138. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez bete dadin administrari-ofizial izateko lanpostu bat

2019ko ekainaren 13ko 2019-0052 Ebazpenaren bidez, Mairagako Mankomunitateko buruak onetsi zuen deialdi bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez bete dadin administrari-ofizial izateko lanpostu bat, honako oinarri hauekin bat:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizialen lanpostu bat betetzea (C maila), oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez, Mairagako Mankomunitateko plantillako langile lan-kontratudun finkoentzat eta/edo funtzionarioentzat, baldin frogatzen badituzte deialdi honetan eskatzen diren baldintzak.

Prozedura eginen da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan xedatuari jarraikiz, ezartzen baitu hautapen proben deialdia egiten ahalko dela beren funtzionarioentzat murrizturik, eraginkortasun eta ekonomia arrazoiek komenigarri egiten dutenean aldaketak egitea lanpostuen antolaketa eta eginkizunetan, eta horiek nahitaez goragoko maila batean sailkatzea eragiten dutenean, betiere baldintza izanik deialdiko lanpostu hutsek ez ekartzea plantillan diren lanpostuen kopurua handitzea.

1.2. Behar diren hautaprobak gainditzen dituena lanposturako izendatuko da, zeina C mailari atxikia baitago, eta jasoko ditu Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarritako ordainsariak, gehi Mairagako Mankomunitateko plantilla organikoan ezarritako ordainsari-osagarriak. Ordura arte betetzen zuen lanpostua automatikoki amortizatu eginen da.

1.3. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aitzin zuen araubide juridikoa. Gizarte Segurantzaren eta osasun laguntzaren araubide berari ere eutsiko dio.

1.4. Administrari-ofizialaren lanpostua lortzen duenak eginkizun berak izanen ditu. Gainera, maila berriari dagozkionak ere esleitzen ahalko zaizkio. Guztiz zehaztuta ez badaude ere, hona zeregin batzuk:

–Oro har, betearazpen, tramite eta lankidetza lanak administrazio zerbitzuen arduradunarekin.

–Ematen dizkioten espedienteetan diren agiriak zehazki laburtu eta horren berri behar bezala ematea administrazio zerbitzuen arduradunari, baita kudeaketa organoei ere.

–Jasotzen diren agirien berri ematea administrazio zerbitzuen arduradunari.

–Tramiteko eginbide eta ofizioak prestatzea, administrazio zerbitzuen arduradunak adierazten dizkion jarraibideei loturik.

–Bere ardurapeko espedienteen kudeaketa, jarraipena eta kontrola, eta espedienteen izapidetze administratiboak osatzea, ailegatzen diren agiriak erantsiz.

–Zailtasun juridikorik gabeko txosten eta ebazpen proposamenak prestatzea mankomunitatearen eskumeneko espedienteen gainean, administrazio zerbitzuen arduradunaren zehaztapenei jarraituz.

–Horrela erabakiz gero manatzen ahal zaizkion lan arloetan, datuak lortzen eta eransten laguntzea txosten, proposamen, espediente eta era guztietako lanetan.

–Jendeari harrera egitea eta argibideak ematea, gaien tramitazioan parte hartu badu edo espedienteen egoeraren berri badu.

1.5. Lanaldi osoko ordutegia izanen da, bulego orokorretako langileentzat ezarritakoa, eta une oro egokituko da zerbitzuaren beharretara. Egoki diren erakunde administratiboek noiznahi aldatzen ahal dute, aipatutako zerbitzuaren beharretara egokitzeko.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean:

a) Mairagako Mankomunitatearen zerbitzuko D mailako funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea.

b) Goi Batxilergo titulua izatea, edo Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan bost urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

Deialdiko b) apartatuko titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako Administrazio Publikoetan 8 urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

Baldintza horiek betetzen direla eskabideak aurkeztean egiaztatu beharko da.

3. oinarria.–Prozedura.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztuko dira Mairagako Mankomunitateko Erregistroan, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, 30 egun naturaleko epearen barrenean. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.2. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira lehiaketaldian baloratu beharreko merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak.

3.3. Eskabideari erantsi beharko zaizkio deialdiaren 2.1 oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak.

3.4. Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea luzaezina da.

3.5. Eskaerak aurkezteko epea buruturik, Mairagako Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

Behin-behineko zerrendaren aurka inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin betikoa bilakatuko da, eta ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Aldizkari Ofizialean halakorik berriz argitaratzea. Mankomunitateko web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

4.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

–Epaimahaiburua: Pedro Leralta Piñán, Mairagako Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–Lehen epaimahaikidea: José Antonio Echeverría Cerdán, Mairagako Mankomunitateko aholkulari ekonomikoa.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–Bigarren epaimahaikidea: Victoria Jaurrieta Sembroiz, Mairagako Mankomunitateko administrari-ofiziala.

Ordezkoa, hark eskuordetutako pertsona.

–Hirugarren epaimahaikidea: langileen ordezkariek izendatutako ordezkari bat.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–Epaimahaiko idazkaria: Raúl Echarri Jiménez, Mairagako Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

4.2. Epaimahaiko idazkariak behar diren aktak eginen ditu, eta mahaikide guztiek sinatu beharko dituzte horietako bakoitza.

4.3. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da bertan izatea hura osatzen duten kideen gehiengo osoa.

4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

4.5. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emango diote laguntza epaimahaiari.

5. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

5.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala justifikatuak, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

5.2. Merezimenduen baremoa:

a) Administrazio Publikoetan, administrari laguntzailearen lanpostuan egindako urte bakoitzeko 2 puntu. Gehienez ere, 20 puntu.

b) Lanpostuaren betekizunei loturik dauden gaiei buruzko prestakuntza eta sakontze ikastaroetan parte hartu izanaren titulu-ziurtagiri bakoitzeko:

–15 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,25 puntu.

–15 orduko edo gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,50 puntu.

Gehienez ere 10 puntu emanen dira, osotara, ikastaroengatik.

Lehiaketaldian gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta ez da inor baztertuko.

Lehiaketaldia buruturik, izangai bakoitzaren puntuazioa jakinaraziko da Mairagako Mankomunitateko iragarki-taulan.

Mairagako Mankomunitateko informazio-tauletan komunikatuko dira probak egiteko datak, ordua eta lekua, bai eta web-orrian ere (www.mairaga.es).

5.3. Probetarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat, eta oposizio-lehiaketatik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

5.4. Ariketa bakarra: test moduko 35 galdera teoriko ebatzi beharko dira, deialdiko II. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa honetan, gehienez ere, 70 puntu lor daitezke, eta bazterturik geldituko dira 30 puntura iristen ez diren izangaiak.

5.5. Oposizioaldia burututakoan, epaimahaiak Mairagako Mankomunitateko iragarki-taulan jarriko du ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, bakoitzak lortutako kalifikazioarekin.

6.–Epaimahaiaren proposamena.

6.1. Proben kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Mairagako Mankomunitateko iragarki-taulan, probak gainditu dituztenen zerrenda, guztirako puntuazioaren arabera ordenatua, eta, horretarako, batuko dira lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratako puntuak.

Epaimahaiak Mankomunitateko buruari igorriko dio puntuazio altuena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena. Proposamena loteslea izanen da deialdia egin duen administrazioarentzat.

6.2. Izendapena eta karguaz jabetzea.

Aurreko oinarriko hautapenaldia bukatuta, Mankomunitateko buruak ebazpen bidez izendatuko du proposatutako izangaia Mairagako Mankomunitateko administrari-ofizial, eta aginduko du izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeak ondorio ekonomiko eta administratiboak sortuko ditu, eta egun horren ondokoa joko da kargua hartzeko unetzat, ondorio guztietarako, berariazko egintza egiteko beharrik gabe.

7. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo,

b) Aldez aurretik eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa Mankomunitateko buruari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Aldez aurretik eta aukeran, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Tafallan, 2019ko ekainaren 13an.–Burua, Pedro Leralta Piñán.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Mairagako Mankomunitatearen estatutuak.

2.–Ordenantza orokorra, zeinaren bidez arautzen baita uraren ziklo integralaren kudeaketa.

3.–Ordenantza fiskala, zeinaren bidez arautzen baitira hondakinak biltzeko zerbitzuaren tasak.

4.–Ordenantza fiskala, zeinaren bidez arautzen baitira tasak ur hornidurarako; estolderiarako; eta saneamendu, arazketa eta uraren ziklo integralarekin zerikusia duten gainerako zerbitzu eta jarduketetarako.

5.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, zeinaren bidez jorratzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea.

6.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, zeinaren bidez jorratzen baita Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa. Atariko titulua (1. artikulutik 53.era).

7.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Nafarroako mankomunitateen antolaketa eta administrazioa (47. artikulutik 52.era). IX. titulua. Prozedura eta araubide juridikoa. Nafarroako toki entitateen jarduketak aurkaratzea eta kontrolatzea.

8.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 2koa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua.

9.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua, salbu VI. eta VII. kapituluak.

10.–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina.

Iragarkiaren kodea: L1908463