127. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

35E/2019 FORU AGINDUA, ekainaren 10ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako kirol federazioei 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarte kirol errendimenduko programak garatzeko dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak. DDBN identifikazioa: 460976.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.b) artikuluan, Foru Komunitateko administrazio publikoak premiatzen ditu Nafarroako goi mailako kirola bultzatzera, eta, 22.1 artikuluan, berariaz ezartzen da ezen Foru Komunitateko Administrazioak bultzatu eta sustatuko duela Nafarroako goi mailako kirola, hala behar denean Estatuko administrazioa lagun duela.

Foru lege horretan goi mailako kirolari buruz ezarritako aurreikuspenak otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuaren bidez garatu ziren, eta Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda arautu ziren. Aipatutako foru dekretuaren arabera, nazioko nahiz nazioarteko lehiaketa ofizialetan ahalik eta emaitza hoberenak lortzera bideratutako kirol praktika jotzen da Nafarroako errendimenduko kiroltzat, interesgarria baita Nafarroako Foru Komunitatearentzat oinarrizko kirola sustatzen duelako eta ordezkaritza lana egiten duelako.

Aipatutako arau juridikoek Nafarroako errendimenduko kirola bultzatzen dute, interes publikoko bi arrazoirengatik:

1. Errendimenduko kirola funtsezko faktorea da Foru Komunitatearen kirolaren arloko garapenerako, eredu delako oinarriko kirolarientzat, baita kirolaren praktikan jarraitzeko eta harekin lotzeko gonbidapena ere, Nafarroako errendimenduko kirolari izatea helburu. Bestalde, errendimenduko kirolak hainbat balio positibo proiektatzen ditu oinarriko kirolarientzat: nork bere burua gainditzea, dedikazioa, helburuak lortzeko sakrifizioa, talde-lana sustatzea, etab.

2. Errendimenduko kirola Nafarroako Foru Komunitatearen ordezkaria eta sustatzailea da nazioko eta nazioarteko eremuetan, komunitatearen sentimen kolektiboa irudikatzen duelako eta bere nortasun ikurrak agerian jartzeko aukera ematen duelako. Ordezkaritza hori erakusteko bideak dira, alde batetik, Nafarroako selekzioek Espainiako edozein kategoriatako lehiaketetan parte hartzea, eta bestetik, kirolari nafarrek horrelako lehiaketetan parte hartzea.

Esparru horretan, Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legeak, 33. artikuluan, ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kirol jarduerak sustatuko dituela laguntzen eta dirulaguntzen araubide baten bitartez.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, Kirolaren Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunen artean kirol jarduerak sustatzea dago, horretarako laguntza eta dirulaguntzak emanez. Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Atalari, berriz, Nafarroako kirol federazioekin batera kirola sustatzea dagokio, besteak beste, eta, bereziki, Nafarroako selekzioez eta teknifikazioaz arduratzea.

Halaber, Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legeak kasuko kirol modalitatea sustatzeko eginkizuna esleitzen die federazioei, hala lehiaketako kirolaren esparruan, nola denontzako kirola sustatzeko arloan, eta, orobat, kasuko kirol modalitatearen araudi teknikoa ezartzeko eginkizuna ere bai. Kirol modalitate horretako selekzioen gaineko berariazko eginkizunak ere esleitzen dizkie, eta, horrenbestez, ahalmena dute selekzioak osatuko dituzten kirolariak hautatzeko eta selekzioek zein kirol jarduera edo lehiaketatan parte hartuko duten erabakitzeko.

Kirol federazioak kirol errendimenduko zenbait programa aurrera eramaten ari dira kirolean goi maila lortzeko asmoz eta Nafarroak Estatuan ordezkaritza izateko asmoz Nafarroako selekzioen bidez. Kontuan hartu beharra dago programa horiek gauzatzeak hainbat lehiaketatan parte hartzea dakarrela: prestaketarako lehiaketak (kontzentrazioak, lagunarteko lehiaketak, etab.) eta ofizialak (Espainiako txapelketetako azken faseak), hala teknifikazio programetakoak nola selekzioetakoak, bai azpiko kategorietan (kimuak, haurrak, kadeteak eta gazteak), bai absolutuan. Horregatik, kirol programa horiek finantzatzeko eta kirol federazioen programazio lana errazteko asmoz, dirulaguntzen deialdi bat sustatu da Nafarroako kirol federazioen kirol errendimenduko programei laguntzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarte kirol errendimenduko programak garatzearren Nafarroako kirol federazioei norgehiagokako araubidean emanen zaizkien dirulaguntzen deialdiaren oinarriak, baita eranskin hauek ere: I. eranskina (Oinarri arautzaileak), II. eranskina (Eskabidea), III. eranskina (Aurrekontua), IV. eranskina (Justifikazio-kontua), V. eranskina (Konturako ordainketa), VI. eranskina (Kirolarien zerrenda), VII. eranskina (Teknikarien zerrenda) eta VIII. eranskina (Kluben eta federazioaren arteko akordioa).

Betiere, laguntzak emateko, dagokion aurrekontu-kontsignazioa beharko da.

2. 635.000,00 euroko gastua baimentzea deialdi hori aurrera eramateko. Dirua partida hauei egotziko zaie:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5120-4819-336110: Nafarroako errendimenduko kirola: kirol teknifikazioa eta nafar selekzioak

2019

127.690,31

A50002-A5120-4819-336110: Nafarroako errendimenduko kirola: kirol teknifikazioa eta nafar selekzioak

2020

507.309,69

3. Foru agindu hau eta I. eta II. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Dokumentazio hori guztia, baita gainerako eranskinak ere, interesdunen eskura egonen dira nafarroa.eus webgunean.

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2019ko ekainaren 10ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

1.1. Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako kirol federazioei 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarte kirol errendimenduko programak garatzeko dirulaguntzak emateko prozedura ezartzea. Dirulaguntza horiek norgehiagokako araubidea erabiliz banatuko dira.

1.2. Kirol errendimenduko programa hauek izanen dira dirulaguntzen xede:

a) Teknifikazio programak: teknifikazio programatzat jotzen dira planteamendu tekniko eta zientifiko modernoak sistematikoki ezartzen dituztenak eta, gainera, kirol errendimendua hobetzera eta kirolari, teknikari eta epaileen emaitza kualitatibo eta kuantitatiboak lortzera bideratutako jarduketak sartzen dituztenak, baldin eta kirol prestakuntza orokorraren barrenean aurreikusten badute entrenamendu eta kontzentrazioak egitea eta estatuko eta/edo nazioarteko lehiaketa jakin batzuetan parte hartzea, alde batera utzita txapelketa nazionala edo kasuan kasuko kopa irabazteko aukera ematen duten lehiaketa ofizialak, autonomia erkidegoetakoak, sektoreko faseak eta antzekoak.

b) Selekzioetako programak: selekzioetako programatzat hartzen dira kirolarien eta teknikarien prestakuntza teknikorako eta kirol prestakuntzarako egiten diren aldi baterako programak, helburu dutenak kirol modalitate bateko Nafarroako selekzioak kirol emaitzarik hoberena lortzea Espainiako txapelketetan parte hartzen duenean Nafarroako Foru Komunitatea ordezkatuz. Programa horien helburu nagusia kideen lan taktiko eta kolaboratiboa da. Hori dela eta, kide baten baino gehiagoren baterako esku-hartze koordinatua duten talde-kirolei baino ez zaizkie zuzentzen.

c) Kirol hobekuntzako programak: hobekuntzako programatzat jotzen dira banakako kirol errendimendua hobetzera bideratutako jarduketak hartzen dituztenak eta kirol maila eta aurrerapen egiaztatua duten kirolarientzat direnak, nahiz eta kirolari horiek ez bete teknifikazio irizpideak, edo, horiek beteta ere, haien federazioak ez badu teknifikazio programarik, horrelakorik aurreikusten ez duelako edo gutxieneko kirolari kopuruaren edo adinaren baldintza ez betetzeagatik. Programa horiek banakako kiroletara bideratuko dira. Ahal dela, bai programa horietatik bai teknifikazio programetatik aterako dira modalitate horietako lurralde selekzioetan Nafarroa ordezkatzen duten kirolariak.

Federazio batek taldeko espezialitate bat eta banakako beste bat baditu, argi eta garbi bereiziak (igeriketa-waterpoloa, irristaketa-hockeya, etab.), NKGIk (Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua) batera onartzen ahalko ditu teknifikazio programa edo hobekuntzakoa eta selekzioetakoa.

1.3. Deialdi honetako dirulaguntzak ez dira erabiliko NKGIren beste deialdi berariazko batzuen xede izan daitezkeen jardueretarako. Jarduera hauek ere deialditik kanpo geldituko dira:

–Atzerrian egiten direnak, salbu eta Europar Batasuneko herrialdeetan, Andorran edo Marokon egiten direnak, teknifikazio programen eta selekzioetako programen kasuan eta kirol hobekuntzako programa batean parte hartzen duten goi mailako kirolarientzako programen kasuan.

–Espainiako lurralde penintsularretik kanpo egiten direnak, eta mugaz gaindikoak, Iruñetik 500 kilometroko erradio batetik gora egiten badira, kirol hobekuntzako programen kasuan, salbu eta goi mailako kirolariak, lehen esan bezala.

2.–Helburua.

Dirulaguntza hauen bidez helburu sozial hauek lortu nahi dira:

a) Nafarroako kirol federazioek garatzen duten Nafarroako kirol errendimendua sustatzea.

b) Entrenamendu prozesua etengabe planifikatzeko, kontrolatzeko, analizatzeko, ebaluatzeko eta aplikatzeko modua hobetzea, entrenamendu prozesuari kalitate hobea emanen dioten ezagutza eta baliabide tekniko eta zientifikoak sartuz.

c) Nafarroako kirol federazioek arlo horretan garatzen dituzten programetan gutxieneko kalitate estandar bat lortzea.

d) Prozesu horietan parte hartzen duten kirolarien kirol errendimendua igotzea eta haiek estatu mailan edo nazioartean dituzten emaitzak hobetzea, prestakuntza eta formakuntza tekniko eta espezializaturako programen bitartez.

e) Programez arduratzen diren entrenatzaileen prestakuntza eta maila teknikoa hobetzea.

3.–Onuradunak eta betebeharrak.

3.1. Nafarroako kirol federazioak izan daitezke dirulaguntza hauen onuradun, Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribaturik badaude apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (dekretu horren bidez Nafarroako Kirol Entitateak eta Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroa arautu ziren).

3.2. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Dirulaguntzen onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

3.3. Kirol errendimenduko programek (teknifikaziokoak, selekzioetakoak eta hobekuntzakoak) baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Teknifikazioa: kirol teknifikazioko programek bete beharreko baldintzak

Deialdi honen ondorioetarako, kirol teknifikazioko programatzat hartzen dira baldintza hauek betetzen dituztenak: irizpide tekniko objektiboen arabera (emaitza ofizialak, sailkapeneko posizioak, selekzioan parte hartzeko deien kopurua) modalitatean onenak diren kirolariek horretan parte hartzea; programa gauzatzen den bitartean ordutegi zehatzetan eginen diren berariazko entrenamenduen atalean finkatutako gutxieneko entrenamendu saio kopurua egitea; gutxienez instalazio nagusi bat izatea; eta programan aurreikusitako helburuak lortzeko behar diren entrenamendu, kontzentrazio eta jardueren programazioaz arduratzen den teknikari edo entrenatzaile batek zuzentzea programa.

a.1) Kirolariak hautatzeko modua:

Programan parte hartuko duten kirolariak hautatzea kasuan kasuko Nafarroako kirol federazioaren erantzukizuna izanen da, irizpide hauei jarraikiz:

1. Programan parte hartzeko hautatzen diren kirolariek kirol lizentzia ofiziala indarrean eduki beharko dute.

2. Kirolariak 15 urtekoak edo hortik gorakoak izanen dira, salbu eta, kirolaren ezaugarri bereziengatik, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak Kirolaren Zuzendariordetzaren bidez onartzen dituen kirol modalitateetan, kasuan kasuko kirol federazioak eskaera arrazoitua eginda. Teknifikazio Zentroan aritzen diren 16 urtetik beherako kirolariak ezin dira goi errendimenduko kirolari gisa sailkatu.

3. Nafarroan erroldatua izatea, Nafarroako klub bateko kide izatea eta teknifikazio jarduera egitea talde baimendu batean.

4. Kirol maila:

Programan sartzen diren kirolarien %50 edo gehiago kirol irizpideak betetzen dituzten kirolariak izanen dira, horrela bermatu ahal izateko kirolari onenetako gehienak daudela programan, kluben arteko akordioak kontuan hartu gabe. Bestela, zuzendariordetzak erabaki dezake programa ez onartzea, arrazoiak emanez betiere.

4.1. Banakako kirolak:

–Olinpiar modalitate eta probetan: sektoreko faseetan edo antzekoetan Espainiako kategoria absolutuko txapelketetan parte hartzeko eskatzen den gutxieneko marka lortu izanik, gero txapelketa horietan 12 lehenbizikoen artean eta azpiko kategorian 4 lehenbizikoen artean gelditzen diren kirolariak. Parte hartzeko gutxieneko markarik eskatzen ez den txapelketetan, gutxieneko baldintza izanen da kategoria absolutuan 8 lehenbizikoen artean sailkatzea, eta azpiko kategorietan 3 lehenbizikoen artean. Emaitza horiek baliozkoak izateko, proban gutxienez 10 kirolarik parte hartu beharko dute, gutxienez ere 8 autonomia erkidego ordezkatuta.

Parte-hartzaileei eta ordezkaritzari buruzko gutxieneko kopuruetara iritsi ezean, kategoria absolutuan, 5 lehenbizikoen artean sailkatu beharko da kirolaria, eta azpiko kategorietan, 3 lehenbizikoen artean, hots, domina jasotzen dutenen artean.

–Olinpiarrak ez diren modalitate eta probetan, eta betiere gutxienez 10 kirolarik parte hartzen badute eta gutxienez ere 8 autonomia erkidego ordezkatuta badaude: kirolariek frogatu beharko dute, kategoria absolutuan, 5 lehenbizikoen artean sailkatu direla, eta azpiko kategorietan, 3 lehenbizikoen artean, hots, domina jasotzen dutenen artean.

Parte-hartzeari eta ordezkaritzari buruzko gutxieneko kopuruetara iritsi ezean, Europako edo munduko txapelketan 10 lehenbizikoen artean sailkatu beharko da kirolaria.

16 urtetik beherakoek, halakorik bada, 16 urtetik gorako kategorietako emaitzak frogatu beharko dituzte.

Federazioek emaitza horiek frogatu beharko dituzte.

Kirolari bat Kirol Teknifikazioko Zentro batean egon daiteke baldin eta aurreko puntuan azaldutako emaitzak lortu baditu aurreko bi urteetan.

Programa bat ezartzeko, gutxienez 4 kirolari beharko dira, eta gehienez 15, aurreko puntuaren arabera eratzen den espezialitate edo modalitate bakoitzeko. Salbuespen gisa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak Kirolaren Zuzendariordetzaren bidez baimena ematen ahalko du ezarritako parte-hartzaile kopuru horretara iristen ez den teknifikazio programa bat egiteko, kirolarien mailaren arabera.

Behin programa onetsita, beharren arabera osatzen ahalko da gaitasun handiko kirolari laguntzaileekin, gainerako kirolarientzat entrenamendu baldintza hobeak bermatuko dituztelakoan. Talde horretako kirolariak ez dira inoiz ere joko errendimenduko kirolaritzat arrazoi horrengatik.

4.2. Taldeko kirolak: federazioek talde-kiroletako teknifikazio programa bat aurkez dezakete baldin selekzioetako programarik ez badaukate proposatutako teknifikazio programaren xede den adinen kategorian edo goi mailako kirola egituratzeko proiektuen barnean badaude. Taldekako kirol modalitateetan, Nafarroako eta/edo Espainiako selekzioen azpiko kategorietan nabarmendu diren kirolariek parte hartzen ahalko dute teknifikazio programetan.

Kirolari horiek hautatzea kasuan kasuko federazioari dagokio, irizpide tekniko oinarrituak erabiliz, zeinak berariaz jaso beharko baitira aurkeztutako programaren dokumentazioan.

TEKNIFIKAZIOAREN BALDINTZAK

OLINPIARRAK DIREN MODALITATE ETA PROBAK (*)

OLINPIARRAK EZ DIREN MODALITATE ETA PROBAK

Kategoria

Absolutua

Azpikoa

Absolutua

Azpikoa

Banakako kirola

Gutxienez 10 parte-hartzaile eta 8 autonomia erkidego

Gutxieneko marka eskatuz gero, 12 lehenbizikoen artean.

Gutxieneko marka eskatu ezean, 8 lehenbizikoen artean.

Gutxieneko marka eskatuz gero, 4 lehenbizikoen artean.

Gutxieneko marka eskatu ezean, 3 lehenbizikoen artean.

5 lehenbizikoen artean

3 lehenbizikoen artean

10 parte-hartzaile eta 8 autonomia erkidego baino gutxiago

5 lehenbizikoen artean

3 lehenbizikoen artean

10 lehenbizikoen artean Europako edo munduko txapelketan

Talde-kirola

Selekziorik ez izatea. Azpiko selekzioetan nabarmenduak.

(*) Nazioarteko Olinpiar Batzordeak 2020ko eta 2022ko Olinpiar Jokoen (udakoak eta negukoak, hurrenez hurren) egitarau ofizialean jasotako olinpiar modalitate eta probak.

Olinpiar probatzat hartuko dira, orobat, parte-hartzaileen adina dela eta, distantziari dagokionez edo behar diren elementu teknikoei dagokienez egokitzen direnak. Adibidez: triatloia, bela...

Desgaitasuna dutenek bakarrik parte hartzeko diren modalitate, espezialitate eta probetan (kirol egokitua), aipatutako irizpideen antzekoak direnei jarraituko zaie, paralinpikoak eta ez-paralinpikoak bereizita.

Eskatzen diren baldintzak gutxienekoak dira. Hala ere, federazio bakoitzak hautaketa-irizpide murriztaileagoak aplikatzen ahalko ditu, funtzionamendua eta jarraipena hobea izateko beharrezkotzat joz gero.

a.2) Iraupena eta ordutegia:

Programak gutxienez 36 aste iraunen du, eta, saio tekniko-taktikoak eta prestaketa fisikokoak kontuan hartuta, astean bi saio eginen dira gutxienez, egun ezberdinetan banatuak. Kontzentrazioaldi intentsiboak ere izan daitezke, eta komeni da horiek lehiaketarik ez dagoenean edo opor garaian egitea.

a.3) Asistentzia:

Parte-hartzaile guztiei saioen %75era edo gehiagora joatea eskatuko zaie. Baldintza hori bete ezean, kirolaria programatik kanporatuko da.

a.4) Zuzendari teknikoa eta entrenatzaile arduraduna:

Jarduera Fisikoaren Zientzietako gradudun titulua edo antzekoa daukana, gutxienez, baita modalitateko espezialitatea ere, edo goi mailako teknikari titulua edo III. mailakoa federazio iragankorretan. Besterik ezean, federazio titulu propioak onartuko dira, maila gorenekoak betiere, edo teknifikazio programetako kirolariekin gutxienez 5 urteko esperientzia frogatzea. Federazioan ez badago maila horretako teknikari aski edo kualifikazio hori existitzen ez bada, federazio horrek bermatuko du teknikariak ahalik eta titulazio altuena izatea.

Teknifikazio programa bakoitzak programaz arduratzen den entrenatzaile bat izan beharko du. Modalitate edo espezialitate bat baino gehiago biltzen dituzten federazioetan, arloko edo espezialitateko arduraduna ere egoten ahalko da, bidezko justifikazio teknikoa duena, betiere NKGIk baliozkotua.

Osagarri gisa, beste eremu batzuetako teknikariak (psikologoa, prestatzaile fisikoa eta abar) egoten ahalko dira, komenigarritzat jotzen direnak, organo kudeatzaileak horretarako oniritzia emanez gero.

a.5) Modalitateak/Espezialitateak:

Nafarroako Kirol Jokoetako berberak hartuko dira kontuan.

a.6) Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren laguntza:

Beharrezkoa izanen da kirolariek azterketa mediko bat eta ekokardiograma bat egitea Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan. Nork bere borondatez test fisikoak eta entrenamendu koadernoaren jarraipena egiten ahalko ditu. Testak egiteak eta koadernoaren bidez entrenamenduaren jarraipena egiteak lehentasuna ematen du honako zerbitzu hauen zerrendetan sartzeko, test horiek egiten ez dituzten eta entrenamendua kontrolatzen ez duten kirolarien aldean: errehabilitazioa, fisioterapia, dietetika eta nutrizioa, neke kronikoa, entrenamendurako aholkularitza eta abar.

B) Selekzioak: selekzioetako programek bete beharreko baldintzak

Modalitate kolektiboetan eta taldekako modalitateetan selekzioetako programatzat joko dira, bakar-bakarrik, programak justifikatzen duenean taktika kolektiboko lan bat egiten dela parte-hartzaileak bateratzeko asmoz.

b.1) Kirolariak hautatzeko modua:

Programan parte hartzeko hautatzen diren kirolariek kirol lizentzia ofiziala indarrean eduki beharko dute, eta 12 urteko edo hortik gorako kategorietako kirolariak izan, Nafarroako selekzioetako kide gisa parte hartzen dutenak Espainiako txapelketetan edo autonomia erkidegoen arteko edo nazioarteko txapelketetan bertako kirol modalitate batean (herri kirolak eta pilota).

b.2) Jardueren programazioa:

Garatu beharreko jardueren programazioa parte hartuko den Espainiako txapelketen datak kontuan hartuta egin beharko da, horixe baita lehentasunezko helburua. Programazioa helburu horretatik haratago zabaltzen ahalko da, eta, halaber, aldi intentsiboak egin daitezke lehiaketarik gabeko garaietan edo oporraldietan.

b.3) Asistentzia:

Parte-hartzaile guztiek deitzen zaien saioen %75era edo gehiagora joan beharko dute. Baldintza hori bete ezean, kirolaria programatik kanporatuko da.

b.4) Zuzendari teknikoa eta entrenatzaile arduraduna:

Jarduera Fisikoaren Zientzietako gradudun titulua edo antzekoa daukana, gutxienez, baita modalitateko espezialitatea ere, edo goi mailako teknikari titulua edo III. mailakoa federazio iragankorretan. Besterik ezean, federazio titulu propioak onartuko dira, maila gorenekoak betiere, edo teknifikazio programetako kirolariekin gutxienez 5 urteko esperientzia frogatzea. Federazioan ez badago maila horretako teknikari aski edo kualifikazio hori existitzen ez bada, federazio horrek bermatuko du teknikariak ahalik eta titulazio altuena izatea. Talde tekniko bat izanen da, selekzio bakoitzeko entrenatzaile arduradun batek eta teknikari laguntzaile batek osatua, zuzendari teknikoaz gainera.

b.5) Modalitateak/Espezialitateak:

Nafarroako Kirol Jokoetako berberak hartuko dira kontuan.

b.6) Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren laguntza:

16 eta 18 urte bitarteko kirolariek (bi adin horiek barne) osasun azterketa bat egin beharko dute Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan, azken hiru urteotan horrelakorik egin ez badute. Federazioa arduratuko da erakunde horri azterketa mediko horiek egiteko hitzordua eskatzeaz eta kudeatzeaz. Baliabide nahikoa badago, eta betiere Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren agendaren arabera, beste zerbitzu batzuk jasotzen ahalko dituzte, adibidez, test fisikoak egitea, lesioei buruzko kontsultak, dieta, entrenamendurako aholkularitza eta zentro horrek eman ditzakeen beste batzuk.

C) Hobekuntza

c.1) Kirolariak hautatzeko modua:

Programan parte hartzeko aukeratzen diren kirolariek kirol lizentzia ofiziala indarrean eduki beharko dute eta 12 eta 30 urte bitartekoak izanen dira, salbu eta, ezaugarri bereziak dituzten kirol modalitateak izateagatik, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak, Kirolaren Zuzendariordetzaren bitartez, onartzen badu beste adin batzuetako kirolariak sartzea, betiere kasuan kasuko kirol federazioak arrazoibidez eskatuta.

–Olinpiar modalitate eta probetan, parte hartzen ahalko dute Nafarroako txapelketetan 4 lehenbizikoen artean sailkatzen diren kirolariek eta/edo estatuko txapelketetan edo ranking nazionalean 20 lehenbizikoen artean sailkatzen direnek. Dena den, federazio bakoitzak hautaketa-irizpide murriztaileagoak ezar ditzake.

–Olinpiarrak ez diren modalitate eta probetan, Espainiako kategoria absolutuko txapelketan, non eta gutxienez 10 kirolarik parte hartu beharko baitute –gutxienez 8 autonomia erkidego ordezkatuta daudela–, 8 lehenbizikoen artean dagoela frogatu beharko du kirolariak. Parte-hartzaileei eta ordezkaritzari buruz eskatutako gutxieneko kopuruetara iritsi ezean, eskatuko da kirolaria 5 lehenbizikoen artean sailkatzea. Azpiko kategorietan, 5 lehenbizikoen artean dagoela frogatu beharko du kirolariak.

–Kirola sustatzeko eskola kanpainak dituzten federazioek ere aurkezten ahalko dute hobekuntzako programa bat.

Programak 4 kirolari gutxienez eta 30 gehienez izanen ditu federazio bakoitzeko.

HOBEKUNTZAREN BALDINTZAK

OLINPIARRAK DIREN MODALITATE ETA PROBAK (*)

OLINPIARRAK EZ DIREN MODALITATE ETA PROBAK

Kategoria

Absolutua

Azpikoa

Absolutua

Azpikoa

Banakako kirola

Espainiako txapelketako edo ranking nazionaleko lehenbiziko 20ak.

Nafarroako txapelketako lehenbiziko 4ak.

Espainiako kategoria absolutuko txapelketan, non eta gutxienez 10 kirolarik parte hartu beharko baitute, gutxienez 8 autonomia erkidego ordezkatuta, lehenbiziko 8en artean sailkatzea.

Bestela, lehenbizikoen 5en artean.

(*) Nazioarteko Olinpiar Batzordeak 2020ko eta 2022ko Olinpiar Jokoen (udakoak eta negukoak, hurrenez hurren) egitarau ofizialean sartutako olinpiar modalitate eta probak.

Olinpiar probatzat hartuko dira, orobat, parte-hartzaileen adina dela eta, distantziari dagokionez edo behar diren elementu teknikoei dagokienez egokitzen direnak. Adibidez: triatloia, bela...

Kirol egokituaren berezitasuna dela-eta, federazio horretako kirolariei ez zaie parte-hartzaile kopuruari buruzko irizpiderik eskatuko, ezta adinari lotutakorik ere.

c.2) Iraupena eta ordutegia:

Gutxienez 20 saio planteatzen dira, entrenamenduak eta jarduera osagarriak kontuan hartuta; saio horiek estentsiboak eta/edo trinkoak izan daitezke. Egun berean, bi saio eginez gero, bat goizean eta bestea arratsaldean, bi saio kontatuko dira.

c.3) Asistentzia:

Parte-hartzaile guztiei saioen %75era edo gehiagora joatea eskatuko zaie. Baldintza hori bete ezean, kirolaria programatik kanporatuko da.

c.4) Zuzendari teknikoa eta/edo entrenatzailea(k):

Jarduera Fisikoaren Zientzietako gradudun titulua edo antzekoa daukana, gutxienez, baita modalitateko espezialitatea ere, edo, bestela, gutxienez II. mailako titulua edo antzekoa, edo gutxienez 3 urteko esperientzia antzeko kargu batean. Federazioan ez badago maila horretako teknikari aski edo kualifikazio hori existitzen ez bada, teknikariak ahalik eta titulazio altuena izatea bermatuko da.

c.5) Modalitateak/Espezialitateak:

Nafarroako Kirol Jokoetako modalitateak/espezialitateak hartuko dira kontuan, salbu eta, espezialitateak ezaugarri bereziak izateagatik, federazio batek arrazoizko eskaera egiten badu eta NKGIk oniritzia ematen badio.

c.6) Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren laguntza:

Baliabide nahikoa badago, eta betiere Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren agendaren arabera, beste zerbitzu batzuk jasotzen ahalko dituzte, adibidez, test fisikoak egitea, lesioei buruzko kontsultak, dieta, entrenamendurako aholkularitza eta zentro horrek eman ditzakeen beste batzuk.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean. Bestela, edozein kirol errendimendu programari baja ematen ahalko zaio, batzorde teknikoak hala erabakiz gero.

Nahiz eta NKGIren ustez federazio batek aurkeztutako programak teknifikazio programatzat eta/edo selekzioetako programatzat jotzeko behar diren baldintzak ez bete, hobekuntzako programatzat jotzen ahalko da, horretarako behar diren baldintzak betetzen baditu eta kasuko federazioak bere adostasuna agertzen badu.

4.–Kirolariaren eskubideak eta betebeharrak.

a) Errendimenduko programetako kirolariek ez dute deus ere ordainduko, ez programan parte hartzeagatik, ez programako jardueretara joateagatik.

b) Errendimenduko programa batean parte hartzeak aukera ematen du errendimenduko kirolari izaera hartzeko, maiatzaren 29ko 329/2015 Foru Aginduan araututa dagoen bezala (2015eko 141. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 22koa).

c) Errendimenduko programa batean parte hartzen duten kirolariek, gutxienez, entrenamendu saioen %75era joan beharko dute.

d) Errendimenduko programa batean parte hartzen duten kirolariek azterketa mediko bat egin beharko dute, azken hiru urtean horrelakorik egin ez badute.

e) Hala badagokio, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak agindutako jarraibideak, probak, kontrolak eta tratamenduak egin beharko dituzte.

f) Talde teknikoaren gomendioak bete beharko dituzte.

g) Programa aprobetxatu beharko dute.

5.–Aurrekontuko kreditua.

Deialdi honetarako baimendutako guztirako gastua 635.000,00 eurokoa da. Horietatik 127.690,31 euro aurrekontuko partida honen kargura joanen dira: 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako A50002-A5120-4819-336110 partida, “Nafarroako errendimenduko kirola: kirol teknifikazioa eta Nafarroako selekzioak” izenekoa. Eta gainerako 507.309,69 euroak 2020. urteko aurrekontuetan horretarako gaitzen den partida ekonomikoaren kargura joanen dira.

6.–Gastu diruz lagungarrien kontzeptua.

Ondoren azaltzen diren ataletako gastuak baizik ez dira izanen %100 diruz lagungarriak, betiere diruz lagundutako jardueraren izaerarekin zuzeneko lotura baldin badute zalantzarik gabe eta diruz lagunduko diren jarduerak egiten diren aldi berari baldin badagozkio.

6.1. Langile teknikoak.

a) Programetako langile teknikoei dagozkien gastuak dira.

Hauek dira langile teknikoak:

–Zuzendari teknikoa.

Zuzendari teknikoa aldi berean aritzen bada federazioaren eginkizun teknikoetan eta federazioaren berariazko programei loturiko bestelako eginkizunetan, eskabidean ongi zehaztuko da eginkizun horietako bakoitzari aplikatzen zaion portzentajea, atal honetan dagokion gastu diruz lagungarria banatzeko. Hori egiaztatzeko, federazio eskatzaileak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren beste deialdi batzuetan aurkeztutako dokumentazioa aztertuko da.

–Teknikaria.

Pertsona batek langile teknikoen bi kategoria horietako bategatik bakarrik aurkezten ahalko ditu gastu diruz lagungarriak.

b) Errendimenduko programetarako, atal honetako kontzeptu diruz lagungarrietarako diru muga bat ezarri da federazio bakoitzeko:

–15.000 euro zuzendari teknikoarentzat, bertako kirol modalitateetakoak izan ezik.

–10.000,00 euro langile bakoitzeko, gainerako teknikarientzat.

c) 2019ko irailetik aurrera eginen diren programez arduratzeko langileen kontratazio berrietarako, dirulaguntza emanen da, bakar-bakarrik, baldin eta kontratazio prozesua irizpide hauei jarraikiz egin baldin bada: txosten bat prestatzea kontratazio beharraren arrazoiak eta prozesuan segituko diren urratsak azaltzeko: eskatzen diren tituluak, esperientzia, beste betebehar batzuk, aplikatuko diren puntuazio baremoak, eginen diren probak, eginkizunak, ordainsariak, deialdiaren publizitatea, etab.; horrez gainera, federazioaren estatutuetan horrelako kontratazioak egiteko ezarrita dauden prozedurak bete beharko dira. Prozedura horren arabera kontratatzen diren langileek ez dute inolako kontratuzko lan harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin, izan ere, deialdi honen arabera diruz lagungarriak diren langileak baizik ez dira izanen.

6.2. Jarduera osagarriak.

–Kontzeptu diruz lagungarriak:

a) Joan-etorrietako gastuak txapelketetara, kontzentrazioetara, clinic gisakoetara, prestakuntza ikastaroetara eta programan zehaztutako antzeko beste jarduera batzuetara joateko. Kontzeptu honen barrenean, honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:

I.–Auto partikularrak erabiliz gero, kilometro bakoitzeko 0,20 euro kalkulatzetik ateratzen den zenbatekoa, lau parte-hartzailerentzat (edo dagokion zatikiarentzat).

II.–Garraio publikoa erabiliz gero, fakturaren bidez justifikatzen den zenbatekoa.

III.–Autobus zerbitzua kontratatuz gero, fakturaren bidez justifikatzen den zenbatekoa.

Kirolariak beren bizilekutik ohiko entrenamendu zentrora joateko bidaiak ez dira inola ere aintzat hartuko.

b) Ostatu eta mantenu gastuak txapelketetara, kontzentrazioetara, clinic gisakoetara, prestakuntza ikastaroetara eta programan zehaztutako antzeko beste jarduera batzuetara joateko. Erabilitako establezimenduek fakturatutako gastuak izanen dira diruz lagungarriak.

c) Txapelketetako, clinic-etako, prestakuntza ikastaroetako eta programan zehaztutako antzeko beste jarduera batzuetako inskripzio gastuak.

d) Bankuetako gastuak: bankuen komisioak (transferentzietakoak, mantentze-lanetakoak, erreziboak kobratzekoak, etab.) eta finantzaketa-interesekoak (maileguak, kreditu kontuak, etab.). Gastu horiek diruz lagungarriak izanen dira baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira. Banketxeetako kontuetako interes zordunak salbuetsita daude (kontu korronteetako zorpekoak).

6.3. Antolamenduaren eta materialen gastuak.

a) Errendimendu programan jasotakoaren arabera, errendimendu programak gauzatzeko berariazkoa den kirol material suntsikorra eta ez-inbentariagarria erosteko gastuak. Suntsikortzat jotzen da erabiliaren erabiliaz hondatzen den, urtebeteko gehieneko iraupena duen eta inbentariagarria ez den materiala. Zalantzazko kasuetan, NKGIk aholkularitza eman eta erabakia hartuko du. Material inbentariagarri gisa har daitekeena erostea ez da inola ere diruz lagunduko.

b) Instalazioak erabiltzeagatiko gastuak. NKGIk errendimendu programen eskura jartzen ditu dohainik bere instalazioak, NKGIren Gobernu Kontseiluaren 2017ko abenduaren 10eko Erabakian jaso bezala (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa). Instalazio horietan selekzioren batentzako tokirik ez badago, kluben eta bestelako entitateen doako lankidetza bilatu beharko da. Instalazioak alokatzeko gastuak ezinbesteko eta ohiz kanpoko kasuetan baizik ez dira onartuko. Alokairu gastu horiek onartuak izateko, instalazioen falta eta horien beharra kasuz kasu baloratuko du organo kudeatzaileak.

c) NKGIk baimentzen dituen programak gauzatzeko behar diren bestelako gastuak. Arropa-garbiketako eta arbitrajeetako gastuak ez dira aintzat hartuko.

7.–Eskaeren aurkezpena eta dokumentazioa.

7.1. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

7.2. Eskaera Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

7.3. Eskaerak 45 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.4. Eskaera telematikoa honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):

a) Deialdian parte hartzeko eskabide-orria. Horretarako, http://www.deporte.navarra.es webgunean eskura dagoen dokumentua erabili behar da (II. eranskina).

b) Errendimendu programaren proiektua 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitarte osorako. Atal hauek jaso beharko dira:

b.1) Programaren helburu orokorrak.

b.2) Programaren helburu berariazkoak.

b.3) Programako kirol teknikarien taldea. Teknikarien taldeko kideen izenak eta bi abizenak eta bakoitzaren kirol titulazioa adierazi beharko dira (VII. eranskina). Tituluen kopia erantsi beharko da, edo Federazioaren ziurtagiria, lehendakariak sinatua, non antzeko karguetan dituen esperientzia urteak adieraziko baitira, eta duela gutxi ateratako argazki bat, NANerako neurrikoa.

Programaren teknikari arduradunak kirol errendimenduko taldeko kirolarien klubeko entrenatzaileekin koordinatu beharko dira entrenamenduen, proba fisikoen eta abarren gaineko informazioa elkarri trukatzeko.

Teknifikazio programako arduradun teknikoak programatzen diren jardueretan izaten den bertaratzearen gaineko datuak jaso beharko ditu (entrenamenduak, kontzentrazioak, lehiaketak eta, hala badagokio, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko arduradunekin egin beharreko proba fisiko eta medikoak), baita taldeko kideen egoera fisikoaren bilakaerari eta kirol emaitzei buruzkoak ere.

b.4) Federazioaren kasuan kasuko organoak onartuta, programan parte hartzen duten kirolariak hautatzeko irizpideak.

b.5) Programan parte hartuko duten kirolarien zerrenda. Kirolari bakoitzaren izena, abizenak, jaiotze data, kluba eta kirol merezimenduak adieraziko dira, zehaztuta ea goi mailakoa den edo beste errendimendu maila batekoa. Teknifikazio programetako kirolariek duela gutxi ateratako argazki bat erantsi beharko dute, NANerako neurrikoa. (VI. eranskina).

Tekfinikazioko, selekzioetako eta hobekuntzako programetan, kirolarien zerrenda malgua izanen da, aldi horretan zehar kirolari gehiago sartzen ahalko baitira, betiere eskatzen diren baldintzak betetzen badira eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari jakinarazten bazaio.

Selekzioen kasuan, gainera, Espainiako Txapelketara joaten diren kirolarien zerrenda igorri beharko da txapelketa hasi aurreko astean.

b.6) Irizpide objektiboak erabiliz programetan sartzeko moduko kirolariak dauzkaten kluben eta kirol federazioaren arteko akordioa, kirol errendimenduko programa abian jarri eta gauzatzeko eta kirolariek bertan parte hartzeko. Errendimenduko programaren batean parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten kirolariak dauzkaten klub guztiek jaso beharko dute programan parte hartzeko gonbidapena, federazioak luzatua. (VIII. eranskina).

b.7) Programazioa eta metodologia. Aurreikusita dauden entrenamendu saioen egutegia erantsiko da, eta egiten diren aldaketak jakinarazi beharko dira.

b.8) Jardueren programa, egutegi baten araberakoa. Jarduera guztiak adierazi beharko dira (entrenamenduak, kontzentrazioak, prestaketarako lehiaketak, kontrol fisikoak, proba medikoak, ahal dela datak eta ordutegiak zehaztuta, clinic-ak, prestakuntza ikastaroak, etab.). Jardueraren xedea, tokia, egunak eta parte-hartzaileak zehaztuko dira. Teknifikazio taldeko kirolariek gutxienez bi proba fisiko multzo egin beharko dituzte denboraldi bakoitzean.

b.9) Instalazioak. Erabiliko diren instalazioak zehaztuko dira.

b.10) Kirol material suntsigarria edo inbentariaezina, kirol errendimenduko programarako berariazkoa dena. Zehaztu beharko da zer material den eta zein den aurreikusi den erosketa kostua. Gomendatzen da organo kudeatzailearekin aurretik hitz egitea.

b.11) Segimendurako eta ebaluaziorako prozedura. Une oro, entrenamenduaren kontrola eta erregistroa bermatuko da, eta horrek berekin ekarriko du kirolari bakoitzaren banakako bilakaeraren erregistro objektibo bat egitea, teknifikazioko kirolarien kasuan.

c) Teknifikazioko, selekzioetako eta/edo hobekuntzako programari dagozkion gastu diruz lagungarrien aurrekontua, behar bezala antolatua eta aurreko oinarriko atal bakoitzerako ezarri diren 3 taldeetan xehakatua: langile teknikoak, jarduera osagarriak eta antolamenduaren eta materialen gastuak, 2019ko irailaren 1etik azaroaren 15era bitartekoak. Eta beste aurrekontu bat 2019ko azaroaren 16tik 2020ko abuztuaren 31ra bitarterako. Beharrezkoa denean, programaren diru-sarrerak aipatuko dira (III. eranskina).

d) Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak egindako ziurtagiria, gehienez hilabeteko antzinatasuna izanen duena, egiaztatzeko eskatzailea Foru Ogasunarekiko zerga betebeharretan egunean dagoela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada egiaztapen hori NKGIk zuzenean egiteko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan.

e) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, frogatzen duena eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada egiaztapen hori NKGIk zuzenean egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ezen ez dela urratzen, onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inolako debekurik. Horretarako, II. eranskin gisa erantsitako eredua erabiliko da.

g) Hala badagokio, Nafarroako kirol federazioko lehendakariak eta idazkariak sinatutako aitorpena, zehazten duena federazioak zein dirulaguntza jaso asmo dituen beste entitate batzuetatik dirulaguntza hauen xedeko programetarako.

8.–Antolamendua eta instrukzioa.

8.1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolamendu eta instrukziorako organo arduraduna, Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Atalaren bitartez.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

8.2. Organo horrek aurkezten den dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitu dezatela eskatzen ahalko die federazio eskatzaileei.

8.3. Federazio eskatzailearen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoetan ezarri dena.

8.4. Instrukzio organoak dirulaguntzak emateko proposamena igorriko dio NKGIko zuzendari kudeatzaileari.

9.–Dirulaguntza emateko prozedura eta dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzea.

9.1. Dirulaguntzak emateko, norgehiagokako araubidea erabiliko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

9.2. Kalkulurako prozedura:

a) Lehenik, kirol federazioek aurkeztutako proiektu bakoitza baloratuko da, kontuan izanik, bakar-bakarrik, deialdi honen arabera diruz lagungarriak diren kontzeptuak.

b) Teknifikazioko eta/edo selekzioetako programengatik federazioek jasotzen duten dirulaguntza honako taula honen arabera finkatuko da, kontuan hartuta bi programak izanez gero bien batura kontabilizatuko dela:

0 eurotik 10.000 euro bitarte

%100

10.001 eurotik 15.000 euro bitarte

%99

15.001 eurotik 20.000 euro bitarte

%98

20.001 eurotik 25.000 euro bitarte

%97

25.001 eurotik 30.000 euro bitarte

%96

30.001 eurotik 35.000 euro bitarte

%95

35.001 eurotik 40.000 euro bitarte

%94

40.001 eurotik 45.000 euro bitarte

%93

45.001 eurotik 50.000 euro bitarte

%92

50.001 eurotik 55.000 euro bitarte

%91

55.000 eurotik gora

%90

c) Hobekuntzako programei dagokienez, honako taula honen arabera finkatuko da dirulaguntza:

0 eurotik 10.000 euro bitarte

%90

10.001 eurotik 25.000 euro bitarte

%85

Hobekuntzako programa bakoitzagatik diruz laguntzen ahal den zenbatekoa 25.000 euro izanen da, gehienez ere.

Hobekuntzako programak eta selekzioetako programak bateraezinak dira, argi eta garbi bereiz daitezkeen banakako edo taldeko modalitateak dituzten federazioen kasuan izan ezik.

d) Errendimenduko (teknifikazioa, selekzioak eta hobekuntza) programa guztietan gehieneko muga bat izanen da dirulaguntzetarako: 60.000,00 euro federazio bakoitzeko.

e) Aurreko kalkuluaren emaitza handiagoa bada deialdirako dagoen partida baino, aurkeztutako eskaera guztien artean hainbanaketa eginen da.

10.–Eskaera berregitea.

10.1. Aurkeztutako eskaerak aztertuta, Kirolaren Zuzendariordetzak federazio guztiei jakinaraziko die laguntzak emateko prestatu duen proposamena, eta hamar egun balioduneko epea emanen die alegazioak aurkezteko edo eskaera berriz egiteko, hurrengo atalean xedatutakoari jarraikiz.

10.2. Proposatzen den dirulaguntzarekin batera 9. oinarriko 2.e) atalean adierazitako hainbanaketa ere jakinarazten bada, federazioek zilegi izanen dute eskaera berriz egitea hasierako eskaeran adierazitako jarduera berberetarako, gastu-konpromisoak eta baldintzak kontzeptu diruz lagungarri bakoitzerako eman daitekeen zenbatekora doitzeko. Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeraren atal bakoitzerako ezarritako balorazio irizpideak ere. Irizpide hauei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Bere horretan mantenduko dira kirol federazioaren baliabide propioekin finantzatuko diren kopuruak, baita jardueraren berariazko baliabideekin finantzatuko direnak ere (babesak, etab.), hasierako eskaeran adierazi zirenak.

b) Eskaera berregin ondoren banatzen diren azkeneko dirulaguntzak finkatzean, eranskin honen 6. oinarrian ezarritako kontzeptu diruz lagungarriak errespetatu beharko dira.

c) Ez da onartuko hasierako aurrekontuaren %80tik beherako zenbatekoa ezartzen duen berregiterik.

10.3. Instrukzio organoak eskaera berregina onetsi ondoren, dokumentazio guztia organo eskudunari igorriko zaio, laguntzen gaineko behin betiko ebazpena eman dezan.

11.–Jarduera berrietarako eskaera.

11.1. Laguntzak banatzeko ebazpena eman ondoren, federazioek, instantzia bidez, jarduera berri baterako dirulaguntza eska dezakete (aurreikusitako jarduera baten funtsa aldatzea jarduera berritzat hartuko da), betiere jarduera 6. oinarriko ataletako batean sartuta badago. Hasiera batean aurreikusitako jarduera bat ordezteko eskaerak ere onartuko dira. Horri dagokionez, federazioak dirulaguntzen eskaera aurkeztu ondoren egiten direnak baizik ez dira hartuko jarduera berritzat.

Jarduera berri bakoitzerako txosten bat aurkeztu beharko da, adieraziz xedea, non egin den, eguna, parte-hartzaile kopurua, aurrekontua eta programaren gainerako zatiekin duen lotura.

Jarduera berritzat hartuko dira lehiaketetara, kontzentrazioetara, clinic-etara, prestakuntza ikastaroetara eta programan zehazten diren antzeko beste jarduera batzuetara joatearekin zerikusia dutenak.

11.2. Eskaera horiek jarduera berria egin baino 15 egun lehenago aurkeztu beharko dira, gutxienez. Eskaera kasuan kasuko jarduera egin baino lehen aurkeztu behar horren salbuespen gisa, zilegi izanen da eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik laguntzak ematearen gaineko ebazpena jakinarazi bitarte egiten diren jarduera berrietarako eskaerak ere aurkeztea, baina, betiere, eskaera aurkezten baldin bada jarduera egin aurretik.

11.3. Instrukzio organoak (Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza), behar den ofizioaren bitartez, erabakiko du eskaera onartu edo ez onartu, eta onartzeko edo atzera botatzeko arrazoiak emanen ditu.

12.–Dirulaguntzak emateko ebazpena.

12.1. NKGIko zuzendari kudeatzaileari dagokio aurkezten diren dirulaguntza-eskaerak ebaztea, batzorde teknikoak instrukzio organoari bidaliko dion proposamena ikusirik.

12.2. Laguntzen banaketaren gaineko ebazpena eman eta interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe horretan ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira.

12.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak eta zenbatekoa agertuko dira. Era berean, dirulaguntza jaso duten eskatzaileen zerrenda eta onetsitako kirol errendimenduko programak agertuko dira, eta espresuki adieraziko da, arrazoiak emanda, gainerako eskaerei uko egin zaiela, halakorik bada.

12.4. Errendimendu programa baterako dirulaguntza emateak berekin ekarriko du Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak dagokion kirol errendimenduko programa ere onestea.

12.5. Dirulaguntzak ematea, betiere, ekitaldi ekonomiko honetan deialdi honetarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

12.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.

13.–Dirulaguntza ordaintzea.

13.1. Dirulaguntzaren ordainketa, oro har, diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatu ondoren eginen da, behin hari dagozkion frogagiriak (ordainagiriak barne) 15. oinarrian xedatutakoari jarraikiz aurkeztu ondoren.

Lehen ordainketa egin baino lehen, dagokion federazioak frogatu beharko du 19. oinarrian arautzen diren gardentasun betebeharrak betetzen dituela; bestela, ordainketa ezin izanen da egin.

13.2. 2019ko ekitaldi ekonomikoaren kargurako zenbatekoetarako, ordaintzeko ebazpen bakarra emanen da 2019ko irailaren 1etik azaroaren 15era bitarte egiten diren jardueretarako.

13.3. 2020ko ekitaldi ekonomikoaren kargurako zenbatekoetarako, berriz, konturako bi ordainketa egiten ahalko dira: bat 2019ko azaroaren 16tik 2020ko otsailaren 28ra arte egindako programetarako, eta beste bat, 2020ko martxoaren 1etik ekainaren 30era bitarte egindako programetarako.

2020ko ekitaldiaren kargura egiten diren konturako ordainketak ezin dira inola ere izan ekitaldi horretarako onartutako dirulaguntzaren %80tik gorakoak.

Konturako ordainketen zenbatekoa kalkulatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Behar den justifikazio inprimakia, aurreikusitako jarduera osoaren aldean egin den jardueraren zatiarekin (V. eranskina).

b) Egindako jardueraren kirol memoria, honako hauek adierazita: programaren ebaluazioa, helburuak zenbateraino bete diren, partaide kopurua eta egindako saio eta jarduerak. Era berean, programan sartutako kirolariek eta selekzioek lortutako emaitzak baloratuko dira, kirolari bakoitzaren segimendua eta hobetu beharreko alderdiak azalduta.

Aurkeztutako frogagiriak ikusita –behin organo kudeatzaileak aztertu ondoren eta dirulaguntza emateko oinarri hartu ziren xedeak betetzen direla egiaztatu ondoren–, espedientea bukatzeko ebazpena emanen da, non 2019ko ekitaldiari dagozkion diru kopuruak likidatuko baitira, eta aurkeztutako justifikazioaren arabera ordaindu edo itzuli behar den diru kopurua ezarriko.

14.–Jardueren arteko doikuntzak.

14.1. Dirulaguntzaren helburuak oso-osorik betetzen baldin badira, zilegi izanen da aurrekontuan aldaketak egitea deialdi honetan jasotzen diren gastu diruz lagungarrien artean (langile teknikoak, jarduera osagarriak, eta antolamenduaren eta materialen gastuak), programa berekoak badira betiere. Horrenbestez, jardueraren batean justifikatutako gastuak aurreikusitakoak baino txikiagoak izan badira, ataletako batzuetan erabili gabe geratzen den kreditu hori erabiltzen ahalko da deialdi bereko eta ekitaldi ekonomiko bereko aurrekontuan sartutako beste atalen baterako, betiere justifikatutako gastuak aurreikusitakoak baino handiagoak badira, bai eta diruz lagundutako jardueren izaera bereko edo antzeko izaerako beste jarduera berri batzuetan ere (11. oinarrian ezarritako prozeduraren arabera eskatu eta baimendu baldin badira). Erabili gabeko kreditu hori “Langile teknikoak” atalerako erabiltzen ahalko da, bakar-bakarrik, baldin eta organo kudeatzaileak justifikatu eta aurretiaz baimentzen badu programarako behar gehiago sortu direla.

14.2. Aurreko puntuan azaldutako aurrekontu-aldaketak organo kudeatzaileak eginen ditu, ofizioz, baina, betiere, azkenean onartzen den aurrekontu osoaren %10 gainditu gabe. Muga horretatik gorako dirua ezin izanen da erabili horrelako doikuntzak egiteko.

14.3. Dirulaguntzak ematen dituen organoak, espedientea ixten denean, aurkezten den azken justifikazioaren arabera ebatziko du behar dena.

15.–Epea eta frogagiriak.

15.1. Frogagiriak aurkezteko epea 2019ko azaroaren 20an amaituko da 2019ko ekitaldi ekonomikoaren kargura ematen diren diru kopuruetarako, eta 2020ko irailaren 30ean, berriz, 2020ko ekitaldi ekonomikoaren kargura ematen direnetarako.

Justifikazio-kontu baten bidez eginen da justifikazioa, eta dagokion federazioko lehendakariak sinatu beharko du kontu hori.

15.2. Dirulaguntza hauen onuradun diren kirol federazio guztiek frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki, laguntzen eskaera egin bezala:

a) Egindako kirol programaren memoria, honako hauek adierazita: programaren ebaluazioa, helburuak zenbateraino bete diren, partaide kopurua eta egindako saio eta jarduerak. Era berean, programan sartutako kirolariek eta selekzioek lortutako emaitzak baloratuko dira, kirolari bakoitzaren segimendua eta hobetu beharreko alderdiak azalduta.

b) Dirulaguntzaren xedeko jardueren justifikazio-kontua, eta horrek barnean hartuko du 6. oinarrian ezarritakoaren arabera diruz lagungarriak diren gastu guztien faktura/frogagiri guztien zerrenda zenbakitu eta xehatua, kasuan kasuko programaren atal bakoitzeko ordenari jarraikiz. Zerrenda horretan adieraziko dira hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta eguna, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaintzeko eguna. Inprimaki eredu horren (IV. eranskina) ordez beste aurkezpen formal bat egin daiteke, goian adierazitako informazio guztia baldin badu.

c) Jatorrizko fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko, hornitzaile baten baino gehiagoren fakturak biltzen edo laburbiltzen dituzten fakturak aurkeztuz gero hirugarren batek luzatuak, bildutako faktura horiek ere aurkeztu beharko dira.

Kasu horretan, bai fakturak bai ordainagiriak federazioen bulegoetan gorde beharko dira NKGIk haiek berrikusteko bidaliko dituen kontu-auditoreen eskura. Beraz, ez da beharrezkoa izanen horiek NKGIn aurkeztea.

d) Dirulaguntzaren xedeko jarduerak finantzatzeko erabilitako funts berekiak edo jasotako bestelako dirulaguntzak zenbatekoak izan diren, nondik datozen eta nola aplikatu diren azaltzeko zerrenda zenbakitu eta xehatua.

e) Hornitzaileen hautaketari buruzko inprimakia (baldin ekipamendu ondasunak hornitzeko edo zerbitzuak egiteko lanen zenbatekoa 12.000,00 eurotik gorakoa bada), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluari jarraikiz.

15.3. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak justifikazio-kontu horien gaineko berrikuspen txostenak eginen ditu, Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatua dagoen jarduneko kontu-auditore baten bidez. Txosten horiek honako hauek betez eginen dira:

a) Txostenen kontratazioa NKGIk eginen du.

b) Txostena maiatzaren 17ko EHA/1413/2007 Aginduan ezarritakoarekin bat eginen da, NKGIk egiten duen lizitazioari jarraikiz. Agindu horren bidez, kontu-auditoreek dirulaguntzen justifikazio-kontuak berrikusteko jarraitu beharreko jarduketa araua onetsi zen.

15.4. Alternatiba moduan, zilegi da Nafarroako Gobernuaren beraren langileek egiten ahalko dute justifikazio-kontu horien berrikuspena.

16.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

16.1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

16.2. Deialdi honen prozedura egiten diren komunikazioak eta errekerimenduak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke helbide elektroniko gaitua. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, helbide elektroniko gaitua lortzen den helbide berean.

17.–Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten federazioek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzak ematen diren xedeetarako erabiltzea, frogagiriak ezarritako epean aurkeztea eta NKGIk egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.

b) Diruz laguntzen diren programak onetsi diren bezala gauzatzea, ezertan galarazi gabe 11. eta 14. oinarri arautzaileetan ezarritakoa.

c) Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28 artikuluaren arabera.

d) Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dela adieraztea jardueren gaineko edonolako publizitatean, NKGIk adierazten duen irudi korporatiboa jarriz.

e) Euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatzea komunikazio guztietan: paperak, inskripzio-orriak, kartelak, zabalkunderako bitartekoak, megafonia eta publizitateko logotipoak.

f) Erraztasunak ematea NGKIri diruz lagundutako programen gainean dagozkion kontrol lanak egin ditzan, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen ote den egiaztatzeko.

g) Erraztasunak ematea NKGIk kontratatutako kontu-auditoreek berrikuspen-txostenak egin ditzaten.

h) Egiaztatu eta kontrolatzeko ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko, kontabilitate-liburuak, erregistro diligentziatuak eta bestelako agiriak eduki eta mantendu beharko dira, behar bezala auditatuak, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

j) Jarduera osagarriak antolatzen direnean, federazioek Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana bete beharko dute, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere. Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta behar diren neurriak ere hondakinak bereiziko direla bermatzeko, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), ikuskizuna non egiten den, hango hondakinak kudeatzeaz arduratzen den entitatearen kudeaketa-arauekin bat. 2020tik aurrera ezin izanen da plastikozko poltsarik erabili, salbu eta plastiko konpostagarrizko poltsak badira, eta betiere betetzen baldin badituzte 13432:2000 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako betebeharrak. Poltsa horiek ezin izanen dira doan eman edo banatu. Halaber, ez da plastikozko plater, edalontzi, kikara edo erretilurik erabiliko, betiere erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio eremuan sartzen ez badira (salbuespena izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, prozesu organiko edo mekanikoen bidez birziklatu ezin badira.

k) Datu pertsonalen babesari buruzko araudia betetzea, hala horrelako datuak jasotzen direnean, nola Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari jakinarazten zaizkionean. Federazioek NKGIri datu pertsonalak jakinarazten dizkiotenean, deialdi hau kudeatu eta izapidatzeko helburuarekin eginen da, bakar-bakarrik, baita, NKGIk errendimenduko programak onesteari begira, deialdian ezarrita dauden betebeharren jarraipena egiteko, gainbegiratzeko eta kontrolatzeko ere. Hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz.

18.–Bateragarritasuna.

18.1. Deialdi honetako dirulaguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu edo partikular batzuek xede berean erabiltzeko ematen dituztenekin batzen ahalko dira.

18.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Nolanahi ere, dirulaguntza hauen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin baturik, gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

18.3. Aurreko atalean ezarritako komunikazio betebeharra betetzen ez bada, eta onuradunek informazioa faltsutzen badute, jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko dira, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik itzuleraren bidezkotasuna erabakitzen den arte sorrarazitako berandutze-interesak ere. Halako kasuetan, dirua itzultzeko betebeharraz gain, bestelako zehapen batzuk ere ezartzen ahalko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan ezarritako zehapen araubidearekin bat.

19.–Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, federazio onuradunek dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafarroako Gobernuko Erregistro Elektronikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horretan arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

20.–Azpikontratazioa.

Federazio onuradunek zilegi dute diruz lagundutako jarduerak %100ean azpikontratatzea. Nolanahi ere, kontzeptu honetatik kanpo geldituko da diruz laguntzen den jarduera onuradunak berak egiteko beharrezkoak diren gastuen kontratazioa.

Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako gainerako aurreikuspenak ere bete beharko dira. Zehazki, hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egiteko kontratua idatziz sinatu beharko da.

21.–Hornitzaileak kontratatzea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedaturikoarekin bat, ekipamendu ondasunak eskuratzen direnean edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzuak ematen dituztenean, gastu diruz lagungarrien zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, federazio onuradunak frogatu beharko du organo emailearen aurrean efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela hornitzailea.

Kasu horietan, federazio onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsulta-tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

22.–Ez-betetzeak.

22.1. Deialdi honetako oinarri arautzaileetan ezarritakoa betetzen ez bada –bereziki onuradunen betebeharrei buruzko atalean eta hirugarren oinarrian ezarrita dagoena eta onesten den programaren nondik-norakoak betetzeari dagokiona–, datu faltsuak ematen badira edo dirulaguntzaren xedea aldatzen bada NKGIren baimenik gabe, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, dagozkion berandutze-interesekin batera. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako dirulaguntza-eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

22.2. Dirulaguntzen ordainketa partzialak egin badira eta onuradunek epez kanpo aurkezten badituzte egiaztagiriak, bidezkoa izanen da ordaintzeko falta den dirulaguntza osorik edo partez galtzea, deusetan galarazi gabe jasotako zenbatekoak itzuli beharra, dagozkion berandutze-interesekin batera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat.

22.3. Nolanahi ere, onuradunak bere betebeharrak ia osorik bete baditu eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten badu, eman beharreko dirulaguntza edo, hala bada, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

23.–Errekurtsoak.

23.1. Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

23.2. Orobat, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

24.–Legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1908034