143. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

169E/2019 EBAZPENA, ekainaren 7koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Gollanon, Ameskoabarreneko udal-mugartean, oilaskoak gizentzeko hegazti instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra Granja Txaparduia SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 24ko 2513/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 26ko 49E/2015 Ebazpenaren bidez aldatua.

2018ko apirilaren 25ean, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, gizentzeko hegaztien kopurua 128.450etik 163.450era handitzeko, eta animalien gorpuen errauskailua paratzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2018ko ekainaren 4an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa” zen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta horregatik ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berririk ematea. Baina aldaketa “nabarmena” ere bazela zioen irizpenak, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baitzituen instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan; hortaz, aldaketa horiek instalazioak duen ingurumen baimen integratuan jaso behar direnez, hura aldatu beharra dago.

2018ko urriaren 10ean, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hau da, instalazioaren edukiera handitzea, 35.000 toki gehituz, eta horretarako nabe berri bat eraikitzea. Aldi berean, animalien gorpuak errausteko ekipo bat paratuko da, edukiera txikikoa.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Baimentzea Gollanon, Ameskoabarreneko udal-mugartean, oilaskoak gizentzeko hegazti instalazioaren aldaketa nabarmena, gizendu beharreko oilaskoen kopurua 128.450etik 163.450era handitzeko eta animalien gorpuetarako errauskailu bat apartzeko proiektua gauzatzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta ebazpen honen I. eranskinean adierazitakoak ere. Instalazioaren titularra Granja Txaparduia SL da.

Bigarrena.–Instalazio horren lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena aldatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta kontuan hartuta ebazpen honen II. Eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten duen jardueraren exekuzioa edo abian jartzea jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu beharko da gehienez ere; epe hori amaituta, automatikoki agortuko dira baimenaren ondorioak, eta eraginkortasunik gabe geldituko da.

Hirugarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan hondakin arriskutsuen ekoizle gisa zentroak 15P02013090022014 zenbakiarekin duen inskripzioa mantentzea, eta hondakin ez-arriskutsuen ekoizle gisa ere inskribatzea, 15P03013090022019 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakinen ekoizpenean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Laugarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 0130080236/2/2 plana onestea.

Bosgarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Seigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamargarrena.–Ebazpen hau Granja Txaparduia SLri, Ameskoabarreneko Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 7an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1907977