129. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

139/2019 FORU AGINDUA, ekainaren 4koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, deialdi bat onesten duena, hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateetan, idazkari lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez eta oposizio sistema erabiliz.

Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarriak xedatzen du ezen, foru lege horrek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean, toki administrazioaren arloan eskumena duen Foru Komunitateko Administrazioko departamentuak zerrenda bat osatuko duela Nafarroako toki entitateetan idazkari lanpostuetako eginkizunetan administrazio araubidean eta aldi baterako aritu nahi duten izangaiekin.

Xedapen gehigarri horretan ezarrita dago, orobat, Foru Komunitatearen gaikuntza daukaten toki funtzionarioak automatikoki sartuko direla zerrenda horretan; hain zuzen ere, zerrendaren hasieran.

Langile horien lehentasun-hurrenkera ezarriko da Nafarroako toki entitateetako idazkari lanpostuetan emandako zerbitzuetan daukaten antzinatasunaren arabera.

Funtzionario horiek zerbitzu eginkizunen araubidean beteko dute idazkari eginkizunetako aldi baterako jarduna.

Xedapen horretan ezartzen da, halaber, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda horrek lehentasuna izanen duela, otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legeak indarra hartzen duen unean, idazkari lanak egiteko indarrean zegoen beste edozein zerrendaren aurretik.

Adierazitakoa kontuan harturik, bidezkoa da deialdi bat onestea, hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateetan, idazkari lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben osatzeko, honako hauetan arlo horren gainean xedatutakoari jarraikiz: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia; Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua (42.2.c) artikulua), ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia; gainerako aplikazio arauak; eta deialdiaren beraren oinarriak.

Hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateetan, idazkari lanpostuak administrazioa araubidean eta aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda kudeatzeari eta izangaiei deitzeari dagokionez, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiko zaio: Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ekainaren 5ean emandako 187/2013 Foru Aginduaren hirugarren araua, laugarren arauaren 1.b) atala, eta bosgarren, seigarren, zortzigarren eta bederatzigarren arauak. Foru agindu horren bidez, hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateen idazkari, A taldeko kontu-hartzaile eta B taldeko kontu-hartzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendak kudeatuko dituzten arauak onetsi ziren.

Horren ondorioz, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 10eko 8/2015 Foru Dekretuaren bidez eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdi hau onestea, hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateetan, idazkari lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez eta oposizio sistema erabiliz.

2. Foru agindu hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu hau Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Toki Antolamendurako Zerbitzuari eta izendatutako epaimahaikideei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

OINARRIAK

Lehena.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi bat iragartzen da, hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateetan, idazkari lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez eta oposizio sistema erabiliz.

Izangaien zerrenda horrek lehentasuna izanen du eginkizun horiek betetzeko indarrean dagoen beste edozein zerrendaren aurrean.

1.2. Eginen diren hautapen probak baldintza sorta honen zazpigarren oinarrian azaltzen dira.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharrekoak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat edo haien baliokide bat izatea, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

–Zuzenbideko gradua edo haren baliokidea.

–Politika eta Administrazio Zientzietako gradua, Soziologiako lizentzia edo Politika Zientzietako eta Soziologiako lizentzia, edo horien baliokidea.

Aipatutako tituluen baliokideak diren ikasketak eginak dituztela alegatzen duten izangaiek baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute, edo, bestela, baliokidetasunari buruz Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak luzatutako ziurtagiria aurkeztu.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Kasuan kasuko toki entitatearen plantilla organikoan euskaraz jakitea aginduzkoa duten lanpostuetan sartu nahi izanez gero, haientzat ezarrita dagoen euskarazko jakite-maila izatea.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) eta f) ataletan eskatzen diren titulazio betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira, hirugarren oinarrian ezarritakoarekin bat.

2.3. Deialdi honen 2.1 oinarrian jasotako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, izangaiari deitzen zaion unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta 2.1.c) eta f) ataletan eskatzen diren tituluenak aurkeztu beharko dituzte, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean haiek lortzeko moduan direla adierazten duen agiriarena.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko dute, kasua zein den:

%33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zehaztu zer egokitzapen eskatzen duten.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

2.4. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko ditu parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Hirugarrena.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren beste edozein erregistro bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgunean ageri da: www.nafarroa.eus), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.nafarroa.eus). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabidea eta beharrezkoak diren gainerako agiriak aurkezteko, Erregistro Elektroniko Orokorrean artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

Foru Komunitatearen gaikuntza duten toki funtzionarioek ez dute eskabide hori aurkeztu beharrik.

3.2. Eskabideak deialdi honen eranskineko ereduaren araberakoak izanen dira. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.nafarroa.eus helbidean, bai argitaratzen deneko Aldizkari Ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adieraziko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Idazkari lanpostuetan aldi baterako aritzeko deitzen diren pertsonek baizik ez dute aurkeztu beharko Nortasun Agiri Nazionalaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, baita eskatutako tituluak dituztela egiaztatzeko agiriena ere, toki entitateak kontratua formalizatu baino lehen.

Deia egiterakoan kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa, horren bidez desgaitasunen bat duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan lanean sartzeko xehetasunak arautzen baitira. Horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten pertsonek organo eskudunak berariaz luzatutako agiri jatorrizkoaren edo kopia konpultsatuaren bidez frogatu behar dute egoera hori.

3.3. Aginduz euskaraz jakin beharra ezarrita duten lanpostuetan sartzeko eskatzen den euskara maila baduela egiaztatzeko dokumentazioa.

Kasuan kasuko toki entitatearen plantilla organikoan euskarazko jakite maila ezarrita daukaten lanpostuetan sartzeko behar den maila egiaztatzeko, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako maila bakoitzari dagozkion tituluak erabiliko dira, ofizialki aitortutako gaitasun agiria aurkeztuz edo eskatzen den jakite maila neurtzeko proba berariazko bat gaindituz, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.–Izangaiak onartzea.

5.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ikusgai jarriko ditu onetsitako deialdian onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrendak, bai Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa), bai Nafarroako Gobernuaren Interneteko webgunean (www.nafarroa.eus). Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

Egun horretatik aurrera, eta argitaratu ondoko bost egun naturaleko epearen barruan, erreklamazioak egiten ahalko dira, eta eskabidean egindako akatsak zuzendu, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateetako Langileen Kudeaketa eta Aholkularitza Atalari idazki bat zuzenduz.

5.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak, foru agindu baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu, eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan (Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu, deialdian ezarritako hautapen probetatik lehena egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Administrazioak bere esku daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dela ikusiz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Seigarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Ana Rodríguez Hidalgo andrea, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Toki Administrazioaren Antolamenduaren Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaiburua: María Dolores Reyero Santamaría andrea, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Administrazio Publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

–Epaimahaikidea: Miguel Izu Belloso jauna, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

–Ordezko epaimahaikidea: María Jesús Balana Asurmendi andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

–Epaimahaikidea: Roberto Rubio Torrano jauna, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

–Ordezko epaimahaikidea: Gabriel Casajús Gavari jauna, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

–Epaimahaikidea: Félix Ángel Cermeño Alonso jauna, Administrazio Erroko Langileen Batzordearen proposamenari jarraikiz izendatutako teknikaria.

–Ordezko epaimahaikidea: David Calavia Herce jauna, Administrazio Erroko Langileen Batzordearen proposamenari jarraikiz izendatutako teknikaria.

–Epaimahaikide-idazkaria: Purificación González Merchán andrea, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateetako Langileen Kudeaketa eta Aholkularitza Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: María Jesús González Muñoz andrea, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa Juridikoaren Bulegoko burua.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

6.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emango diote, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

Zazpigarrena.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioaldia.

7.1.1 Oposizioaldian, ariketa teoriko bat eta ariketa praktiko bat egin beharko dira.

Oposizioa 2019ko urrian hasiko da.

Proba teorikoa: galdera labur eta/edo test motako batzuk erantzun beharko dira, idatziz, beherago zerrendatzen diren gaiei buruz, deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duen legediari jarraikiz:

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa.

2.–Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa.

3.–6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. 4/2019 Foru Legea, otsailaren 4koa, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformari buruzkoa.

4.–7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

5.–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duena.

6.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena.

7.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

8.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

9.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

10.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena.

11.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa, eta hura garatzeko araudia.

12.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena, eta hura garatzeko araudia.

13.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa, eta hura garatzeko araudia.

14.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa.

7.1.2. Proba hau egiteko gehieneko denbora epaimahaiak erabakiko du; proban, 50 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta erantzun okerrak zehatuko dira. Oker erantzuten diren galderek galdera bakoitzari emandako balorazioaren %25eko penalizazioa izanen dute. Galdera guzti-guztiei balorazio bera emanen zaie.

Baztertu eginen dira gutxienez 25 puntu lortzen ez duten izangaiak.

Lehenbiziko ariketa (proba teorikoa) egin eta epaimahaiak zuzendu ondoren, plikak jendaurrean irekitzeko deia eginen da eta emaitzak argitaratuko dira, bai Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan (Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, Iruñea), bai Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), bigarren ariketa egiteko lekua eta eguna adierazita. Horrekin batera, bost egun naturaleko epea irekiko da lortutako emaitzen gainean alegazioak aurkezteko.

7.1.3. Proba praktikoa: txosten edo irizpen juridiko bat idatzi beharko da goian aipatutako gaien inguruan eta toki entitateetako idazkarien eginkizunen inguruan, epaimahaiak adieraziko duen denboran. Gehienez ere 50 puntu emanen dira. Baztertu eginen dira 25 puntu lortzen ez duten izangaiak.

7.1.4. Bigarren ariketa hau egiteko ezinbestekoa izanen da lehenengo ariketa gainditu izana (proba teorikoa). Ariketa praktikoa egiteko paperezko lege-testuak erabiltzen ahalko dira, iruzkinik gabe betiere.

7.1.5. Bi ariketak zuzentzeko, plika itxien sistema erabiliko da.

7.1.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak eta nortasuna frogatzen ez dutenak.

7.1.7. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

Zortzigarrena.–Emaitzak.

8.1. Proba praktikoa bukatu eta zuzendu ondoren, izangaiei dei eginen zaie plikak jendaurrean irekitzeko, eta emaitzak argitaratuko dira, bai Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan (Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, Iruñea), bai Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus). Horrekin batera, bost egun naturaleko epea irekiko da lortutako emaitzen gainean alegazioak aurkezteko.

Alegazioak aurkezteko eta ebazteko epea bukatuta, kalifikazio epaimahaiak azken kalifikazioa aterako du, oposizioaldiko bi proben puntuazioen batuketa eginda.

Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, proba praktikoan puntuaziorik altuena duen izangaiak izanen du lehentasuna. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez ebatziko da.

8.2. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan oposizioaldiko bi probak gainditu dituzten izangaiak egonen dira, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuak, eta, orobat, oposizioko lehenengo ariketa (proba praktikoa) gainditu duten izangaiak, horiek ere puntuazioaren arabera ordenatuak.

Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformari buruzko otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, Foru Komunitatearen gaikuntza duten toki funtzionarioak automatikoki sartuko dira zerrenda horretan, lehenengo tokietan hain zuzen. Langile horien lehentasun-hurrenkera ezarriko da Nafarroako toki entitateetako idazkari lanpostuetan emandako zerbitzuetan daukaten antzinatasunaren arabera.

Epaimahaiak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari igorriko dio zerrenda hori, onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Bederatzigarrena.–Idazkari lanpostuetan aldi baterako aritzeko izangaien zerrendak.

9.1. Behin betiko zerrendak.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak izangaien zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren webgunean ere (www.nafarroa.eus).

9.2. Deitzea.

Nafarroako toki entitateetako idazkari lanpostuetan aldi baterako aritzeko izangaien zerrendan agertzen den pertsonei deitzeko eta izangai zerrendak kudeatzeko orduan, arau hauetan ezarritakoari jarraikiko zaio: Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ekainaren 5ean emandako 187/2015 Foru Aginduaren hirugarren araua, laugarren arauaren 1.b) atala eta bosgarren, seigarren, zortzigarren eta bederatzigarren arauak. Foru agindu horren bidez, hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateen idazkari, A taldeko kontu-hartzaile eta B taldeko kontu-hartzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendak kudeatuko dituzten arauak onetsi ziren.

9.3. Indarraldia.

Deialdi honen babesean eratzen diren zerrendek indarra izaten jarraituko dute harik eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 245. artikuluaren babesean egindako deialdien bidez eratzen diren izangaien zerrenda berriak onetsi arte.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka eta, orobat, kalifikazio epaimahaia ez den beste organo batek, oinarriak aplikatzeko, ematen dituen egintzen aurka, espedientean interesdun direnek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Administrazio Publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justiziako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egitea Nafarroako Gobernuaren aurrean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko ekainaren 4an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1908009