112. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

84E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 22koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, “Lehiakortasuna hobetzeko 2019ko laguntzak” izeneko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 457069.

Espezializazio adimentsuaren estrategiak (S3) erregio mailako garapenari buruzko epe luzeko ikuspegi bat dakar berekin, 5 ardatz handitan oinarrituta: Nafarroa osasuntsua, jasangarria, industriala, lehiakorra eta kohesionatua.

Bestalde, Nafarroako Industria Planak, S3aren bidez sortu baitzen, Nafarroako industria-sarearen indarrak eta aukerak hobetze aldera orientatzen ditu bere tresnak eta jarduketak, bai eta ahulezia eta mehatxu nagusiak konpontzera ere.

Nafarroako enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratzeko jarduera gisa proposatzen dira lehiakortasuna hobetzeko laguntzak, bai S3an bai Nafarroako Industria Planean finkatutako helburuak lortzera bideraturiko politika publikoen zehaztapen gisa. Horrela, aholkularitza espezializatua sustatzen da, dirulaguntzak emanez enpresaren esparruak aztertzeak eta hobekuntza ekintzen inplementazioak dakartzaten aholkularitza eta ingeniaritza gastuetarako.

Laguntza hauen bidez, orobat, enpresen arteko lankidetza sustatu nahi da, merkatu estrategikoetan dimentsio lehiakorra lortzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Lehiakortasuna hobetzeko 2019ko laguntzen deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810008 81200 7709 458104 Ekintzailetza plana. ETEen lehiakortasuna sustatzea. Nafarroako EGEF 2014-2020 PE

2019

600.000

810008 81200 7709 458104 Ekintzailetza plana. ETEen lehiakortasuna sustatzea. Nafarroako EGEF 2014-2020 PE

2020

400.000

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 22an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da enpresa nafarrentzako aholkularitza espezializatua sustatzea, dirulaguntzak emanez produktibitatea hobetzeko proiektuak egiteko.

Proiektu horiek enpresaren esparruak aztertzea izan dezakete xede, edo hobekuntza ekintzak inplementatzea edo merkatu estrategikoetan dimentsio lehiakorra lortzeko lankidetza proiektuak garatzea, betiere enpresen lehiakortasuna argiro, berehalakoan eta modu jasangarrian handitzeko asmoz.

2. oinarria.–Onuradunak.

1.–Betebehar hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) Helbide fiskala Nafarroan izatea, eta alta emanda egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ).

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuaren arabera.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza ebazten duen proposamena egiten den unean.

2.–Eskatzaileek proiektu bat aurkezten ahalko dute, banaka edo bi enpresaren edo gehiagoren arteko lankidetzan. Kasu horretan, parte hartzen duten enpresa guztiek oinarri honetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, eta bakoitzak bakarkako eskaera aurkeztu.

3.–Betebehar horiek 6. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuta frogatu beharko dira, eta dirulaguntzaren xede diren jarduerak bukatu arte bete beharko dituzte.

3. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1.–Beren lehiakortasuna hobetzen duten proiektuak egitea izanen da laguntzaren xedea. Proiektuek ondoko arlo hauetako batean eragin behar dute:

–Estrategia.

–Antolaketa.

–Prozesua-produktua.

–Ekonomia zirkularra.

–Merkatua.

–Enpresen gizarte-berrikuntza.

–Beste jarduketa batzuk.

2.–Proiektuak aldi hauetako batean gauzatu behar dira:

–2019ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra, 2019ko aurrekontuen kontura diruz lagundu direnak.

–2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko apirilaren 30era, 2020ko aurrekontuen kontura diruz lagundu direnak.

Dirulaguntza ematen duen ebazpenean ezarriko da gastua zer aurrekonturi egozten zaion, baita diruz laguntzen den jarduketa justifikatzeko epea ere.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1.–Gastu diruz lagungarriak eginda egon behar dira dagokion gauzatze aldiaren barruan, aurreko oinarrian ezartzen denaren arabera. Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da haren fakturazioa eta ordainketa epe horren barnean egiten badira.

2.–Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

a) Ingeniaritzako eta aholkularitzako kanpoko gastuak, honako hauetarako:

1. Estrategia:

–Gogoeta estrategikoak.

–Negozio ereduaren diseinua.

2. Antolaketa:

–Kudeaketa aurreratuko sistemak ezartzea.

–Enpresaren diagnostiko orokorrak egitea.

–Antolaketako eta kudeaketako beste eredu batzuk ezartzea.

3. Produktua-prozesua:

–Industria Diseinua.

–Lean manufacturing.

–Hornidura-katearen kudeaketa.

–Prozesuaren beste hobekuntza batzuk.

4. Ekonomia zirkularra:

–Ekonomia zirkularrari buruzko diagnostikoak.

–Ekodisenuko proiektuak.

–Ekonomia zirkularreko beste proiektu batzuk.

5. Merkatua:

–Produktuak eta/edo prozedurak aztertzea eta nazioarteko merkatura egokitzea.

–Merkatu berrien gaineko azterlanak (merkatu geografikoak eta/edo merkatu sektorialak).

–Enpresak merkatuen aurrean duen kokapenaren analisia.

6. Enpresen gizarte-berrikuntza: gizarte-berrikuntzako metodologiak aplikatzea produktu edo zerbitzu berriak garatzeko, Nafarroako gizarte-erronkei konponbidea bilatzen laguntzeko, berrikuntza prozesuan sartutako pertsonen inplikazio aktiboarekin.

7. Beste jarduketa batzuk:

–Enpresen bat-egite, integrazio eta lankidetza akordioak.

–Familia-protokoloak eta jarraitutasun enpresarialerako beste itun batzuk.

–Interin Management.

b) “3. Produktua-prozesua”, “4. Ekonomia zirkularra” eta “5. Merkatua” arloetan kokatutako aholkularitza eta ingeniaritza gastuen ondoriozko inbertsioak, betiere ezinbestekoak badira proiektua gauzatzeko. Kontzeptu horren konturako aurrekontu diruz lagungarria ezin da handiagoa izan a) letran bildutako gastu diruz lagungarrien zenbatekoa baino.

c) Proiektuari lotutako kanpoko beste gastu batzuk, aurrekontu diruz lagungarriaren %10 arte, gehienez ere.

3.–Gastu diruz lagungarri baten aurrekontua 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du. Hartan, egiaztatu beharko da ezen, hura hautatzeko, eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideak erabili direla, eta hiru eskaintza erantsita justifikatuko da zergatik hautatu den hautatu dena.

Honako kasu hauetan onuradunak ez du hiru eskaintza aurkeztu beharrik izanen (eta hori aipatutako inprimakian justifikatu beharko du):

a) Gastuaren edo inbertsioaren ezaugarrien berezitasunak direla-eta merkatuan ez badago behar adina entitate hornidura hori egiteko enpresak eskatzen dituen baldintzetan.

b) Enpresan jadanik egin diren beste gastu edo inbertsio batzuekin lotura badute, betiere frogatzen baldin bada, behar bezala gauzatuko badira, hornitzaile berarekin kontratatu beharra dagoela.

c) Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin denean.

4.–Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak izanen:

a) Aholkularitza-enpresekin egiten den ohiko eta aldizkako elkarlanaren ondoriozko gastuak.

b) Kanpo aholkularitzako, auditoretzako eta ziurtagiri-gastuak, ziurtagiriak lortzeko.

c) Prestakuntzako gastu orokorrak, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko premia zehatzak sakonki aztertzeko ez badira.

d) Onuradunarekin akzioen bidezko harreman esanguratsua duten enpresek egindako gastuak.

e) Energia auditoretzen gastuak.

f) Ekipamendu informatikoak, salbu eta haien ezaugarri bereziengatik proiektua gauzatu ahal izateko ezinbestekoak badira.

g) Enpresaren gastu orokorrak eta zeharkakoak.

h) Enpresako langileen gastuak.

i) Lurrak eta eraikinak.

j) Bigarren eskuko ondasunak.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.–Dirulaguntza, oro har, %45ekoa izanen da. Ehuneko horri ondoren aipatzen diren puntu gehigarriak erantsiko zaizkio, eta, horren ondorioz, laguntzen organo kudeatzailearen iritziz diruz lagungarria den aurrekontuaren gainean aplikatu beharreko laguntzaren intentsitatea aterako da:

a) Genero-berdintasuna: 5 puntuko laguntza gehigarria lortuko dute aldi berean bi baldintza hauek betetzen dituzten enpresek:

–2018ko ekitaldian langile gizonezkoen orduko soldata gordina zati langile emakumezkoen orduko soldata gordina 1,05 edo gutxiago izatea.

–Enpresako plantillan dauden emakumeen kopurua %30ekoa izatea, gutxienez.

b) Kluster bati loturiko enpresak: 5 puntu.

c) Enpresen arteko lankidetzaren bidezko proiektuak: 10 puntu.

Lankidetza horrek abantaila gehiago ekarri beharko ditu enpresak proiektua bere aldetik eginez gero baino, eta hori justifikatu beharko da. Kasu horretan, parte hartzen duen enpresa bakoitzak bakarkako laguntza-eskaera aurkeztu beharko du.

2.–Enpresa bakoitzari 25.000 euroko dirulaguntza emanen zaio gehienez, salbu eta lehen sektorean jarduten duten enpresei, kasu horretan gehieneko muga 15.000 eurokoa izanen baita.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1.–Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta bukatuko da:

–2019ko urriaren 31 baino lehen amaitzen diren proiektuetarako, argitaratu eta hilabeteko epean.

–2019ko urriaren 31 eta gero amaitzen diren proiektuetarako, argitaratu eta bi hilabete geroago.

2.–Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3.–Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 11. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

4.–Laguntzak eskatzeko dokumentazioa honako hau da, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin (adibidez: “Proiektuaren memoria”):

a) Eskaeraren inprimakia, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena.

b) Lehiakortasuna hobetzeko proiektuaren memoria xehakatua.

c) Egin beharreko jarduketen aurrekontuaren kopia.

d) 2018-01-01etik 2019-01-01era arte “Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla” izeneko txostena, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak luzatua.

e) Hala badagokio, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera dirulaguntza gehigarria lortzeko baldintzak betetzearen gaineko frogagiriak.

5.–Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

4. atalean eskatzen diren dokumentuetakoren bat aurkezten ez bada, ezin izanen da inondik inora konpondu.

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1.–Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2.–Hauek izanen dira lehiakortasuna hobetzeko proiektuak baloratzeko irizpideak:

1) Enpresaren batez besteko plantilla 2018-01-01etik 2019-01-01era.

–10 langile baino gutxiago: 7 puntu.

–10 langiletik 49ra bitarte: 5 puntu.

–50 langiletik 249ra bitarte: 3 puntu.

–249 langile baino gehiago: puntu bat.

Ekonomia soziala:

–Lehentasunezko elkarteak (abuztuaren 2ko 13/2013 Legearen arabera) eta lehentasunezkotzat jotzen den elkarte batean sartutako elkarteak: 2 puntu.

–Ekonomia sozialeko enpresa (aurreko paragrafoaren arabera puntuaziorik lortzen ez badute): puntu bat.

3) Enpresen arteko lankidetza: enpresen arteko lankidetza proiektuak (2.2 oinarriaren arabera): 3 puntu.

4) Proiektu mota:

ARLOA

JARDUKETA

PUNTUAZIOA

Estrategia

Gogoeta estrategikoak

2 puntu

Negozio ereduaren diseinua

7 puntu

Antolaketa

Kudeaketa aurreratuko sistemak ezartzea

4 puntu

Enpresaren diagnostiko orokorrak egitea

4 puntu

Antolaketako eta kudeaketako beste eredu batzuk ezartzea.

4 puntu

Prozesua-produktua

Industri Diseinua

7 puntu

Lean manufacturing

10 puntu

Hornidura-katearen kudeaketa

7 puntu

Prozesuaren beste hobekuntza batzuk

2 puntu

Ekonomia zirkularra

Ekonomia zirkularreko diagnostikoak

10 puntu

Ekodiseinuko proiektuak

10 puntu

Ekonomia zirkularreko beste proiektu batzuk.

10 puntu

Merkatua

Produktuak eta/edo proiektuak nazioarteko merkatura egokitzea

4 puntu

Merkatu berrien gaineko azterlanak (merkatu geografikoak eta/edo merkatu sektorialak)

4 puntu

Enpresak merkatuen aurrean duen kokapenaren analisia

4 puntu

Enpresen gizarte-berrikuntza

Enpresen gizarte-berrikuntzaren metodologiak aplikatzea

10 puntu

Beste jarduketa batzuk

Enpresen bat-egite, integrazio eta lankidetza akordioak

7 puntu

Familia-protokoloak eta jarraitutasun enpresarialerako beste itun batzuk

7 puntu

Interin Management

7 puntu

5) Lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2018ko deialdian laguntzarik lortu ez duten enpresak (2018ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 11koa): 2 puntu.

Enpresa batek deialdi honetan eskaera bat baino gehiago aurkeztu badu, atal honetako puntuak emanen zaizkio 1)etik 4)ra arteko ataletan puntuazio altuena lortu duen eskaerari soilik.

3.–Lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, enpresaren batez besteko plantillen arabera ebatziko da, langile gutxien duenetik gehienekora.

8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1.–Laguntzen organo kudeatzaileak, hots, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuko Enpresen Lehiakortasunaren Atalak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

3.–Ebazpena gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4.–Dirulaguntza emateko ebazpenean honako hau adieraziko da:

a) Zer aurrekonturen kargura ematen den laguntza: 2019ko aurrekontua, baldin proiektuaren bukaera 2019ko urriaren 15a baino lehen aurreikusia badago, eta 2020ko aurrekontua, baldin egun horren ondotik bukatzea aurreikusten bada.

b) Inbertsioa justifikatzeko epea, 9. oinarrian adierazitakoaren arabera.

9. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea eta ordaintzea.

1.–Hauek izanen dira egindako proiektua justifikatzeko epeak:

–2019ko urriaren 31 (egun hori barne), 2019ko aurrekontuaren kargura lagundu diren proiektuen kasuan.

–2020ko apirilaren 30a (egun hori barne), 2020ko aurrekontuaren kargura lagundu diren proiektuen kasuan.

Proiektuaren justifikazioa ez bada egiten ezarritako epeetan, justifikatu gabeko laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

2.–Dokumentazioa telematikaz aurkeztu beharko da, laguntza-fitxaren bidez. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Fakturen zerrenda eta, horrekin batera, haien kopiak eta ordainketa frogatzen duten dokumentuenak.

b) Fakturetan agertzen den hornitzailea ez bada laguntzen eskaeran agertzen den bera, justifikazio txosten bat aurkeztu beharko da.

c) Kontabilitateko dokumentuak, fakturak enpresaren kontabilitatean sartu direla frogatzen dutenak. Horretarako, kontabilitate sistema bereizi bat eduki beharko da, edo berariazko kontabilitate kode bat, dirulaguntza jaso duen proiektuari lotutako transakzio guztiei dagokienez.

d) Aholkularitzako edo ingeniaritzako enpresak egindako azterlana.

e) Proiektua baldin bada enpresen bat-egite, integrazio edo lankidetza akordio bat, edo familiakoen edo bazkideen arteko protokolo bat, sinatutako akordioaren edo protokoloaren kopia aurkeztu beharko da.

3.–Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

4.–Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena sei hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1.–Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Foru dekretu horren 3. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak enpresaren aktiboetan sartu beharko dira eta gutxienez hiru urtez jarraitu beharko dute laguntza jasotzen duen establezimenduan, laguntza ordaintzea ebazten den egunetik aurrera.

d) Onuradunak jasotako laguntzaren berri eman beharko du bere webgunean, 3 urtez (laguntza ematen duen ebazpenaren egunetik hasita), honako esaldi hau paratuz: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, lehiakortasuna hobetzeko 2019ko laguntzen deialdian”.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2.–Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1.–Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2.–Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbidean (http://notificaciones.060.es) eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

13. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

14. oinarria.–Europar Batasuneko Egiturazko Funtsen kofinantzaketa.

Laguntza hauek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren %50eko kofinantzaketa izan dezakete, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez, 3.3.1 helburua berariazkoa kontuan hartuta. Sormenerako eta gaitasun aurreratuetarako laguntza, produktuak eta zerbitzuak garatzeko.

Hauek dira EGEFek kofinantzatzen ahal dituen proiektuak hautatzeko irizpideak:

a) Proiektua Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategian (S3) identifikatuta dauden Nafarroako sektore estrategikoetako batekoa izatea.

b) Proiektua bukatua ez izatea eskaerak aurkezteko data baino lehen.

c) ETE izaera edukitzea, honen arabera: mikroenpresa, enpresa txiki eta enpresa ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EB Gomendioan xedatutakoa (L 124 Egunkari Ofiziala, 2003-05-20koa).

1.–Enpresa onuradunak, betiere laguntza onesten duen ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantziazioaren onuradunak ere izanen dira, eta horregatik ondokoa aplikatuko zaie:

a) Dirulaguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, bai eta kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

Eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: Ogasuneko Ministerioak Europako Batzordeari kontuak, eragiketaren gastuak barne, aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak epearen bukaera jakinaraziko du.

b) EGEFaren ekarpena jendaurrean paratu beharko du onuradunak, web-orrian ondoko esaldia ikusgai jarriz, gutxienez ere dirulaguntza jaso duen jarduerak irauten duen bitartean:

“Enpresa honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %50ean kofinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako EGEF 2014--2020 Programa Eragilearen bidez”, logotipo hau erantsita:

F1907035_0.pdf

Enpresak web-orririk ez badu edo korporazioaren web-orria aldatzeko baimenik ez badu, laguntzak kudeatzen dituen organoak emanen dion EGEF logotipoaren eranskailua ikusgai jarri beharko du argi ikusteko moduko toki batean, proiektuak dirauen bitartean gutxienez ere.

c) EGEFen dirulaguntza jasotzeak berarekin ekarriko du inplizituki onartzea enpresa onuraduna sartuko dela Ogasuneko Ministerioaren Europako Erkidegoko Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian argitaratuko den zerrenda batean (http://www.dgfc.sepg.hacienda.gob.es) programa eragilea kudeatzeko agintaria den aldetik. Zerrenda horren argitalpenaren helburua da gardentasunez jokatzea EGEF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, EB 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan xedatu bezala.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Orobat, Ogasuneko Ministerioko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea kudeatzeko agintari gisa, informazio bera argitaratuko du bere web-orrian (http://www.dgfc.sepg.hacienda.gob.es).

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1907035