136. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

FITERO

Deialdia, zerbitzu anitzetako hiru lanpostu oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

Fiteroko Udaleko alkateak deialdia onetsi zuen, 2019ko maiatzaren 22ko 192/2019 Ebazpenaren bitartez. Hona hemen deialdi horren

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Zerbitzu anitzetako hiru lanpostu oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea du xede deialdi honek, Fiteroko Udaleko plantillako langileen artean, baldin eta deialdi honetan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Prozedura eginen da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan xedatuari jarraikiz, ezartzen baitu hautapen proben deialdia egin daitekeela beren funtzionarioei murrizturik, eraginkortasun eta ekonomia arrazoiek komenigarri egiten dutenean aldaketak egitea lanpostuen antolaketa eta eginkizunetan, eta horiek nahitaez goragoko maila batean sailkatzea eragiten dutenean, betiere baldintza izanik deialdiko lanpostu hutsek ez ekartzea plantillan diren lanpostuen kopurua handitzea.

1.2. Hautaprobak gainditzen dituen izangaia lanposturako izendatuko da eta C mailan sailkatuko. Maila horretako ordainsariak jasoko ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan ezarriari jarraikiz, baita Fiteroko Udalaren plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.3. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aitzin zuen araubide juridikoa. Gizarte Segurantzaren eta osasun laguntzaren araubide berari ere eutsiko dio.

1.4. Lanaldi osoa bete beharko da, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da. Administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete hori.

1.5. Lanpostua eskuratzen dutenek lehendik zituzten berezko eginkizunak izanen dituzte aurrerantzean ere, hau da, funtzio publikoan sartzeko bidea eman zien deialdian zehaztutako horiek. Aguazilek, esate baterako, eginkizun hauek lituzkete berezko: bide publikoan trafikoa erregulatzea; zirkulatzeko eta aparkatzeko arauak betearaztea; arau horiek hausteagatiko salaketak jartzea; ibilgailuak garabiz eramatea, baldin eta, arrazoi justifikatuak edo trafikoko arau hausteak tarteko direla, ibilgailuak ezin badu zirkulatu; instalazio publiko ofizialak zaintzea, eta bilaketa, laguntza edota babes zibilaren arloko lanetan parte hartzea, legezko ondorioetarako agintaritzaren agentetzat hartuta betiere. Eginkizun horiez gain, nolanahi ere, baliteke beste batzuk agintzea, maila berrian egotearen ondorioz.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, aurkezten direnek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean:

a) Fiteroko Udalaren plantillako funtzionarioa izatea, C mailatik beherakoa, zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostu baten titular gisa.

b) Administrazio publikoetan 5 urteko antzinatasun onartua izatea, gutxienez.

c) B1 motako gidabaimena izatea.

d) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean Batxilergo titulua edo baliokidea izatea, edo hura eskuratzeko baldintzetan egotea.

Baldintza hori bete ezean, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun onartua duela frogatu beharko da.

e) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

2.2. Aitzineko baldintzak deialdi honetan aurreikusitako epean eta maneran frogatu beharko ditu lanpostua eskuratzen duen izangaiak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea burutzen denean betetzen direla ulertuko da, hautaprobek dirauten bitartean eta izendatu arte.

3.–Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Fiteroko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, hogeita hamar egun naturalean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, eta haietan adieraziko da eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen direla.

3.2. Eskabideari izangaiak lehiaketaldian baliatu gogo dituen merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo kopia kautotuak gehituko zaizkio.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Fiteroko Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiei erantzun ondotik, Fiteroko Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Fiteroko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Mahaikide idazkaria: Fiteroko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Mahaikidea: Udaleko arkitekto teknikoa.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Mahaikidea: langileen ordezkaria edo horrek izendatzen duena.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Mahaikidea: Udaleko ekonomiako aholkularia.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa, gutxienez, bertan izan gabe. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

5.3. Epaimahaiak aholkulari adituak har ditzake proba guztietarako edo batzuetarako. Beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehendabizi eta oposizioaldia gero, ekainetik aurrera eginen dena, segur aski.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da ariketak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

7.–Lehiaketaldia.

Lehiaketaldian 30 puntu lor daitezke gehienez, eta ez da baztergarria izanen. Hartan izangai bakoitzaren merezimenduak baloratuko dira. Betiere deialdiko lanpostuetako eginkizunekin zuzenean ikusteko dutenak hartuko dira kontuan.

Epaimahaiak II. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak; horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Agiriak jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak izanen dira; bestela, aurkeztu gabetzat joko dira.

Parte hartzen dutenek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak eska ditzake epaimahaiak, edozein unetan.

8.–Oposizioaldia.

Oposizioaldiak ariketa bat izanen du; hartan, gehienez ere 70 puntu lor daitezke.

8.1. Ariketan galdera sorta teoriko bati erantzun beharko zaio; I. eranskineko gai zerrendaren gainean. Ariketa horretan gehienez ere 70 puntu lor daitezke.

8.2. Proba egiteko dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo horren legezko baliokidea aldean dutela agertu beharko dute, eta baztertuak geldituko dira, edozein arrazoia dela eta, iragarritako toki, ordu eta egunean agertzen ez diren pertsonak.

8.3. Ariketaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko du azterketa hasi aitzin.

9.–Epaimahaiaren proposamena.

9.1. Oposizioaldia bururatutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitara emanen du Udaleko iragarki taulan, bi faseetan bakoitzak lorturiko kalifikazioak zehaztuta.

9.2. Epaimahaiak Alkatetzari igorriko dio oposizio-lehiaketan puntuazio handiena lortu dutenak izendatzeko proposamena. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egunean, proposatutako pertsonek deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituztela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Udalaren Erregistro Orokorrean, baita beste agiri gehigarri batzuk ere, Udalak eskatzen badizkio.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Aitzineko oinarriak aipatzen duen hautapen prozedura bururatuta, ebazpen baten bidez, alkateak proposatutako pertsona izendatzeko aginduko du; ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2. Izendatutako pertsonak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean. Aipatu epean eta ezinbestekoak salbu, jabetza hartzen ez badu, lanpostu berrirako eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, 9.1 oinarriko zerrendan ondotik heldu den pertsonarekin beteko da lanpostua.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, hautara, egintza agindu edo erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia edo egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Fiteroko udalerria: kaleen eta auzoen izenak, bai eta mendi, alderdi, ibai eta etxolenak ere, udaleko araudia eta abar.

2.–Fiteroko Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Osoko Bilkura, alkatea eta Gobernu Batzarra. Informazio batzordeak. Udal erakundeen funtzionamendua.

3.–Nafarroako toki entitateen lege araubidea: udalerriak. Antolaketa eta administrazioa.

4.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Ezagutza orokorra. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.

5.–Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak.

6.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak. Iturgintzako eskemen ezagutza.

7.–Udal ordenantzak.

8.–Udalaren antolamendua, batzordeak, erakunde autonomoak eta abar.

9.–Jakinarazpenak egiteari buruz ordenamendu juridikoan adierazitakoa.

10.–Espainiako 1978ko Konstituzioa. Egitura eta printzipio orokorrak.

11.–Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga.

12.–Tokiko erabilera publikoko lurrak okupatzea salgai, eraikuntzako material, hondakin, hesi edo gisako instalazioen bidez.

–Terrazak.

–Animaliak edukitzea eta babestea.

–Bide publikoan kartelak eta pankartak paratzea eta pintadak egitea.

–Landabideak erabiltzea.

Oharra: gai guztiak bat etorriko dira idazki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriarekin.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio Publikoetan zerbitzuetako enplegatuen lanpostuan egindako zerbitzuak, C mailatik beherakoetan, deialdiko lanpostuak berezko dituen eginkizunetan, 1 puntu urte oso bakoitzagatik eta gehienez ere 20 puntu.

Zerbitzu egin bada osoa baino lanaldi laburragoetan eta urtebete baino gutxiago iraun badu, hainbanaketa eginen da dagokion heinean.

Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak administrazio kontratatzailearen ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Agiri horretan honako hauek agertuko dira: lanpostua, maila profesionala, lanaldi mota (lanaldi partziala izanez gero, portzentajea edo ordu kopurua adierazi beharko da) eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera datak.

b) Bete beharreko lanpostuarekin zuzenean ikusteko duen edukiaren gaineko prestakuntza osagarriagatik, gehienez ere 10 puntu, baremo honi jarraikiz:

20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,5 puntu.

20 ordu eta hortik goiti, 40 ordura gabe: puntu bat.

40 ordu eta hortik goiti, 100 ordura gabe: 1,5 puntu.

100 ordu eta hortik goiti: 2 puntu.

Iraupena behar bezala egiaztatzen ez bada, ikastaroa 20 ordu baino gutxiagokoa dela ulertuko da.

Fiteron, 2019ko maiatzaren 22an.–Alkatea, Raimundo Aguirre Yanguas.

Iragarkiaren kodea: L1907001