150. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

332E/2019 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Burlatako Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena. Burlatako Udala da planaren sustatzailea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen ebaluazio estrategikoaren menpe jarri behar dira administrazio publikoek onetsitako planak, eta horien ingurumen adierazpen estrategikoa egin behar da, plana onestearekin batera edo lehenago.

Burlatako Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduari buruz Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2012ko martxoaren 14an egindako txostenarekin hasi zen Burlatako Plan Orokorraren ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura. Txosten horretan, hirigintzako udal plana eta ingurumen ondorioen azterlana prestatzeko orduan ingurumenaren arloan kontuan hartu beharreko puntu nabarmenenak aipatzen ziren: uholde arriskuak eta ukipen akustikoak aztertzea hirigintzako proposamenean, eta Arga ibaiko korridorea eta ibai ertzak erantsi behar direla, ingurumen aldetik balioa duten elementu aipagarrienak baitira.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33. artikuluarekin bat, hirigintzako planaren ingurumen ondorioen azterketaren nahikotasunari buruzko txostena eman zen 2013ko abenduaren 19an. Geroago, 2014ko maiatzaren 29an eginiko bilkuran, udalak hasiera batez onetsi zuen hirigintza plana; 2014ko 116. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 16koan, argitaratu zen iragarkiaren bidez eman zitzaion hasiera jendaurreko epeari. Epe hori beste hilabetez luzatu zen, iragarkia 2014ko 218. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, azaroaren 6koan. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren txostenetan adierazitako alderdiak jasota daude jendaurrean jarritako dokumentazioan. Jendaurreko epean ingurumenaren arloko edukirik gabeko alegazioak aurkeztu ziren, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentura igorri ziren 2015eko urtarrilaren 8an.

Maiatzaren 14ko 373E/2015 Ebazpenaren bidez eman zen ingurumen ondorioen adierazpena edo ingurumen adierazpen estrategikoa, eta 2015eko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, ekainaren 30ekoan.

Plana 2017ko urriaren 26an eta 2019ko maiatzaren 28an onetsi zen behin-behinekoz. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluak xedatzen duena aplikatu da, hots, ingurumen adierazpen estrategikoa argitaratu eta bi urteko epean ez bada plana onetsi, horrek indarra galduko duela eta ingurumen adierazpen estrategikoa berritu beharko dela, soilik ingurumenaren arloko ondorioetarako.

Burlatako Plan Orokorra 1991n onetsi zen aurreko plangintza tresnaren ordezkoa da, eta lurraldearen antolamenduaren arloan indarra duen araudira ekartzen du lehenagokoa.

Burlatako lurralde-eredua honela dago eratuta: hirigune trinko bat, erdialde historikoaren inguruan dagoen bizitegitarako auzoak osatua, eta iparraldeko jarduera ekonomikoetarako eremua, biak Ezkaba mendiaren eta ibai-ibarraren artean kokatuak, eta, horrez gainera, bizitegitarako zabalgune bat, hegoaldeko ibai-bazterrean, Erripagaña alderdian; osotara hartuta, Iruñeko eremu metropolitanoaren parte da.

Bizitegitarako eremuen proposamenak hirigunearen barnean biltzen dira batik bat, hiri lurzoruaren gainean, eta bizitegitarako eskaintza Erripagañako eremuaren aurreikuspenekin osatzen da. Planean ez da justifikatu ez planteatu bizitegitarako eremu berririk. Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduan La Morea eta La Nogalera inguruko alderdietarako aurkeztutako aukeretatik (besteak beste, aztertu zen hiri lurzoru bihurtzea), azkenean hautatu da bi alderdiak mantentzea lurzoru urbanizaezin gisa. Horrenbestez, ez da antzematen erabilera aldatzearen ondoriozko ingurumen ukipen nabarmenik sortzen duen jarduketa zuzenik.

Ingurumenaren, geologiaren eta kulturaren arloan udalerriak dituen balioei dagokienez, adierazi behar da lurzoru urbanizaezinaren sailkapenarekin babesturik gelditzen direla. Honako hauek nabarmentzen dira batik bat: Arga ibaiko korridorea, Ardanatz erreka-zuloaren amaiera eta Iruñeko tuparrietako malkarren interes geologiko bereziko tokia. Planaren katalogoan IV. babes maila duten 14 elementu natural jasotzen dira, horien artean zenbait zuhaitz edo hirigunean sakabanaturik dauden multzo berezi batzuk.

Burlatako planeamenduko punturik aipagarrienetako bat da uholde arriskuen integrazioa, erabilera bateragarriko proposamenen bidezkoa, batez ere hiriguneko hegoaldeko eta hego-ekialdeko mugetan. Irizpide horretan oinarrituta, egokia da arriskuen prebentziorako lurzoru urbanizaezintzat hartzea La Morean uholde arriskua duen eremua. La Nogalera eta Uranga parkeetan, kirol instalazioetan eta 100 urteko uholdeek osorik nahiz partzialki ukitzen dituzten baratzeetan betetzen da Uraren Zerbitzuak 2015eko maiatzaren 4ko txostenean eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2018ko urtarrilaren 9koan adierazitakoa, salbu eta SG-7 sistema orokorrari dagokionez, zeina lurzoru urbanizaezina izanen baita, planari aldaketak erantsi ondoren. Arga ibaia, eskualdeko ibai parkearen bitartez, udalerri mugakideekin lotura egiteko elementua da, hala nola Atarrabiarekin eta Iruñearekin.

Burlatako hiri antolamenduko beste puntu nabarmenetako bat ingurune-zaratari buruzko azterketa izan da. 2011-2015 aldirako zarataren arloko ekintza planaren baitan, ingurumen ondorioen azterketan bilduta daude hiri mugikortasun jasangarriaren azterketaren proposamenak eta PZ 15 ACP eremuko plana (Burlatako Kale Nagusia), adibidez, 20. area deitzen den esparru bat zedarritzea, 20 km orduko abiadura muga duena.

2019ko ekainaren 7an, Burlatako Hirigintzako Udal Planaren dokumentazio osoa sartu zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, behin betiko onesteko. Dokumentazio osoa aztertu ondoren, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak jakinarazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, erantsi direla ingurumen ondorioen adierazpenari buruzko maiatzaren 14ko 373E/2015 Ebazpenaren eta 2018ko urtarrilaren 9ko determinazioak, eta, hortaz, aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egoki bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen adierazpen estrategikoa egiten da Burlatako Udal Hirigintza Planaren alde. Planaren sustatzailea Burlatako Udala izan da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Burlatako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 17an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1908232