko salmenta zuzena dutenei.

Ebazpen honetan araututako laguntzak “de minimis” araubidearen menpean daude (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatuko zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko laguntzen oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasoak. Laguntzak “de minimis” araubidearen araberakoak dira.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea, helbide honetan eskuratu daitekeena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf.

3. Ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko laguntzak emateko 2019ko deialdia onestea. Laguntza horiek “de minimis” araubidearen araberakoak izanen dira.

4. Laguntza hauetarako 50.000 euroko gastua baimentzea, 2019rako Aurrekontu Orokorretako “(E) Ardi latxaren plan estrategikorako laguntzak” izeneko 710004-71310-4700-412202 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

6. Deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko ekainaren 20an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko 2019ko laguntzak emateko oinarri arautzaileak. Laguntza horiek “de minimis” araubidearen araberakoak izanen dira

Lehena.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko 2019ko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea. Laguntza horiek “de minimis” araubidearen araberakoak izanen dira.

Bigarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Emanen den laguntzaren zenbatekoa Abeltzaintzako ustiategien erregistroaren (AUE) datu baseetan agertzen diren datuen araberakoak izanen dira, eta horretarako eskaera egiten den urteko nahitaezko urteko aitorpenean agertzen diren ugalketarako emeen zenbatekoa aintzat hartuko da, prima hauek emateko:

–3,5 euro ardi latxa bakoitzeko, ustiategiko esnea eraldatzen duten ustiategietan.

–4 euro ardi latxa bakoitzeko, ustiategiko esnea eraldatzen duten ustiategietan, titularretako bat emakume bada.

–4,5 euro ardi latxa bakoitzeko, ustiategiko esnea eraldatzen duten ustiategietan, titular bakarra, edo titular guztiak emakumezkoak badira.

2. Ustiategiak ez badu bere ekoizpenaren % 100 eraldatzen bere gaztandegian edo esne-zentroan, koefiziente hau aplikatuko da: salmenta zuzeneko ekoizpena zati ekoizpen osoa (zuzeneko salmenta gehi industriako salmenta).

3. Gehienez ere 3.000 euroko laguntza emanen da ustiategian bertan ardi latxaren esnea eraldatzen duen ustiategi bakoitzeko.

4. Dirulaguntzen deialdi hau “de minimis” araubidearen menpean dago (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 EE Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa). L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa.

5. Edozein onuraduni gehienez ere 200.000 euroko “de minimis” laguntza ematen ahal zaio hiru zergaldiko epean, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoaren arabera; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori.

Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.

1. Nafarroako Foru Komunitatean abeltzaintzako ustiategien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak izaten ahalko dira ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen onuradun, baldin eta laguntza ematen denean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroako Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribaturik dagoen abeltzaintzako ustiategi baten titularra izatea 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen.

b) Abeltzaintza ustiategiaren sailkapen zooteknikoa “esnea ekoizteko ugalketa” izanen da, Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro orokorra arautzen duen martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuak ezartzen duen moduan.

c) Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak zehazten dituen osasun eskakizunak betetzea.

2. Zuzeneko salmentaren aitorpena egina izatea NBEFko INFOLAC delakoan (Ardi eta ahuntz esnearen aitorpenak kudeatzeko sistema), 8.000 litroko gutxieneko ekoizpenarekin, lehenagoko urteari dagokiona.

3. Abeltzaintzako ustiategiaren titularra eta eraldaketa zentroarena edo esne zentroarena berbera izanen da.

4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako kasuren batean dauden pertsonak nahiz entitateak ezin izanen dira laguntzen onuradun izan.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9, Iruña), Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaera horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren erregistroetan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) eskuratzen ahal da.

3. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten ekoizleentzat.

b) Adierazpen bat, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, zeinak aipagai baititu aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiak.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez daudela dioen aitorpena.

d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Nik, .................................................., nire izenean edo ................................................. ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari egiazta dezan nik/ordezkatzen dudan entitateak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak ditudala/dituela, honako deialdi hau tramitatzeko prozeduraren barruan: ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko laguntzen deialdia.”

e) Lehenagoko d) atalarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharren eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

f) Aipatutako agiriren bat Foru Komunitateko Administrazioak baldin badu, interesdunak eskabidean azaldu beharko du, zein agiri den eta zein artxibotan dagoen adieraziz. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari baimena emanen dio datuak aztertzeko.

Bosgarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen puntuazioaren arabera banatuko dira, honako baremo honen arabera:

2.1. Goi mendialdekotzat jotzen diren udalerrietako ustiategien eskaerak, apirilaren 11ko 82/2019 Foru Aginduaren V. eranskinean ezartzen denaren arabera (foru agindu horrek deialdia egin zuen, 2019ko ekitaldirako, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenetarako eskaera bakarra egiteko).

2.2. Mendikotzat jotzen diren udalerrietako ustiategien eskaerak, apirilaren 11ko 82/2019 Foru Aginduaren V. eranskinean ezartzen denaren arabera (foru agindu horrek deialdia egin zuen, 2019ko ekitaldirako, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenetarako eskaera bakarra egiteko).

2.3. Gainerako eskatzaileak.

3. Aurrekontua lehentasunezko talderen baten eskaerak finantzatzeko aski ez bada, talde horren barrenean kobratu beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren beharkizunak betetzen ote diren egiaztatuko du Abere Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du.

3. Dirulaguntza eman baino lehen, onuradunak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, non aipatuko baititu aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiak.

4. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte horrek ez duela berekin ekarriko onuradun bati emandako “de minimis” araubideko laguntzen zenbateko osoak gainditzea 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 EE Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga, eta, orobat, frogatu arte aipatu erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.

5. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Ardi esnearen ekoizpenaren zuzeneko salmentaren aitorpenak egitea, eta ustiategiko ardi-erroldaren nahitaezko urteko aitorpena egitea.

2. Administrazioko teknikariei ustiategira sartzeko erraztasunak ematea, hartutako konpromisoak betetzen diren ala ez egiazta dezaten.

3. Onuradunak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari idatziz komunikatu beharko dio dirulaguntza eskaeran aurkeztu den ardi kopuruan zer aldaketa gertatu den. Horretarako, horiek gertatu eta 10 eguneko epea izanen du gehienez.

Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, halakorik baldin badago.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatua, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

Dirulaguntzaren helburua ustiategian ekoizten den ardi latxaren esnea bertan eraldatzea da, eta xede hori bete dela justifikatzeko kontrol administratiboak eginen dira. Kontrol horietan egiaztatuko da ustiategiak jarduerari eusten diola eskaerak egiteko epea amaitzen denean, Abeltzaintzako ustiategien erregistroaren eta INFOLACen datu baseen arabera, eta ustiategietan bertan kontrolak eta ikuskapenak egiten ahalko dira.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira Foru Administrazioak berak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin, betiere errespetatzen badira Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduak ezarritako mugak (erregelamendu horrek zehazten du nola aplikatu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei nekazaritza sektorean).

Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz eginen dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da, Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.

Iragarkiaren kodea: F1908526