109. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

507E/2019 EBAZPENA, apirilaren 3koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide gehiago sartuz enplegua sustatzeko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak arautzen dituena. DDBN identifikazioa: 447707.

Garapen jasangarrirako 2030 Agenda 2015eko irailaren 25ean onartu zen, eta esaten du partaide diren herrialde guztiek ekonomia dinamikoak, jasangarriak, berritzaileak eta pertsonengan zentratuak eraiki beharko dituztela. Kooperatibek hazkunde ekonomiko jasangarrian eta enplegu egonkorrean nahiz kalitatekoan laguntzen dute. G20ko herrialdeen barruan, enplegu kooperatiboak biztanle landun guztien %12 biltzen du. Ekonomia sozialaren eginkizuna estatuko araudian aitortuta dago, estatuaren politiketan jasotzen da, eta autonomia erkidegoen enplegu politika aktiboen parte bat da. Ekonomia Sozialari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legeak ekonomia sozialaren interes orokorra aitortzen du, eta botere publikoei eskatzen die hura susta eta zabal dezatela.

Ekonomia sozialak garrantzi handiagoa du autonomia erkidego batzuetan bestetzuetan baino, eta Nafarroa aurrenekoen artean dago, enplegu jasangarria eta kalitatekoa sortzen eta mantentzen laguntzen baitu, batez ere krisialdi ekonomikoetan. Enpresa horiek lurraldearekin duten loturaren ondorioz, bai eta enplegu solidario eta inklusiboaren alde egitearen ondorioz ere, bereziki garrantzitsua da horien garapena laguntzea.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Ekonomia Sozialaren 2017-2020ko Plan Integrala onartu zuen 2017ko maiatzaren 22an egindako bilkuran. Planak bost ildo estrategiko ditu: enplegu jasangarria eta kalitatekoa; berrikuntza soziala; enpresa garapena; gobernamendu parte-hartzailea; eta garapen sektoriala. Bost ildo horiek, nagusiki, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiak eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak gidatzen dituzte, baina beste departamentu batzuek ere parte hartzen dute.

Baina Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 682/2013 Ebazpenaren bidez arautu zen enplegu publikoko programa hori berrikusteko premia justifikatzen dute zenbait faktorek. Ebazpen hori aplikatu da azken urteotan, eta zenbait egokitzapen behar ditu. Hori dela eta, bidezkoa da hura indargabetzea eta berria onestea.

Nafarroako Gobernuak, 2019ko martxoaren 6an egindako bilkuran, erabaki du Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea dirulaguntzak eman ditzan, banakako ebaluazioaren araubidean, lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide gehiago hartuz enplegua sustatzeko; aipatutako araubidea egokiagoa da horrelako laguntzen kasurako, dirulaguntza sorrarazten duen gertaera kasu guztietan bat eta bera baita.

Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide gehiago hartuz enplegua sustatzeko dirulaguntzak emateko deialdia onestea, bai eta ebazpen honen eranskinean jasotzen diren oinarri arautzaileak ere.

2. 650.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastuen aurrekontuko “Ekonomia sozialeko enpresei laguntzak ematea bazkideak hartzeko” izeneko 950001 96100 4709 241200 partidaren kargura.

3. Indarrik gabe uztea apirilaren 29ko 682/2013 Ebazpena, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emandakoa, Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide gehiago sartuz enplegua sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituena.

4. 2019ko aurrekontuaren kargura erantzutea apirilaren 29ko 682/2013 Ebazpenaren babesean aurkeztutako eskaerei, 2018ko ekitaldian ebatzi gabe geratu zirenei; izan ere, ebazpen horrek Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide gehiago hartuz enplegua sustatzeko dirulaguntzak arautzen zituen; nolanahi ere, horiek aipatutako araudiaren arabera ebatziko dira.

5. Deialdi honek ondorioak izanen ditu 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera sartzen diren bazkideen kasuetarako.

6. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta, hortaz, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da haren aurka, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2019ko apirilaren 3an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Xedea eta jarduteko eremua.

1. Deialdi honen xedea da lan elkartuko kooperatibei eta lan sozietateei dirulaguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea, laguntza horien bidez sustatzeko lan elkartuko kooperatibetan eta laneko sozietateetan sar daitezen, lan elkartuko kooperatibetako eta lan sozietateetako bazkide-langile gisa eta izaera mugagabearekin, honakoak: langabeak, kooperatiba edo lan sozietate horretan aldi baterako lan kontratua duten langileak eta kooperatiba edo lan sozietate horretako epe zehatzeko bazkide-langileak.

2. Aurrekontu ekitaldi bakoitzaren kargura izanen dira aurreko urteko azaroaren 1etik eta abian den urteko urriaren 31ra bitarte izaera mugagabearekin sartzen diren bazkide-langile berriei dagozkien eskaerak.

2019rako aurkezten ahalko dira urte horretako urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte izaera mugagabearekin sartzen diren bazkide-langile berriei dagozkien eskaerak.

2.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Dirulaguntza jasotzen ahalko da lan elkartuko kooperatibetan eta laneko sozietateetan sartzea, izaera mugagabearekin eta bazkide-langile gisa, honakoak:

–Langabeak.

–Enpresa eskatzailean aldi baterako lan-kontratua duten langileak.

–Epe zehatzeko bazkide-langileak izaera mugagabeko bazkide-langile bihurtzea.

3.–Dirulaguntzaren onuradunak eta betebeharrak.

1. Lan elkartuko kooperatiben edo/eta lan sozietateen arteko lankidetza proiektuen ondorioz sortzen diren kooperatibak, lan sozietateak eta lan elkartuko kooperatibak izanen dira dirulaguntza hauen onuradunak, baldin eta bazkide-langile bat badute, gutxienez, eta betebehar hauek betetzen badituzte:

a) Legez eratuak egotea.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

c) Dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzea dakarren ebazpen irmo baten bidez zigortuak ez izatea.

d) Helbide fiskala Nafarroan izatea. Orobat, dirulaguntza hauetara jo ahal izateko, lan elkartuko kooperatibek eta lan sozietateek Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden lantokietan sartu beharko dituzte bazkideak.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak.

2. Deialdi hau ez zaie aplikatuko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua), haien jarduera dela kausa, dirulaguntza hauetatik baztertuta dauden enpresen eskaerei, ezta enplegu programen aplikazioaren ondoriozko onuretatik baztertu diren enpresen eskaerei ere, baztertzeko arrazoia arau-hauste oso larriak egitea izan baldin bada, Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginean (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia) aurreikusitakoari jarraituz.

Kanpo gelditzen dira, orobat, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean ageri diren produktuen produkzioarekin, lehen eraldaketarekin eta/edo handizkako merkaturatzearekin zerikusia duten jarduerak egiten dituzten enpresak (Tratatuaren 38. artikulua).

4.–Bazkide-langile gisa sartzen direnek bete beharrekoak.

1. Epe mugagabeko bazkide-langilearen izaera hartu ondoren, dirulaguntza eskaeraren xede den pertsonak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Sartzen direnak langabeak direnean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietako batean izena emanik egotea Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidean alta ematen zaionean.

b) Aldi baterako kontratua duten langileen eta iraupen zehatzeko bazkideen kasuan, enpresako plantillan agertzea izaera horrekin Gizarte Segurantzaren alta/baja/datu aldaketaren orrian datuak aldatzen diren egunean.

2. Epe mugagabeko bazkide-langilearen izaera hartzeko, diru-ekarpena egin izana enpresari, gutxienez ere 1.000 eurokoa.

Epe mugagabeko bazkide-langilearen izaera partikularren arteko salerosketa baten ondorioz hartzen bada, enpresak frogatu beharko du partaidetzaren balio nominala gutxienez ere 1.000 eurokoa dela.

3. Bazkide gisa sartzean, dirulaguntza eskaeraren xede diren bazkide berriak sartu aurreko sei hilabeteetako batez bestekoaren aldean enplegu gehiago izan beharko dira enpresan. Hori kalkulatzeko, kontuan hartuko da epe mugagabeko zenbat bazkide-langile diren eta zenbat langilek duten kontratu mugagabea. Enpresetan izaten diren bajek plantillako murrizketa ekarriko dute gertatzen diren hilean bertan, salbu eta heriotzak, erretiroak edo baliaezintasunak eragindakoak badira.

Horren emaitza den batezbestekoa biribildu eginen da, halako moduan non 0,50eko zatikia edo handiagoa goragoko unitatera bilduko baita, eta 0,50etik beherakoa, berriz, baliogabetuko.

4. Ez da dirulaguntzarik ematen ahalko kasu hauetan:

a) Bazkide-langile berriak sartzen direnean, bazkide izaera hori eskuratu aurreko bi urteetan enpresa horretan bertan izaera mugagabeko bazkide-langile gisa edo izaera orokorreko bazkide gisa aritu izana.

b) Halaber, enpresa sortu berri batean hasten diren pertsonak dirulaguntza honetatik kanpo geldituko dira, sartu aurreko hiru urteetan jarduera berean edo antzeko batean aritu badira autonomo gisa edo nor bere kontura.

Oinarri hauen ondorioetarako, enpresa sortu berriak izanen dira ekonomia sozialeko enpresa izaera jaso eta dirulaguntzaren eskaera aurkeztu arte urtebete baino gutxiago egin dutenak eratuta.

5.–Dirulaguntzaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da:

a) 7.000 euro, sartzen den eta dirulaguntza eskaeraren xede den langilea giza-talde hauetako batekoa denean:

–Luzaroko langabeak, hau da, azkeneko 18 hilabeteetatik gutxienez 12 hilabetez lanik gabe eta enplegu agentzia batean lan eskatzaile gisa inskribaturik egon direnak.

–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten langabeak.

–Errenta bermatua jasotzen duten langabeak.

–Gizartean eta lan munduan sartzeko prozesua gizartean eta lan munduan txertatzeko enpresen bitartez bukatu duten langabeak.

b) 5.000 euro, sartzen den eta dirulaguntza eskaeraren xede den langilea giza-talde hauetako batekoa denean:

–30 urtetik beherako langabeak.

–45 urtetik gorako langabeak.

–Langabeziako prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean aitorturik daukaten langabeak, dirulaguntza eskatu duen kooperatiba edo lan sozietateko bazkide bihurtzen badira, baldin eta aitorturik daukaten langabeziako prestazioaldia 360 egun baino gutxiagokoa ez bada, 30 urte edo gehiago izanez gero, edo 180 egun baino gutxiagokoa ez bada, 30 urtetik beheitikoak izanez gero.

–Langabeak, erditu edo haur bat adoptatu edo etxean hartu eta hurrengo hogeita lau hilabeteko epean bazkide-langile gisa sartzen badira.

–Enpresa eskatzailearekin aldi baterako kontratu bat duten langileak (24 hilabetekoa gehienez eta 6 hilabetekoa gutxienez), izaera mugagabeko bazkide-langile bihurtzen den egunean.

–Bazkide-langileak, epe zehatzeko lan loturak dituztenak, lotura hori aldatzen dutenak enpresan 24 hilabete egin baino lehen, izaera mugagabeko bazkide-langile bihurtzeko.

c) 2.000 euro, sartzen den eta dirulaguntza eskaeraren xede den langabea oinarri hauetako a) eta b) letretan aipatzen diren giza-taldeetakoa ez denean.

Era berean, sartzen den pertsonaren lanaldia partziala denean, dirulaguntzaren zenbatekoa lanaldiaren iraupenaren araberakoa izanen da.

6.–Eskaeren aurkezpena eta epea.

1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da Gizarte Segurantzan alta ematen den edo datuen aldaketa egiten den egunetik hasita, baldin eta dagokion gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

Alta norbere konturako langileen edo autonomoen araubide berezian egiten denean, ondorio guztietarako kontuan hartuko den data izanen da alta egiten den unean Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak onartzen duena (altaren onarpenari buruzko ebazpena).

Eskabideak aurkezteko epea urriaren 31n bukatuko da beti.

2. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus) dagokion fitxa erabiliz (laguntzen fitxa).

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, entitate batek eskaera aurrez aurre aurkezten badu, zuzenketa baliabide elektronikoen bidez aurkezteko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela ulertuko da.

Dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7.–Eskaerek bete beharreko baldintzak.

1. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan nahi duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Dirulaguntza eskaera, behar den bezala beteta.

b) Entitatea eratzeko eskritura edo akta, eta estatutuak. Dokumentu horiek eskabidearen datara eguneratuta aurkeztu beharko dira.

Sozietatean sartzen den bazkide berria eraketa eskrituran jasota ez badago, bazkideen liburuetako orrialdeen eta sozietatearen kapitalerako diru ekarpenen fotokopia, non adieraziko baita kooperatiban sartzen den bazkidea, edo eskritura publikoa edo agiri baliokidea, bazkide berria lan sozietatean sartu dela frogatzen duena.

Dirulaguntzaren xede den bazkide-langile berriaren kasua denean epe zehatzeko bazkide-langile bat izaera mugagabeko bazkide-langile bihurtzea, aurreko paragrafoan aipatzen den dokumentazioaz gain, zuzendaritza kontseiluaren erabakia eta aldaketa hori jasotzen duen kontratu sozietarioa.

c) Kooperatibaren edo lan sozietatearen organo eskudunak egindako egiaztagiria, kapital soziala eta enpresa horietako bazkide guztiek dituzten akzio, partizipazio nahiz titulu kopurua eta mota azalduz.

d) Dirulaguntzak emateko prozeduretan pertsona juridiko baten izenean eta hura ordezkatuz diharduen pertsona fisikoak Administrazio Publikoaren aurrean jarduteko eman zaion ahalorde aski eta iraunkorra jasotzen duen eskritura, salbu eta ordezkatzeko ahalmena estatutuetan ageri bada.

e) Identifikazio fiskaleko txartela.

f) Enpresaren Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalaren eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren egiaztagiriak.

g) Entitateak ez badu Gizarte Segurantzan alta emanda egoteko betebeharra duen langilerik, kontu horren gaineko aitorpena aurkeztuko du haren legezko ordezkariak.

h) Helburu bererako beste administrazio publiko batzuei eskaturiko edo horiek emaniko laguntzak edo dirulaguntzak azalduko dituen adierazpena, edo horrelakorik eskatu ez duela dioen berariazko adierazpena, hala bada; orobat, helburu bererako dirulaguntza edo laguntza eskaera berriak eta lortzen diren laguntzak hamabost eguneko epean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrean idatziz jakinarazteko konpromisoa ere. Adierazpen horretan “de minimis” araubideari lotutako laguntza guztiak ere aipatuko dira, indarrean den zergaldian eta aurreko bietan jasotakoak, baita eskatu bai baina oraindik ebazteke daudenak ere.

i) Betebeharrak betetzeko konpromisoaren adierazpena.

j) Europar Batasuneko betebeharrak ezagutzen dituelako aitorpena.

k) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere ez izatea adieraziz.

l) Aurretik Nafarroako Gobernuaren inolako dirulaguntzarik jaso ez bada, “transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea” inprimakia aurkeztu beharko da.

m) Gizarte Segurantzak egindako altaren edo datu aldaketaren agiria, dirulaguntza eskaeraren xede den pertsona bakoitzarena.

Bazkide-langile horietakoren batek bi jarduera mota edo gehiago egiten baditu Gizarte Segurantzaren araubide bakar baten baitan, enpresa eskatzailean egiten duen jarduera agertuko da jarduera nagusi gisa.

n) Dirulaguntza eskaeraren xede izanen den pertsonaren lan-kontratua edo, lan elkartuko kooperatiben kasuan, ziurtagiri bat, non bazkide-langilearen alta-eguna eta izaera mugagabearekin lanean segituko duela adieraziko baita.

ñ) Ziurtagiri bat, zeinak frogatuko baitu bazkide-langile berria ez dela sozietateko izaera mugagabeko bazkide-langilea izan, ez eta klase orokorreko bazkide ere, bertan sartu aurreko bi urteetan (sortu berriak ez diren enpresetan bakarrik).

o) Langabeziako prestazioa ordainketa bakarrean ordaintzea onartua duten pertsonen kasuan: mugagabeko bazkide gisa sartzen den langileari langabeziako prestazioa ordainketa bakarrean ematea onartu zaiola adierazten duen ebazpenaren fotokopia, edo bestela, dirulaguntzaren eskaera egiten den egunean prestazioa horrela ordaintzea oraindik ebatzi ez bada, eskaeraren kopia. Dirulaguntza ez da ordainduko ebazpen hori aurkeztu arte.

p) Enpresan izaera mugagabeko bazkide-langile gisa sartzen dena langabe bat bada, eta erditu denetik edo haur bat adoptatu edo familian hartu duenetik 24 hilabeteko epea igaro ez bada, honako hau aurkeztu beharko da: Erregistro Zibileko ziurtagiria, familia liburua edo Administrazio eskudunaren Gizarte Zerbitzuek emandako egiaztagiria, umea jaio, adoptatu edo familian hartu zeneko eguna frogatzen duena.

q) Gizartean eta lan munduan txertatzeko prozesua bukatu duten pertsonak badira: gizartean eta lan munduan txertatzeko enpresaren ziurtagiria.

r) Kooperatiba batean sartzen bada, ziurtagiri bat honako hauek adierazita: sartzen den pertsonak finkatua duen lanaldia, eta enpresan ohikoa den lanaldi osoarekin alderatuta, bazkideak bete behar duen lanaldi partzialaren ehunekoa zenbat den.

s) Bankuko ziurtagiriak, 4. oinarriko 2. puntuan aipatzen den diru-ekarpena egin izana frogatzen dutenak, horietan egiaztatzen baita enpresa eskatzailearen edo enpresako ekarpen/partaidetza hori eskualdatzen duenaren, laguntza eskaeraren xede den bazkide berriaren eta bankuko kontuen arteko trazabilitatea.

Partikularren arteko salerosketa baten bidez eskuratzen bada enpresako partaidetza, enpresak eskualdaketa hori frogatzeko emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, hartan zehaztuta zenbat partaidetzari dagokion eta zer balio nominal duten.

t) Enpresaren jardueren adierazpena.

u) Gardentasun betebeharrari buruzko erantzukizunpeko adierazpena:

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

–Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak betetzen direla frogatze aldera.

Errekerimenduan horretarako emandako epea hura bete gabe iraganik, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin eta entzunaldia eman ondoren. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa hartuko dira kontuan.

v) Enpresako aldi bateko lan-kontratudunen kasuan, lan-kontratuaren kopia.

w) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen duen beste edozein agiri.

2. Edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak edo administrazioak berak emandakoak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zein administrazio organori zuzendurik aurkeztu zituen agiri horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bide elektronikoak erabiliz eskuratuko ditu, salbu eta interesdunak berariaz kontra dagoela adierazten badu. Kasu horretan, behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, aurkez ditzan eskatzen ahalko dio berriz interesdunari.

3. Eskaerak adierazi diren betebeharrak betetzen ez baditu, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio zuzendu dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinarazi eginen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. apartatuan xedatu bezala.

8.–Prozeduraren instrukzioa.

1. Prozeduraren instrukzioaz arduratuko den organo eskuduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.

2. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

3. Eskaerak erregistroko sarrera-dataren hurrenkerari jarraikiz erantzunen dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.

4. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, dirulaguntzaren xedeko jarduketa egin dela egiaztatu ondoren, dirulaguntza eman eta ordainduko du.

9.–Prozeduraren gaineko ebazpena.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, behar den ebazpena eman eta jakinaraziko du, lau hilabeteko epean gehienez, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat joko da.

2. Dirulaguntza onartzeak berarekin dakar ados egotea onuradunen datuak argitaratzearekin (izena, jasotako dirulaguntzaren zenbatekoa, etab.).

3. Halaber, dirulaguntza onartzean, onuradunek onartzen dituzte egiturazko funtsen gainean egin daitezkeen kontrolak, Europako, Espainiako edo Nafarroako erakundeek egiten dituztenak, eta dagokion auditoreari laguntzea ere onartzen dute.

10.–Onuradunen betebeharrak.

1. Oro har, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

–Dirulaguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.

–Jarduketa egin dela frogatzea, eta dirulaguntza ematean eta horren gaineko ebazpenean ezartzen diren betekizun eta baldintzak betetzen direla ere bai.

–Jarduketak sustatu eta zabaltzeko adierazpen guztietan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela agerraraztea.

–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

2. Dirulaguntza hauen onuradunek bere gain hartuko dute dirulaguntza jasotzea ekarri duen bazkide berria edo berriak gutxienez bi urtez izaera mugagabeko bazkide-langile gisa mantentzeko betebeharra, dirulaguntza ematen den egunetik aurrera eta hura eragin zuten baldintzekin, besteak beste, eskatutako gutxieneko diru-ekarpena, lanaldia; horrek baja hartuko balu, beste batekin ordeztu, eta bi urteko epe hori betetzeko falta den denborarako mantentzeko betebeharra hartuko lukete bere gain. Bestela, jasotako diru guztia edo parte bat itzuli beharko dute, 14. oinarrian xedatutakoarekin bat.

Dirulaguntza eman baldin bada giza talde jakin bateko pertsona bat kontratatzeagatik, dirulaguntza hauen onuradun izan daitekeen giza talde bateko beste pertsona batek ordeztuko du baja hartzen duen langilea, eta, zehazki, dirulaguntza berdina edo handiagoa dagokion giza talde bateko pertsona batek.

Dirulaguntza ematea ekarri duen pertsonari baja ematen zaion egunetik hiru hilabeteko epean ordeztu beharko da, eta ordezkapena egiten denetik hilabeteko epean horren berri eman beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Kasu horretan, baja hartzen duen pertsona eta haren ordezkoa enpresa onuradunean mantentzeko epeen baturak izan beharko du, gutxienez, oinarri honetan eskatutako bi urteena.

3. Azkenik, lortutako dirulaguntzaren onuradun izateko eskatzen diren izaera juridikoetako bat gutxienez bi urtez mantendu beharko du entitate onuradunak, laguntza ematen zaionetik kontatzen hasita.

11.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza eman eta ordaindu aurretik, onuradunak dirulaguntza emateko oinarri izan den jarduketa egin izana frogatu beharko du, kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan xedatutakoa.

12.–Jarraipena eta kontrola.

Entitate onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, kontu-hartzailetza eskuordetuari dagozkion finantza-kontrolekoak, hala badagokio, Kontuen Ganberaren legedian ezarritakoak eta legez bidezko diren gainerakoak.

13.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen diren bestelako laguntza edo dirulaguntzekin.

2. Bateraezintasun horretatik kanpo geldituko dira, langabeak lan elkartuko kooperatibetan edo lan sozietateetan bazkide-langile gisa sartzeagatik, Gizarte Segurantzaren kuotetan egiten diren hobariak, betiere hobari hori arautzen duen araudian ezarritako mugak errespetatzen badira eta lan merkatua erreformatzeko presako neurriei buruzko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege-Dekretuan adierazitako laguntzak, izan ere, horiek bateragarriak dira kontratazioa dela-eta lor daitezkeen zerga kenkariekin eta Gizarte Segurantzan egin litezkeen beste hobari batzuekin.

14.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzaren itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

a) Bazkide-langileak enpresan baja hartzen badu enpresan egoteko oinarri hauetan eskatzen den denboraren %60 edo gehiago bete delarik, itzulketa partziala eskatuko da, eskatutako denbora osatzeko falta den denboraren arabera. Baja gertatzen bada erabateko ezintasunaren, baliaezintasun handiaren edo heriotzaren ondorioz, ez da berandutze-interesik ordaindu beharko, 35. artikuluaren 1. apartatuaren c) letran xedatutakoa aplikatuz. Bestela, ordaindu beharko dira, artikulu bereko 2. apartatuko i) letran xedatutakoaren arabera.

b) Enpresan egondako denbora %60tik beherakoa bada, dirulaguntza osorik itzultzeko eskatuko da, baina berandutza interesik gabe, 35. artikuluko 1. apartatuaren c) letran adierazitakoarekin bat, betiere langile bazkidearen baja gertatu bada erabateko ezintasunaren, baliaezintasun handiaren edo heriotzaren ondorioz.

15.–Arau-hausteak eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen enpresa onuradunak dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita baitaude, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

16.–“De minimis” araubidea.

Dirulaguntza hauek “de minimis” araubidearen menpe daude, Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

17.–Publizitatea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

18.–Araudi osagarria.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

19.–Administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta haiek aplikatzean ematen diren administrazio-egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita. Aurkaraturiko egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F1905073