138. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MALERREKAKO ZERBITZU OROKORREN MANKOMUNITATEA

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko
lanpostuan aritzeko aldi baterako kontrataziorako

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da lanpostu bat, administrazio araubidekoa, aldi baterako betetzea.

Lan poltsa egingo da hautapen prozesu hau gainditzen duten izangaiekin, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz, eta indarrean izango da 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean.

1.2. Kontratatuak Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuko D mailan sartuko dira eta aipatu maila horri dagozkion oinarrizko lansariak eta, behar izanez gero, Mankomunitatearen plantilla organikoan esleitzen zaizkion lansari osagarriak jasoko dituzte.

1.3. Lan araubidea lanaldi osokoa izango da eta zerbitzuko beharrei egokituko zaie. Araubide hori edozein unetan alda lezake Mankomunitateak.

1.4. Lanpostuari dagozkion eginkizunak hauek dira:

Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko zerbitzuen berezko jarduketekin ikusteko duten zerbitzu anitzetako lanak, bai eta mantentze orokor, obrak, lorezaintza eta bide publikoaren garbiketarekin ikusteko dutenak ere, eta, orobat, Mankomunitatearen instalazioak zaindu eta mantentzeko berezko jarduketekin ikusteko dutenak; hona hemen horietariko batzuk, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

–Mankomunitatearen bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak oro har, eta mantentze-lanetakoak.

–Zerbitzuaren berezko makineriaren, lanabesen eta tresnen maneiu, mantentze eta konpontzea.

–Hiri altzariak paratu eta mantentzea: zutoinak, seinaleak, bankuak, edukiontzi-eremuen itxiturak, etab.

–Altzariak eta tresnak lekuz aldatu eta paratzea. Agertokiak, hesiak eta gainerakoak muntatu eta desmuntatzea.

–Ibilgailuak gidatzea eta obrako makineria arina eta ertaina maneiatzea (B motako gidabaimena arte, hori barne).

–Mankomunitatearen azpiegitura eta egoitzetan mantentze eta konpontze lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, zangak ireki eta ixtea.

–Lorezaintzako lanak egitea, bere maila eta kategoriaren barnean daudenak, zerbitzuaren tresnak eta makinak erabiliz.

–Bide publikoa garbitzeko lanak egitea, hori agintzen bazaio.

–Eskatzen zaizkien hobekuntzako instalazio berriak eta jarduketak egitea, baldin beren mailakoak badira, eta lanean erabiltzen diren ibilgailuak zaindu eta mantentzeko oinarrizko lanak egitea.

–Mankomunitateko eta beste zerbitzu batzuei eta Mankomunitatearen parte diren udalei laguntzea, hala eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.

–Malerrekan instalaturiko auzo-konpost gune desberdinen jarraipen eta mantentze lanak egitea

Halaber, zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizun izango dira honako eginkizun orokor hauek:

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, lan bakoitzean erabiltzen diren babes ekipo egokiak behar bezala baliatuta.

–Mankomunitatearen azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturen berri ematea arduradunari aldiro eta garaiz, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatzea.

–Lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak ezagutu eta aplikatzea.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerari egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.

–Mankomunitateko buruak nola organo delegatuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; betiere, bere eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

2. oinarria.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuen titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B motako gidabaimena.

g) Euskara jakitea. Ulermen eta ahozko adierazpen gaitasunari dagokion B2 maila (edo baliokidea) eta idatzizko ulermen eta adierazpen gaitasunari dagokion B1 maila (edo baliokidea) kreditatu beharko ditu. Horretarako, Europako Kontseiluaren Europako Erreferentzia Marko Bateratuko, gutxienez, B2 mailako titulua aurkeztu edo eskatutako euskara maila ziurtatzeko proba gainditu beharko du.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

3. oinarria.–Eskabideak eta aurkezteko epea.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Malerrekako Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, hogei egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina eta azken eguneko arratsaldeko ordu bata arte, eta egun hori baliogabea bada, balioduna den hurrengora arte. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten ziurtatu aurretik. Gainera, Malerrekako Mankomunitateari jakinarazi beharko zaio posta elektronikoz (mancomunidad@malerreka.infolocal.org); betiere, aurkezteko epearen egun eta orduen barrenean.

3.2. Eskabideak deialdian argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio eta honako dokumentazio hau erantsiko zaie:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) B motako gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

c) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademiko originala edo haren fotokopia konpultsatua.

d) Lehiaketaldian baloratzeko aurkeztu diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo horien fotokopia konpultsatuak.

e) Hizkuntza maila egiaztatzeko eskatutako titulu originala edo haren fotokopia konpultsatua.

3.3. Desgaitasunen bat izanik parte hartzen dutenek denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein desgaitasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko buruak ebazpena emango du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Mankomunitateko iragarki-taulan eta web orrian argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek bost egun balioduneko epea izango dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko buruak ebazpena emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Mankomunitateko iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

5.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioa gero.

6. oinarria.–Lehiaketaldia.

6.1. Lehiaketaldiak 30 puntu izango ditu gehienez, honako baremo honen arabera:

A) Esperientzia.

1) Administrazio publikoetan zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostuan egindako zerbitzuak, D mailan, deialdiko lanpostuak berezko dituen eginkizunetan, puntu 1 urte oso bakoitzagatik. Batura ez da 20 puntu baino handiagoa izango.

Aurreko apartatuan jasotako merezimenduak lehiatzaileak lan egin duen administrazio publikoaren ziurtagirien bidez egiaztatuko dira eta horiek zenbatzeko kontuan hartuko dira bai lan araubidean (finkoan edo aldi baterakoan), bai administrazio araubidean (bitarteko gisa edo jabetzapeko lanpostuan) egindako zerbitzuak, baina atal batean baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzualdiak aldi berean egin badira, puntuaziorik handiena eskuratzeko balio duten zerbitzuak baizik ez dira zenbatuko denbora tarte horretan.

Frogaturiko esperientzia aldiak ez badu urteko osorik hartzen, dagokion proportzioa aterako da hileko osoak kontuan hartuta. Kontratu bat kontuan hartzeko, hileko oso bat gutxienez beharko da.

Lanaldia osoa ez bada, orduan ere dagokion proportzionaltasunaren arabera kalkulatuko da.

Zerbitzuak bete izana frogatzen duten dokumentuetan espresuki adieraziko da zerbitzu haiek lanaldi osokoak ala murriztukoak ote ziren, eta lanaldi murritza bazen, zenbatekoa eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera data zehatzak.

B) Prestakuntza ikastaroak.

Bete beharreko lanpostuarekin zuzenean ikusteko duen edukiaren gaineko prestakuntza osagarriagatik, gehienez ere 10 puntu, honako baremo honi jarraikiz:

10 orduko edo gehiagoko baina 20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,5 puntu.

20 orduko edo gehiagoko baina 40 ordu baino gutxiagoko bakoitzeko: puntu bat.

40 orduko edo gehiagoko baina 100 ordu baino gutxiagoko bakoitzeko: 1,5 puntu.

100 ordu edo gehiagoko bakoitzeko: 2 puntu.

Ez dira baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastaroak.

6.2. Merezimenduak baloratu ondoren, behin-behineko emaitzak Mankomunitateko iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko dira, eta 5 egun balioduneko epea irekiko da alegazioak aurkezteko.

6.3. Alegazioen epea bukaturik, Mankomunitateko iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko dira lehiaketaldiko behin betiko emaitzak.

7. oinarria.–Oposizioaldia.

7.1. Oposizioaldiak honako ariketa hauek izango ditu, eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira bertan.

a) Lehen ariketa baztertzailea eta teorikoa izango da; test motako galdetegi bat erantzun beharko da, II. eranskineko gai-zerrendaren gainean. Ariketa honetan gehienez ere 35 puntu lortzen ahal dira eta bazterturik geldituko dira gehienez eskatutako puntuazioaren erdia, gutxienez, lortzen ez dutenak.

b) Bigarren ariketa baztertzailea da eta proba teoriko/praktiko bat edo gehiago egingo dira, honako arlo hauetakoak: makineria, igeltserotza, pintura, mantentze-lan orokorrak, obra txiki edo ertainetako makineria arina maneiatzea, edota bestelako edozein, betiere lanpostuaren eginkizunekin zerikusia dutenak. Ariketa honetan gehienez ere 35 puntu lortzen ahal dira eta bazterturik geldituko dira gehienez esleitutako puntuazioaren erdia, gutxienez, lortzen ez dutenak.

7.2. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bururatutakoan, epaimahaiak argitara emango ditu Mankomunitateko iragarki-taulan eta web-orrian, azterketa gainditu duten izangaien zerrenda, haien kalifikazioekin, baita hurrengo ariketa noiz eta non egingo den ere, beharrezkoa bada.

7.3. Probak egiteko dei bakarra egingo da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo horren legezko baliokidea aldean dutela agertu beharko dute, eta baztertuak geldituko dira, edozein arrazoia dela eta, iragarritako toki, ordu eta egunean agertzen ez diren izangaiak.

7.4. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

7.5. Ariketa bakoitzaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko du azterketa hasi aurretik.

8. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

8.1. Honako hauek izango dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

1.–Epaimahaiburua: Jon Telletxea Juanenea, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko burua.

–Ordezkoa: Amets Inda Gorriaran, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko Hondakinen Batzordeko burua.

2.–Epaimahaikidea: Andoni Amutxastegi Larrañaga, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko hondakin teknikaria.

–Ordezkoa: Miren Meoki Plaza, Baztango Udaleko hondakin teknikaria.

3.–Epaimahaikidea: Iñigo Agesta Latasa, Cederna Garalurreko teknikaria.

–Ordezkoa: Cederna Garalurrek izendaturiko teknikaria.

4.–Epaimahaikidea: Amaia Sagastibeltza Azpiroz, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko langileen ordezkariek izendatua.

–Ordezkoa: Gema Mutuberria Vergara, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko langileen ordezkariek izendatua.

5.–Epaimahaikide-idazkaria: Jon Etxague Goia, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko idazkaria.

–Ordezkoa: María Soledad Sanchez Hernandorena, Sunbillako Udaleko idazkaria.

8.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasota dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emango da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

8.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

8.4. Epaimahaiko idazkariak behar diren aktak egingo ditu eta horietako bakoitza sinatu beharko dute mahaikide guztiek.

8.5. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izango da hura osatzen duten kideen gehiengo osoa bertan izatea.

8.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik bigarren ariketan zein den puntuaziorik handiena (7.1.b), eta berdinketak jarraituz gero, kalifikazio epaimahaiak egingo duen zozketa baten bidez ebatziko da.

9. oinarria-Epaimahaiaren proposamena.

9.1. Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda. Oposizioaldiko ariketen emaitzak eta lehiaketaldiko emaitzak batuta azalduko dira.

Enplegu poltsan sartuko dira probak gainditzen dituztenak.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko dagokion salari edo epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Donezteben, 2019ko ekainaren 25ean.–Burua, Jon Telletxea Juanenea.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatea osatzen duten udalerriak: herriak, auzoak, mendiak, errekak, etab.

2.–Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatea. Osaera. Asanblada, burua eta informazio batzordeak. Mankomunitatearen zerbitzuak.

3.–Nafarroako toki entitateen lege araubidea. Antolaketa eta administrazioa.

4.–Hondakinen bilketa eta tratamendu Zerbitzua Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatean.

5.–Laneko segurtasun eta higieneari buruzko arauen eta oztopo arkitektonikoei buruzko arauen oinarrizko ezagutzak.

6.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak, materialak. Obra zibilean egin beharreko lanak.

7.–Makineria eta ibilgailuak maneiatu, mantendu eta konpontzea.

8.–Zurgintzaren oinarrizko eragiketak: ate eta leihoen doikuntzak, sarrailak, ponpak eta pertsianak.

9.–Iturgintzako instalazioen mantentzea: komun-ontziak, txorrotak, tangak, sifoiak, etab.

10.–Pintura. Motak, produktuak, tresnak eta aplikazioa.

11.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.

12.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko arauak.

Iragarkiaren kodea: L1908849