147. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

AKATS ZUZENKETA, Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiarena. Horren bidez behin betiko onetsi zen “Plan Eoliko Estrategikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea, Ablitas II eta Cabanillas II parke eolikoen haize-sorgailuak birkokatzeari eta sarbideen eta linea elektrikoen trazadura aldatzeari buruzkoa. Proiektuaren sustatzailea Eólica Navarra SLU da.

Akats bat atzeman denez Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 15ean onetsitako erabaki horren argitalpenean, eranskin bat falta delako, bidezkoa da hura zuzentzea akats zuzenketa argitaratuz.

2019ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 24koan, erabakiaren bukaeran eta 1. eranskinaren ondotik, 2. eranskina argitaratu behar da:

2. ERANSKINA

“Ablitasko Parke Eolikoa” eta “Plan Eoliko Estrategikoa” izeneko proiektu sektorialek ukitzen dituzten lurzoruetarako araudia; bi proiektuak “Eólica Navarra SLU” enpresak sustatu ditu

1. artikulua. Erabileren araudia.

Onartuak

Abeltzaintza estentsiboa eta erdiestentsiboa.

Lehorreko laborantzak.

Legez dauden bazkalekuei eta abereen bordei eustea.

Bideak irekitzea eta aldatzea, baldin eta ez badaude lotuta eraikuntzako jarduerak edo erabilerak ezartzearekin, erauzketa-lanekin edo hondakindegiak ezartzearekin.

Zuhaitz eta zuhaixken landaketak.

Bideak: zabalera, bide-zorua, trazadura.

Oinezkoen eta ziklisten ibilbideak eta ibilbide turistikoak seinaleztatzea.

Parkearen mantentze-lanak.

Baimengarriak

Bazkaleku eta/edo borda berriak eta zaharrak ordeztea.

Antenak, meteorologiako instalazioak.

Erlezaintzakoak.

Nekazaritzako biltegiak.

Debekatuak

Gainerako guztiak, eta, bereziki, delta hegala, parapentea eta horrelako aireko nabigazioa debekatzeari buruz bidezkoak direnak.

2. artikulua. Erabiltzeko mugak eta zortasunak.

Parke eolikoaren instalazioak zortasun zerrenda batzuk sortzen ditu, 8. planoan adierazten direnak. Haietan, erabilerak arautu egiten dira, parke eolikoaren ezarpenarekin bateragarriak izan daitezen.

2.1.–Parke eolikoaren barneko bideak.

Bide zortasuna: 6 m (3 m ardatzaren alde banatan) garraio berezien tamaina handitzeagatik, haize-sorgailuen modelo berrien neurriak direla eta.

Erabileren mugak:

–Debekaturik daude era guztietako goldatze-lanak eta zuhaitz eta zuhaixka landaketak.

–Debekaturik daude era guztietako eraikinak, itxiturak barne.

2.2.–Parkearen barneko sare elektrikoa.

Bide zortasuna: 5 m (2,5 m ardatzaren alde banatan).

Erabileren mugak:

–Goldatze-lanak edo antzekoak egiteko debekua, 100 zentimetro baino sakonago, baita hodiaren ardatzetik hasita 2,5 metroko tartean zuhaitzak edo zuhaixkak landatzekoa ere.

–Debekaturik egonen da edozein eraikuntza mota altxatzea –baita behin-behinekoak edo aldi baterakoak izanik ere–, obrak egitea eta edozein jarduketa, baldin eta kaltetzen edo galarazten ahal badu kanalizazioaren eta haren instalazio lagungarrien funtzionamendua, zainketa, mantentzea, konponketa eta ordezkapena, behar izanez gero, hodiaren ardatzetik hasita 2,5 metro baino gutxiagoko distantzian.

–Langileak eta behar diren elementuak sartzeko aukera izan behar da, instalazioak mantentzeko, konpontzeko edo berritzeko; baina kalterik eginez gero, ordaindu egin beharko da.

2.3.–Haize-sorgailuak.

Bide zortasuna: 130 m (haize-sorgailuen dorreak lotzen dituen ardatzetik 65 m alde banatan).

Erabileren mugak:

–Goldatze-lanak edo antzekoak egiteko debekua, 100 zentimetro baino sakonago, baita haize-sorgailuaren inguruan 65 metro baino gutxiagoko tartean zuhaitzak edo zuhaixkak landatzekoa ere.

–Debekaturik egonen da edozein eraikuntza mota altxatzea –baita behin-behinekoak edo aldi baterakoak izanik ere–, obrak egitea eta edozein jarduketa, baldin eta kaltetzen edo galarazten ahal badu kanalizazioaren eta haren instalazio lagungarrien funtzionamendua, zainketa, mantentzea, konponketa eta ordezkapena, behar izanez gero, haize-sorgailuaren ardatzetik hasita 65 metro baino gutxiagoko distantzian.

–Langileak eta behar diren elementuak sartzeko aukera izan behar da, instalazioak mantentzeko, konpontzeko edo berritzeko; baina kalterik eginez gero, ordaindu egin beharko da.

3. artikulua. Ukipen sektorialak.

Proiektu sektorial bat (barnean direla kontserbazioa, mantentze-lanak eta zerbitzuak) garatzeko egiten den edozein proiektutan, baita haize-parkearen edozein osagairi dagozkion obren exekuzioan ere, ingurumen ondorioen adierazpenean eta UPSarekin lotutako txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta kontuan hartuko dira lehendik dauden eta egitekoak diren azpiegitura guztiak, azpiegitura horiekin burutu beharreko jarduketak koordinatzeko, baita balizko beste zortasun batzuk ere; adibidez, ondare historiko eta arkeologikoari dagozkionak, aeronautikoak, halakorik balitz, eta bestelakoak. Horretarako, obrak hasi baino lehen, arloaren arabera eskumena duten organoei behar diren baimen guztiak eskatu beharko zaizkie.

4. artikulua. Zortasun aeronautikoak.

2011-2016rako Plan Eolikoari buruzko txostenaren (2012ko abenduaren 20koa) arabera, Cabanillasko, Ablitasko, Cascanteko, Fustiñanako eta Zarrakazteluko udal-mugarteak (esp.: 120248) ez daude sarturik legezko zortasun aeronautikoen eremuetan, interes orokorreko aireportuei dagozkienetan, eta Sustapen Ministerioaren eskumeneko aireko nabigaziorako instalazio erradioelektriko aeronautiko bakar batek ere ez ditu ukitzen.

584/72 Dekretuaren 8. artikuluaren gaur egungo testuaren arabera, edozein eraikuntza edo egitura (zutabeak, antenak, haize-sorgailuak –palak barne– eta abar) jartzeko eta haiek eraikitzeko beharrezko baliabideak (eraikuntzako garabiak eta antzekoak barne) instalatzeko, baldin lurretik gora (edo itsas mailatik gora, ur jurisdikzionalen barrenean) 100 metro baino gehiago altxatzen bada, Aire Segurtasunerako Estatuko Agentziak (AESA) aldez aurretik hartu beharko du erabakia aireko eragiketetako segurtasunean duten eraginari buruz.

5. artikulua. Aldaketak.

UPSa aldatzeko espedientea tramitatu beharko da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituz, kasuan kasuko parkerako, baldin eta aldaketak egin nahi badira haize-sorgailuen kokapenean eta/edo haize-sorgailuen kopuruan, proposatutako sarbide eta argindar lineen trazaduran edo proiekturako ezarritako araudian.

6. artikulua. Cabanillas II parke eolikoaren ebakuazio linearen ukipen-zerrenda.

20 metroko zabalera duen ukipen-zerrenda bat ezartzen da UPSaren eremu gisa, Cabanillas II parke eolikoaren ebakuazio linearako, zerrenda horren barnean azpiegitura egitea dakarten trazaduraren aldaketek edo egokitzapenek UPSa aldatzea eragin ez dezaten.

Iruñean, 2019ko uztailaren 24an.–Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuko zuzendaria, María Belén López Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1909981