140. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostuan (D maila/taldearekin parekatuan) aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko

Alkatetzaren ekainaren 14ko 1039/2019 Ebazpenaren bitartez, deialdia eta oinarriak onetsi ziren zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostuan (D maila/taldearekin parekatuan) aritzeko izangaien bi zerrenda eratzeko, bata prestakuntzarako eta bestea aldi baterako kontrataziorako, Tuterako Udalean eta haren menpeko erakundeetan (Tuterako Udalaren Ur Batzordea erakunde autonomoa eta Tutera-Kultura enpresa-entitate publikoa) sortzen diren beharrei erantzutearren, zerrendak eratu eta ondoko bi urteetan.

Oposizio hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta ondoko oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

I. ERANSKINA

Oinarriak

I.–Deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriak:

1.–Izaera: aldi baterako lan-kontratudunak. Prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran dauden langileak.

2.–Izena: zerbitzu anitzetako enplegatua (D maila/taldearekin parekatua).

3.–Kokapena egitura organikoan: Udaleko zenbait alor, zerbitzu edo erakundetan.

4.–Bete beharreko eginkizunak:

Oro har, hauek izanen ditu eginkizunak:

–Etxezaintza eta jendea hartzea.

–Udal instalazioen oinarrizko mantentze-lanak, kontserbazioa eta konponketa txikiak: elektrizitatea, iturgintza, arotz-lanak (metala eta zura) eta abar.

–Galdaren, ureztatzeko sistemen, lorezaintzaren, segurtasun sistemen kontrola.

–Altzariak, tresnak, dokumentuak eta abar lekuz aldatu eta paratzea.

–Udal instalazioen zaintza eta jagoletza: sarrerak eta irteerak, irekitzea eta ixtea, argiak piztu eta itzaltzea, berokuntza eta abar.

–Laguntza operatiboa, Udalaren azpiegituren, ekipamenduen eta ondasunen mantentze-lanak.

Horiek guztiak, ukatu gabe bestelako zereginak betetzea, bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortu beharrez agintzen zaizkionak.

II.–Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostuan aldi baterako kontratazioen bidez aritzeko izangaien zerrenda osatzeko.

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda bat eratzea, oposizio bidez, Tuterako Udalean eta haren menpeko erakundeetan (Tuterako Udalaren Ur Batzordea erakunde autonomoa eta Tutera-Kultura enpresa-entitate publikoa) sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Espainiako edo Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea. Espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek ere hartu ahalko dute parte, zuzenbidez bereiziak ez badaude, baita haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bereiziak ez badaude, eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Eskola graduatuen titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko maneran egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina). Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.

D) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

E) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea izatea.

F) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

2.3. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Kopia konpultsatuak aurkeztuko dira horretarako. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

2.4. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua gauzatuko da Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat, IV. apartatuan zehazten baitira.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia ere.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak horri buruz araututakoari jarraituz, haren bitartez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari jarraituz ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

III.–Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuko zerbitzu anitzetako enplegatu gisa prestakuntzan aritzeko izangaien zerrenda eratzeko.

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat eratzea, oposizio bidez, Tuterako Udalean eta haren menpeko erakundeetan (Udalaren Ur Batzordea erakunde autonomoa eta Tutera-Kultura enpresa-entitate publikoa) sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Udal honen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, E mailakoa.

B) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Eskola graduatuen titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko maneran egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina). Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.

D) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, etxezain lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Oinarri honen 2.1.C) apartatuan eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute hautatzen diren izangaiek, horretarako ezartzen zaien unean.

Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu.

2.3. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta aldi baterako lanpostuak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua gauzatuko da Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat, IV. apartatuan zehazten baitira.

4.–Prestakuntzarako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

Hautatutako izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dituzte, Osoko Bilkurak hartutako erabaki horretan ezarritakoari jarraituz, bai eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoari jarraituz ere.

IV.–Bi deialdietarako arauak.

1.–Eskabideak.

1.1. Deialdiko hautapen prozesuan parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja, 1 edo Frontón kalea, 1) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

1.2. Eskabideak aurkeztuko dira deialdi honen III. eranskineko ereduari jarraituz, aldi baterako kontratazioetarako izangaien kasuan, eta IV. eranskineko ereduari jarraituz, berriz, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien kasuan. Ereduak HLZ-Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskuratzen ahalko dira (Plaza Vieja, 1) edo Frontón kaleko 1 zenbakiko bulegoetan, bai eta internet bidez ere, www.tudela.es web orrian. Haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

1.3. Behar bezala betetako parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren bat.

–Eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

1.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, ere aurkeztu beharko dute.

Izangaiei oroitarazten zaie ezen, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenaren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat erreserbatuko dela, baldin eta hautaprobak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.

1.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.6. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

2.–Izangaien onarpena.

2.1. Onartu eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak onartu eta baztertuen zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Udalaren iragarki-taulan (Plaza Vieja, 1) eta Udalaren www.tudela.es web-orrian argitara dadila aginduko du. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen zaizkio akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da aipatutako tokietan eta baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

2.2. Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.–Kalifikazio epaimahaia.

3.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Tuterako Udaleko zinegotzi bat (Udalbatza berria eratzen denean zehaztuko da).

Ordezko epaimahaiburua: Tuterako Udaleko zinegotzi bat (Udalbatza berria eratzen denean zehaztuko da).

Epaimahaikidea: Jesús Fernández Miranda, Tuterako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Ordezko epaimahaikidea: Cristina Doiz Pérez, Tuterako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Epaimahaikidea: Eva Alvero Coloma, zerbitzu anitzetako enplegatua, Kirolei atxikia.

Ordezko epaimahaikidea: Ana Felipe Sáenz, zerbitzu anitzetako enplegatua, Kirolei atxikia.

Epaimahaikidea: Antonio Pérez Omeñaca,Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: M.ª Cruz Pérez Omeñaca, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Idazkaria: Jesús Zueco Sánchez, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezko idazkaria: Belén Serrano Cornago, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

3.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (lege horren bidez jorratu zen Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa). Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errekusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

3.3. Kalifikazio epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, probak egiteko eguna, ordua eta tokia finkatuko ditu eta argitara emanen, behar den denboraz. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

3.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

3.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen sistema: oposizioa.

4.1. Alkatetzaren ebazpen honen bitartez onetsitako bi deialdietarako hautapen prozesua oposizioa izanen da, eta ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teorikoa eta praktikoa. Deialdiko II. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 20 galderari idatziz erantzutea. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Okerrengatik puntuak kenduko dira. Lehenbiziko ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 40 minutu izanen dituzte.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Proba praktiko bat egin beharko da, lanpostuaren eginkizunen gainean. Kalifikazio epaimahaiak zehaztuko du izangaiek bigarren ariketa egiteko gehienez ere izanen duten denbora, egin beharreko probaren arabera. Epaimahaiaren irizpidearen arabera, proba praktiko hori lanpostuko lanak egitea izan daiteke edo gai praktiko bat idatziz jorratzea, edo biak batera.

4.2. Oposizioko ariketen balorazioan 60 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

–Lehen ariketa: gehienez 20 puntu.

–Bigarren ariketa: gehienez 40 puntu.

4.3. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Baztertuta geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

4.4. Lehen ariketa eta bigarrena, baldin epaimahaiak xedatzen badu ariketa idatzizkoa egitea, plika sistema erabiliz eginen da.

4.5. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaituta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Udaleko iragarki-taulan, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioko hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda www.tudela.es helbidean ere kontsultatu ahalko da, “Lan eskaintza” izeneko atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

4.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.7. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

4.8. Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da ariketa guztietako puntuazioak baturik.

5.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Udaleko iragarki-aulan eta udal webgunean, bereizirik:

–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

–Prestakuntzarako izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

5.2. Zerrenda bakoitzean, probak gainditu dituzten izangaien artean puntu berdinketarik izanez gero, Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuraren erabakian araututako irizpidearen arabera ebatziko dira (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), hau da, probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioa gailenduko da eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoaren bitartez ebatziko da afera.

5.3. Ondotik, kalifikazio epaimahaiak Alkatetzari igorriko dizkio hautapen prozesuko probak gainditu dituzten izangaien bi zerrendak –aldi baterako kontratazioak egitekoa eta prestakuntzakoa–, lanean hasteko deia egin dezan, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera.

6.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2019ko ekainaren 14an.–Alkatea, Eneko Larrarte Huguet.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Nafarroako Toki Entitateak. Udalerriak. Antolaketa, funtzionamendua eta eskumenen sailkapena.

2.–Tuterako Udalaren antolaketa administratiboa: Udal organigrama. Tuterako Udalaren menpeko entitateak. Udal eraikin nagusien kokapena: Udaletxea, Herritarren Laguntza Zerbitzua, Udalaren kirol instalazioak, Ikastetxe Publikoak, Haur Hezkuntzako ikastetxeak, gizarte-etxeak.

3.–Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea: Atarikoa. Foru legearen xedea eta helburuak. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak.

4.–Datu pertsonalen babesari buruzko erregelamendu orokorra: helburua eta definizioak.

5.–Oinarrizko elektrizitatea: elektrikariaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentze-lanak egitea (bihurkinak, guraizeak, aliketak eta abar). Eraikinetako banaketa koadroak (potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak, diferentzialak). Hots egiteko zirkuituak (pultsadoreak, txirrinak). Oinarrizko argi-zirkuituak (etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lurreko hargunearekin zein gabe, lanparak). Argi fluoreszenteko zirkuituak (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak). Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak). Segurtasun neurriak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta.

6.–Oinarrizko mekanika-metal arotzeria. Mekanikako oinarrizko erremintak (mailuak, bihurkinak, hainbat motatako giltzak, zerrak, eskuko zulagailua eta abar) ezagutu, erabili eta mantentzea. Sarrailagintzako oinarrizko eragiketak (ate eta leihoen doitzea, sarrailak eta ponpatxoak, metalezko altzarien mantentze-lanak). Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta.

7.–Iturgintza-berokuntza. Iturginaren oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Iturgintzako instalazioen mantentze-lanak (komun-ontziak, txorrotak, zisternak, sifoiak). Berokuntzako instalazioen mantentze-lanak (zirkuituak, erradiadoreak betetzea eta purgatzea. Erradiadoreak. Galdara gelak, elementu nagusiak). Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta.

8.–Zurgintza. Zurgintzako oinarrizko erremintak (mailuak, zerrak, trintxak, zulagailu elektrikoa eta bestelako osagarriak: lixak, lekedak eta abar) ezagutu, erabili eta mantentzea. Zurgintzako oinarrizko eragiketak (ate eta leihoak doitzea). Sarrailak eta ponpatxoak. Pertsianak: motak, mantentze-lanak eta konponketa. Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta.

9.–Lorezaintza. Lorezaintzako oinarrizko tresnak (kimatzeko guraizeak, belarra mozteko makinak, aitzurrak eta abar) ezagutu, erabili eta mantentzea. Lorategiak mantentzeko oinarrizko eragiketak (aspertsoreak jartzea, erregulatzea, funtzionamenduan jartzea, garbitzea eta abar). Lorategirako produktuak (ongarriak, intsektizidak eta abar) aplikatzeko oinarrizko ezagutzak.

10.–Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta. Laneko arriskuei aurrea hartzea: norbera babesteko ekipamenduak, istripuen prebentzioa.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

III. ERANSKINA

Aldi baterako kontratazioa (PDFa).

IV. ERANSKINA

Prestakuntza (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1908604