136. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1051/2019 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, giza kontsumorako ur hornidurako instalazioak kudeatzen dituzten Nafarroako toki entitateei ur kloragailuak erosi eta instalatzeko eman beharreko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 464133.

Giza kontsumorako ura desinfektatzea gutxieneko tratamendua da ura helburu horretarako egokia dela bermatzeko. Gauzak horrela, klorazio sistemak egokienak eta seguruenak dira, uraren kutsadura biologikoari lotutako osasunerako arriskuak desagerrarazteko, eta banaketa sare osoan zehar, hau da, kontsumo guneetaraino hondar desinfekzioari eustea ahalbidetzen dute. Horregatik, tratamendu hori exijitzen da Giza kontsumorako uren kalitatearekin loturiko osasun-irizpideak ezartzen dituen otsailaren 7ko 140/2003 Errege Dekretuak onetsitako giza kontsumorako uraren oinarrizko arauan.

Tratamendu hori ezinbestekoa bada ere, egiaztatu da ur hornidurako instalazioak kudeatzen dituzten zenbait toki entitatek ez dutela klorazio ekipamendurik edo klorazio ekipamendu zahar-zaharrak dituztela; ekipamendu horien funtzionamendu desegokia edo urria da, eta, beraz, ezin dute bermatu ura behar bezala desinfektatzen denik.

Egoera hori hobetzeko asmoz, toki administrazioko Toki Azpiegituren Zerbitzuak badu “Toki entitateei ur kloragailuak erosteko eman beharreko dirulaguntzen deialdia” izeneko partida bat, 2019rako 30.000 euroko zenbatekoa duena.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Giza kontsumorako ur hornidurako instalazioak kudeatzen dituzten Nafarroako toki entitateei ur kloragailuak erosi eta instalatzeko eman beharreko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 30.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Gobernuaren 2019ko ekitaldirako gastu-aurrekontuko “Toki entitateei ur kloragailuak erosteko eman beharreko dirulaguntzak” izeneko 780001-78300-7609-456100 partidaren kargura, deialdi honen ondoriozko beharrei aurre egiteko.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua.

Iruñean, 2019ko uztailaren 4an.–Toki administrazioko zuzendari nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

ERANSKINA

TOKI ENTITATEEI UR KLORAGAILUAK EROSTEKO EMAN BEHARREKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da giza kontsumorako ur hornidurako instalazioak kudeatzen dituzten toki entitateei kloragailuak erosi eta instalatzeko eman beharreko laguntzak emateko eta ordaintzeko arauak ezartzea.

2.–Onuradunak eta betebeharrak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten Nafarroako toki entitateak izan daitezke onuradunak:

a) Nafarroako toki entitate bat izatea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

b) Ur hornidurako instalazioen kudeatzailea izatea. Kudeatzailetzat jotzen da ura hartu, tratatu, garraiatu eta banatzeko fase guztietako edo horietako batean esku hartzen duena, Giza kontsumorako uren kalitatearekin loturiko osasun-irizpideak ezartzen dituen otsailaren 7ko 140/2003 Errege Dekretuaren definizioarekin bat.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

d) Kloragailua instalatzen hasi ez izana, deialdi hau argitaratu baino lehen.

e) Kloragailua abiarazten denean horrek funtzionatzea ahalbidetzen duen hornidura elektrikoa izatea.

3.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honetan ematen diren dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren 2019ko ekitaldirako gastu-aurrekontuko “Toki entitateei ur kloragailuak erosteko eman beharreko dirulaguntzen deialdia” izeneko 780001 78300 7609 456100 partidaren kargura finantzatuko dira; partida horrek 30.000 euro-ko zuzkidura du.

4.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Toki Azpiegituren Zerbitzua dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzio organoa izanen da, eta eskaeren balorazio teknikoa eta ekonomikoa eta horien gaineko txostena eginen du, dirulaguntzen oinarri arautzaileen betetze-mailari dagokionez. Halaber, Toki Administrazioko zuzendari nagusiari dirulaguntzak emateko edo ukatzeko proposamena eginen dio, eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko.

5.–Eskaeren aurkezpena.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Gehienez bi eskaera onartuko dira erakunde kudeatzaileko.

Eskaerak I. eranskinaren araberakoak izanen dira, eta bai horiek, bai eman beharreko dokumentazioa, bide telematikotik aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 38/2015 Legearen 14. eta 16. artikuluekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela ulertuko da.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Oinarri honetako baldintzak betetzen ez badira, eskaera ez da onartuko.

6.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerak behar bezala beteak eta toki entitatearen ordezkariak sinatuak aurkeztu beharko dira. Haiekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Kloragailuak merkaturatu eta instalatzen dituzten bi enpresaren eskaintzak, gutxienez. Eskaintzek honako hauek hartuko dituzte barnean:

–Kloragailuak erosi eta instalatzeko behar diren gastuen aurrekontu ekonomikoa, BEZa banakatuta. Kloragailuen gutxieneko baldintzak: hipokloritoa ekipamendu doigarriaren bidez dosifikatzeko sistema erdiautomatikoa, desinfektatzailea etengabe neurtzen ez duena.

–Proposatzen diren klorazio sistemen eta haien ezaugarri teknikoen eta funtzionamenduaren informazio zehaztua.

–Energia lortzeko sistema, kloragailuak funtzionatzeko beharrezkoa baldin bada.

–Kloragailuaren funtzionamendua bermatzeko eta pieza akastunak ordezteko urtebeteko konpromisoa, gutxienez.

b) Kloragailuaren instalazioa hartuko duen ur hornidurako sistemaren deskripzioa, honako hauek zehazten dituena:

–Uraren jatorria.

–Ura grabitatez edo ponpaketaz eramatea.

–Andelaren egoera, edukiera eta instalazio elektrikoa.

c) Hala bada, lehendik dagoen klorazio sistemaren problematika, hori egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuta.

d) Toki entitateko idazkaritzaren egiaztagiria, II. eranskineko ereduaren arabera egindakoa. Honako hauek adieraziko ditu:

–Instalazioak hornitzen dituen pertsonen kopurua.

–Instalazioak hornitzen dituen establezimendu publikoen kopurua.

–Eskatzailea izatea dirulaguntzaren xede den kloragailua hartuko duen hornidura sistemaren kudeatzaile arduraduna.

–Eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

Eskaerak adierazi diren betebeharrak betetzen ez baditu, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio akatsak zuzendu ditzala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Halakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena jakinaraziko zaio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, honako irizpide hauek oinarri hartuta lortzen diren puntuen ondoriozko lehentasun ordenari jarraikiz:

a) Kloragailuak erosi eta instalatu beharra; gehienez ere 50 puntu, mailaketa honen arabera:

–Klorazio instalaziorik ez egotea edo lehendik dagoen ekipamendua erabilezina izatea: 50 puntu.

–Lehendik dauden klorazio instalazioak kontserbazio egoera txarrean egotea: 30 puntu.

–Lehendik dauden klorazio instalazioak hala-holako kontserbazio egoeran egotea: 10 puntu.

b) Kloragailua hartuko duten instalazioek hornitzen dituzten pertsonen kopurua: 10 puntu, gehienez, hornidura duten pertsonen kopuruarekin modu proportzionalean banatuak eta zenbaki osora biribilduak. Horrela, 10 puntu emanen zaizkio pertsona gehiagori hornidura ematen dien eskaerari; eta puntu 1, berriz, pertsona gutxiagori hornidura ematen dienari. Puntuazio hori modu independentean esleituko zaio aurreko ataleko puntuazio berdina duten eskaeren multzo bakoitzari.

c) Kloragailua hartuko duten instalazioek hornitzen dituzten establezimendu publikoen kopurua: 2 puntu establezimenduko, eta 10 puntu, gehienez.

d) Kloragailua hartuko duten instalazioetatik datorren uraren kalitatea; gehienez ere 20 puntu, mailaketa honen arabera:

–Uraren kalitatearen ez-betetzeak, izaera mikrobiologikoak: 20 puntu.

–Uraren kalitatearen ez-betetze errepikatuak (ez-mikrobiologikoak): 10 puntu.

–Uraren kalitatearen noizean behingo ez-betetzeak (ez-mikrobiologikoak): 5 puntu.

Atal bakoitzean lortzen diren puntuazioak batuko dira.

Eskaerak baloratzeko, oinarritzat hartuko da toki entitateek aurkeztutako dokumentazioa, eta, Toki Azpiegituren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen badu, teknikariak egin beharreko ikuskapen bisita ere bai. Eskaerei puntuazioa esleitzeko, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari txostenak eskatzen ahalko zaizkio.

Bi eskaerak edo gehiagok puntuazio berdina badute, eskaera osoa erregistroan aurkeztu duen lehena lehenetsiko da.

8.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa kloragailua erosi, instalatu eta abiarazteko behar diren gastuen %70 finantzatzeko behar dena izanen da, gehienez (BEZa barne). Nolanahi ere, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa ezin izanen da 2.000 euro-tik gorakoa izan instalatutako gailuko.

Ondorio horietarako, honako hauek joko dira beharrezko gastutzat:

–Kloragailuaren kostuaren ondoriozkoak.

–Kloragailuaren instalazioaren ondoriozkoak.

–Kloragailuaren ondoko sistema elektrikoa, kloragailuak energia elektrikoz funtzionatzen badu.

–Energia elektrikoa sortzeko eta/edo metatzeko ekipamendu autonomoak, beharrezkoak badira.

–Desinfektzailearen lehen karga. Ez da onartuko azido isozianurikoz egonkortutako produkturik.

9.–Prozeduraren ebazpena.

Eskaerak baloratu ondoren eta instrukzio organoaren ebazpen proposamena ikusita, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntzak emateaz. Ebazpenak eduki hau izanen du:

–Dirulaguntza hartuko duten toki entitateen zerrenda, puntuazioaren araberakoa dena eta honako hauek zehazten dituena: onartutako aurrekontua eta emandako dirulaguntza.

–Deialdian ezarritako betebeharrak bete arren, aurrekontuan diru aski ez izateagatik eskaera onartu ez zaien toki entitateen zerrenda.

–Deialdiko betebeharrak ez betetzeagatik dirulaguntza ukatu zaien toki entitateen zerrenda.

Ebatzi eta jakinarazteko epea gehienez bi hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Berariazko edo ustezko ezespenari aurka egiteko, administrazio publikoek egintzak aurkaratzearen gainean xedatutakoari jarraituko zaio.

10.–Eskaerak aurkezteko epea, modua eta ordainketa.

Laguntzak aldi bakar batean ordainduko dira. Eskaerak telematikoki eginen dira 2019ko azaroaren 22an, beranduenez, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Honako agiri hauek aurkeztuko dira:

–Egindako gastuaren fakturak.

–Faktura horien bankuko ordainagiriak.

–Toki entitatearen idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena deialdi honen dirulaguntzaren xedeari buruzko beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu eta/edo jaso ote den.

Justifikatutako gastua onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa benetan egindako gastura egokituko da.

Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren eta kloragailuaren instalazioa eta funtzionamendu zuzena egiaztatzeko ikuskapen bisita egin ondoren, Toki Azpiegituren Zerbitzuak txosten teknikoa eginen du, eta ebazpen proposamena prestatuko du ordaindu beharreko dirulaguntzaren egokitasunari eta zenbatekoari buruz.

11.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzekin. Laguntzen batura ez da inoiz izanen egindako gastuaren %100 baino handiagoa. Emandako laguntzak egindako gastuaren %100 baino handiagoak badira, bidezkoa izanen da Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzea, dagokion proportzioan, dirulaguntza hori ez dadin izan egindako gastuaren %100 baino handiagoa.

12.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzaren itzulketa.

Diruz lagundutako instalazioak egiten ez badira, deialdi honetako baldintzak betetzen ez badira, datu faltsuak eman badira edo dirulaguntzaren helburuak aldatzen badira, hura galduko da eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, deusetan ukatu gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

13.–Arau-hausteak, zehapenak eta erantzukizunak.

Arau-hauste, zehapen eta erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42., 43. eta 44. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio. Foru lege horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.

14.–Baliabide administratiboak.

Deialdi honen, oinarri arautzaile hauen, eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Ziurtagiriaren eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1909229