119. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko apirilaren 25ean hartua, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilaren 10ean hartutako Erabakia, “Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako fundazioa” izeneko fundazioaren eraketa onetsi zuena, bai eta aldatu ere haren estatutuak.

Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilaren 10ean hartutako Erabakiak “Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako fundazioa” izeneko fundazio publikoaren eraketa, hura arautzen duten estatutuak eta hura erakunde instrumentaltzat jotzea onetsi zituen.

Behin Fundazioaren jarduna hasita, bidezkotzat jotzen da eskaini behar dituen zerbitzuak –eratzeko espedientean aurreikusiak– zehaztea; horren ondorioz, Fundazioaren entitate instrumentalaren izaera indarrik gabe geldituko da. Era berean, bidezkotzat jotzen da haren euskarazko izena sartzea, bai eta patronatuaren osaera aldatzea ere, berdintasunaren arloan eskuduna den erakundea sartzeko.

Fundazioaren estatutuen 41. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Aldatzea Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilaren 10ean hartutako Erabakia, zeinaren bidez “Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako fundazioa” izeneko fundazio publikoaren eraketa onetsi baitzen, hura entitate instrumentaltzat jotzen zuen 4. atala ondoriorik gabe utzita.

2. Fundazioaren estatutuak aldatzea, ondoren esaten denaren arabera:

a) 1. artikuluaren lehenbiziko atala (“Izena eta izaera”) aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1.–Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Bildumaren edo Foru Berriaren 44. legean xedatutakoaren babesean, ‘Gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako fundazioa’ izeneko fundazio publikoa eratzen da. Haren euskarazko izena ‘Gizain Fundazioa’ izanen da.”

b) 3. artikuluaren 4. atala kentzen da.

c) 8. artikuluan (“Fundazioaren helburuak”) 1. atala aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1.–Fundazioaren helburua da honako hauek zuzenean kudeatzea, egitea eta egikaritzea:

–Gizarte zerbitzuetako zentroak,

–Babesgabetasuna edo gizarte gatazkako egoerak dituzten adingabekoentzako behaketa eta harrera zerbitzuak,

–Eguneko zentroa, neurri judizialak ingurune irekian betetzeko zerbitzuaren barruan.

Aipatu zerbitzuak eskainiko dira gizarte zerbitzuen eta adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen araudian finkatutako baldintzen arabera.

Zerbitzu horiek nagusiki fundazioak eman beharko ditu, eta ezin izanen ditu hirugarrenen eskutan utzi inongo negozio juridikoren bidez”.

d) 11. artikuluko 1. atala aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1.–Onuradunen hautaketa zehaztuko da zerbitzu bakoitzerako indarrean dagoen araudiari jarraikiz eta, nolanahi ere, Nafarroako Gobernuak erabakitzen duenari jarraikiz”.

e) 14.2.a artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“2.–Patronatua berezko kideek eta hautapen bidezko kideek osatzen dute.

a) Honako hauek dira berezko kideak:

–Nafarroako Gobernuko politika sozialen arloan eskumena duen departamentuaren titularra, fundazioko buru izanen dena.

–Gizarteratzearen eta babes sozialaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.

–Pertsonen autonomiaren eta garapenaren arloan eskumena duen erakundearen edo unitate administratiboaren titularra.

–Politika sozialen ebaluazioaren eta planifikazioaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.

–Familien eta adingabekoen arloan eskumena duen unitate administratiboaren titularra.

–Gizarte politiken arloan eskumenak dituen departamentuko idazkaritza tekniko nagusiaren titularra.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politiken arloan eta genero indarkeriari aurre egiteko jardunaren arloan eskumena duen erakundearen edo unitate administratiboaren titularra.

–Lehendakaritzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra”.

3. Ahalmena ematea Eskubide Sozialetako kontseilari Miguel Laparra Navarro jaunari estatutuen aldaketa eskritura publiko bihurtzeko eta horri buruz egin behar diren tramite guztiak egiteko.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, estatutuekin batera, behin horiek eskritura publiko bihurtu ondoren.

Iruñean, 2019ko apirilaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

GIZARTE ZERBITZUAK KUDEATZEKO NAFARROAKO FUNDAZIOA

ESTATUTUAK

LEHEN TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izena eta izaera.

1.–Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Bildumaren edo Foru Berriaren 44. legean xedatutakoaren babesean, “Gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako fundazioa” izeneko fundazio publikoa eratzen da. Haren euskarazko izena “Gizain Fundazioa” izanen da.

2.–Fundazioak ez du irabazi asmorik eta fundazio publikoa da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Horrez gain, iraunkorra da.

2. artikulua. Nortasuna eta gaitasuna.

Eratu den fundazioak nortasun juridiko propioa du eta jarduteko ahalmen osoa, Nafarroako Foru Berriaren 43.6 eta 45. legeek agintzen dutenaren arabera; zilegi du, beraz, bere sorrerako helburua betetzeko behar diren egintza guztiak egiteko, aplikatzen ahal diren lege xedapenek eta estatutu hauetan finkatutakoek ezarritako mugak baino ez dituela.

3. artikulua. Araubidea.

1.–Estatutu hauek, estatutuak interpretatu eta garatzeko Patronatuak ezartzen dituen arauek, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumak edo Nafarroako Foru Berriak, eta antolamendu juridiko pribatuak arautuko dute fundazioa, kontratazioaren, aurrekontuen, kontabilitatearen eta finantza kontrolaren arloan aplika daitekeen administrazio araudian ezartzen diren berezitasunen kalterik gabe.

2.–Fundazioak izaera publikoa du, eta men eginen die Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 125. eta 126. artikuluetan xedatutakoari eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean entitate horietarako ezarritakoari.

3.–Fundazioa dago Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Lege indardunean ezarritako zerga araubidearen mendean.

4. artikulua. Helbidea.

Fundazioaren egoitza González Tablas kalean dago, 7 zenbakian, Iruñeko udal-mugartean, PK: 31005.

Patronatuak erabaki eta gero, egoitza hori lekualdatzen ahalko da, Nafarroako Foru Komunitatearen barnean.

Jarduerak garatzeko, Patronatuak foru lurraldeko beste toki batzuetan establezimenduak edo ordezkaritzak sortzea erabakitzen ahalko du.

5. artikulua. Jarduera.

1.–Eremua. Fundazioak, batez ere, Nafarroan eginen ditu bere jarduerak.

Aurrekoa gorabehera, beste erakunde, elkarte edo antzeko batzuekin egindako lankidetza edo truke hitzarmenen bidez arrazoituta, esparru horretatik kanpo egiten ahalko dira jarduera batzuk. Horretarako, Patronatuak erabakia hartu beharko du, kideen bi herenen gehiengoari esker.

2.–Gardentasuna. Fundazioak bere jarduketetan men egin beharko die gardentasun betebeharrei, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean (edo hura ordezten duen araudian) xedatu bezala.

6. artikulua. Iraupena.

Fundazioak iraupen mugagabea du, alde batera utzi gabe estatutu hauetan eta aplikatu beharreko lege xedapenetan aurreikusitako iraungitze kasuak.

BIGARREN TITULUA

Fundazioaren helburua, onuradunak zehazteko oinarrizko arauak,
eta fundazioaren xedeak betetzeko baliabideak aplikatzea

7. artikulua. Jarduketa printzipioak.

Fundazioak ondoko betebeharrak izanen ditu:

a) Araudi aplikagarriaren eta fundazioaren estatutuen arabera, ondarea eta errentak fundazioaren xedeetarako erabiltzea.

b) Bere xedeei eta jarduerei buruzko behar bezalako informazioa ematea, balizko onuradunek, gainerako interesdunek eta herritarrek horien berri izan dezaten.

c) Onuradunak zehazterakoan, inpartzialtasunaren eta bereizketarik ezaren irizpideei jarraikiz jardutea.

8. artikulua. Fundazioaren xedeak.

1.–Fundazioaren helburua da honako hauek zuzenean kudeatzea, egitea eta egikaritzea:

–gizarte zerbitzuetako zentroak,

–babesgabetasuna edo gizarte gatazkako egoerak dituzten adingabekoentzako behaketa eta harrera zerbitzuak,

–eguneko zentroa, neurri judizialak ingurune irekian betetzeko zerbitzuaren barruan.

Aipatu zerbitzuak eskainiko dira gizarte zerbitzuen eta adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen araudian finkatutako baldintzen arabera.

Zerbitzu horiek nagusiki fundazioak eman beharko ditu, eta ezin izanen ditu hirugarrenen eskutan utzi inongo negozio juridikoren bidez.

2.–Bere jarduera erabiliz, fundazioak honako hauek egiten ahalko ditu: sariak, bekak eta laguntzak eman; irakaskuntza, ikerketa, arte, kultur, teknika edo kirol jarduerak osorik edo zati batean finantzatu; argitalpenak argitaratu edo merkaturatu; kultur, irakaskuntza, kirol eta gizarte programak garatzeko asmoz administrazio, enpresa eta fundazio publikoekin eta pribatuekin kontratuak eta hitzarmenak sinatu; erakunde publikoek eta pribatuek emandako laguntzak entitate kolaboratzaile edo sustatzaile gisa kudeatu; eta, oro har, xedeak hobeto lortzera bideratzen diren ekintza guztiak gauzatu.

9. artikulua. Eginkizunak.

Bere eginkizunetarako, Fundazioak programa espezifikoak gauzatuko ditu; zerbitzu publikoak emateko edo kudeatzeko jarduerak eginen ditu; bere zentro propioak ustiatuko ditu; atxikitako ondasunak kudeatuko ditu; ikerketak, txostenak, estatistikak eta fundazio helburuarekin lotutako beste jarduera batzuk eginen ditu, bere ekimenez edo beste batzuek eskatuta.

10. artikulua. Jarduerak.

Patronatuak erabateko askatasuna izanen du fundazioaren jarduerak zehazteko, haren iritziz eta xedeak betetzearren, une bakoitzean egokienak edo komenigarrienak diren helburu zehatzak lortzera jotzen dutenak.

11. artikulua. Onuradunak zehaztea.

1.–Onuradunen hautaketa zehaztuko da zerbitzu bakoitzerako indarrean dagoen araudiari jarraikiz eta, nolanahi ere, Nafarroako Gobernuak erabakitzen duenari jarraikiz.

2.–Aurreko paragrafoan adierazi diren baldintzak betetzen dituen edozein pertsona fisiko edo juridiko onuraduntzat jotzen ahalko da. Horren ondorioz, inork ezin izanen du alegatu banaka edo taldeka fundazioaren edo haren organoen aurrean onurak izateko lehentasunezko eskubidea duenik, eta ezin izanen dio bere esleipena egotzi pertsona edo entitate jakin bati, lehentasuna fundazioaren programa zehatzak arautzen dituen arau objektiboan jaso ezean.

3.–Bere eginkizunak kontratu, itun, hitzarmen, adostasun edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste edozein tresnaren bidez betetzen badira, onuradunak zehaztuko dira dagokion tresnan adierazitako baldintzetan.

4.–Nolanahi ere, Patronatuak Fundazioaren xedeetarako erabiliko ditu baliabideak, Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

HIRUGARREN TITULUA

Gobernu-organoak

I. KAPITULUA

Patronatua

12. artikulua. Patronatua.

Patronatua fundazioaren ordezkaritza, administrazio eta gobernu organoa da, eta hari dagozkion eginkizunak gauzatuko ditu, antolamendu juridikoan eta estatutu hauetan ezarritakoari jarraikiz.

Patronatua fundazioaren xedea eraginkortasunez gauzatzeko zuzenbidean behar diren eskubide eta ahalmen guztien titular bakarra izanen da, eta estatutu hauek interpretatuko ditu, inolako mugarik gabe.

13. artikulua. Patronatuaren betebeharrak.

1.–Patronatuari dagokio fundazioaren xedeak betetzea eta fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak administratzea, horien errendimendua eta erabilgarritasuna osorik mantenduta.

2.–Patronatuko kideek parte hartuko dute fundazioaren xedeak betetzeko eta hartutako erabakiak gauzatzeko behar diren ekarpenen bidez.

14. artikulua. Patronatuaren osaera.

1.–Patronatua hamalau kidek osatuko dute.

Patronatuko kideak izaten ahalko dira jarduteko gaitasun osoa duten eta kargu publikoetan aritzeko ezgaituta ez dauden pertsona fisikoak.

Pertsona juridikoak Patronatuko kideak izaten ahalko dira, eta horiek ordezkatzen dituen/dituzten pertsona fisikoa/fisikoak hautatu beharko dute/dituzte, aurreko paragrafoan xedatutakoa bete behar dela.

2.–Patronatua berezko kideek eta hautapen bidezko kideek osatzen dute.

a) Honako hauek dira berezko kideak:

–Nafarroako Gobernuko politika sozialen arloan eskumena duen departamentuaren titularra, fundazioko buru izanen dena.

–Gizarteratzearen eta babes sozialaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.

–Pertsonen autonomiaren eta garapenaren arloan eskumena duen erakundearen edo unitate administratiboaren titularra.

–Politika sozialen ebaluazioaren eta planifikazioaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.

–Familien eta adingabekoen arloan eskumena duen unitate administratiboaren titularra.

–Gizarte politiken arloan eskumenak dituen departamentuko idazkaritza tekniko nagusiaren titularra.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politiken arloan eta genero indarkeriari aurre egiteko jardunaren arloan eskumena duen erakundearen edo unitate administratiboaren titularra.

–Lehendakaritzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.

b) Honako hauek dira hautapen bidezko kideak:

–Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak fundazioaren xedeei lotutako pertsona edo erakundeen eta enpresa publiko edo pribatuen artean hautatutako hiru.

–Nafarroako Parlamentuak fundazioaren xedeei lotutako pertsona edo erakundeen eta enpresa publiko edo pribatuen artean hautatutako hiru.

3.–Lehenbiziko Patronatua osatzen duten berezko kideak eraketa aktan izendatuko dira.

4.–Patronatuko kidearen kargua norberak erabiliko du, eta ezin izanen da horretarako inor eskuordetu. Dena den, haien kargua dela-eta edo pertsona juridikoaren izenean hautatzen direnek ordezkoa hautatzen ahalko dute, ondorio guztietarako haien izenean jardunen duena.

15. artikulua. Agintaldia.

1.–Berezko kideak Patronatuko kideak izanen dira, haien karguetan aritzen diren bitartean.

2.–Hautapen bidezko kideek lau urteko agintaldia izanen dute, eta berriz hautatzen ahalko dira iraupen bereko aldietarako, gehienez ere 12 urtez.

16. artikulua. Patronatuko kidearen kargua onartzea.

1.–Lehenbiziko Patronatua osatzen duten berezko kideek beren karguak onartuko dituzte eraketa aktan.

Lehenbiziko patronatuko kideak ez diren berezko kideek beren karguak onartuko dituzte parte hartutako lehen saioan.

2.–Patronatuko hautapen bidezko kideak beren eginkizunetan hasiko dira, parte hartutako lehen saioan kargua berariaz onartu ondoan.

Nolanahi ere, onarpena Fundazioen Erregistroari jakinaraziko zaio.

17. artikulua. Patronatuko kideen betebeharrak eta erantzukizuna.

Patronatuko kideen betebeharrak dira, besteak beste, fundazioaren xedeak betearaztea, dei egiten zaien bileretara joatea, karguko zereginak ordezkari leial bati dagokion bezala egitea, fundazioaren ondasunak eta balioak produkzio eta kontserbazio egoera onean edukitzea, eta beren jardueran indarreko lege xedapenek eta estatutu hauek agintzen dutena betetzea.

Patronatuko kideak erantzule solidarioak izanen dira, fundazioaren aitzinean, legearen edo estatutuen aurkako ekintzen ondorioz edo erruz, doloz edo zabarkeriaz egindako ekintzen ondorioz sortzen dituzten kalte eta galerengatik. Ez dute erantzukizunik izanen hori zehazten duen erabakiari berariaz aurka egiten diotenak edo, hori hartu eta gauzatzeko esku hartu gabe, hori gertatu izana ez zekitela edo, horren berri izanda, kaltea saihesteko komeni zen guztia egin dutela edo horri berariaz aurka egin diotela frogatzen dutenak.

Fundazioaren gobernu organoak berak gauzatuko du erantzukizun-ekintza agintari judizialen aurrean eta fundazioaren izenean, horretarako adostasun arrazoitua lortu ondoren; bestela, Patronatuko kide disidenteek edo bertan ez daudenek.

18. artikulua. Patronatuko kideen kargu-uztea eta ordeztea.

1.–Fundazioko patronatuko kideek kargua utziko dute hurrengo kasuetan:

a) Heriotzarengatik edo heriotza-deklarazioarengatik; baita pertsona juridikoa iraungitzen denean ere.

b) Ezintasuna, desgaikuntza edo bateraezintasuna dagoenean, araudi aplikagarrian ezarritakoaren arabera.

c) Patronatuko kide hautatzeko oinarria izan zen kargua uzten duenean.

d) Ebazpen judizial irmo baten ondorioz.

e) Agintaldia amaitzen denean, aldi baterako hautatu bazen.

f) Behar diren formalitateak erabiliz jakinarazitako ukoa egiten duenean.

g) Patronatuak erabakitzen duenean, berezko kideetako zortzik, gutxienez, osatutako gehiengo kalifikatuaren bidez.

2.–Uko egitea indarrean sartuko da patronatuari jakinaraztean.

3.–Patronatuko kideek kargua uzten ahal dute sortzailearen erabakiaren bidez, fundazioaren interes eta xedeetarako kalte larria dakarten ekintzak gauzatu badituzte.

4.–Hautapen bidezko kideen artean postu huts bat badago, gehienez ere bi hilabeteko epean hasiko da ordezkoak izendatzeko prozedura.

5.–Patronatuko kideek kargua uzten badute, Fundazioen Erregistroari komunikatu beharko zaio.

19. artikulua. Patronatuko buruaren eginkizunak.

1.–Hona hemen Patronatuko buruari dagozkion eginkizunak:

a) Fundazioaren ordezkari izatea epaiketetan eta horietatik kanpo, Patronatuak beste kide bati esleitu ez badio.

b) Patronatuaren bileren deialdiak egitea, idazkariaren laguntzaz eguneko gai-zerrenda ezarrita.

c) Bileretan buru jardutea, eztabaiden garapena zuzentzea eta moderatzea, erabakien bozketa egitea, eta bozketen emaitza aditzera ematea.

d) Patronatuaren erabakiak gauzatzea, horretarako mota guztietako ekintzak egiten ahal dituela, eta xede horretarako behar diren agiriak sinatzea.

e) Antolamendu juridikoa eta Fundazioaren estatutuak betetzen direla zaintzea.

f) Patronatuaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

g) Legez edo estatutuei jarraikiz aitortuta duen beste edozein eginkizun, edo Patronatuak berak haren esku uzten dituenak.

2.–Patronatuak buruorde bat/batzuk hautatzen ahalko du/ditu bere baitan, haien lehentasun ordena ezarrita.

Buruordeari dagokio Patronatuko buruaren eginkizunak gauzatzea, kanpoan edo gaixorik egoteagatik postua hutsik dagoenean. Halaber, Fundazioaren izenean aritzen ahalko da, Patronatuaren erabakiaren bidez hala zehazten diren kasuetan.

20. artikulua. Patronatuko idazkariaren eginkizunak.

1.–Patronatuak idazkaria hautatuko du Patronatuko kideen artean, edo kanpoko pertsona bat hartuko du. Azken kasu horretan, idazkariak hitza izanen du, baina ez botorik.

2.–Patronatuko idazkariari dagokio:

a) Buruak aginduta, Patronatuaren bileretarako deialdia egitea, eta hari eguneko gai-zerrenda egiten laguntzea.

b) Fundazioko Patronatuaren dokumentazio guztia zaintzea, eta eskatzen ahal zaizkion eta estatutuetan adierazitako liburu guztiak arduraz edukitzea.

c) Patronatuaren bilerei dagozkien aktak eta ziurtagiriak egitea, buruak oniritzia eman eta gero.

d) Haren karguari atxikitako beste eginkizun batzuk eta berariaz esleitzen zaizkion guztiak.

3. Idazkaria gaixorik edo kanpoan dagoenean edo lanpostua hutsik dagoenean, Patronatuko kiderik gazteena arituko da idazkari.

4. Idazkariak kargua galduko du estatutu hauetako 18. artikuluan aurreikusitako arrazoien ondorioz eta, hala badagokio, patronatuko kide izaera galdu badu.

21. artikulua. Patronatuko kidearen karguaren doakotasuna eta bateraezintasuna.

1.–Patronatuko kideak doan ariko dira beren karguetan, trukean inolako ordainsaririk jaso gabe.

2.–Patronatuko kideek beren eginkizuna betetzean sortutako gastuak (eta, bereziki, Patronatuaren bileretara joateko egin behar dituzten joan-etorriengatiko gastuak eta Fundazioaren izenean edo intereserako haien esku uzten den beste edozein helburu lortzeko sortzen direnak) kobratzeko eskubidea izanen dute, gastu horiek behar bezala justifikatu eta gero.

3.–Bateraezina da patronatuko kidearen kargua eta entitateari edonolako zerbitzu ordaindu ematea.

22. artikulua. Patronatuaren ahalmenak.

1.–Patronatuaren eskumena Fundazioaren gobernuari eta administrazioari dagokien orori aplikatuko zaie, inolako salbuespenik gabe, baita gertatzen diren lege eta gorabehera guztien ebazpenari ere.

Aipatzearren, baina mugatzeko asmorik gabe, honakoak dira Patronatuaren eskudantziak eta ahalmenak:

a) Fundazioaren lana ikuskatzea, zaintzea eta bideratzea.

Bere eskumena erabiliz, Fundazioaren gobernuari, ordezkaritzari eta administrazioari dagokien ororen gorabeherak ebatziko ditu, estatutu hauek interpretatuko ditu, eta erabakiak hartuko ditu, Fundazioaren interesetarako eta haren xedeak hobeto lortzeko komenigarria den guztietan.

b) Fundazioaren kudeaketa planak eta jarduteko aldizkako programak onestea.

c) Erabilgarri dauden fondoen banaketari eta aplikazioari buruzko ildo orokorrak finkatzea, Fundazioaren xedeen artean.

d) Aurrekontu arruntak eta bereziak, bidezko memoriak eta urteko kontuak onestea.

e) Patronatuko hautapen bidezko kideak hautatzea.

f) Ahalordetze orokorrak edo bereziak egitea.

g) Fundaziorako edo Fundazioak ondasun higigarriak edo higiezinak erostea, besterentzea eta kargatzea erabakitzea, hipotekak, bahiak edo antikresiak barne, bidezko kontratuak sinatuta.

h) Fundaziorako edo Fundazioaren helburuaren barneko xede jakin bat betetzeko, ekonomiaren, ondasunen edo eskubideen liberalitateak onartzea, uste badu eskuratutako ondasun edo eskubideen izaera eta kopurua egokiak edo nahikoak direla ondasunen edo eskubideen, errenten edo emaitzen xedea izan behar dena betetzeko.

i) Mota guztietako finantza-eragiketak zehaztea entitate publiko eta pribatuekin.

j) Fundazioaren zorroa osatzen ahal duten balio higigarriak erosteari eta besterentzeari buruzko erabakia hartzea.

k) Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunen errentak, dibidenduak, interesak, etekinak eta bestelako produktuak eta mozkinak kobratu eta jasotzea, baita edozein titulu dela-eta edo pertsona fisikoen edo juridikoen zorrak direla-eta jaso beharreko diru-kopuruak ere.

l) Haren akzioen eta balio higigarrien titularra den aldetik, Fundazioari dagozkion mota guztietako eskubideak erabiltzea, eta, alde horretatik, konpainia edo entitate jaulkitzaileen batzar nagusietan, bileretan, sindikatuetan, elkarteetan eta gainerako erakundeetan elkartzea, eztabaidatzea eta bozkatzea, ontzat hartzen duenaren arabera, hark erabakitzen duen ordezkaritzaren bidez. Horretarako, titularrari esleitutako ahalmen juridiko guztiak erabiltzen ahalko dira, komenigarritzat jotzen dituen ekintzak, kontratuak, hitzarmenak, proposamenak eta agiriak itunduz, emanez eta sinatuz.

m) Fundazioak une bakoitzean dituen fondoak bildu, administratu eta babesteko behar diren ordainketa guztiak egitea.

n) Fundazioaren xedeetarako komenigarritzat jotzen diren obrak erabakitzea, bidezko moduari eta mota guztietako horniketei –haien kalitatea eta garrantzia edozein dela ere– buruzko erabakia hartuta, eta horretarako edozein prozedura erabiltzeko aukera izanda, askatasun osoz, inolako baimenik behar izan gabe eta araudi aplikagarriaren arabera.

o) Fundazioari dagozkion edo interesatzen zaizkion prozedura, espediente, erreklamazio eta epaiketen eskubide, ekintza eta salbuespen guztiak erabiltzea, haien izapideei, instantziei, gorabeherei eta errekurtsoei jarraikiz eta, ondorio horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen ahalorde guztiak emanda, posizioen absoluzioa eta berrikuspen epaiketa barne.

p) Fundazioaren ondasun guztiak erabili, administratu, kontserbatu, zaindu eta defendatzeko eginkizun guztiak betetzea oro har, epaiketetan zein horietatik kanpo.

q) Estatutu hauek interpretatzea eta gertatzen diren lege gorabehera eta inguruabar guztiak ebaztea.

r) Oro har, Fundazioaren administraziorako eta gobernurako garatu behar dituen beste edozein eginkizun, nolanahi ere lege arauei men eginda.

2.–Arau orokor gisa, Patronatuko buruari dagokio erabakiak betearaztea; erabaki horietan Patronatuko beste kide bat edo batzuk edo estatutu hauetan adierazten den beste organo bat edo batzuk berariaz hautatzen ahal izatea galarazi gabe.

3.–Patronatuak kideetako bat/batzuk eskuordetzen ahalko du/ditu bere ahalmenak gauzatzeko, edo batzorde eskuordetua hautatuko du horretarako. Ezin izanen da inor eskuordetu ondokoetarako: urteko kontuen onarpena, jarduteko plana, eta indarra duen araudia aplikatzeagatik edo estatutu hauetan xedatutakoagatik gehiengo kalifikatuak onetsi behar dituen ekintzak.

23. artikulua. Patronatuaren bilerak eta deialdia.

1.–Patronatuak ohiko bilera eginen du urtean birritan, gutxienez, eta nahitaez bilduko da, urteko kontuak, aurrekontua eta kudeaketa helburuak onesteko.

Bilera berezia eginen du fundazioaren martxa onerako behar den guztietan, bere ekimenez edo kideen heren batek eskatuta buruak deialdia egiten duenean edo, kide guztiak bildurik, aho batez erabakitzen dutenean.

2.–Deialdia kide guztiei bidaliko zaie, bilera egin baino bost egun lehenago, gutxienez. Horretarako, jaso izana adierazteko aukera ematen duen baliabidea erabiliko da. Deialdian bileraren lekua, eguna eta ordua adieraziko dira, baita eguneko gai-zerrenda ere.

Patronatuko kide guztiak bertan egon eta bilera egitea aho batez erabakitzen badute, ez da aurreko deialdirik egin beharko. Kasu horretan, bileraren eguneko gai-zerrenda aho batez onetsi beharko da.

24. artikulua. Gehiengoak.

1.–Lehenbiziko deialdian Patronatua modu baliozkoan eratuko da, baldin eta kideen erdiak gehi bat bertaratzen badira. Bigarren deialdian nahikoa izanen da kideen erdia egotea. Burua edo buruordea ez badago, kide zaharrenak ordezten ahalko du; idazkaria ez badago, berriz, kide gazteenak.

2.–Erabakiak botoen gehiengo soilaz hartuko dira, estatutu hauek gehiengo berezia eskatu ezean.

Gehiengo soila lortu dela ulertuko da, aldeko botoen kopurua aurkako botoen kopurua baino handiagoa denean, baina horretarako ez dira kontuan hartuko abstentzioak, boto baliogabeak edo boto zuriak.

3.–Buruak kalitateko botoa izanen du, berdinketak ebazteko.

25. artikulua. Patronatuko bileren aktak.

1.–Idazkariak Patronatuaren bileren akta eginen du, honakoak zehaztuta: bileraren lekua eta eguna, bertaratutakoak, bileraren eguneko gai-zerrenda, hartutako erabakiak eta, Patronatuko kideek eskatuta, erabakiak hartu aitzineko eztabaiden puntu nagusien deskribapen laburra. Patronatuko idazkariak akten orri guztiak sinatuko ditu, buruak oniritzia eman eta gero.

2.–Patronatuko kide bakoitzak eskatuta, idazkariak aktan agertu beharko du aurkako botoa edo abstentzioa.

3.–Era berean, patronatuko kideek boto partikularra ematen ahalko dute, bilerari dagokion aktari erantsiko zaiona. Haren testua bost egun balioduneko gehieneko epean jaso beharko da, bilera egiten den egunetik aitzina.

4.–Patronatuko edozein kidek zilegi izanen du bere mintzaldi edo proposamena osorik transkribatzeko eskatzea, baldin eta bertan edo buruak jartzen duen epean aurkezten badu bere mintzaldia hertsiki islatzen duen testua.

5.–Aktak bileran bertan edo hurrengoan onetsiko dituzte bilerako kide guztiek. Akta onetsi baino lehen, hartutako erabakiei buruzko ziurtagiriak egiten ahalko ditu idazkariak, zirkunstantzia horren berri emanda berariaz.

6.–Fundazioak akten liburua izanen du.

II. KAPITULUA

Beste gobernu organo batzuk

26. artikulua. Batzorde eskuordetuak.

Patronatuak batzorde eskuordetuak eratzen ahalko ditu.

Organo horiek aukerakoak dira. Horren ondorioz, haien eraketa onetsi beharko da, kideen bi herenen gehiengoa egonda Patronatuak hartutako erabakiaren bitartez.

27. artikulua. Batzorde eskuordetuen izaera eta osaera.

Batzorde eskuordetuak gobernu eta administrazio organo gisa eratuko dira, hala behar badu, eta Patronatuak gai zehatzen inguruan haren esku uzten dituen eginkizunetan ariko dira.

Gehienez ere Patronatuko bost kidek osatuko dituzte, eta Patronatuak hautatuko du batzordeburua.

28. artikulua. Batzorde eskuordetuen eginkizunak.

Batzorde eskuordetuen eskumenak Patronatuak haren esku uzten dituenak izanen dira, 22. artikuluaren 3. atalean xedatutakoa izan ezik.

29. artikulua. Bilerak eta erabakiak hartzea.

Batzorde eskuordetuak bilduko dira, buruak deitzen duenean edo kideen heren batek, gutxienez, eskatzen duenean.

Batzorde eskuordetuei Patronatuaren bilerei buruzko ataletan aipatutako arauak aplikatuko zaizkie.

III. KAPITULUA

Fundazioaren zuzendari kudeatzailea

30. artikulua. Fundazioko zuzendari kudeatzailearen hautaketa eta eskumenak.

1.–Patronatuak Fundazioko zuzendari kudeatzailea izendatuko du, eta Fundazioaren martxa onerako beharrezkotzat jotzen diren ahalmenak ematen ahal dizkio. Patronatuak nahi duenean kargutik kendu ahal izanen du zuzendari kudeatzailea.

2.–Titulazio egokia duen eta zuzendaritza edota kudeaketa lanetan lanbide esperientzia egiaztatzen duen pertsona hautatu beharko da.

3.–Fundazioaren zuzendari kudeatzailea goi karguduntzat jotzen da Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi-kargudunen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen ondorioetarako.

4.–Zuzendari kudeatzaileak Patronatuaren eta, halakorik bada, batzorde eskuordetuen orientabideak eta erabakiak egikaritzeko ardura izanen du, eta, bereziki, honako eginkizun hauek dagozkio:

a) Fundazioa zuzentzea.

b) Langileen eta giza baliabideen politika zehaztea.

c) Patronatuak edo batzorde eskuordetuek onetsi dituzten inbertsio programak gauzatzea.

d) Urteko aurrekontuak eta urteko eta hainbat urtetako lan plana proposatzea.

e) Fundazioaren xedeei lotutako proiektuak diseinatu eta prestatzea.

f) Buruak edo beste edozein organok agintzen dizkion zereginak gauzatzea.

g) Patronatuak Fundazioa kudeatzeko onetsi dituen finantza-eragiketak gauzatzea.

h) Fundazioaren inbentarioa prestatzea.

i) Fundazioaren dokumentazio guztia zaintzea, eta eskatzen ahal zaizkion eta estatutuetan adierazitako liburu guztiak arduraz edukitzea.

j) Patronatuak edo, halakorik bada, batzorde eskuordetuek haren esku uzten dituzten eginkizunak.

31. artikulua. Ordainsaria.

Patronatuak proposatzen ahalko du zuzendari kudeatzaileak bere eginkizunak egiteagatik jaso beharreko ordainsaria. Nafarroako Aurrekontu Orokorretan azalduko da.

LAUGARREN TITULUA

Araubide ekonomikoa

32. artikulua. Fundazio zuzkidura.

Eraketa eskrituran jasotakoa da hasierako zuzkidura ekonomikoa, Nafarroako Gobernuak osorik ordainduko duena.

Patronatuak ez du fundazio zuzkidurarik izaten ahal Nafarroako Gobernuak lehenago baimendu gabe.

33. artikulua. Fundazioaren ondarea.

1.–Fundazioaren ondarea ekonomikoki baloratzen ahal diren mota guztietako ondasunek eta eskubideek osatzen ahalko dute, eta fundazioaren xedeak lortzeari lotuta egonen da beti.

2.–Ondare propio gisa, Fundazioak edozein motatako ondasunak eta eskubideak kostubidez nahiz doan eskuratu, izan eta alokatzen ahalko ditu; horiek fundazioaren xedeak betetzeari lotuta egonen dira.

3.–Sortzaileak, Patronatuko kideek edo kanpoko pertsonek lagatzen ahal dizkioten ondasun higigarriak edo higiezinak onartzen ahalko ditu fundazioak, lagatako ondare gisa. Berariazko legedian xedatutakoak arautuko ditu ondasun horiek, Patronatuaren administrazio arruntaren menpe daudela. Bai jabetza bai erabilera eta gozamena lagatzen ahal dira.

4.–Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubide guztiak Patronatuak urtero onesten duen inbentarioan adieraziko dira. Inbentario horretan ondasun eta eskubide bakoitzaren izaera eta jatorria adieraziko dira. Horrez gain, artikulu honen 3. paragrafoan adierazitakoaren arabera, fundazioari laga edo atxiki zaizkionak bereizita idatziko dira.

5.–Erregistroan inskribatzen ahal diren ondasunak eta eskubideak bidezko erregistroetan inskribatuko dira. Fundazioaren ondarea osatzen duten edo osatzen ahal duten fondo publikoak eta merkataritza balioak fundazioaren izenean gordailutuko dira finantza establezimenduetan.

34. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Jarduerak garatzeko, fundazioak honako baliabide hauek izanen ditu:

1.–Fundatzaileak egindako hasierako zuzkidura.

2.–Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura fundatzaileak urtean behin egindako ekarpenak.

3.–Jabetzakoa den edo aldi baterako laga den ondarearen emaitzak, errentak, etekinak, produktuak edo mozkinak.

4.–Fundazioak egiten dituen jardueren ondoriozko diru-sarrerak, horrek ez baditu balizko onuradunen esparrua eta fundazioak egiten dituen jarduerak mugatzen arrazoirik gabe.

5.–Fundazioaren xedeak hobeto betetzeko Patronatuak ezartzen dituen ekarpenak.

6.–Ordaintzera behartuta dauden beste erakunde eta hirugarren batzuetarako fakturazioaren ondoriozko diru-sarrerak, indarra duen legedian ezarri bezala benetako kostua oinarri hartuta kalkulatuko direnak; diru-sarrera ez da inoiz izanen kostutik beherakoa.

7.–Pertsona fisiko edo juridikoekin edo edozein motatako entitate publiko edo pribaturekin egindako kontratu, itun, hitzarmen eta babesen ondoriozkoak.

8.–Pertsona edo entitate publikoetatik zein pribatuetatik jasotzen dituen dirulaguntzak.

9.–Fundazioaren onuradunek egindako diru-sarrerak.

10.–Antolamendu juridikoaren arabera eta aplikatzen ahal diren lege xedapenei jarraikiz, etorkizunean esleitzen ahal zaion beste edozein baliabide.

35. artikulua. Ondarea babestea.

Ondareko ondasunak babestu eta zaintzeko arau hauek beteko dira:

1.–Ondasun higiezinak eta eskubide errealak Fundazioaren izenean inskribatuko dira Jabetza Erregistroan.

2.–Eskudiruzko balioak Patronatuak esandako banku edo aurrezki kutxetan gordeko dira, Fundazioaren izenean.

3.–Gainerako ondasun higigarriak, jabetza tituluak, gordailuen ordezkagiriak eta fundazioa titular den beste edozein jabetza, edukitza, erabilera, gozamen edo eskubide frogatzen duten agiriak zaintzea, Patronatuaren zehaztapenen arabera.

4.–Fundazioaren ondasun guztien inbentarioa azalduko da Ondarearen Inbentario Liburu batean, eta horiek identifikatu eta deskribatzeko datuak emanen dira bertan.

36. artikulua. Errenten eta diru-sarreren erabilera.

1.–Ondare zuzkidura gisa egindako ekarpenak alde batera utzita, zergen kenketa egin ondoren, Fundazioak eskuratzen dituen errenten edo beste edozein diru-sarrera garbiren %70, gutxienez, fundazioaren xedeak lortzeari lotuta egonen da. Gainerako diruak fundazioaren zuzkidura edo erreserbak handituko ditu, administrazio gastuen kenkaria egin ondoan.

2.–Fundazioak aurreko atalean aipatu diren errenten eta diru-sarreren proportzioa diru bihurtzen ahalko du, horiek lortzen dituenetik hiru urteko epean.

3.–Fundazioaren baliabideak fundazioaren xedeak egiteari lotuta edo atxikita egonen dira, kuotarik zehaztu gabe.

4.–Xede jakin bat lortzeko jaraunspen, legatu, dohaintza edo dirulaguntza bidez edo doaneko beste edozein tituluren bidez eskuratutako ondasunak eta errentak eskualdatzailearen nahiaren eta eskurapen tituluan ezarritako baldintzen arabera aplikatu edo gordeko dira. Patronatuak Fundazioaren berezko xedeak betetzeko helburua duten doako eskualdaketak baino ez ditu onartuko, kargadunak zein kargarik gabeak, baina ez da inola ere kaltegarria izanen Fundaziorako.

37. artikulua. Ondarearen administrazioa.

Patronatuak ahalmenak izanen ditu, Fundazioaren ondarearen osaeran beharrezko aldaketak egiteko, fundazio zuzkidura kenduta, une bakoitzeko egoera ekonomikoak gomendatzen duenaren arabera.

38. artikulua. Kontabilitate araubidea eta finantza kontrola.

1.–Ekitaldi ekonomikoak bat eginen du Nafarroako Gobernuaren aurrekontu ekitaldiarekin.

2.–Fundazioak indarra duen araudiak zehazten dituen nahitaezko liburuak edukiko ditu, baita bere jarduerak egoki aurrera ateratzeko eta bere kontabilitatea ongi kontrolatzeko komenigarriak direnak ere.

3.–Ekonomia eta finantza kudeaketan, Fundazioak indarra duen araudian zehaztutako printzipioak eta irizpide orokorrak izanen ditu arau.

4.–Fundazioa Nafarroako Kontuen Ganberaren finantza kontrolaren mendean egonen da, hura arautzen duen araudiari jarraikiz.

39. artikulua. Aurrekontuak egitea, kontuak ematea, eta jardueren memoria soziala.

1.–Fundazioak kontabilitate antolatua izan beharko du eta bere jarduerari egokitua, aplikagarria den araudiaren arabera.

2.–Ekitaldi bakoitza amaitu eta sei hilabeteko epean, Patronatuak ekitaldi horri dagozkion Fundazioaren urteko kontuak onartu beharko ditu, eta horiek argi adierazi beharko dira, ondarearen, egoera finantzarioaren eta Fundazioaren emaitzen irudi garbia emateko. Honako dokumentu hauek jaso beharko dira:

a) Inbentarioa, egoeraren balantzea eta emaitzen kontua, Fundazioaren benetako egoera ekonomikoa, finantzarioa eta ondarearena jasotzen dituztela.

b) Fundazioaren jarduerak eta kudeaketa ekonomikoa azaltzen dituen memoria, barne direla finantzaketa taula eta fundazioaren xedeak zenbateraino bete diren. Balantzean eta emaitza-kontuan adierazitako informazioa osatu, handitu eta iruzkintzeaz gain, memoriak honako hauek agertuko ditu: Fundazioaren ondarean izandako goiti-beheitiak; gobernu, zuzendaritza eta ordezkaritza organoetan izandako aldaketak; onartutako aurrekontuaren eta jarduketa planaren betetze maila; helburuak betetzeko ekitaldian egindako jardueren informazioa, baliabideen jatorria eta onuradunen kopurua adierazita, bai eta beste entitate batzuekin helburu horietarako sinatzen diren hitzarmenak eta estatutu hauetan errenten eta diru-sarreren xedeaz ezarritako arauen betetze maila ere.

3.–Orobat, aitzin urteko diru-sarreren eta gastuen aurrekontuaren likidazioa ere eginen du Patronatuak.

4.–Urteko kontuen inguruko dokumentuak irabazi asmorik gabeko erakundeendako ezarritako ereduen, arauen eta irizpideen arabera egin beharko dira.

5.–Fundazioaren urteko kontuei kanpoko auditoretza bat eginen zaie.

6.–Urteko kontuak babesletzari aurkeztuko zaizkio horiek Patronatuan onartu eta hurrengo hamar egun baliodunetan, auditoretzaren txostenarekin eta aurrekontuen likidazioarekin batera. Babesletzak, behin horiek aztertuta eta indarrean dagoen araudiari jarraitzen diotela egiaztatuta, Fundazioen Erregistroan aurkeztuko ditu. Edonork lortu ahal izanen du gordetako dokumentuetako informazioa.

Horrez gain, gainerako autoritate edo erakunde eskudunei jakinaraziko zaie.

7.–Jarduera ekonomikoak egiten direnean, Fundazioaren kontabilitateak Merkataritza Kodean eta xedapen osagarrietan xedatutakoari jarraituko diote. Urteko kontu finkatuak egin beharko dira Fundazioa bertan sozietate menderatzailearentzat aurreikusitako edozein kasutan badago. Nolanahi ere, informazio xehatua txertatu beharko da memoriaren atal espezifiko batean, eta bertan adierazi beharko dira merkataritza jarduerari atxikitako ondare elementuak.

8.–Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektuan sartzeko asmoz, Fundazioak eragiketa arrunten eta kapital eta finantza eragiketen aurrekontuak bidaliko dizkio Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari, departamentu horrek zehaztutako jarraibide ekonomiko eta teknikoei segituz.

Aurrekontua parekatua izanen da beti, gastuen aurreikuspenak diru-sarrerenak baino handiagoak izan gabe.

Ekitaldi bakoitzean estali beharreko beharrizanetara eta arretetara hobeto egokitzeko, Patronatuak egokitzat edo komenigarritzat jotzen dituen aldaketak baino ezin izanen dira sartu.

40. artikulua. Zerga araubidea.

Patronatuak fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko indarreko 10/1996 Foru Legean edo hori ordezten dutenetan zerga araubiderako ezarritako araubidea eskatu eta horretaz baliatzea erabakitzen ahalko du. Kasu horretan, xedapen horiek nahitaezko zuzenbideko arauak izanen dira fundaziorako, eta horiei estatutu hauetan ezarritakoari baino lehentasun handiagoa eman beharko zaie, estatutuak aldatu beharrik gabe.

BOSGARREN TITULUA

Aldaketa, bat-egitea, iraungipena eta likidazioa

41. artikulua. Estatutuen aldaketa.

1.–Nafarroako Gobernuak erabaki beharko du estatutu hauek aldatu behar diren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Ogasun eta Finantza Politikako Departamentuari jakinarazi beharko zaio.

2.–Estatutuen aldaketa eskritura publikoan gauzatu, eta Fundazioen Erregistroan inskribatu beharko da.

42. artikulua. Bat-egitea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erabakitzen ahalko du fundazioak beste fundazio batekin bat egitea, fundazioaren xedeak lortzeko beharrezkotzat jotzen duenean.

43. artikulua. Iraungipena eta likidazioa.

1.–Patronatuak, bere kideen bi herenek gehiengoz hartutako erabakiaren bidez, fundazioa iraungitzeko proposamena egiten ahalko dio Nafarroako Gobernuari.

2.–Nafarroako Gobernuak erabaki beharko du fundazioa iraungi behar den, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoaren arabera. Erabakia departamentu interesdunak proposatuta hartuko da, bai bere ekimenez bai fundazioko Patronatuak eskatuta, baina Patronatuaren eskaria ez da lotzailea izanen erabakian.

Nafarroako Gobernuak egokitzat jotzen duenean, fundazioari iraungipenari buruzko txostena eskatzen ahalko dio aldez aurretik.

3.–Iraungipenaren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.–Fundazioa iraungitakoan, Nafarroako Gobernuak lagatako ondasunen jabetza eta erabilera hari itzuliko zaio.

Likidazioaren ondoriozko ondasunak interes orokorreko xedeetan erabiliko dira osorik, fundazioaren xedeen antzekoak badira; bestela, irabazi-asmorik gabeko edozein fundazio edo entitateri atxikiko zaizkio, baldin Fundazioaren interes orokorreko xedeen antzekoak bilatzen badituzte eta beren ondasunak haiek lortzera zuzenduta badituzte.

Iragarkiaren kodea: F1907400