129. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

100E/2019 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi bat enpresei dirulaguntzak emateko “4.0 Ibilbideak” izeneko eraldaketa digitaleko planak egin ditzaten. DDBN identifikazioa: 461666.

4.0 Industria sustatzea Nafarroako 2020ko Industria Planaren ardatzetako bat da, eta helburu du industriari laguntzea eraldaketa digitala gauzatzen, maila guztietan.

Era berean, ardatz horren jarduketetako bat da “4.0 Ibilbideak” deritzona. Ekintza horren barruan, aurreikusita dago enpresa industrialei laguntzea beren eraldaketa digitaleko planak prestatzen.

Kanpo aholkularitza espezializatua kontratatuz, diagnostiko bat eginen da enpresaren heldutasun digitalaren mailari buruz, eta eraldaketa digitaleko plan indibidualizatu bat prestatuko da enpresarentzat. Plan horretan identifikatuko dira eta lehenetsiko behar diren bideratzaile digitalak, eta ibilbide-orri bat ezarriko da haiek ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2019ko deialdia onestea enpresei dirulaguntzak emateko “4.0 Ibilbideak” izeneko eraldaketa digitaleko planak egin ditzaten.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 200.000 euroko gastua baimentzea, deialdiak sortutako konpromisoei aurre egiteko, ‘’Eraldaketa digitaleko planak egiteko dirulaguntzak. Activa 4.0 programa’’ izeneko 810011-81220-7709-467904 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko ekainaren 11n.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Nafarroako 2020ko Industria Planaren 3. ardatzak bere ekintzen artean du, besteak beste, “4.0 Ibilbideak” programa, zeinak helburu baitu enpresei laguntzea beren heldutasun digitalaren diagnostiko bat egiten, bai eta beren eraldaketa digitaleko plan indibidualizatu bat prestatzen ere.

Hala bada, oinarri hauen xedea da enpresei emanen zaizkien dirulaguntzak arautzea, aholkularitza zerbitzuak kontratatu ditzaten Eraldaketa Digitaleko Planak prestatzeko (aurrerantzean, EDP).

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradunak izaten ahalko dira dirulaguntza eskatzeko unean beharkizun hauek betetzen dituzten enpresak, edozein dela ere haien forma juridikoa:

a) Nafarroan izatea helbide soziala edo lantoki bat.

b) Jarduera hauetako bat egitea eta altan emanda egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan dagokion epigrafean:

–Erauzketa industriak (Ekonomia jardueren 2009ko sailkapen nazionaleko B saila).

–Manufakturako industriak (Ekonomia jardueren 2009ko sailkapen nazionaleko C saila).

–Lurrunaren eta aire girotuaren horniketa (Ekonomia jardueren 2009ko sailkapen nazionala: D saileko 35.3).

–Hondakinen tratamendu eta ezabaketa; balorizazio eta deskontaminazio jarduerak, eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (Ekonomia jardueren 2009ko sailkapen nazionala: E saileko 38.2, 38.3 eta 39).

–Logistikako jarduerak, hala nola gordetzea eta biltzea, salgaiak maneiatzea eta garraioari lotutako bestelako jarduerak (Ekonomia jardueren 2009ko sailkapen nazionala: H saileko 52.1, 52.24 eta 52.29).

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuaren arabera.

d) Egina izatea heldutasun digitalaren autodiagnostikoa eta dagokion txostena eskuratu izatea Autoebaluazio Digital Aurreratuko Tresna baliatuz (aurrerantzean, HADA), zeina eskuragarri baitago Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren web-orrian, http://www.industriaconectada40.gob.es helbidean.

e) Zehapena edo zigorra jaso ez izatea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik, zigor edo zehapen horiek administrazio ebazpen irmoz edo epai irmoz ezarri badira.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Dena dela, interesdunak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari bere eskaeran, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

2. Laguntza hauetatik kanpo daude:

a) Edozein administrazio publikotako sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateak, administrazio publikoari lotuak edo haren mendeko direnak, bat etorriz 81. artikuluan eta hurrengoetan urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkok, ezarritakoarekin.

b) Krisian dauden enpresatzat hartuak direnak bat etorriz ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduak 2. artikuluko 18. apartatuan ezarritakoarekin (erregelamendu horren bidez zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz) eta bat etorriz, halaber, krisian dauden finantzaz bestelako enpresak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasuneko jarraibideetan emandako definizioarekin (2014/C 249/01).

3. oinarria.–Jarduketa eta gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagunduko den jarduketa da enpresek eraldaketa digitalaren arloan espezializatutako aholkularitza zerbitzuei egindako kontratazioa.

Aholkularitza zerbitzua kanpo aholkulari espezializatuek emanen dute, baldin eta 4.4 oinarrian ezarritako baldintzak betetzen badituzte, laguntza eskatu duen enpresarekin bilera indibidualizatuak eginda. Aholkularitza horren emaitza izanen da EDP bat, zeinak jaso beharko baititu hurrengo oinarrian adierazitako faseak eta alderdiak.

2. Diruz lagungarriak izanen dira kanpoko aholkularitzak enpresari fakturatutako gastuak, EDPa egiteko proiektuari dagozkionak zalantzarik gabe.

8.2.c) oinarrian ezarritakoa betetzen duten aholkularitza zerbitzuen kasuan, klusterren baterako jarduketak direnez, halaber dirulaguntza jaso dezake klusterrak enpresari egotzitako zenbatekoak ere, baldin eta sektorearentzako eraldaketa digitaleko estrategia bat zehazteko lanari badagokio.

3. Proiektuak gauzatu eta gastu diruz lagungarriak egiteko epea 2019ko urtarrilaren 1etik azaroaren 5era bitartekoa izanen da, egun hori barne. Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu denean.

4. Gastu diruz lagungarria, BEZik gabe, 12.000 eurotik gorakoa bada, eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badaude aholkularitza ematen duten entitate aski, edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

4. oinarria.–Eraldaketa Digitaleko Plana (EDP).

1. EDPak aukera eman behar dio enpresari bere negozio eredua, prozesuak eta produktuak enpresa-ingurune berrira egokitzeko, teknologia digital bideratzaileak baliatuz, helburu izanik enpresaren lehiakortasuna areagotzea ekoizpen prozesuetan malguago eta eraginkorrago bihurtuz eta bezeroei egindako balio ekarpena hobetuz.

2. EDPa egiteko prozesuak fase eta jarduera hauek izan beharko ditu, gutxienez:

2.1. I. fasea.–Aurretiazko analisia.

Enpresari buruzko informazio bilketa bat eginen da, dauden iturriak baliatuz eta harremanetan jartzeko lehen bilera bat eginez enpresarekin.

Informazio horren arabera, aurretiazko analisiaren txosten bat eginen da, enpresaren datu orokorrak jasoko dituena, bai eta haren egoera ekonomiko-finantzarioa eta aholkularitza zerbitzuaren plangintza ere (metodologia, bisitak, laneko plana eta entregatzekoak).

2.2. II. fasea.–Diagnostikoa.

Diagnostiko bat eginen da enpresaren heldutasun digitalak zer maila duen jakiteko, erreferentziatzat hau hartuta: “UNE 0061:2019 espezifikazioa. 4.0 Industria. Digitalizaziorako kudeaketa sistema. Baldintzak ebaluatzeko irizpideak”. Diagnostikoak enpresaren egoeraren ebaluazio bat ere izanen du dimentsio hauetako bakoitzari dagokionez, ondoren ezarritako irizpideen araberakoa izanen dena:

a) Negozio estrategia eta testuingurua.

Enpresaren jardueren testuinguruan garrantzitsuak diren barne eta kanpo faktoreak zehaztea eta enpresaren negozio ereduaren birdefinizio digitala egitea, gako diren prozesuak identifikatuta, bezeroari ematen zaion balio proposamena berrikusita eta eraldaketa digitaleko estrategia bat ezarrita.

b) Azpiegitura teknologikoa.

Negozio estrategiarekin lerrokaturik, aztertu behar da beharrezko azpiegitura teknologikoa eta planifikatu hartan egin beharreko inbertsioak, halako moldez non bermatuko baita eskura izatea konektagarritasuna eta datuak gordetzeko eta prozesatzeko gaitasuna hautemandako premien arabera, bai eta zibersegurtasuneko sistema bat ere.

c) Antolatzaileak eta pertsonak.

Zehaztuko da zer gaitasun digital behar dituzten enpresako langileek eraldaketa digitala egin ahal izateko, eta beharrezko ekintzak eginen dira bermatzeko langileek badituztela gaitasun horiek edo, kasua bada, eskuratuko dituztela.

d) Prozesuak.

Aztertuko da zer mailatan aplikatu diren ekoizpen prozesuetan teknologia digital bideratzaileak, egokitu daitezen bezeroaren eta merkatuaren eskarietara, konektagarritasunari, datuak gorde eta prozesatzeari, sistema ziberfisikoei, bezero aplikazioei eta zibersegutasunari dagokienez.

e) Produktuak eta zerbitzuak.

Aztertuko da zer ekintzaren bidez hobetu bezeroari ematen zaion balioa, horrek lehentasuna izan behar baitu enpresaren eraldaketa digitaleko prozesuan, betiere pertsonalizatuz eta egokituz enpresaren produktuak edo produktuen fabrikazioa gaitasun digital osagarriekin.

Fase honetako emaitzak “Diagnostikoaren eta Hobekuntza Teknologikoko Potentzialaren Txosten” batean jasoko dira, zeinetan honako hauek adieraziko baitira:

–Heldutasun maila orokorraren balorazioa eta aurreko dimentsio bakoitzarena, nahikoa zehaztasunez non proiektutik kanpoko pertsona batek guztiz ulertu ahal izanen baitu enpresaren egoera zein den.

–4.0 Industriara eraldatzeko hautemandako aukerak zein diren.

2.3. III. fasea.–Eraldaketa Digitaleko Plana.

Identifikatu, kuantifikatu eta lehenetsiko dira eraldaketa digitalerako aukerak, diagnostikoko aurreko fasean hautemandakoak. Entregatzeko gisa, “Eraldaketa Digitaleko Plana” izeneko txostena eginen da, eduki hau izanen duena:

–Diagnostikoaren ondorioak.

–4.0 Industriaren esparruan identifikatutako aukerak; aukera bakoitzarentzat deskripzio eta ebaluazio fitxa bat eginen da.

–Lehenetsitako aukerak; bakoitzarentzat fitxa bat eginen da, zeinetan jasoko baitira helburua, hura ezartzeko irizpideak, ekintza eta baliabide beharrezkoak, inplikatutako enpresaren arloak, denbora plangintza eta jarraipen adierazleak.

Ekintza bakoitzaren zehaztasun mailak egokia izan behar du lortu ahal izateko enpresan modu eraginkorrean ezartzea eta enpresan lantzeko modukoa izatea.

3. Aholkularitza gutxienez 50 ordukoa izanen da, eta denbora horretan beharrezkoak diren bisitak eginen dira enpresara. Fase bakoitzean egin behar diren entregatzekoak enpresak baliozkotu beharko ditu.

4. Baldintza hauek bete beharko dituzte aholkularitza ematen duten kanpo aholkularitza espezializatuek:

–Legez eratutako pertsona fisikoak edo juridikoak izatea, eta ekonomia-jardueren gaineko zergan altan emanda egotea aholkularitzaren xedearekin lotutako epigrafe batean.

–Diziplina anitzeko talde bat izatea, non izanen baitiren ingeniaritzako unibertsitate titulazioa eta enpresen digitalizazio proiektuetan lan esperientzia duten pertsonak, bai eta negozio garapenaren eta estrategiaren arloetan aholkulari gisa esperientzia duten pertsonak ere.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntza gastu diruz lagungarrien %60 izanen da, zeharkako zergak kanpo.

%20ko laguntza gehigarria emanen zaie aholkularitza zerbitzua jasotzen duten enpresei, baldin eta 8.2.c) oinarrian ezarritakoa betetzen badute, klusterren baterako ekintzak izateagatik. Edonola ere, onuradun bakoitzari emandako dirulaguntza ez da 7.200 eurotik gorakoa izanen.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren izapideen katalogoko fitxa erabiliz:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8217/Subvencion-a-empresas-para-elaboracion-de-sus-Planes-de-Transformacion-Digital-(PTD) (aurrerantzean, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 13. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

7. oinarria.–Laguntzak eskatzeko agiriak.

1. Laguntzen fitxan eskura daitezkeen ereduen araberakoak izanen dira eskabide telematikoarekin batera aurkeztu behar diren agiriak, fitxategi digital bereizietan eta behar bezala identifikatuta aurkeztu ere. Hain zuzen, agiri hauek dira:

a) “EDPa egiteko proiektua eta erantzukizunpeko adierazpena” deritzon inprimakia, behar bezala beteta. Inprimaki horrek badakar erantzukizunpeko adierazpen bat, non egiaztatzen baita 2., 14. eta 15. oinarrietan eskatutakoa eta baloratzen baitira 8. oinarriko irizpideak.

b) Proiektuaren deskripzio memoria, bat datorrena 4.2 oinarrian ezarritako edukiaren egiturarekin, eta 4.4 oinarrian kanpo aholkularientzat eskatzen diren baldintzak betetzen direla adierazteko justifikazioa.

c) Heldutasun digitalaren txostena, HADA tresnaren bidez lortua, zeina aipatzen baita 2.1.d) oinarrian.

d) Aholkularitza zerbitzuaren aurrekontuaren kopia.

e) 8.2.c) oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa, baldin eta aholkularitza sartzen bada klusterren baterako ekintzen barruan.

f) “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia eta, kasua bada, 4.3 oinarrian aipatzen diren hiru eskaintzak.

g) Proiektua zuzen baloratzeko interesekotzat jotzen diren agiri oro.

2. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Aurreko atalean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin da inondik inora konpondu.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Eskaeren ebaluazioa egiteko, enpresa eskatzaileak aurkeztutako informazioa besterik ez da hartuko kontuan, eta ez da onartuko eskaeraren borondatezko hobekuntzarik. Edonola ere, organo kudeatzaileak zilegi izanen du argibideak eskatzea eskaeraren alderdiren baten gainean, baldin eta horrek ez badakar eskaera birformulatzea eta hobetzea.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO

PUNTUAZIOA

a) EDParen egokitzapena

Irizpide baztertzailea

b) Proiektuaren memoria teknikoaren kalitatea

50

c) Lerrokatzea klusterrei laguntzeko politikekin

20

d) Enpresaren heldutasun digitalaren maila, HADA bidez lortua

10

e) Enpresan lan egiten duten langileen kopurua

10

f) Emakumeen eta desgaitasuna duten pertsonen presentzia enpresan

–Emakumeen portzentajea

5

–Desgaitasuna duten pertsonen portzentajea

5

a) EDParen egokitzapena:

4. oinarrian EDPaz eta kanpo aholkulari espezializatuez esaten dena bete behar da. Hori betetzen ez bada, ez dira ebaluatuko oinarri honetako gainerako irizpideak.

b) Proiektuaren memoria teknikoaren kalitatea:

Aholkularitza proiektuaren zehaztasun maila eta argitasuna baloratuko dira, bai eta zer hobekuntza dakartzan ere 4. oinarrian ezarritako gutxieneko edukiarekiko.

c) Lerrokatzea klusterrei laguntzeko politikekin:

Enpresentzako aholkularitza proiektuek 20 puntu jasoko dituzte baldin eta sartzen badira klusterrek sustatutako baterako ekintzen barnean, betiere kluster horien arlo ekonomikoak lehenetsita baldin badaude Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (S3). Horretarako, dagokion klusterrak justifikatu beharko du proiektu horiek badutela potentziala sektoreko beste enpresa batzuei transferitzeko identifikatutako eraldaketa digitaleko aukerak, eta lortu beharko du, horrez gain, aholkularitza jaso duten enpresen baimena ustiapen hori egin ahal izateko.

d) Enpresaren heldutasun digitalaren maila, HADA bidez lortua:

Baloratuko da enpresaren heldutasun digitalaren maila, HADA tresnaren bidez lortua; taula honetan dago heldutasun digitala zehaztua:

HELDUTASUN DIGITALAREN MAILA

Estatikoa (0)

Kontzientea
(1)

Trebea
(2)

Dinamikoa (3)

Erreferentea
(4)

Liderra
(5)

Puntuazioa

4

8

10

10

8

4

e) Enpresan lan egiten duten langileen kopurua:

Baloratuko da zenbat pertsonak egiten duten lan enpresak Nafarroan dituen lantokietan, taula honen arabera:

ENPRESAN LAN EGITEN DUTEN PERTSONAK

50 ARTE

50 BAINO GEHIAGO

Puntuazioa

10

6

f) Emakumeen eta desgaitasuna duten pertsonen presentzia enpresan:

Baloratuko da enpresak Nafarroan dituen lantokietan dauden emakumeen portzentajea eta desgaitasuna dutenena:

EMAKUMEEN PORTZENTAJEA

0 ETA 30 BITARTEAN

30 ETA 50 BITARTEAN

50ETIK GORA

Puntuazioa

0

2

5

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEN PORTZENTAJEA

0 ETA 1
BITARTEAN

1 ETA 2
BITARTEAN

2TIK GORA

Puntuazioa

0

2

5

3. Berdinketarik izanez gero, kontuan hartuko da f) eta b) letretako irizpideetan lortutako puntuazioak, hurrenez hurren, eta horren arabera ebatziko da.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzen organo kudeatzaileak, hots, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuko 4.0 Industria Sustatzeko Atalak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

3. Ebazpena gehienez 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Baldin eta dirulaguntza eman ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Kontzesio berri horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

Onuradunek 2019ko azaroaren 5a baino lehen justifikatu beharko dute jarduketa. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 13. oinarrian adierazitako moduan:

a) “EDParen justifikazioa” deritzon inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa. Inprimaki horrek 11.1.c) oinarriko obligazioaren gaineko adierazpen bat ere izanen du.

b) Eranskinean aurreikusitako entregatzeko bakoitzaren kopia bat, enpresak balioetsia:

–Aurretiazko analisiaren txostena.

–Diagnostikoaren eta hobekuntza teknologikoko potentzialaren txostena.

–EDParen txostena.

c) Fakturak eta bankuko ordainagiriak, eskaera aurkeztu duen enpresaren izenean.

Fakturak eta ordainketak 2019ko urtarrilaren 1etik azaroaren 5era bitartekoak izan beharko dira.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Foru dekretu horren 4. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Enpresa Sustapenaren Zerbitzuari jakinaraztea laguntza hau eman eta gero helburu bererako edo antzeko beste helburu baterako lortutako dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, beste edozein administraziok edo erakunde publiko edo pribatuk emanak, 14. oinarrian ezarritakoaren ondorioetarako.

d) Nafarroako Gobernuaren ikurra eta testu hau gehitu beharko dira diruz lagundutako jarduketaren emaitzak zabaltzen direnean, bai eta emaitza horiek erabiltzen dituzten agirietan ere: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren laguntza bat jaso du, 2019an Nafarroan eraldaketa digitaleko planak egiteko deialdian”.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak azterturik, organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten baldintzak betetzen dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

2. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendariak emanen du hiru hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bitartez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak egiteko, gaitutako helbide elektronikoa baliatuko da, enpresek beren eskaeran adierazitakoa.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbidean (http://notificaciones.060.es) eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

15. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1908148