132. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

306/2019 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitatean modalitate berezian eskaintzen diren araubide bereziko kirol irakaskuntzen erdi mailako kirol-zikloen antolamendu eta funtzionamendurako argibideak ezartzen baitiren, baita onarpen prozedurari, eskola-egutegiari eta ordutegi orokorrari buruzko argibideak ere.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 5. artikuluko 1. apartatuak, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak emandako idazketaren arabera, ezartzen du herritar guztiek izan behar dutela bizitza osoan prestatzeko aukera, hezkuntza sistemaren barrenean eta kanpoan, horrela eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaldu ditzaten garapen pertsonalerako eta profesionalerako ahalmenak, ezagupenak, trebetasunak eta gaitasunak.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuak, araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duenak, 24. artikuluan kirol irakaskuntzen eskaintzaren malgutasuna arautzen du; horretarako, multzo orokorreko eta multzo bereziko moduluen aldi baterako ezohiko banaketa aurreikusten duten eta talde espezifikoentzako eskaintza bereziak jasotzen dituzten eskaintza motak ezartzen ditu. Era berean, hezkuntza-administrazioek, haien eskumenen arabera, eskaintza modu horretara antolatzeko beharrezkoak diren neurriak ezarriko dituztela xedatzen du.

Aurrekoaren harira, Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 7. artikuluak Nafarroan kirol irakaskuntzak antolatzeko modalitateak zehazten ditu, eta bertan sartzen da modalitate berezia, kolektibo espezifikoetara zuzenduta dagoena.

Bestalde, Nafarroan kirol lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legeak lanbide horietan lan egitearekin zerikusia duten alderdiak arautzen ditu eta berariaz xedatzen du zein diren lanbide horiek eta horietan jarduteko beharrezko prestakuntza, baita lanbide bakoitzari dagokion funtzio-eremu orokorra esleitu ere. Halaber, kirol lanbideetan sartzeko eta jarduteko eskatzen diren baldintzak betetzeko trantsizioari buruzko alderdiei ere heltzen die, eta ezartzen da 2021eko irailaren 1etik aurrera eskatzen ahalko direla apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legeak araututako lanbideetan jarduteko gaitasuna ematen duten lanbide-prestakuntzak eta tituluak.

Kirol-modalitate edo -diziplina federatu batekin lotutako kirolen arloan, Nafarroan badaude, kirolean trebatzen hasteko nahiz teknika perfekzionatzeko helburuarekin, entrenatzeko, irakasteko, ikasteko eta antzeko jarduerak egiten dituzten pertsonak, ez dauzkatenak aipatutako foru legean eskatzen diren tituluak edo profesionaltasun-egiaztagiriak. Horregatik, beharrezkoa da eskatzen diren tituluak lortzea ahalbidetuko duten prozedurak antolatzea, 2021eko irailaren 1a iristen denerako foru legeak exijitzen dituen baldintzak beteko direla bermatzeko. Ildo horretatik, kirol irakaskuntzen modalitate berezia mekanismo bat izaten ahal da kirolean trebatzen hasteko nahiz teknika perfekzionatzeko helburuarekin entrenatzeko, irakasteko, ikasteko eta antzeko jarduerak egiten dituzten eta apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legeak eskatutako tituluak ez dauzkaten pertsonek titulua lor dezaten.

Ondorioz, Nafarroako Foru Komunitatean kirol irakaskuntzako tituluak lortzea laguntzeko helburuarekin, jardunean dauden kirol-profesionalei zuzendutako modalitate bereziko kirol irakaskuntzen eskaintzaren ezaugarriak profesional horien ezaugarriei egokitzearen eta haien ezagutza profesionalak, teknikoak eta kirol-arlokoak aintzat hartzearen alde Lanbide Heziketaren Zerbitzuak egindako txostena ikusita.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Hezkuntza- edo kirol-administrazioaren menpe dauden eta Nafarroako Foru Komunitatean kirol irakaskuntzen tituluak lortzera bideratzen duten ikastetxeetan, modalitate bereziko kirol irakaskuntzen eskaintzaren ezaugarri orokorrak ezartzea, ebazpen honen 1. eranskinean ezarritako oinarrien arabera.

2. Hezkuntza- edo kirol-administrazioaren menpeko ikastetxeetan, ebazpen honen 2. eranskinean agertzen diren araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko kirol-zikloak egin nahi dituzten ikasleak onartzeari eta horrekin lotutako beste zenbait alderdiri buruzko argibideak onartzea.

3. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko kirol-zikloak ematen dituzten hezkuntza- edo kirol-administrazioaren menpeko ikastetxeen egutegiari, ordutegiari, antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko argibide espezifikoak onartzea; hain zuzen ere, ebazpen honen 3. eranskinean xehatzen direnak.

4. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta haren eranskinak helaraztea honako hauei: Lanbide Heziketaren, Hezkuntzako Ikuskapenaren, Giza Baliabideen eta Hezkuntzako Azpiegituren zerbitzuak; Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atala; Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atala; Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atala; Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoa; Eskolatze Bulegoa; Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren Kudeaketa Zuzendaritza; Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren Zuzendariordetza; Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa; Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren Prestakuntzako Unitate Teknikoa; Nafarroako Kirol Eskola.

6. Ebazpen honen eta dagozkion eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 29an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

1. ERANSKINA

Araubide bereziko kirol irakaskuntzen modalitate berezia

1.–Ezaugarriak.

1. Modalitate bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza jardunean dauden edo ezagutza profesionalak, teknikoak eta kirol federaturen batekin lotutakoak dituzten profesionalei zuzenduta dago, eta haien ezaugarrietara egokitzen da. Modalitate honek aintzat hartzen du profesionalek lortutako esperientzia eta ezagutza profesionalak, teknikoak eta kirol federaturen batekin lotutakoak, kirol irakaskuntzan jarduteko tituluak lortzea errazteko.

2. Eskaintza mota berezi eta oso bat da, Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoaren araberakoa. Horregatik, jardunean dauden edo ezagutza profesionalak, teknikoak eta kirol federaturen batekin lotutakoak dituzten profesionalen kolektiboari zuzenduta dago.

3. Modalitate bereziko kirol irakaskuntzako zikloak bereiz eskaintzen ahal dira, erdi mailako kirol-zikloetako irakaskuntzak osatzen dituzten maila edo ziklo bakoitzerako. Eta dagokion zikloa edo maila osatzen duten modulu eta bloke guztietarako eginen da matrikula.

4. Eskaintza modalitate honetako taldeek 30 ikasle izanen dituzte gehienez.

2. ERANSKINA

Araubide bereziko kirol irakaskuntzen modalitate
bereziaren eskaintzan onartua izateko argibideak

1.–Baldintzak.

Araubide bereziko kirol irakaskuntzen modalitate berezian eskaintzen diren ziklo edo mailetan ikaspostua eskatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Araubide bereziko kirol irakaskuntzen modalitate berezian eskaintzen diren ziklo edo maila bakoitzean sartzeko baldintza orokorrak betetzen direla ziurtatzea.

b) Araubide bereziko kirol irakaskuntzen modalitate berezian eskaintzen diren ziklo edo maila bakoitzean sartzeko baldintza espezifikoa betetzen dela frogatzen duen kirol-merezimenduaren jabe izatea.

c) Prestakuntza praktikoaren modulu edo bloketik salbuesteko ziurtagiria aurkeztea, eskaintza berezi honen xede den kirol-teknikariaren titulua ezartzen duen errege dekretuak xedatutakoaren arabera.

d) Gutxienez eskaintza modalitate honen xede diren kirol irakaskuntzen maila bereko federazio-prestakuntza edo -titulua ziurtatzea, edo dagokion kirol modalitatean 5 denboraldi osoren adinako lan- edo kirol-esperientzia izatea, baldin eta esperientzia hori modalitate hau eskaintzen den urteko denboraldiaren aurreko hamar denboraldietan eskuratu bada. Eskaintzaren modalitateari edo espezialitateari dagokion Nafarroako Federazioarekin adostuko da denboraldi osoaren definizioa.

e) Azken bost urteetatik 3 urtetan zehar Nafarroako Federazio batek emandako entrenatzailearen, monitorearen edo kirol modalitate edo espezialitate bakoitzean ezarritako figuraren federazio-lizentzia bat eduki izana ziurtatzea, kirolean trebatzen hasteko mailakoa edo maila horretatik goragokoa.

2.–Onartzeko irizpideak.

1. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen modalitate berezian eskaintzen diren ziklo edo mailetan inskribatzea eskatzen duten pertsonen lehentasun zerrenda jarraian azaltzen diren lehentasun irizpideen arabera ezarriko da.

2. Lehentasun zerrenda irizpide hauei jarraituz ezarriko da:

–Lehenik: Gutxienez eskaintza modalitate honen xede diren kirol irakaskuntzen maila bereko federazio-prestakuntza edo -titulua ziurtatzen duten pertsonak.

–Bigarrenik: Gutxienez eskaintza modalitate honen xede diren kirol irakaskuntzen maila bereko federazio-prestakuntza edo -titulua ziurtatzen ez duten pertsonak.

3. Aurreko atalean aipatutako irizpidea aplikatzearen ondorioz sortzen diren bi taldeak honela ordenatuko dira: dagokion kirol zikloaren ziklo edo mailako lanbide-gaitasunekin zerikusia duen kirol- eta lan-esperientziaren arabera, esperientzia gehiagotik gutxiagorako ordenan. Esperientzia hori urte, hilabete eta egunetan zenbatuko da.

4. Berdinketa badago, dagokion ikasturteko onarpen prozedurarako Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian egindako jendaurreko zozketaren emaitza aplikatuz ebatziko da.

3.–Onarpen prozesua.

1. Epe bakar bat egonen da araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza berezian onartua izateko prozesurako: epe arrunta.

2. Onarpen prozesuaren epe arruntean parte hartuko dute sartzeko baldintzak betetzen dituztela frogatuta inskribatzen diren pertsonek. Onartuen behin-behineko zerrenda eta behin betiko zerrenda argitaratuko dira.

3. Epe arrunteko onarpen prozesua bukatuta, inguruabar hauen ondorioz esleitu gabe gelditzen diren ikaspostuak esleituko dira:

a) Onartutako pertsonak ezarritako epean ez matrikulatzeagatik.

b) Matrikulatuta egonda ere, kurtsoaren hasiera egunetik 15 eguneko epean kurtsoa hasten ez dutenei baja ematea ofizioz.

c) Beste edozein inguruabar.

4.–Inskribatzeko eskabidearen aurkezpena.

1. Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu beharko du, behar bezala beteta, dagokion kirol-zikloaren zikloa edo maila ematen duen ikastetxeari dagokion administrazio publikoak edo hezkuntza- edo kirol-administrazioak zehaztutako ereduaren arabera.

Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziaren bidez ziklo edo maila hori ematen duen ikastetxeko bulego administratiboetan aurkeztuko da inskribatzeko eskabidea. Ikastetxeak eskabide-orriaren fotokopia zigilatua emanen die ikasle eskatzaileei, zein egunetan sartu den adierazita.

2. Inskribatzeko eskabidea aurkezteko epea dagokion kirol-zikloaren zikloa edo maila ematen duen ikastetxeari dagokion administrazio publikoak edo hezkuntza- edo kirol-administrazioak zehaztuko du, ikasturte bakoitzerako.

3. Inskribatzeko eskabidean, sartzeko baldintza orokorra adierazi beharko da, baita gainerako baldintzak ere.

5.–Inskribatzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Inskribatzeko eskabidearen ereduetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da, ukatu gabe atzerritarrek derrigorrezkoa ez den irakaskuntza sisteman espainiarren baldintza berberetan sartzeko duten eskubidea, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren arabera.

2. Hona hemen inskribatzeko eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa:

–NANaren, AIZren, pasaportearen edo baliokidearen fotokopia.

–Eskatutako zikloan edo mailan sartzeko baldintza orokorrak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Araubide bereziko kirol irakaskuntzen modalitate berezian eskaintzen diren ziklo edo maila bakoitzean sartzeko baldintza espezifikoa betetzen dela frogatzen duen kirol-merezimenduaren jabe izatearen egiaztagiria, dagokion kirol-teknikariaren titulua ezartzen duen errege dekretuak xedatutakoaren arabera.

–Prestakuntza praktikoaren modulu edo bloketik salbuesteko ziurtagiria, eskaintza berezi honen xede den kirol-teknikariaren titulua ezartzen duen errege dekretuak xedatutakoaren arabera.

–Dagokion Nafarroako Federazioan federatu izatearen ziurtagiria, eskatzaileak kirolean trebatzen hasteko mailako edo maila horretatik goragoko entrenatzaile, monitore edo kirol modalitate edo espezialitate bakoitzean ezarritako figura gisa duen antzinatasuna adierazten duena.

Gutxienez eskaintza modalitate honen xede diren kirol irakaskuntzen maila bereko federazio-prestakuntza edo -tituluaren ziurtagiria.

–Lan- eta kirol-esperientzia. Lan-esperientziaren kasuan, lantoki izandako enpresaren ziurtagiria, datu hauek agertzen dituena berariaz: kontratuaren iraupena, gauzatutako jarduera eta noiz aritu den jarduera horretan. Kirol-esperientziaren kasuan, dagokion kirol modalitatearen Nafarroako, Espainiako edo beste autonomia erkidego bateko Federazioaren ziurtagiria, datu hauek agertzen dituena berariaz: gauzatutako jarduera eta noiz aritu den jarduera horretan.

3. Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada lan esperientzia behar bezala frogatzeko, jarraibide hauetan azaltzen den batzordeak informazio osagarria eskatzen ahalko du.

6.–Onarpen batzordea.

1. Izangaiak emandako dokumentazioa “onarpen batzorde” batek gainbegiratuko du. Batzorde hori ikastetxeko zuzendariak, ikasketaburuak eta, gutxienez, kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko ziklo edo mailan irakasten duen irakasle batek osatuko dute.

Kirol-administrazioaren menpeko ikastetxeen kasuan, onarpen batzorde hori aurrez azaldutako postuen funtzioak betetzen dituzten pertsonek osatuko dute.

2. Onarpen batzordeak aurkeztutako dokumentazioa aztertu, eta honako baldintza hauek betetzen diren ala ez erabakiko du:

–Araubide bereziko kirol irakaskuntzen modalitate berezian eskaintzen diren ziklo edo maila bakoitzean sartzeko baldintza espezifikoa betetzen dela egiaztatzen duen kirol-merezimenduaren jabe izatea frogatzea, dagokion titulua ezartzen duen errege dekretuak xedatutakoaren arabera.

–Prestakuntza praktikoaren modulu edo bloketik salbuesteko ziurtagiria aurkeztea, eskaintza berezi honen xede den kirol-teknikariaren titulua ezartzen duen errege dekretuak xedatutakoaren arabera.

–Dagokion Nafarroako Federazioan federatuta egotea, eskatzen den federazio-figura gisa.

–Dagokion kirol-zikloaren ziklo edo mailako lanbide-gaitasunekin zerikusia duen gutxieneko kirol- eta lan-esperientzia frogatzea.

–Gutxienez eskaintza modalitate honen xede diren kirol irakaskuntzen maila bereko federazio-prestakuntza edo -titulua frogatzea.

3. Halaber, onarpen batzordeak dagokion kirol-zikloaren ziklo edo mailako lanbide-gaitasunekin zerikusia duen kirol- eta lan-esperientzia ezarri eta zenbatuko du, urte, hilabete eta egunetan.

7.–Ikaspostuak gordetzea.

1. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko onarpen prozesuaren epe arruntean, talde bakoitzean ikaspostu bat gordeko da desgaitasunen bat duten pertsonentzat.

Desgaitasunen bat frogatzen duten bi pertsona edo gehiago badira, eranskin honen 2. jarraibidean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den lehentasun zerrendan gorago dagoenari gordeko zaio ikaspostua.

2. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko onarpen prozesuaren epe arruntean, talde bakoitzean ikaspostu bat gordeko da goi mailako edo goi errendimenduko kirolariak direla frogatzen dutenentzat.

Goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria dela frogatzen duen pertsona bat baino gehiago izanez gero, ikaspostua gordeko zaio kirol maila handiena duenari, Goi mailako eta goi errendimenduko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Kirol maila parekoa bada, eranskin honen 2. jarraibidean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den lehentasun zerrendan gorago dagoenari gordeko zaio ikaspostua.

3. Baldintza horiek betetzen dituztela frogatzen duten pertsonentzat gordetako ikaspostuak betetzen ez badira, eskaintza orokorrekoei gehituko zaizkie.

8.–Jendaurrean jartzea baremoa aplikatzeko irizpideak eta erreklamazioak egiteko prozedura.

1. Baremoa aplikatzeko irizpideak eta, orobat, erreklamazioak egiteko prozedura jendaurrean jarri beharko dira.

2. Dokumentuz egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako.

9.–Onarpena.

Pertsona bat araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko ziklo edo maila batean onartuta egoteko, onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan onartu gisa agertu beharko da.

10.–Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak. Matrikula egiteko egunak.

1. Onartuen zerrendak, behin-behinekoak eta behin betikoak, izanen dira onarpen prozeduraren emaitzen berri emateko bide ofiziala.

Zerrenda horiek araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko kirol-zikloak ematen duen hezkuntza- edo kirol-administrazioaren menpeko ikastetxean argitaratuko dira.

2. Behin-behineko zerrenda argitaratzeko data, erreklamazioak egiteko epea eta onartutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratzeko eguna dagokion kirol-zikloaren zikloa edo maila ematen duen ikastetxeari dagokion administrazio publikoak edo hezkuntza- edo kirol-administrazioak zehaztuko du, ikasturte bakoitzerako.

3. Ikaspostua lortzen duten pertsonek ikasturte bakoitzerako zehazten den epean egin beharko dute matrikula. Ikasle onartuen behin betiko zerrendan adierazten diren epeetan egiten ez bada matrikula, ikasleak dagokion ikasposturako eskubidea galduko du.

4. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko ziklo edo mailetan matrikula egiten duten ikasleak, kurtsoa hasi eta 15 eguneko epean, eskoletara agertzen ez badira arrazoirik azaldu gabe, ikastetxeak ofizioz baja emanen die eta matrikularen ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

5. Matrikula egiteko, araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza berezia ematen duten hezkuntza- edo kirol-administrazioak ikasturte bakoitzerako eskatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

11.–Baztertzeko arrazoiak.

Ikaspostua lortuta ere, ezartzen diren egunetan matrikulatzen ez direnak onarpen prozesutik baztertuko dira, eta esleitutako ikaspostuaren ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

12.–Ikasturteko egutegia.

Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziaren egutegia eskaintza hori ematen duen ikastetxeari dagokion administrazio publikoak edo hezkuntza- edo kirol-administrazioak ezarriko du, ebazpen honen 3. ebazpenean ezarritakoari jarraikiz.

3. ERANSKINA

Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko zikloak edo mailak ematen dituzten ikastetxeen egutegiari, ordutegiari, antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko argibide espezifikoak

1.–Egutegi eta ordutegi orokorra.

1. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza berezia ematen duen ikastetxeari dagokion administrazio publikoak edo hezkuntza- edo kirol-administrazioak proposatuko du egutegi eta ordutegi orokorra, eranskin honetan ezarritako ildoen arabera.

2. Eskolako lanaldiari dagokionez, goizez eta/edo arratsaldez egiten ahal da, lanegunetan nahiz jaiegunetan, araubide bereziko kirol irakaskuntzei eta eskaintza modalitateari berari datxekien malgutasuna aintzat hartuta; izan ere, beharrezkoa da prestakuntza bateragarria izatea kirol modalitate eta espezialitate bakoitzari dagozkion irakaskuntza eta entrenamendu funtzio eta zereginak egitearekin.

2.–Antolaketaren eta funtzionamenduaren gaineko jarraibideak.

Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko zikloak ematen dituzten ikastetxeek, jarraibide hauetan jasota ez dauden alderdi guztiei dagokienez, men egin beharko diote Hezkuntzako zuzendari nagusiak Nafarroako araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen antolamendua eta funtzionamendua ikasturte bakoitzean arautzeko emandako ebazpenean orokorrean ezarritakoari.

3.–Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziaren antolamendu-ezaugarriak.

1. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko zikloak emateko, eskola-saio presentzialak eta ikasleen lan autonomo eta pertsonaleko saioak konbinatuko dira. Ikasleak derrigorrez joan behar dira eskola-saio presentzialetara.

Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziaren beste gako-elementu bat tutoretza da, eskaintza honetako ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan erabat ezinbestekoa baita.

2. Irakasle taldeak, ikaslearekin elkarrizketa bat izan ondoren, banakako prestakuntza-plan bat diseinatuko dute, dagokion titulua edo ziurtagiria lortu ahal izateko behar den prestakuntza-profila osatuko duten gaitasunak eskuratzera bideratuta egonen dena.

3. Banakako prestakuntza-planak barne hartuko du taldekako lan presentzial bat, ikastetxean eginen dena eskola-saio presentzialen bidez. Lan hori derrigorrezkoa izanen da eta, orokorrean, maila edo ziklo bakoitzean izanen duen iraupena maila edo ziklo bakoitzerako adierazitako ordu guztien batura 6ren artean zatitzean ateratzen den ordu kopurua izanen da. Maila edo ziklo bakoitzerako ateratzen den ordu kopurua araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza berezia ematen den asteetan zehar banatuko da, eranskin honetako “Denboraren antolaketa” jarraibidean adierazitakoaren arabera.

4. Irakas saio presentzialek ikasle bakoitzaren banakako prestakuntza-plana hartuko dute erreferentziatzat, eta haien helburu nagusia izanen da curriculumaren funtsezko alderdiei buruzko irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak egitea, ikasleen arteko lankidetzarako interakzioak sendotzea, ikaskuntza prozesuan autonomoagoak izan daitezen, eta ikasleek behar diren ezaupideak eta oinarrizko trebeziak eta lanbide- eta kirol-gaitasunak eskura ditzatela sustatzea.

5. Banakako prestakuntza-planak barne hartuko ditu ikasleen lan autonomo eta pertsonaleko saioak, ikasleak bere kabuz lor ditzakeen prestakuntzako helburuak erdiesteko.

Jarduera hori gehienbat urrunetik eginen da, ikaskuntza-ingurune birtualeko plataforma baten bidez, eta ziklo edo mailako irakasle taldeak gainbegiratuko du, baina aintzat hartu behar da irakasleek jarduera honi eskainiko dioten denbora jarduera presentzialei eskainiko diotenaren erdia izanen dela. Zilegi izanen da, halaber, ikastetxera bertara joatea eta ikastetxeak prestakuntzarako dituen instalazioak erabiltzea, egoerak hala eskatzen duenean.

6. Tutoretza, araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziaren hirugarren gako-elementua, tutoretza-saio presentzialen bidez eginen da; saio horiek espezifikoak edo gainerako irakaskuntza-jarduereetan txertatutakoak izanen dira. Urrutitik ere egiten ahalko da tutoretza, ikastetxe bakoitzak ezartzen duen prozedura erabiliz.

Tutoretza lana prestakuntza prozesuaren osagai garrantzitsuenetako bat da, eta kirol-zikloaren ziklo edo mailan aritzen diren irakasle taldeko irakasle guztiek egin beharko dute. Tutoretza lan horren bidez, besteak beste, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren jarraipena eginen da.

4.–Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziaren denboraren antolaketa eta curriculuma.

1. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko ziklo edo mailen denbora irizpide honen arabera antolatuko da:

–Kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko ziklo edo maila bakoitzaren prestakuntzak zenbat aste iraunen dituen kalkulatzeko, modulu eta bloke guztien orduen batura hogeiren artean zatituko da; hau da, ziklo edo maila bateko modulu eta bloke guztien orduen batura 200 bada, ziklo edo maila horrek 10 asteko iraupena izanen du. Zatiketa horren emaitzak dezimalak izanez gero, zenbakia biribildu eginen da, biribiltzeko arau matematikoen arabera.

2. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko ziklo edo mailen curriculumak, eskaintza berezi honen prestakuntza-prozesuan zehar garatzen denean, erreferentziatzat hartuko du dagokion kirol-ziklo bakoitzaren egitura eta curriculuma onesten dituen Nafarroako foru dekretuan ezarritakoa.

3. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza berezian ematen diren kirol arloko modulu eta/edo blokeen programazio didaktikoak barne hartuko ditu beharrezko egokitzapenak eta eskaintza berezi honetarako egokiak diren alderdi pedagogikoak.

5.–Orduen banaketa.

Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko ziklo edo mailetako jarduera presentzialen asteko ordutegia, orokorrean, arratsaldekoa izanen da.

6.–Alderdi pedagogikoak.

1. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko ziklo edo mailen antolamenduaren eta garapenaren funtsean eredu pedagogiko bereziki praktikoa dago, ezaugarri hauek dituena:

–Funtsean, proiektuetan oinarritutako ikaskuntzan oinarritzen da.

–Ikaslearen ikaskuntza autonomoa sustatzen du.

–Elkarlanaren bidezko ikaskuntza sustatzen du, kurtso berean matrikulatutako gainerako ikasleekin partekatua.

–Ebaluazio ponderatuan oinarritutako eredu bat erabiltzen du, araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza berezian parte hartzen duten oinarrizko alderdiak proportzionalki baloratzen dituena.

2. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza berezian, eredu pedagogikoaren elementu garrantzitsuena curriculumaren funtsezko alderdiei buruzko ikaskuntza-irakaskuntza jarduerak egitea da. Gomendagarria da ikasteko metodologia aktiboak erabiltzea jarduera horietan.

3. Curriculumaren funtsezko alderdiei buruzko irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak garatzen dituzten saio presentzialak honelakoak izan daitezke, besteak beste:

–Orientazio saioak: kirol-zikloaren ziklo edo mailaren antolamenduari eta garapenari buruzko jarraibide eta irizpideak ezartzeko, horiei esker irakaskuntzak egoki aprobetxatzeko eta kirol modulu bakoitzaren ikaskuntza-emaitzak errazago lor daitezen.

–Azalpen saioak: unitatea ezagutzera emateko edo, irakaslearen iritziz, dedikazio berezia behar duten alderdietan sakontzeko.

–Metodologia aktiboen bidezko lan saioak: proposatzen den proiektuaren arabera, saio horiek modulu bakar bat edo gehiago lantzeko izan daitezke.

–Praktika presentzialak egiteko saioak: saio hauen helburua da ikasleek kasuan kasuko kirol moduluaren ikaskuntza-emaitzei lotutako lantegi praktiko bat egitea.

–Ikasleak egin beharreko ikaskuntza autonomoaren prozesuari sostengu emateko saioak, ikasleak bere kasa gainditu ahal izan ditzan kirol moduluaren heziketa helburuak.

–Ebaluazio proba presentzialak egiteko saioak: ebaluazio proba horien bidez kirol modulu bakar bat edo gehiago ebaluatzen ahalko dira.

7.–Ebaluazioa, mailaz igotzea, egiaztapena eta titulazioa.

1. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko ikasleen ebaluazioari, mailaz igotzeari, egiaztapenari eta titulazioari buruzko guztian, Hezkuntzako kontseilariaren urriaren 21eko 93/2014 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio, izan ere, foru agindu horren bidez arautzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko araubide bereziko kirol irakaskuntzetako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta egiaztapen akademikoa.

2. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza berezian irakaskuntzek ohiko modalitate orokorrean ematen diren irakaskuntzen ondorio akademiko berberak izanen dituzte.

8.–Ikasleak eskoletara joatea.

Ikasleek nahitaezkoa dute eskoletara eta programatutako prestakuntza jardueretara joatea.

Irakasleek egunero kontrolatu beharko dute ikasleen bertaratzea. Horretarako, bertaratze partea beteko dute egunero, eta izaten diren gorabeherak azalduko dituzte bertan.

Saio presentzialetara behin baino gehiagotan huts egitearen ondorioak hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxeen Bizikidetza Araudian ezarriko dira, edo kirol-administrazioaren menpeko ikastetxeek zehaztutako barne-agiri analogoan.

9.–Irakasleak.

1. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko kirol-zikloen ziklo eta mailetan irakasten duten irakasleak kasuan kasuko kirol-zikloaren egitura eta curriculuma arautzen dituzten foru dekretuetan ezarritakoak izanen dira.

2. Kirol modulu eta bloke bakoitzean irakasleek irakaskuntzari eta araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko ikasleei laguntzeari eskainiko dioten denbora prestakuntza-bloke bakoitzari dagokiona izanen da, eranskin honetako “Denboraren antolaketa” argibidearen 1. atalean eta “Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziaren antolamendu-ezaugarriak” argibidearen 3. eta 5. ataletan adierazitakoaren arabera.

3. Ziklo edo mailako irakasle taldeak eginkizun hauek izanen ditu:

–Ikasle taldearen ordutegiak antolatzea.

–Taldeari jarraipena egiteko plana eta ikasle bakoitzaren prestakuntza-plana diseinatzea, ikasleek beren kirol-esperientziari buruz egindako hasierako txostenean oinarrituta.

–Ikasleen prestakuntzaz arduratzea, ikasgeletan edo urrutiko modalitatean ematen denaz.

–Etengabeko eta azken ebaluazioko prozesuak egitea, dagokion titulua edo ziurtagiria emateko.

10.–Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko kirol-zikloaren ziklo edo mailaren koordinatzailearen berariazko eginkizunak.

Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 45. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko ziklo edo mailaren koordinatzaileak berariazko eginkizun hauek izanen ditu:

–Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko irakasleei harrera egiteko prozedura aplikatzea.

–Irakasleen jarduerak sustatzea, orientatzea eta laguntzea.

–Ikasleei harrera egiteko saioa egitea.

–Kurtsoa planifikatzeko prozesuan laguntzea.

–Programazioak prestatzeko lanak dinamizatzea, orientatzea eta laguntzea.

–Ikastetxearekin kolaboratzea ikasleak onartzeko prozesuan, baita kurtsoan gerta daitezkeen baliozkotze, aitortze eta salbueste eskaeretan ere.

–Materiala argitaratzeko eta eguneratzeko lanetan laguntzea.

11.–Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko irakasleen berariazko eginkizunak.

Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 91. artikuluan ezarritakoa deusetan galarazi gabe, araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza berezian eskola ematen duten irakasleek berariazko eginkizun hauek izanen dituzte:

–Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza berezian matrikulatutako ikasleei harrera egiteko plana aplikatzea.

–Ikasleak orientatu eta gidatzea, kirol moduluen programazioan aurreikusitako helburu orokorrak eskura ditzaten laguntzeko.

–Ikasleek proposatzen diren jardueretan parte har dezatela sustatzea eta horretarako motibatzea, jarduera indibidual eta kolektiboak dinamizatu eta estimulatzea, baita ikasleen arteko komunikazioa ere, hausnarketa eta eztabaida sortzen duten jarduerak bultzatuz.

–Ikasleei proposatutako eginkizun eta lanen segimendua eta ebaluazioa egitea.

–Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa egitea, ezarritako irizpideekin bat, eta parte hartzea ikasleak ebaluatzeko proben eta ebaluazio eta kalifikazio saioen antolaketan eta garapenean.

–Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza berezi hau ematen duen ikastetxearen zuzendaritzak edo dagokion administrazio publikoak edo hezkuntza- edo kirol-administrazioak esleitzen ahal dioten beste edozein eginkizun.

12.–Tutoretza.

1. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko ikasle talde bakoitzak irakasle bat izanen du tutore.

2. Tutore lanak koordinatzearren, gomendatzen da ikastetxearen ikaskuntza-ingurune birtualaren plataforman topagune bat sortzea kirol zikloaren ziklo edo maila osoko ikasle eta irakasleentzat.

13.–Ordutegi osagarria: koordinazio saioetarako erreserba.

Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko irakasleen lanaldian ordu batzuk erreserbatu beharko dira honako lan hauetarako:

–Irakasle taldeek koordinazio horizontaleko saioak egiteko, ebaluazio saioez gain. Saio horiek zuzendaritza taldeak zehaztuko ditu. Garrantzi berezia izanen du lehenengo koordinazio bilerak, ikasleekiko eskola-jarduerak hasi baino lehen egiten denak.

–Irakasle taldeak koordinazio saioak egiteko, proiektuetan oinarrituriko ikaskuntzaren metodologia aplikatzearren, hala badagokio.

Iragarkiaren kodea: F1907612