148. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

699E/2019 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako dirulaguntzen 2019ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 464227.

2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, “Lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako laguntzak” izeneko 511004 51120 4819 311108 partida dago.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak araubide juridiko orokorra ezarri zuen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzetarako. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek haiek eskuratzeko aukera izan dezaten.

11/2005 Foru Legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da dirulaguntzak ematea lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeseko tratamenduak egiteko 2019. urtean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako dirulaguntzen 2019ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

511004 51120 4819 311108 “Lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako laguntzak”

2019

15.000,00

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa para daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2019ko ekainaren 26an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

ERANSKINA

Lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako dirulaguntzak emateko 2019ko deialdiaren oinarri arautzaileak

1.–Dirulaguntzen xedea eta helburua.

Lupus gaixotasuna diagnostikatua duten pertsonek fotobabeseko tratamenduetan 2019. urtean egiten duten gastua osorik edo partez estaltzeko izanen dira dirulaguntzak. Haien onura publikoaren helburua da sostengua ematea ukitutako pertsonek fotobabesa egiteko dituzten behar berezietarako.

2.–Onuradunen betebeharrak.

–Lupus gaixotasuna izatea, medikuntzako profesional batek diagnostikatua.

–Ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hots, 2019ko ekainaren 1etik aurreko bi urtean gaixoa Nafarroako Foru Komunitatean benetan bizi izana. Onuraduna bi urtetik beherakoa bada, jaiotzetik beretik Nafarroan benetan bizitzea eskatuko da. Betebehar honetatik salbuesten dira asilo-eskatzaileak eta beren familia-unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia luzapenagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

3.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.

3.1. Deialdi honetan ezarritako laguntzak eska ditzakete lupus gaixotasuna duten pertsonek, baita haien aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak ere, onuradunaren izenean, baldin hura adingabea bada edo ezintasuna badu.

3.2. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta hilabeteko epean bukatuko da.

3.3. Dirulaguntzen eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Tutera kalea 20, Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari eskabidea zuzenduta, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaerari deialdiaren 4. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan adieraz daitezen bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.

3.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun naturaleko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela behar den ebazpena eman ondoren.

3.5. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4.–Betebeharren frogagiriak.

Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, dirulaguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Ukitutako pertsona Nafarroako Foru Komunitatean benetan bizi dela agertzen duen egiaztagiri ofiziala.

b) Medikuaren txostena, irizpen klinikoa jasoko duena.

5.1 oinarrian aipatutako batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie onuradunei.

c) Lupus gaixotasuna duen pertsona adingabea bada edo ezintasuna badu, pertsona horren legezko ordezkaria izatearen frogagiriak. Aita edo ama bada, familia-liburua eta guraso baten NANa. Dibortzio kasuetan eta zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia eta haren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

d) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera. (Hemen eskuratu daiteke eredua: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm).

e) Deialdiaren 8. oinarriak aipatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

f) 5.2 oinarrian adierazitako zuzenketa-faktorea aplikatzen ahal zaien onuradunek gizarteratze-errenta / errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.

Eskaera aurkezteak berekin dakar Osasun Departamentuari baimena ematea Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan, jakiteko ea eskatzaileak bete dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Ez da beharrezkoa izanen a), b) c) eta d) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aipaturiko datuak aldatu ez badira.

5.–Dirulaguntza emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.

5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzorde batek eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta. Batzorde hori honako kide hauek osatuko dute:

–Lázaro Elizalde Soto jauna, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko burua, edo, horren ordez, Marife Idoate Cervantes andrea.

–Mariano Lacarra López jauna, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko teknikaria, edo, horren ordez, Joaquín Asiain Isturiz jauna.

–Aitor Urtasun Asiain jauna, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko teknikaria, edo, horren ordez, Mikel Biurrun Elizaga jauna.

5.2. Ebaluazio Batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek eta eskatzaileek dirulaguntzak jasotzeko betebeharrak betetzen dituzten, eta diruz lagundu beharreko zenbatekoak proposatuko ditu, irizpide hauei jarraikiz:

–Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa zehaztuko da aurrekontuko kredituaren eta eskaera kopuruaren arabera.

–Dirulaguntzaren banaketa orekatuagoa izan dadin, 2017. urtean eta/edo 2018. urtean eskatzailea genero-indarkeriaren biktima izan baldin bada, edo gizarteratze-errenta / errenta bermatua jaso duen familia-unitate batekoa, zenbateko unitarioa bider 1,5 eginen da.

–Laguntza bakoitzaren zenbatekoa ez da 271 eurotik gorakoa izanen, zenbateko unitarioa bider 1,5 egiten den kasuetan ere.

6.–Ebazpena.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiak, aurretik Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, ebatziko du dirulaguntzak ematearen edo ukatzearen gainean.

6.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

7.–Bateraezintasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateraezinak dira entitate publiko edo pribatuek xede bererako ematen duten beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin.

8.–Eskatzaileen betebeharrak.

Onuradunek edo, kasua bada, legezko ordezkariek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, xede bererako beste laguntzarik jaso ez dutela adierazteko.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

9.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Ordainketa bakarra eginen da, kontzesioaren ebazpenarekin batera.

10.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

11.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak jartzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

12.–Datuak babestea.

Deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko bakarrik erabiliko dira onuradunek dirulaguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku daudenak. Horiek, edo horien legezko ordezkariek, datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat.

13.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1909002