150. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRIBERRI

Udal ordenantza, Erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa behar dituzten hirigintzako jarduketak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Honako honen bidez aditzera ematen da ezen, behin betiko onetsi delarik iragan otsailaren 28an osoko bilkuran hartu erabakiaren bidez hasiera batez onetsitakoa, egoki dela argitaratzea Erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa behar dituzten hirigintzako jarduketak arautzen dituen ordenantza. Hona hemen haren testua:

HITZAURREA

Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak biltzen ditu erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa, herritarren hirigintza jarduketa gisa. Ordenantza honen bitartez arautu nahi dira araubide horren xehetasun batzuk, Udalaren berezko eskumenen esparrukoak, eta, horrela, indarra duen foru legedian ezarritakoa osatu.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea eta oinarriak.

Ordenantza honen xedea da hirigintzako jarduketa jakin batzuen erantzukizunpeko adierazpenaren eta aurretiazko komunikazioaren prozedura arautzea.

Ordenantza hau justifikatzen da 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 192-1b) artikuluan xedatutakoan.

2. artikulua. Ikuskatzeko eta kontrolatzeko udal ahalmenak.

Erantzukizunpeko adierazpenaren eta aurretiazko komunikazioaren araubideak ez du udal eskudantziarik ezabatzen ez eta baldintzatzen ere, legedia orokorrean, hirigintzako planeamenduan, ordenantza honetan eta erantzukizunpeko adierazpen edo aurretiazko komunikazioan adierazitakoari lotzen ez zaizkion jarduketen eta obren hirigintzako legezkotasuna ikuskatu, kontrolatu, errekerimendua egin, lehengoratu eta, kasua bada, zehatzeko garaian.

3. artikulua. Aurretiazko kontsulta.

Jardueraren titularrak, egoki juzgatzen badu, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu aurretik egiaztatzen ahalko du jarduera bideragarria den hirigintzaren aldetik, hirigintzako kontsulta egiteko inprimakia erabiliz.

I. TITULUA

Erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubideari lotutako hirigintzako jarduketak

4. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena.

Ordenantza honetan araututakoari dagokionez, hona zer den erantzukizunpeko adierazpena: idazki bat, interesdun batek sinatua; hartan hark, erantzukizuna beretzat hartuta, adierazten du indarrean den araubidean ezarritako betekizunak betetzen dituela eskubide bat aitortzeko edo abiarazi nahi duen jarduera batean aritzeko, badaukala hori frogatzen duen dokumentazioa eta konpromisoa hartzen duela adierazpen horrek edo jarduera horrek irauten duen aldi osoan betetzeko.

5. artikulua. Aurretiko jakinarazpena.

Ordenantza honetan araututakoari dagokionez, aurretiazko komunikazioa idazki bat da, eta hartan interesdunak Udalari jakinarazten dizkio bere identifikazio datuak, higiezinaren edo egin beharreko jardueraren kokalekua, bai eta eskubide bat aitortzeko edo jarduera bat abiarazteko eskatzen ahal zaizkion gainerako datuak ere.

6. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari lotutako hirigintzako jarduketak.

Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari lotuta daude hirigintzako jarduketa hauek:

A) Merkataritzako jarduerara bideratutako lokalak egokitzeko obrak egitea, une bakoitzean aplikatzekoa den sektoreko araudian ezarritakoarekin bat.

Bereziki, kategoria honen barnean sartzen dira abenduaren 26ko 12/2012 Legean jasotakoak; alegia: txikizkako merkataritza jarduerak, edo legearen beraren eranskinean jasotako zerbitzu jakin batzuk ematekoak, eta establezimendu iraunkorren bidez gauzatzen direnak, baldin eta haien erakusketarako eta salmentarako azalera erabilgarriak ez baditu 750,00 metro karratu gainditzen edo indarrean den legediak une bakoitzean ezartzen duen azaleratik gorakoa ez bada. Jarduera mota horien esku-hartze araubidea izanen da aipatutako legean eta hura garatzeko araudian ezarritakoa, bai eta Erriberriko udal-mugartean jarduera ekonomikoetan aritzeko aurretiazko komunikazioa duen erantzukizunpeko adierazpena edo establezimenduen aurretiazko komunikazioa egiteko prozedurak arautzen dituen udal ordenantzan ezarritakoa ere.

B) Garrantzi edo tamaina txikiko obrak egitea. Halakotzat hartuko dira, indarrean den legediaren arabera obren proiektu teknikoa behar badute ere, garrantzi edo funts tekniko urriko obratzat jo daitezkeenak, hala nola:

a) Oin berriko eraikuntza dakarten obrak, eraikuntzako izaera urria eta erraztasun teknikoa izanda, ez badute aldi baterako edo etengabeko egoitza izaerarik edo izaera publikorik, eta solairu bakarrean garatzen badira.

b) Handitzeko, aldatzeko, berritzeko, zaharberritzeko edo eraisteko obrak, lehendik dauden eraikinetan egiten direnak, garrantzizko aldaketarik ez badakarte kanpoaldeko osaeran, bolumetrian, kanpoaldeko inguratzailean edo egiturazko sistemaren multzoan, eta eraikinaren erabilera berariazkoak aldatzeko xederik ez badute.

C) Lursailen itxiturak eta hesiak, eta haien aldaketak.

D) Eremu publikotik ikusten ahal diren publizitate kartelak.

E) Obra txikiak. Ondorio horietarako obra txikitzat hartuko dira eraikuntzako proiektu teknikorik behar ez dutenak eta haien ezaugarriei begira teknikoki errazak direnak, eraikuntzako izaera urrikoak eta, normalean, kostu ekonomiko murritzekoak. Beste antzeko batzuen artean, halakotzat joko dira ondorengoak:

a) Etxebizitzen barnealdeko obrak, jarduera ekonomikoen lokalen barnean egiten direnak, artikulu honen A) atalean jasotzen direnak salbu, baldin eta bizigarritasun baldintzak betetzeko eragozpenik sortzen ez badute eta ez badakarte erabileraren edo etxebizitza kopuruaren aldaketarik, eta ez badituzte erabilpen pribatiboko egoitza biren edo gehiagoren elementu komunak ukitzen, jabetza horizontalaren araubide berariazkoari lotuak egon ala ez.

Aipatze aldera eta, agortzeko asmorik gabe, kategoria honen barruan sar daitezke honako obra hauek:

–Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

–Barneko arotzeria aldatzea edo ordeztea.

–Tresna sanitarioak aldatzea edo ordeztea.

–Hiriko oinarrizko hornidurei lotutako instalazioak edo azpiegiturak berritik jartzea, konpontzea, berritzea, aldatzea edo berrezartzea.

–Igeltserotza-lanak eta trenkadetakoak, erabileren aldaketarik edo etxebizitzen barneko banaketan aldaketarik ez dakartenak, eta bizigarritasun baldintzetan inolako eraginik ez dutenak. Obra horietan sartzen dira elementu isolatuak sendotzekoak edo eraikinaren osotasunerako garrantzia urria dutenak.

–Igeltserotza-lanak eta trenkadetakoak, erabileren aldaketarik edo jarduera ekonomikoetara bideratutako lokalen barneko banaketan aldaketa garrantzizkorik ez dakartenak. Obra horietan sartzen dira elementu isolatuak sendotzekoak edo eraikinaren osotasunerako garrantzia urria dutenak.

–Obra txikien berezko ezaugarriak mantendu arren, oztopo arkitektonikoak ezabatzeko helburua duten obrak, salbu eta igogailuak eta zama-jasogailuak ezartzekoak, lehendik diren egiturazko elementuak ukitzen ez badituzte eta beste berri batzuk egitea eskatzen ez badute.

b) Kanpoko obrak fatxadetan eta estalkien, lehendik dauden materialak, koloreak eta diseinuak edo antzekoak mantentzen badira, hala nola:

–Konponketak: estalkiak, teilaberritzeak, erlaitzak, elementu irtenak, hegalkinak, mehelinak, patioak eta teilatu lauak.

–Zorrotenak garbitu eta ordeztu edo konpontzea.

–Fatxadak margotu, paramentuak konpondu eta fatxadako elementuak (eskudelak, moldurak eta antzekoak) konpondu eta ordezkatzea.

–Kanpoko zura ordeztea.

–Balkoiak ixtea eta goiko solairuetan eguzki-oihalak paratzea, jabeen erkidegoak eskatuta Udalak erkidegoetarako eredu komuna onetsi eta gero.

–Toldoak paratzea jarduera ekonomikoen lokaletan.

–Eraikinetako fatxadetan errotuluak paratzea.

–Baoak irekitzea jarduera ekonomikoetara bideratutako lokalen beheko solairuetan, lokal horiek irekitzeko lizentzia baldin badute edo erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari lotu bazaizkio, eta fatxadaren konfigurazio orokorrean aldaketarik ez badakarte eta egiturari eragiten ez badiote.

–Obra txikien berezko ezaugarriak mantendu arren, oztopo arkitektonikoak ezabatzeko helburua duten obrak, salbu eta igogailuak eta zama-jasogailuak ezartzekoak, lehendik diren egiturazko elementuak ukitzen ez badituzte eta beste berri batzuk egitea eskatzen ez badute.

–Irrati bidezko telefonia finkoko erabiltzaileendako estazioak ezartzeko obrak eta soinuzko irrati-difusioko eta/edo telebistako seinaleak jasotzeko antenak, eraikinaren estalkian edo ikusten ez den beste toki batean paratzekoak.

–Eraikinen apeorako eta eskoraketarako obrak.

c) Laginak hartzea edo eraispenak egitea, etxebizitzak edo lokalak berritu aurretik, haien beharra frogatzen bada eta ez badute, eraispenen kasuan, lan horiek zehazteko proiektu teknikorik behar.

d) Berrikuntza txikiak egitea lorategietan, bai eta orubeak eta lorategiak garbitzeko eta konpontzeko jarduketak, zuhaitz botatzerik ez badakarte.

e) Bestelako obra txikiak, aurreko ataletakoen antzeko ezaugarriak dituztenak.

F) Eraikitzen hasi aurreko lanak; hala nola, zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak, belar-sastrakak kentzea, obra-kaxetak paratzea, obrako hesiak eta obrak hasi aurretiko lanak, jabari publikoa beste edozein modutara okupatzen edo ukitzen ez badute. Orobat, lursail pribatuetan zangak irekitzea eta belar-sastrakak kentzea, zuloak eta laginketak egitea, geroagoko eraikuntza bati loturik ez badaude ere.

7. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubidetik kanpokoak.

Inoiz ez zaizkio erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari lotuko jarduketa hauek:

A) Legedia orokorrak eta lurraldearen antolamenduak edo hirigintzako planeamenduak ezarritako babes araubideren bati lotutako higiezinak ukitzen dituzten obrak edo hirigintzako beste edozein jarduketa egitea, obrak horiek bereziki babestutako eraikuntzako elementu edo alderdiren bat ukitzen badute.

B) Une bakoitzean indarrean den legedia orokorraren arabera obra edo instalazioen proiektu teknikoa behar duten obrak edo hirigintzako beste edozein jarduketa egitea, salbu eta aurreko artikuluko B atalean jasotako kasuak badira.

C) Hirigintzako planeamenduan jasotako antolamenduan ezarritakoaz besteko hirigintzako egoera duten eta, beraz, antolamendutik kanpo dauden lursailak edo eraikinak ukitzen dituzten obrak edo hirigintzako bestelako jarduketak egitea, egoera hori hirigintzako planeamenduak espresuki deklaratua izan ala ez.

D) Behin-behineko gisa kalifikatutako obrak edo hirigintzako bestelako edozein jarduketa egitea, sektoreko legediak eta hirigintzako planeamenduak baimenduta daudelako, eten beharrekoak eta, edonola ere, eraitsi beharrekoak, inolako kalte-ordainik jaso gabe, Udalak erabakitzen duenean.

E) Eraikinen egitura eramailea ukitzen duten obrak edo hirigintzako beste edozein jarduketa, eskailerak eta behegainen eraikuntza barne.

F) Eraikinaren elementu komunak ukitzen dituzten obrak edo hirigintzako beste edozein jarduketa egitea, salbu eta aurreko artikuluan fatxadei, estalkiei eta instalazio eta azpiegiturei dagokienez jasotakoak.

8. artikulua. Aurretiazko komunikazioko araubideari lotutako hirigintzako jarduketak.

Aurretiazko komunikazioko araubideari lotuko zaizkio hirigintzako jarduketa hauek: hirigintzako lizentziak eskualdatzea. Kasu honetan, aurretiazko komunikazioarekin batera eskualdatzailearen eta lizentziaren lagapen-hartzailearen adostasuna adierazten duen agiria aurkeztuko da, tasaren autolikidazioarekin eta haren ordainketarekin batera.

9. artikulua. Hirigintzako lizentziaren bidezko esku-hartze araubideari lotutako kasuen hondar-definizioa.

Ordenantza honetan, erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari lotuta jasotzen diren obren eta hirigintzako bestelako jarduketen kasuetatik kanpo, obrak eta hirigintzako jarduketak egiteko, aldez aurretiko baimena eskuratu beharko da.

II. TITULUA

Erantzukizunpeko adierazpenaren
edo aurretiazko komunikazioaren ondorioak

10. artikulua. Eraginkortasun orokorra.

Erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak dagokion jardueraren titularrari ahalmena emanen diote eskabidean aitortutako hirigintzako jarduketa egiteko, baldin eta behar den eta ezinbestekoa den agiriekin batera aurkeztu bada. Eraginkortasun hori berehalakoa izanen da, aurkezten den egun beretik hasita.

Erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez ez dira eskuratuko legediaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrakoak diren ahalmenak.

11. artikulua. Eraginkortasunaren amaiera.

Erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bitartez eskatutako hirigintzako jarduera hasteko edo, kasua bada, jarraitzeko ezintasuna ekarriko duten arrazoiak izanen dira, egitateen berri jakiten den unetik beretik, honako hauek:

–Hirigintzako obra edo jarduera bat hastea aurretik erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu gabe.

–Erantzukizunpeko adierazpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua izatea edo, zerbait falta bada, ez aurkeztea.

–Aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak ez betetzea, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa egin ondotik.

Aurreko guztia, deusetan galarazi gabe legokiokeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.

12. artikulua. Erabateko deuseztasuna.

Erabat deusezak izanen dira legediaren edo hirigintzako planeamenduaren aurkako erantzukizunpeko adierazpenak, baldin eraginkorrak izateko oinarrizko baldintzak biltzen ez badituzte.

Ez da erantzukizunpeko adierazpenaren ofiziozko berrikuspenik eginen, behin-behineko adierazpenaren ondorioetako, baina Administrazioak baliogabea edo eraginik gabea dela deklaratu ahalko du, alde batek eskaturik dagokion espedientea tramitatu ondotik eta bertan,entzuteko tramitea errespetatuta interesdun gisa agertzen diren guztiei. Baliogabetasunaren edo eragingabetasunaren adierazpen horren ondorioetarako, kontuan hartuko da indarrean den legediak ezarritako araubidea prozedura administratiboaren arloan.

III. TITULUA

Prozedura

13. artikulua. Prozeduraren hasiera.

Prozedura hasiko da erantzukizunpeko adierazpena aurkezten zaionean tokiko entitate eskudunari. Adierazpena sustatzaileak sinatua egonen da eta eduki hau izanen du gutxienez:

A) Eskabidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ageri diren datuekin.

B) Berariaz adieraztea indarrean den araudian eskatutako baldintzak betetzen direla eta hori egiaztatzen duen dokumentazioa ere baduela.

C) Berariazko araudiak eskatutako dokumentazioa.

14. artikulua. Dokumentazioa.

Erantzukizunpeko adierazpenarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da gutxienez:

–Egitekoa den jarduketa behar bezala azaltzen duen memoria.

–Jarduketaren xedeko higiezinaren kokalekua zehazten duen dokumentazio grafikoa eta haren behar bezalako deskripzioa eta argazkiak, adierazpena aurkezterakoan higiezinaren egoera zein den erakusten dutenak.

–Jarduketaren aurrekontua eta dagozkion tasen eta zergen ordainagiria. Horretarako, autolikidazioaren araubidea ezartzen da erantzukizunpeko adierazpenaren eta aurretiazko komunikazioaren araubidea behar duten jarduketetatik eratorritako tasa eta zergetarako, ordenantza honetan araututakoaren arabera.

–Egintza, lan edo jarduerak behar dituen baimenak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak eskatzen dituenak.

–Hala behar denean, eraikitzeko proiektu teknikoa. Eraikitzeko proiektu teknikoa beharrezkoa ez denean, kasu bakoitzean legez eska daitezkeen zerbitzuen eta instalazioen proiektu teknikoak erantsiko dira.

Udal administrazioak atzematen badu egindako aurretiazko komunikazioak gabeziak dituela, aurreko aginduetan ezarritako baldintzen bat ez delako betetzen edo zehazgabea delako, edo informazioa zehazgabea bada komunikatutako egintzaren legezkotasuna baloratzeko, sustatzaileari eskatuko zaio egoera hori zuzen dezan.

IV. TITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten hirigintzako jarduketen ikuskapena eta kontrola

15. artikulua. Administrazioaren ahalmenak legezkotasuna egiaztatu, ikuskatu, lehengoratu eta zehatzeko. Alderdi orokorrak Udalak legezkotasuna egiaztatu, ikuskatu, lehengoratu eta zehatzeko ahalmenak erabiliko ditu titulu honetan ezarritakoa kontuan hartuz.

A) Administrazioak egiaztatu ondotik erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa egiteko ezarritako baldintzak betetzen direla, lehenik eta behin egiaztatu beharko da bertan ezarritako jarduerak egiazki esku-hartze araubide horri lotuta dauden eta ez hirigintzako lizentziaren araubideari.

Jarduketa horiek hirigintzako lizentziaren bidezko esku-hartze araubideari loturik badaude, Administrazioak ebazpena eman beharko du eta interesdunari ahalik eta arinen jakinarazi.

Erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren xedeko jarduketak egiazki esku-hartze modu horien araubideari loturik badaude, Administrazioak hirigintzako legezkotasuna egiaztatu, ikuskatu, lehengoratu eta, kasua bada, zehatzeko ahalmenak erabiliko ditu, indarrean den legedian ezarritako moduan.

B) Egiaztatzeko eta ikuskatzeko ahalmenak erabiliko dira egoki juzgatzen diren udal zerbitzuen jarduketen bitartez, alderdi hauek egiaztatzeko:

1. Erantzukizunpeko adierazpenean edo, kasua bada, aurretiazko komunikazioan emandako datuen, egindako adierazpenen eta erantsitako agirien zehaztasuna, doitasuna eta egiazkotasuna.

2. Egiazki gauzatutako jarduera erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan aurkeztutako datuekin, adierazpenekin eta agiriekin bat etortzea.

C) Egiaztapen ahalmenaren baitan sartzen da zerbitzu teknikoek egiaztatzea aitortutako jarduera erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten kasuetan sartzen dela eta jardueran aritzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituela, betiere Administrazioari aurkeztutako dokumentazioan oinarrituz.

D) Ikuskatzeko ahalmenaren baitan sartuko dira erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan adierazitakoa lekuan bertan egiaztatzeko jarduera guztiak.

E) Hirigintzako legezkotasuna lehengoratzeko ahalmenak izanen dira antolamendu juridikoak hirigintzako lizentziaren bidezko esku-hartzea behar duten hirigintzako jarduketetarako ezartzen dituen berberak.

F) Zehapen ahalmenak erabiliko dira legedia orokorrean eta ordenantza honetan horri buruz ezarritakoarekin bat.

16. artikulua. Egiaztatzeko ahalmenak erabiltzea.

Egiaztapenean agiriak aztertuko dira, bai erantzukizunpeko adierazpenaren agiriaren edukia bera bai erantsitako dokumentazioarena; zentzu horretan, agirien aldetik akatsak baldin badira edo baldintzaren bat betetzen ez bada, betiere zuzendu ahalko dira, hurrengo lerroaldeko 1. atalean ezarritakoa salbu.

Egiaztapen jarduketaren ondorioz egoera hauek atzeman ahalko dira:

1. Aitortutako jarduera edo, hala behar badu, gauzatutako obra ez dago erantzukizunpeko adierazpena eta/edo, kasua bada, aurretiazko komunikazioa behar duten kasuen artean, eta beharrezkoa da aldez aurretiko baimena eskuratzea. Kasu horretan, hala dela jasotzen duen txosten teknikoa eginen da eta horren ondotik interesdunari errekerimendu eginen zaio hamar eguneko epean alegazioak egin eta aurkez ditzan egokiak iruditzen zaizkion agiriak; gero, ebazpena emanen da erantzukizunpeko adierazpenaren eta/edo aurretiazko komunikazioaren eraginkortasun eza deklaratzeko eta behar den lizentzia eskatzeko epea emateko; aldi berean, jardueraren badaezpadako etena aginduko da. Jarduera ezin bada legeztatu, aginduko da establezimendua ixteko.

2. Agerian gelditu da akatsak badirela edo baldintzaren bat ez dela betetzen. Halakoetan, teknikari eskudunak akats edo ez betetze horiek kalifikatu beharko ditu: zuzentzeko modukoak eta ez-funtsezkoak direnak edo zuzentzeko modukoak eta funtsezkoak.

Lehenengo kasuan, egiaztapen prozedurarekin jarraituko da; akats edo ez-betetze funtsezkoen kasuan, baina, jardueraren badaezpadako etena aginduko da eta horiek zuzentzeko epe bat emanen da, dagokion jarduera kontuan hartuta arrazoizkoa dena eta betiere laburra, kalterik txikiena eragiteko, eta ohartaraziko zaio horrela egiten ez badu, ebazpena eman ahalko duela erantzukizunpeko adierazpena eta/edo, kasua bada, aurretiazko komunikazioaren eraginkortasun eza dekretatzeko eta establezimenduaren behin betiko itxiera agintzeko.

Ematen zaion epean, interesdunak bere eskubidearen alde komenigarriak iruditzen zaizkion alegazioak egiten ahalko ditu, orobat. Epe hori amaituta eta, aurkeztutako alegazioak ikusirik, behar den ebazpena emanen da.

Artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, zuzentzeko moduko eta funtsezko ez betetzetzat joko dira honako hauek:

–Erantzukizunpeko adierazpenean azaldutako jarduketa eta benetan egindakoa bat ez etortzea.

–Pertsonen segurtasuna bermatzeko eskakizunak edo baldintzak (CTSI, CTSU eta antzekoak) ez betetzea.

–Suteen babesari dagozkion eskakizunak edo baldintzak ez betetzea.

–Eraikinen irisgarritasuna bermatzeko baldintzak edo eskakizunak ez betetzea.

–Legedia orokorrak, hirigintzako planeamenduak eta lurraldearen antolamenduak ezarritako erabileren arabidea urratzea.

–Aurrekoekin parekatu edo haien antzekotzat jo daitezkeen bestelakoak.

17. artikulua. Ikuskatzeko ahalmenak erabiltzea.

Erantzukizunpeko adierazpena eta/edo aurretiazko komunikazioa eta haien dokumentazioa indarrean den araudiarekin bat heldu direla frogatu ondoan, jardueraren nahitaezko egiaztapena eginen da, betiere in situ, jarduera funtzionamenduan baldin bada; horretarako, ikuskapenari dagokion akta jasoko da. Egiaztapen prozedura arindu beharrez, ikuskapen aldian neurri hauek hartuko dira:

1. Ikuskapena bukatu eta behar den akta egin ondotik, horren kopia igorriko baitzaio interesdunari, neurri zuzentzaileak hartzeko bertan ezarritako epeak kontatzen hasiko dira, aktaren dataren hurrengo egun baliodunetik kontatzen hasita.

2. Jardueraren badaezpadako edo behin betiko etenaren gaineko ebazpenaren aitzineko entzute epetzat hartzen dira neurri zuzentzaileak hartzeko nahiz agirien egiaztapen aldiaren ondoriozko akatsak edo baldintzak zuzentzeko emandako epeak.

3. Ikuskapen jarduketen akta eginen da, eta hura agiri publikotzat joko da, eta zehapen prozedurei dagokien proba balioa izanen du, aparte utzirik administratuek beren eskubide edo interesen defentsan aurkez ditzaketen probak.

4. Aktan honako alderdi hauek jaso behar dira, gutxienez:

a) Jardueraren titularra nor den.

b) Establezimendua eta jarduera zein diren.

c) Ikuskapenaren data eta ordua, diharduen administrazioaren partetik nork esku hartu duen, eta nork jardueraren titularraren ordezkari.

d) Zer-nolako jarduketak egin diren, labur adierazita, eta orobat zer inguruabar eta gorabehera jotzen diren muntakotzat.

e) Egindako azken kontrola zein izan den, halakorik izan bada.

f) Indarra duen araudia ez dela bete hasiera batean ohartuz gero, horren berri.

g) Jardueraren titularraren adierazpenak, halakorik eskatu badu.

h) Beste ohar batzuk.

i) Bertan direnen sinadura, edo norbaitek akta sinatu nahi izan ez badu, nor izan den hori.

Horretarako, ikuskapenak eginen dira, dagozkien arau teknikoetan alkatetzaren ebazpenaren bitartez onesten diren eredu arautuak erabiliz.

Jardueraren badaezpadako etenaren erabakiaren kontra, tramiteko egintza kualifikatua den aldetik, errekurtsoa aurkezten ahalko da administrazio bidean nahiz bide judizialean.

5. Ikuskapen aktaren edukia kontuan hartuz, honelakoa izan ahalko da:

a) Aldekoa, jarduera aitortu eta egiaztatua araudiaren arabera eta eskatu behar zaizkion baldintzen arabera gauzatzen ari bada.

b) Baldintzapekoa, neurri zuzentzaileak aplikatu behar direlarik. Kasu honetan aktan alderdi hauek jasoko dira: hartu beharreko neurri zuzentzaileak eta haien motibazioa; halakorik izan bada, agiriak egiaztatzeko aldiaren ondorioz zuzentzeko moduko akats edo baldintzak eta horiek zuzentzeko emandako epea, eta ohartarazpen espresa, aipatu epea amaitzen bada adierazitako neurri zuzentzaileak hartu gabe, jardueraren badaezpadako etena dekretatuko dela harik eta horiek bete arte.

Emandako epearen barnean, interesdunak komenigarriak iruditzen zaizkion alegazioak egin ahalko ditu; hala bada, etena dekretatzen duen ebazpenak horien gainean ere ebatziko du.

Epea iraganik eta neurri zuzentzaileak harturik, ebazpena emanen da erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna eta egiaztapen prozeduraren amaiera deklaratzeko. Zuzendu gabeko gabeziarik gelditzen bada edo agiriren bat faltan, b atalean ezarri bezala jardungo da.

c) Kontrakoa, jarduerak irregulartasun funtsezkoak baditu.

Ikuskapen akta kontrakoa bada, horren arrazoiak jasoko dira, baita hartu beharreko neurri zuzentzaileak ere; interesdunari hamar eguneko entzute epea emanen zaio, eta, hori iraganik, ebazpena emanen da jardueraren badaezpadako etena agintzeko. Etena bere horretan egonen da harik eta agindutako neurriak hartu direla frogatu arte.

Ikuskapen aktan adierazitako akatsak ezin zuzenduak badira, jarduera behin betiko uzteko ebazpena emanen da. Ezin zuzendua izatea berariaz jaso beharko da ikuskapen aktan.

Kontrako ikuskapen aktaren ereduan interesdunari jakinaraziko zaio atzeman eta egiaztatu dela erantzukizunpeko adierazpenari erantsi zaion edozein datu, adierazpen edo agiritan funtsezko zerbait zuzena ez dela, faltsua dela edo falta dela. Orobat, adieraziko zaio udal administrazioak erabakiko duela ez dela segitzen ahalko ukitutako eskubide edo jarduerarekin, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, aparte utzirik dagozkiokeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboak.

Epea iraganik, eta neurri zuzentzaileak hartu direla frogaturik, ebazpena emanen da erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna eta egiaztapen prozeduraren amaiera deklaratzeko.

Halaber, kontrako ikuskapen aktan jasoko da inguruabar horiek deklaratzen dituen udal administrazioaren ebazpenak interesduna behartzen ahalko duela eskubidea aitortu edo erabili edo jardueran hasi aitzineko egoera juridikoa berrezartzera, baita erabaki ere aldi jakin batean ezin duela abiarazi beste prozedurarik xede berarekin; hori guztia aplikatu beharreko arau sektorialetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Txostena baldintzatua edo kontrakoa izanez gero artikulu honen b eta c ataletan ezarri bezala, zerbitzu eskudunek epea zehaztuko dute adierazten diren neurri zuzentzaileak hartzeko. Ofizioz nahiz interesdunek eskaturik, ezarritako epea luzatu ahalko da, gehienez ere hasieran emandakoaren erdia baino gehiago ez bada, baldin eta egoerak hartara behartuz gero eta hirugarrenendako kalterik sortu gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluari jarraikiz.

Prozedura honetan emandako ebazpenen aurka aurkez daitezkeen errekurtsoak ebazpena eman zuen organoari zuzenduko zaizkio, aztertu eta ebatz ditzan. Adierazitako neurri zuzentzaileak hartzeko epea iraganik, beste ikuskapen bat eginen da; bete gabeko baldintzak zuzendu ez badira, txosten tekniko bat eta txosten juridiko bat eginen dira, eta haietan proposatuko jarduera uzteko, baldintzak ez betetzeagatik, eta ebazpen proposamen bat ere bai ikuskapen prozedura bukatu dela deklaratzeko eta jarduera bertan behera uzteko, osorik edo bidezko den partean. Ebazpen hori hirigintzako ikuskatzailetzari eta Udaltzaingoari igorriko zaio.

6. Jarduera garatzen den bitartean, ikuskapenak hasi ahalko dituzte bai udal zerbitzu eskudunek ofizioz, Jarduerak ikuskatzeko urteko planari edo plan bereziari jarraituz, bertan ezarriko baitira irizpideak xede gisa eta jarduketa lerroak jardueren arloko eginkizun horietan aritzeko, bai hirugarrenek egindako salaketen ondorioz, salatutako egitateak egiazkoak direla frogatzeko eta/edo beharrezkotzat jotzen denean. Ikuskapenaren jatorria edozein delarik ere, egindako bisitaren ikuskapen akta eginen da.

Ikuskapenak, orobat, jarduera hasi aurretik ere egin ahalko dira, haren izaeraren eta ezaugarrien arabera.

7. Teknikari jardulearen iritziz aktaren edukiaren konplexutasuna dela-eta komenigarria bada, in situ ikuskapenaren ondoko uneren batean egin ahalko da akta, deusetan ukatu gabe interesdunari jakinaraztea, aurreko ataletan ezarritako ondorioetarako.

18. artikulua. Hirigintzako legezkotasuna lehengoratzeko ahalmenak erabiltzea.

Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioaren eraginkortasunaren amaiera arautzen duen ordenantza honetako artikuluan aipatzen diren inguruabarrak biltzen direla deklaratzen duen administrazio-ebazpenak, orobat, interesdunari betebeharra ezarri ahalko dio eskubidea aitortu edo erabili edo jarduera hasi aitzineko egoera juridikoa lehengora dezan; hori guztia, dagokion zehapen prozeduraren tramitazioa deusetan galarazi gabe.

Ondorio horietarako, aplikatzekoa izanen da hirigintzako legezkotasuna lehengoratzeko araudia, hirigintzako lizentzia denean partikularrak jardueran esku-hartzeko bitartekoa.

19. artikulua. Zehapen ahalmenaren erabilpena.

Zehapen ahalmena erabiliko da ordenantza honetako dagokion tituluan ezarritakoari jarraituz.

Zehapen espedienteak tramitatuko dira administrazio prozedura arautzen duen legedia orokorrean eta hura garatzen duten erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoari jarraituz.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

20. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratibotzat hartuko dira ordenantza honen arauak urratzen dituzten eginak eta ez eginak, baita udal administrazioak edo haren mandatariek hura aplikatzean ematen dituzten agindu eta errekerimenduei ez obeditzea ere.

Arau-hausteak oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke, hurrengo artikuluetan ezarritako tipifikazioari jarraituz, deusetan ukatu gabe arlo horretan aplika daitezkeen arauek ezar dezaketena, zehapen ahalmena udal administrazioarena den arau-hausteen sailkapenari dagokionez.

21. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-hauste oso astuntzat joko dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpenari eta aurretiazko komunikazioari erantsitako edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua izatea, edo zerbait falta izatea.

b) Ordenantza honetan ezarritako zehapen osagarriak ez betetzea.

c) Falta astunak errepikatzea edo haietan berrerortzea.

d) Arau-haustearekin ondasunen edo pertsonen segurtasuna edo osotasun fisikoa arriskuan edo arrisku larrian jartzen bada, edo bizikidetza modu larrian nahasten bada, horrekin beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideen erabilerari edo jardueraren garapen normalari larriki, berehalakoan eta zuzenean eraginez.

2. Arau-hauste astuntzat joko dira:

a) Jardueran aritzea Udalean erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu gabe.

b) Jardueran aritzea indarrean den araudian eskatutako baldintzak, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan espresuki, argi eta zehatz azaltzen direnak, bete gabe.

c) Jardueran aritzea izan gabe indarrean den araudian eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan espresuki, argi eta zehatz azaltzen direnak.

d) Agintaritza eskudunak jarduera eteteko aitzinetik dekretatu duelarik, agindua ez betetzea.

e) Establezimendu publikoak segurtasun arloan egoera txarrean edukitzea, horrekin eskatutako segurtasun maila jaisten bada.

f) Establezimenduetan, adierazitakoaz besteko jardueretan aritzea.

g) Establezimenduak eta bertako instalazioak nabarmen aldatzea, baimen berririk edo erantzukizunpeko adierazpenik tramitatu gabe.

h) Neurri zuzentzaileak ez hartzea, halakorik izan bada.

i) Finkatutako neurri zuzentzaileak hartzeko egindako errekerimendua ez betetzea.

j) Arau-hauste arinak errepikatzea edo haietan berrerortzea.

3. Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Tipifikazioan astuntzat jotzen diren eginak eta ez eginak, halako kalifikazioa hartu behar ez badute garrantzi edo munta txikikoak izateagatik edo hirugarrenei egindako kaltea txikia izateagatik.

b) Indarrean den araudian eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak, baimenean, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan espresuki, argi eta zehatz azaltzen direnak, ez izatea establezimenduan.

c) Establezimenduak, bertako instalazioak edo baldintza teknikoak arinki aldatzea, hala adierazi gabe baimenaren espedientean, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan.

d) Ordenantza honetan, legeetan eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoa ez betetzea, baldin eta arau-hauste oso astun edo astun gisa tipifikaturik ez badago.

22. artikulua. Zehapenak.

Araudi sektorial berariazkoa izan ezean, ordenantza honetan tipifikaturiko arau-hausteak egiteak ondoko zehapenak ekarriko ditu:

a) Arau-hauste oso astunak: 1.001 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunak: 501 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste arinak: 100 eurotik 500 eurora bitarteko isuna.

23. artikulua. Zehapen osagarriak.

Ezarritako diru bidezko zehapenak ezertan galarazi gabe, ordenantza honetako arau-hausteek zehapen osagarri hauek izan ditzakete:

a) Jarduerak aldi baterako etetea eta establezimenduak aldi baterako ixtea, hilabetetik hiru hilabetera bitartez arau-hauste astunen kasuan, eta hiru hilabetetik sei hilabetera bitarte, arau-hauste oso astunen kasuan.

b) Sustatzailea desgaitzea arau-haustea egin zueneko jarduera berdinean edo antzekoan aritzeko, hilabetetik hiru hilabetera bitarte, arau-hauste astunen kasuan, eta hiru hilabetetik sei hilabetera bitarte, arau-hauste oso astunen kasuan.

c) Erantzukizunpeko adierazpenaren eragingarritasun eza deklaratzea, arau-hauste astunen eta oso astunen kasuan.

24. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

1. Arau-hausteen erantzuleak izanen dira, inguruabarrak kontuan harturik, haien portaerarekin arau-hausteak egiten dituztenak, bereziki eta kasuen arabera:

a) Jardueren titularrak.

b) Jardueraren ustiapen tekniko eta ekonomikoaren arduradunak.

c) Dokumentazio teknikoa sinatzen duten teknikariak.

2. Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzea zenbait pertsonari batera dagokielarik, solidarioki erantzunen dute egiten diren arau-hausteetan eta ezartzen diren zehapenetan. Pertsona juridikoak iraungitzen badira, erantzukizuna subsidiarioki eskatuko zaie haien administratzaileei.

3. Arau-hausleen erantzuleak teknikariak badira eta horiek lanbidean aritzeko kidetuta egon behar badute, egitate horiek dagokion elkargo profesionalari jakinaraziko zaizkio, bidezko neurriak har ditzan zehapen prozeduraren tramitazioaren ondorioz, ezertan ukatu gabe udal administrazioak ezartzen ahal dizkien zehapenak.

25. artikulua. Zehapenen mailaketa.

1. Arau-hauste mota bakoitzari dagokion zehapena ezartzeko, proportzionaltasunaren printzipioa aplikatuko da, eta, nolanahi ere, honako mailaketa irizpide hauek kontuan hartuko dira:

a) Arau-haustearen larritasuna.

b) Nahita ari izana.

c) Kalteak nolakoak diren.

d) Behin baino gehiagotan egin den.

e) Berregilea izatea.

f) Lanbidea, profesioa edo ohiko jarduera dela-eta norainoko ezagutza duen legezko araudiaz eta nahitaez bete beharreko lege teknikoez.

g) Arau-haustetik ateratako onura edo, hala behar bada, hura egitea etor daitekeen onura ekonomikoari begiratu gabe.

2. Berregilea dela ulertuko da, eite ezberdineko arau-hauste bat baino gehiago egiten baditu urtebeteko epean, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

3. Berrerortzetzat joko da urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

4. Isunaren zehapenak ezartzeko orduan betiere kontuan hartuko da zehapena betetzea hautsitako arauak betetzea baino onuragarriagoa ez izatea arau-hauslearentzat.

5. Zehapenak mailakatzeko orduan, inguruabar astungarriak izanen dira:

a) Pertsonen segurtasun eta osasunean, eta ingurumenean kalte egiteko arriskua.

b) Araua hautsi duen jardueraren ondoriozko onura.

c) Arau-haustearen eragilea nahita ari izana.

d) Arau-hausteen berregilea izatea eta haietan berrerortzea, baldin eta aitzinetik horiek kontuan hartu ez badira zehatu daitekeen arau-haustea zehazteko.

e) Arau-haustea egitea eremu zaratatsuetan.

6. Inguruabar aringarria izanen da arau-haustearen egileak, bere kabuz, neurri zuzentzaileak hartzea zehapen espedientea ireki aitzin.

26. artikulua. Behin-behineko neurriak.

1. Halaber, arrazoitutako erabakiaren bitartez, behar diren behin-behineko neurriak har daitezke, berma daitezen ebazpenaren eraginkortasuna, prozeduraren bukaera egokia, arau-haustearen ondorioek ez irautea eta interes orokorrei eustea.

2. Behin-behineko neurri horiek izan ahalko dira: establezimenduak edo instalazioak ixtea, jarduerak etetea eta baimenak etetea. Eraginkortasuna mantenduko da, harik eta eskatutako baldintzak betetzen direla edo atzemandako akatsak zuzentzen direla modu ukaezinean frogatzen den arte.

27. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Zehapen prozedura Alkatetzaren ebazpenak abiaraziko du, ofizioz edo salaketaren bidez egindako jarduketei jarraikiz.

Ebazpenean zehaztuko da nor izanen den jarduketen instruktorea eta hura jakinaraziko zaio ustezko erantzuleari.

Instruktoreak karguen agiria idatziko du, eta zehaztuko du zein den egintzei dagokien arau-haustea, egotz daitekeen zehapena eta hori ezartzeko organo eskuduna. Ustezko erantzuleari jakinaraziko zaio, eta hark hamabost eguneko epea izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko bere eskubideen defentsan.

Instruktorearen karguen agirian ondokoa zehaztuko da:

a) Egiaztatutako egintzak, betiere garrantzitsuenak nabarmenduta arau-haustearen tipifikazioari eta zehapenaren graduazioari dagokienez.

b) Ustez egindako arau-haustea, urratutako agindua edo aginduak adierazita.

c) Kasuan kasuko zehapena, haren graduazioa eta kuantifikazioa.

d) Prozedura ebazteko eskumena izan dezakeen organoa, eta hura zer arauditan zehazten den.

Alegazioak aurkezteko epea iraganik, eta hala balegokio, baita frogak egitekoa ere, beharrezkoak juzgatzen diren eginbideen aurretik, instruktoreak ebazpen proposamena eginen du eta espedientearekin batera Alkatetzari igorriko dio. Alkateak, organo eskuduna izanik, beharrezko ebazpena emanen du, edo, bestela, instruktoreari aginduko dio behar adina eginbide osagarri aurrera eramateko.

Alegazioen edo frogen ondorioz bestelako egintzak egiaztatzen badira edo karguen agirian jasotakoak baino larriagoak badira, instruktoreak interesdunari helaraziko dio karguen beste agiri bat dagokion zehapenarekin, hamabost eguneko epean bidezko iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan.

Zehapen prozedura amaitzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu.

Ebazpenak ez du onartuko prozeduran aztertu ez den gertaerarik, zein den ere haien balorazio juridikoa.

Ebazpena betearazlea izanen da bide administratiboari amaiera ematen badio.

Zehapen prozedura ebazteko eperik luzeena, arau-haustearen kalifikazioa kontuan hartu gabe, sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea abiarazteko ebazpenaren egunetik hasita. Beste sei hilabeterako luzatzen ahal da, gehienez ere, erabaki arrazoituaren bidez betiere.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria.–Indarrean jarraituko du eta aplikatzekoa izanen da Erriberriko udal-mugartean jarduera ekonomikoetan aritzeko aurretiazko komunikazioa duen erantzukizunpeko adierazpena edo establezimenduen aurretiazko komunikazioa egiteko prozedurak arautzen dituen udal ordenantzan xedatua, ordenantza honen 5-A) artikuluan jasotako jarduerak arautzeko.

Bigarren xedapen gehigarria.–Alkateari baimena ematen zaio ordenantza honetan jasotako egiaztapen eta ikuskapen prozeduretan erabili behar diren jarduketa protokoloak eta dokumentuen ereduak prestatzeko.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen iragankorra.–Ordenantza honek indarra hartu aurretik egindako baimen eskaeren kasuan, espresuki ebatzi gabe badaude une horretan, eta erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari lotu ahal bazaizkio, hasierako eskabideari uko egin ahalko zaio eta aldi berean adierazpen hori egin, baldin eta espedientean eskatutako dokumentazioa jasotzen bada edo aurkeztearekin batera betetzen bada.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, toki entitateen jarduketak inpugnatzeari begira, errekerimendua egiteko ahalmena erabiltzeko legez ezarritako epea iragaten denean.

Jendaurrean jartzen da orok jakin dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa betetzeko, eta ohartarazten da behin betiko onespen horren kontra errekurtso hauetako bat jar daitekeela: gora jotzekoa, Nafarroako Administrazio Auzitegian, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina; eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunean, bi hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Erriberrin, 2019ko ekainaren 3an.–Alkatea, Andoni Lacarra.

Iragarkiaren kodea: L1907697