121. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

960/2019 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, “Mendiorozko putzu septikoa berritzea” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko egunak adierazten dituena, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren azaroaren 13ko 926/2018 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren aipatu proiektua eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, hamabost egunez.

Aipatutako proiektua eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onetsi zituen Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, apirilaren 15eko 552/2019 Ebazpenaren bidez.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak apirilaren 15ean emandako 552/2019 Ebazpenaren bidez jendaurrean jarri ziren aipatu proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, hamabost egunez.

Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 29an hartutako Erabakiaren bidez, presakotzat deklaratu zen proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzearren, eta hala eman zen argitara 2019ko 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 10ekoan.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei eta Lizoaingo alkateari dei egitea, 2019ko uztailaren 4an bertako udaletxean ager daitezen, ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu aurreko aktak egitera, eta bidezkoa bada, baita behin betiko okupaziokoak ere.

2. Ukitutakoek berek agertu beharko dute ekitaldi horretara, edo haien izenean aritzeko behar bezala baimenduta dauden ordezkariek, titulartasuna frogatzen duten agiriak eta kontribuzioaren azken ordainagiria aldean dituztela. Halaber, nahi izanez gero, peritua eta/edo notarioa eraman ditzakete, nork bere kontura.

3. Ana Rodríguez Hidalgo, María Dolores Reyero Santamaría eta Pedro Gracia Araiz jaun-andreak izendatzea Administrazioaren ordezkari, okupazioaren aurreko, adostasuneko, okupazioko eta ordainketako aktak eta bidezkoak diren gainerako agiriak sina ditzan haietako edozeinek.

4. Honako hauek izendatzea Administrazioko peritu: Ainhoa Barberia Quiroz, Gabriel Olagüe Santesteban eta Anabel Beunza Munárriz jaun-andreak, haietako edozein.

5. Ebazpen hau argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitateko bi egunkaritan, Itzagako Mankomunitateko eta Lizoaingo udaletxeko iragarki tauletan, eta ukituriko titularrei jakinaraztea, banakako zitazio zedulen bidez. Orobat, ohartarazten da argitalpena Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 59.5 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako ere egiten dela, titularra ezezaguna edo helbide ezagunik gabea den kasuetarako.

Iruñean, 2019ko ekainaren 19an.–Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

Iragarkiaren kodea: F1908260