127. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

33E/2019 FORU AGINDUA, ekainaren 5ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, “Arte eszenikoetako, musikaletako eta plastikoetako profesionalek birak egiteko eta azoka, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko laguntzen 2019ko deialdia (Artem Exporta)” onesten duena. DDBN identifikazioa: 460079.

Kultur Ekintza Zerbitzuak egin duen txostenean proposatu du “Arte eszenikoetako, musikaletako eta plastikoetako profesionalek birak egiteko eta azoka, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko laguntzen 2019ko deialdia (Artem Exporta)” eta bere oinarri arautzaileak onestea, 21.914 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak eta baldintzak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Arte eszenikoetako, musikaletako eta plastikoetako profesionalek birak egiteko eta azoka, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko laguntzen 2019ko deialdia (Artem Exporta)” onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Laguntzak emateko 21.914 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Aurrekontu Orokorren barneko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2019rako gastu-aurrekontuko partida honen kargura: A20002-A2510-4709-334103 partida, “Artem Exporta: arte eszenikoen arloko ekitaldiak, jaialdiak eta lehiaketak egiteko laguntzak” izenekoa.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2510-4709-334103: Artem Exporta: arte eszenikoen arloko ekitaldiak, jaialdiak eta lehiaketak egiteko laguntzak

2019

21.914,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko ekainaren 5ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

ARTE ESZENIKOETAKO, MUSIKALETAKO ETA PLASTIKOETAKO PROFESIONALEK BIRAK EGITEKO ETA AZOKA,
JAIALDI ETA EKITALDI PROFESIONALETAN PARTE HARTZEKO LAGUNTZEN 2019KO DEIALDIAREN (ARTEM EXPORTA)
OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdiak xede du banakako ebaluazioaren araubidean arautzea arte eszeniko eta musikaletako artista eta enpresek produkzioak Nafarroatik kanpo kontratatzeko mugikortasun laguntzak eta arte eszenikoetako, musikaletako eta plastikoetako artista, banatzaile eta enpresa profesionalek azoka, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko laguntzak, Nafarroako artearen sektore profesionalari sostengua emateko eta haien proiekzioa Foru Komunitatetik kanpora sustatzeko.

1.2. Deialdiak bi modalitate ditu:

A) modalitatea, arte eszenikoetako eta musikaletako produkzioen mugikortasun proiektuetarako, baldin Nafarroako konpainiek eta/edo artistek sortuak edo Nafarroako enpresek banatuak badira (hau da, Foru Komunitatetik kanpoko emanaldien kontratazioa).

B) modalitatea, Foru Komunitateko artistek, enpresa ekoizleek eta banatzaileek Nafarroatik kanpoko azoka, merkatu, jaialdi eta bestelako ekitaldi profesionaletan parte hartzeko, baldin arte eszenikoak, musikalak eta plastikoak sustatzekoak badira.

Aurkezten ahal diren proiektuak Nafarroako konpainien, ekoizleen eta/edo artisten arte eszeniko, musikal eta plastikoen produkzioak izanen dira.

Pertsona edo entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du modalitate bakoitzean.

1.3. Deialdi honen xedeko jarduerak 2018ko azaroaren 19tik 2019ko azaroaren 17ra bitarte eginen dira, biak barne.

2.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Nafarroako Foru Komunitatekoak diren edo gutxienez ere 2018ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik dauden pertsona fisikoak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun komunitateak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

Entitate horiek helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izanen dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez ere 2018ko urtarrilaren 1etik.

Gainera, helburu sozial gisa, edo estatutuen arabera, xede edo helburu sozial izanen dute jarduera plastiko, eszeniko edo musikalak egitea.

2.2. Aurreko atalean aipatutako pertsona edo entitateek alta emanik egon behar dute, eskaera aurkezteko unean, oinarri hauen 4.3 puntuan aipatutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean.

2.3. Laguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2019ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Arte ikasketen ikastetxeak, musikako, dantzako eta beste arte arlo batzuetako eskolak eta/edo akademiak.

e) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten entitate eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

2.5. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsona eta entitateei.

3.–Deialdiaren zenbatekoa.

3.1. Deialdiak 21.914 euroko zenbatekoa izanen du, honela banatuta:

• 16.914 euro A modalitateko laguntzetarako.

• 5.000 euro B modalitateko laguntzetarako.

3.2. Laguntzek diru muga hauek izanen dituzte:

–A modalitatea: eskatzaile bakoitzaren laguntza ez da 3.000 eurotik gorakoa izanen.

–B modalitatean, laguntza ez da 1.000 eurotik gorakoa izanen azoka, merkatu, jaialdi edo ekitaldi profesional bakoitzeko, eta eskatzaile bakoitzari 1.500 euro emanen zaizkio gehienez.

3.3. Deialdi honetan, eskatzaile bakoitzak gehienez ere 4.500 euroko laguntza jasotzen ahalko du.

3.4. Diruz lagundutako proiektu bakoitzerako, modalitatea edozein izanik ere, laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat diruz lagungarriak ez diren zenbatekoak kenduta.

3.5. Aipatutako muga horiek betetzen badira, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginez, laguntzaren zenbatekoa eskatzaileek eskatutakoa izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.

3.6. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta espedienteak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

3.7. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, dirulaguntzarik jaso ez duen hurrengo eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.8. Aurrekontuko dirua deialdi honek ezarritako epeetan bukatzen bada, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, itxitzat emanen du eskaerak onartzeko epea, xede horretarako ezarritako funtsak amaitu direlako. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da.

4.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurkezten ahalko dira eskaerak, 2019ko urriaren 2ra arte.

4.2. Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea geroago aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoko fitxaren baitan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4.3. Eskaeraren berariazko inprimakiari (I. eranskina) erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko da.

a) Eskaera aurkezteko unean ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe hauetako batean alta emanik egotearen frogagiria (egoki den udalak emana):

1. atala (enpresa jarduerak): 96 edo 99 multzoak.

2. atala (jarduera profesionalak): 85 eta 86 multzoak.

3. atala (jarduera artistikoak): 1, 2 edo 3 multzoak.

b) Pertsona fisikoak ez diren eskatzaileen kasuan, gainera, sozietatearen kontratuaren kopia, eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia eta Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena.

c) Eskatzailearen IFZ edo IFK.

d) Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak (4. eranskina).

e) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa. Proiektuaren deskribapena gehienez ere 30 foliotan egin beharko da, eta, horietatik, zabalkunde planaren deskribapena DIN A4 neurriko 6 orritan eginen da gehienez ere, alde batetik idatzirik, gutxienez ere 11 puntuko letra mota arruntarekin.

f) Proiektuaren datu ekonomikoak III. eranskinean jakinarazi beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

4.4. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurreko puntuko a), b) eta c) ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.5. Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.6. Prozesuan noiznahi ere, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta oinarri hauetan ezarritako epean egiten direnak.

Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Ondorio horietarako, hauek dira gastu diruz lagungarriak, modalitatea zein den:

A modalitatea: arte eszenikoetako eta musikaletako produkzioen mugikortasun proiektuetarako, baldin Nafarroako konpainiek eta/edo artistek sortuak edo Nafarroako enpresek banatuak badira (hau da, Foru Komunitatetik kanpoko emanaldien kontratazioa).

–Langileak kontratatzeko gastuak eta gastu sozialak (Gizarte Segurantza eta antzekoak).

–Talde tekniko eta artistikoko kideen ostatu gastuak, dietak eta bidaia gastuak, bai eta emanaldia egiteko beharrezkoak diren garraio gastuak ere, kopuru hauek gainditu gabe:

  • Ostatua eta dietak: Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako eta 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17koan, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatuko dira gastuak. Deialdi honen ondorioetarako, dieta gastutzat hartuko dira otordu nagusiei dagozkienak soilik (bazkaria eta afaria). Dieten gastuak kalkulatzeko, kontuan hartuko da emanaldia/bira dela eta mugitu diren pertsonen, artisten eta/edo teknikarien kopurua.
  • Bidaiak: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekua.
  • Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da. Joan-etorrien gastuak lotuta badaude emanaldi bat baino gehiago duen bira batekin, talde artistikoak edo artistak joan-etorri bakarra sar dezake kontzeptu horretan.
  • Emanaldia egiteko beharrezkoak diren garraioak: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Furgoneta edo zamalanetarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, zero koma berrogei (0,40) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekuetakoak.

Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua egoitza soziala edo pertsona fisikoaren helbidea izanen da. Laguntza eskatzen bada produkzio baten bira egiteko zenbait herritan, tarteko ibilbideak gehituko zaizkio joan-etorriaren distantziari, kilometrajea kalkulatzeko.

B modalitatea: Foru Komunitateko artistek, enpresa ekoizleek eta banatzaileek azoka, merkatu, jaialdi eta bestelako ekitaldi profesionaletan parte hartzeko, baldin arte eszenikoak, musikalak eta plastikoak sustatzekoak badira.

–Ekitaldira joaten direnek (artistak, konpainia eta/edo enpresa banatzailearen ordezkariak) dituzten ostatu gastuak, dietak eta joan-etorrien gastuak, eta izena emateko gastuak, erakustokiak alokatu eta egokitzea, eta emanaldien edo aurkezpenen gastuak. Gehienez, kopuru hauek:

  • Ostatua eta dietak: Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako eta 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17koan, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatuko dira gastuak. Deialdi honen ondorioetarako, dieta gastutzat hartuko dira otordu nagusiei dagozkienak soilik (bazkaria eta afaria). Dieten gastuak kalkulatzeko, kontuan hartuko da emanaldia/bira dela eta mugitu diren pertsonen, artisten eta/edo teknikarien kopurua.
  • Bidaiak: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekua.
  • Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.
  • Emanaldia egiteko beharrezkoak diren elementuen garraioa: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Furgoneta edo zamalanetarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, zero koma berrogei (0,40) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekuetakoak.
  • Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua enpresaren egoitza soziala edo artistaren helbidea izanen da.
  • Akreditazio gastuak, azoka eta ekitaldi profesionaletan instalatzea eta/edo erakustokia eta bestelako ekipoak alokatzea, inprimatutako materialak eta seinaleak, ekitaldirako berariaz eginak badira (kanpo direla diseinuaren eta/edo maketazioaren gastuak eta komunikazioaren eta publizitatearen beste batzuk).

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

b) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeena, bai eta antzeko zergak ere.

c) Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

Kasu honetan, horien amortizazioa izan ezik, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera (114/2017 Foru Dekretua, sozietateen gaineko zergaren erregelamendua onesten duena).

d) Jardunbide egokiekin eta gardentasunarekin bateragarriak ez diren guztiak.

6.–Eskaeren tramitazioa eta ebaluazioa.

6.1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak, banakako ebaluazioaren araubidean.

Ebaluazio prozesu osoan zehar, eskatzaileen agerraldia eska daiteke, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

6.2. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du.

Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.5 oinarrian zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

6.3. Kultur Ekintza Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusirik, laguntzak ematea proposatuko du.

7.–Proiektuen balorazioa.

Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak, modalitateen arabera:

7.1. A modalitatea (100 puntu).

7.1.1. Proiektuaren ezaugarriak (50 puntu gehienez).

–Emanaldi kopurua:

  • Emanaldi solteak badira: 10 puntu, emanaldi bakoitzeko.
  • Birak badira (gutxienez 4 emanaldi deialdiaren epearen barnean): 12 puntu, emanaldi bakoitzeko.

–Espazio eszenikoen kokalekuak:

  • Foru Komunitatearekin mugakide diren lurraldeetan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Errioxa, Aragoi, Akitania Berria): 5 puntu, espazio eszeniko bakoitzeko.
  • Estatuko gainerako lurraldeak: 8 puntu, espazio eszeniko bakoitzeko.
  • Estatutik kanpo (Akitania Berria izan ezik): 10 puntu, espazio eszeniko bakoitzeko.

–Dirulaguntzaren xedeko produkzioarekin lortutako sariak (zuzendaria, autorea...): puntu bat sari bakoitzeko.

7.1.2. Eskaera egiten duen artistaren, enpresa ekoizlearen edo banatzailearen ibilbidea (gehienez 30 puntu).

–Jarduera: 5 puntu azken 5 urteetan ekoitzitako produkzio garrantzitsu bakoitzeko.

–Ibilbidea: puntu bat konpainiak edo artistak jardunean egindako urte oso bakoitzeko. (10 puntu gehienez).

  • 10 urtetik gora: 10 puntu.
  • 9 urte: 9 puntu.
  • 8 urte: 8 puntu.
  • 7 urte: 7 puntu.
  • 6 urte: 6 puntu.
  • 5 urte: 5 puntu.
  • 4 urte: 4 puntu.
  • 3 urte: 3 puntu.
  • 2 urte: 2 puntu.
  • Urtebete: puntu bat.

–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren azken 5 urteetako deialdietan Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektua izatea:

  • 4 puntu, eskatzaileak jasotako dirulaguntza bakoitzeko.
  • 2 puntu, onartu bai baina dirulaguntzarik gabe utzitako proiektu bakoitzeko (deialdian diru aski ez egoteagatik).

7.1.3. Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (15 puntu gehienez).

–Proiektuaren aurrekontu onartu osoarekin alderatuta (BEZa gabe), eskatutako dirulaguntzaren portzentajea.

  • %40 arte: 15 puntu.
  • %40tik gora %45 arte: 14 puntu.
  • %45etik gora %50 arte: 13 puntu.
  • %50etik gora %55 arte: 12 puntu.
  • %55etik gora %60 arte: 10 puntu.
  • %60tik gora %65 arte: 7,5 puntu.
  • %65etik gora %70 arte: 5 puntu.

7.1.4. Nafarroako kultura zabaltzea eta euskara erabiltzea (5 puntu).

a) Nafarroako kultura zabaltzea bere egileak sustatuz (2 puntu gehienez).

b) Euskara erabiltzea proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean (3 puntu gehienez).

7.2. B modalitatea (100 puntu).

7.2.1. Proiektuaren ezaugarriak (gehienez ere 50 puntu):

a) Azokaren/merkatuaren/jaialdiaren eta/edo ekitaldi profesionalaren eremua.

–Foru Komunitatearekin mugakide diren lurraldeetan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Errioxa, Aragoi, Akitania Berria): 5 puntu.

–Estatuko beste lurralde batzuk: 10 puntu.

–Nazioartea (Akitania Berria izan ezik): 15 puntu.

b) Parte-hartze mota (15 puntu gehienez).

–Bertaratzea egunez egun: 5 puntu bertaratze-egun bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu.

–Bertaratzea, erakustoki partekatua izanda: 10 puntu.

–Bertaratzea, norberaren erakustokia izanda: 15 puntu.

c) Emanaldia edo produkzio artistikoaren erakustaldia (15 puntu gehienez).

Kasu horretan, informazio-dosierra erantsi beharko da, hauek adierazita: obraren izena, diziplina artistikoa, fitxa artistikoa eta fitxa teknikoa.

–15 puntu baldin lanaren emanaldi osoa bada.

–10 puntu baldin lanaren emanaldi partziala bada.

d) Parte hartzen duten talde artistikoko kideen portzentajea (15 puntu gehienez).

–Eskaera egiten duen artista edo konpainiaren %100 joaten bada: 15 puntu.

–Konpainiako edo talde artistikoko %100 baino gutxiago eta %49 baino gehiago joaten bada: 10 puntu.

–Konpainiako edo talde artistikoko %50 baino gutxiago joaten bada: 5 puntu.

–Ikuskizuna egiten duen enpresa bakarrik joaten bada: 5 puntu.

7.2.2. Eskaera egiten duen artistaren, enpresa ekoizlearen eta/edo banatzailearen ibilbidea (gehienez 30 puntu).

–Jarduera: 5 puntu azken 5 urteetan ekoitzitako eta/edo banatutako produkzio garrantzitsu bakoitzeko.

–Ibilbidea: puntu bat eskaera egiten duen artistak, enpresa ekoizleak eta/edo banatzaileak jardunean egindako urte oso bakoitzeko. 10 puntu arte.

  • 10 urtetik gora: 10 puntu.
  • 9 urte: 9 puntu.
  • 8 urte: 8 puntu.
  • 7 urte: 7 puntu.
  • 6 urte: 6 puntu.
  • 5 urte: 5 puntu.
  • 4 urte: 4 puntu.
  • 3 urte: 3 puntu.
  • 2 urte: 2 puntu.
  • Urtebete: puntu bat.

–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren azken 5 urteetako deialdietan Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektua izatea:

  • 4 puntu, eskatzaileak jasotako dirulaguntza bakoitzeko.
  • 2 puntu, onartu bai baina dirulaguntzarik gabe utzitako proiektu bakoitzeko (deialdian diru aski ez egoteagatik).

7.2.3. Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (15 puntu gehienez).

–Proiektuaren aurrekontu onartu osoarekin alderatuta (BEZa gabe), eskatutako dirulaguntzaren portzentajea.

  • %40 arte: 15 puntu.
  • %40tik gora %45 arte: 14 puntu.
  • %45etik gora %50 arte: 13 puntu.
  • %50etik gora %55 arte: 12 puntu.
  • %55etik gora %60 arte: 10 puntu.
  • %60tik gora %65 arte: 7,5 puntu.
  • %65etik gora %70 arte: 5 puntu.

7.2.4. Nafarroako kultura zabaltzea eta euskara erabiltzea (5 puntu).

a) Nafarroako kultura zabaltzea bere egileak sustatuz (2 puntu gehienez).

b) Euskara erabiltzea proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean (3 puntu gehienez).

7.3. Proiektuen balorazioa egin ahal izateko, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskaera aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian jakinaraziko da.

7.4. Aurreko irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari. Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

7.5. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo funsgabeak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8.–Laguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak emateko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaera bakoitza jaso eta biharamunetik hasita.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Dirulaguntza hau emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

Horretaz gainera, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskabidean berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki-taulan ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea 39, Iruña).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz.

Presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, interesdunek Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalera jo dezakete, seccion.creacion.artistica@navarra.es helbide elektronikoaren bidez edo 848 4247843 telefonoaren bidez.

9.–Diruz lagundutako proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira, baldin eta helbide fiskala Nafarroan duten pertsona fisikoek edo juridikoek eta entitateek egiten badituzte, eta horiek ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean alta emanda badaude (legearen 4.f) artikuluan aipatzen dira), arau horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek 12. oinarrian aipaturiko azken memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu beharko dute laguntza horiek zer eragin izan duten diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira.

10.–Onuradunek bete beharrekoak.

10.1. Onuradunek (salbu eta pertsona fisikoak direnak) dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunek gardentasuna betebeharraren aitorpena eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz (dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen ditu).

Aitorpen eredua eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalaren bidez.

Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

10.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalean justifikatu beharko da diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egindako proiektuak direla ulertuko da.

10.5. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari jakinarazi beharko diote proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, hura gertatu eta berehala, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak funtsean aldatzen ez badu onetsitako proiektua.

10.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela.

Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute onuradunek, eta hori deskribatzen duen testu bat erakutsi (Diruz laguntzen du:...).

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/, eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.

10.7. Noiznahi ere onartuko da Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri emanen zaio Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

10.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordeko dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

10.11. Laguntzaren onuradunek ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko dute, proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko dute, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

10.12. Kudeaketa lanean konpromiso etikoa begiratzearren, eskatzaileak konpromisoa hartu beharko du jardun egokiak izateko diruz laguntzen den jardueraren garapenean, bereziki lan eskubide eta betebehar oinarrizkoen esparruan.

11.–Ordainketa.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Oro har:

Oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren %25, %50, %75 eta %100 egindakoan.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

11.2. Konturako ordainketak:

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

c) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

d) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

11.3. Salbuespenez:

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere.

Horretarako, entitateak Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari eskatu egin beharko dio, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funts horiek aldez aurretik eskuratu beharra duela justifikatzeko dokumentazio egokia aurkeztuz: egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko dauzkan gastuak (hilabeteka banatua) eta jasotzeko dauzkan ordainketak, proiektuarekin lotutakoak.

12.–Justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntza likidatzeko, onuradunek ondoren aipatzen diren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte proiektua bukatu eta bi hilabeteko epean; betiere, azken eguna 2019ko azaroaren 26a izanen da, egun hori barne.

Laguntza ematea onartzen den unean dirulaguntzaren xedeko jarduera bukatu dutenek edo azoka/merkatu/ekitaldi profesional edo jaialdira joan direnek laguntza onartu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa, eta, betiere, azkeneko eguna 2019ko azaroaren 26a izanen da beranduenez.

Aurkeztu beharreko agirien zerrenda:

a) Proiektuaren bukaerako memoria.

b) Proiektuan egindako jarduerei buruzko ebaluazio txostena.

c) Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

d) A modalitaterako: emanaldiaren kontratuak edo ziurtagiriak.

B modalitaterako: bertaratze ziurtagiria, erakunde antolatzaileak luzatua, edo, bestela, parte-hartzaileen zerrenda ofiziala.

e) 11.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa.

12.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea galduko da.

12.3. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren emakidan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, ordaindu izanaren frogagiriak badituzte.

13.–Beste dirulaguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

13.1. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

13.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13.3. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira merkatu bateratuarekin, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 53.2.d) artikuluari jarraikiz. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

14.–Dirua itzultzea.

Onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

16.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua.

II. ERANSKINA

Deskripzio-memoria, emanaldiak Foru Komunitatetik kanpo kontratatzeko.

Deskripzio-memoria, azoka, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko.

III. eranskina

Mugigarritasunaren aurrekontua (kontratazioa).

Azoka, merkatu, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan parte hartzearen aurrekontua.

IV. eranskina

Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1907878