131. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

137E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 22koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Etxabarriko hodi bidezko ureztatze proiekturako, Allingo udal-mugartean. Sustatzailea Etxabarriko Kontzejua da.

2018ko azaroaren 26an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko K epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketak gaur-gaurkoz dagoen ubidearen gainetik hodi bat paratzea aurreikusten du. Polietilenozkoa izanen da, eta 63 mm-ko diametroa izanen du. Zehazki, “Pozo grande” hargune kutxatilatik gaur egun hornidura depositua dagoen tokiraino joanen da. Bertan paratuko da, hain zuzen, biltegiratze depositu berria. Beira zuntzaz indartutako poliesterrez egina egonen da depositua, eta 50 m³-ko edukiera izanen du. Depositu hori “Pozo grandetik” etorritako ur soberakinekin beteko da. Gero, depositu horretatik abiatuta, 32 mm-ko hodi bat joanen da Baratzandia eremura eta hirigunearen ipar-mendebaldera eta 63 mm-ko diametroko beste hodi bat gainerako hirigunera eta Etxebarriondoa eta Regadío de Abajo alderdietara. Adar nagusi horietatik abiatuta, harguneak paratuko dira lurzati guztietara T itxurako pieza baten eta mozketa balbula baten bitartez. Hartara, erabilera publikoko eremuetan jarritako kutxatilak erabiliko dira.

Gainera, aintzat hartu behar da hainbat pasagune daudela. Puntu horietan batez beste 50 cm-ko sakonerako eta 20 cm-ko zabalerako zanga bat eginen da, hartxintxarrez eta hondeaketa lurrez beteko dena. Ondoren, 20 cm HP-35 hormigoi jarriko zaizkio gainetik.

Lurraldearen Antolamendu eta Estrategiaren Atalak 2019ko maiatzaren 14an zenbait baldintzarekin emandako aldeko txostena sartu da espedientean. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Etxabarriko hodi bidezko ureztatze proiektuari, Allingo udal-mugartean. Sustatzailea Etxabarriko Kontzejua da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Hirigintza arlokoak:

–Lurzoru ez-urbanizagarrian gaur-gaurkoz dagoen ureztatze azpiegitura orokorra hobetzea baino ez du barne hartzen baimenak, eta beraz, ez ditu jasotzen lurzati bakoitzean egin beharreko harguneak.

–Azpiegitura hori ureztatzeko baino ez da erabiliko. Horrenbestez, ez da onartuko beste jarduera edo erabilera batzuetarako erabiltzea, besteak beste, ur hargune zuzen gisa edo nekazaritza ustiaketa ez diren beste jarduera edo erabilera batzuetarako hargune gisa.

–Lurzoru ez-urbanizagarri gisa sailkatutako lurzati bakoitzeko harguneak ezartzeko baimena beharko da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan ezarritakoa ukatu gabe. 110.5 artikuluan adierazitakoari jarraikiz, halako lurzati batzuetan ezin bada egiaztatu bertako eraikuntza edo instalazioak legezkotasuna betez ezarri direla, ureztatzeko azpiegiturarako hargunea ezartzeko baimen eskaerarekin batera orobat aurkeztu beharko da aurretiazko erabilera eta jarduerak legeztatzeko eskaera.

–Azpiegiturarekin zerikusia duten eta lurzoruaren sestratik ateratzen diren elementuak badaude, 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko da, bide publikoaren kanpoko ertzetik neurtuta.

–Herri-lurren Atalak bere txostenean adierazitakoarekin bat (2019-02-19):

1. Azpiegituraren titulartasuna, disposizioa, administrazioa, aprobetxamendu araubidea eta ordenamendua Allingo Etxabarriko Kontzejuaren herri-lurren izenean geratzen bada, sustatzailea herri ondasun horien titularra den toki entitatea bera dela aintzat hartuz, ez da beharrezkoa inongo desafektazio espedienterik tramitatzea Herri-lurren Atal horren bitartez, ukitutako herri-ondasunei dagokienez.

2. Azpiegituraren titulartasuna, erabilpena, administrazioa, aprobetxamendu araubidea edo ordenamendua herri-lurren jabea ez den titular baten esku gelditzen bada, alegia, Allingo Etxabarriko Kontzejua ez den titularren baten esku geratzen bada, instalazioa egin baino lehen lortu behar da dagokion baimena eta herri-lurren desafektazioa, Nafarroako Tokiko Administrazioaren uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluarekin bat.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h) artikulua aplikatuz.

Egin gogo diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Zehazki, ureztatzeko uraren kontzesioa egiteko, arroko organismoaren baimena beharko da.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iraganda, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak jardueraren titularra behartuko du ukitutako lurrak lehengoratzera, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsi eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

Ingurumen arlokoak:

–Lurrak hondeatzean, landare lurra kendu eta behar den moduan bilduko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran zangaren goiko betelan gisa erabili ahal izateko eta obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko. Hondeatze lanen lur soberakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

–Obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Lehengoratze lanak egitean, hala badagokio, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza eratzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu, orobat, baimen honek; aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena emateko prozedurari buruzkoa).

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Basozaintzari (Lizarra iparraldeko barrutia), Allingo Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 22an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1907019