107. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

51E/2019 FORU AGINDUA, maiatzaren 21ekoa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak eman diezazkien 2019. urtean zehar Nafarroako Foru Komunitatean LGTBI+ pertsonen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak egiten dituzten elkarteei edo irabazi-asmorik gabeko entitateei. DDBN identifikazioa: 456515.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eskumenen artean dago LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako politikak koordinatzea eta kudeatzea, haren estatutuak onesten dituen irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuarekin bat.

LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearen xedea da oinarriak, bitartekoak eta neurriak ezartzea eta arautzea LGTBI+ pertsonen eskubideen egiazko berdintasun eraginkorra bermatzeko, eta horretarako, sexu-joera, genero-adierazpena edota sexu- edo genero-identitatea direla-eta izan daitekeen diskriminazio oro prebenitzea, zuzentzea eta deuseztatzea, Nafarroako Gobernuak eta toki entitateek eskumena duten esparru publikoetan eta pribatuetan.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, eta LGTBI+ pertsonen herritartasun osoaren garapena lagundu eta bultzatzeko legezko agindua betetzeko, baliabide ekonomikoak bideratzen ditu LGTBI+ pertsonen elkarteen eta irabazi-asmorik gabeko entitateen arloko gizarte ekintzako proiektuetarako. 2019an zehar Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren proiektuak dira, genero ikuspegia dutenak eta berdintasuna bultzatzera eta sustatzera bideratuak daudenak.

Horrenbestez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuari lotuta, emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Dirulaguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak eman diezazkien 2019. urtean zehar Nafarroako Foru Komunitatean LGTBI+ pertsonen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak egiten dituzten elkarteei edo irabazi-asmorik gabeko entitateei. Foru agindu honen eranskinean jaso dira deialdiaren oinarriak.

2. 30.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastu-aurrekontuaren “Entitateentzako dirulaguntzak, sexu eta genero aniztasunarekin lotutako proiektuetarako” izeneko B40001 B4100 4819 232206 partidaren kargura.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B40001-B4100-4819-232206: Entitateentzako dirulaguntzak, sexu eta genero aniztasunarekin lotutako proiektuetarako

2019

30.000,00

3. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 21ean.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak eman diezazkien Nafarroako Foru Komunitatean, LGTBI+ kolektiboa osatzen duten pertsonen eskubideen berdintasuna lortze aldera, proiektuak garatzen dituzten elkarteei edo irabazi-asmorik gabeko entitateei, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat eta kredituek zehaztutako mugen barnean.

Dirulaguntza hauen helburua da aniztasun afektiboarekiko eta genero aniztasunarekiko berdintasuna eta errespetua bultzatzea, eta horrela, LGTBI+ pertsonen berdintasuna eta giza eskubideak erdiesten laguntzea.

2. oinarria.–Onuradunak.

Hona deialdi honetan parte hartzen ahalko dutenak: elkarteak edo irabazi-asmorik gabeko entitateak, baldin eta haien estatutuetan berariazko helburu gisa badago bizitza sozial, ekonomiko, kultural edo politikoaren edozein eremutan LGTBI+ pertsonen berdintasuna sustatzea eta/edo defendatzea, eta Nafarroako Foru Komunitatean LGTBI+ pertsonen berdintasuna lortzera bideratutako proiektuak garatzen badituzte.

3. oinarria.–Betebeharrak.

Dirulaguntza hauen onuradun izateko, elkarteek edo irabazi-asmorik gabeko entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkeztean, eta baldintzak mantendu beharko dituzte diruz lagundutako jarduera egiten den aldian eta jarduera justifikatu arte:

3.1. Indarra duen legeriarekin bat eratuak egotea, nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan inskribatuak egotea, inskripzio hori bakarrik publizitate ondorioetarako eskatuta ere.

3.2. Irabazi-asmorik ez edukitzea.

3.3. Nafarroako Foru Komunitatean jardutea.

3.4. Haien estatutuetan xede gisa agertzea LGTBI+ pertsonen egoera hobetzeko konpromisoa eta kolektibo horren berdintasunerantz aurrera egiten jarraitzekoa, bizitza sozial, ekonomiko, kultural edo politikoaren edozein esparrutan.

3.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeraren batean ez egotea.

4. oinarria.–Proiektu eta ekintza diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

4.1. Dirulaguntzaren xedeko proiektuak gauzatzeko epea 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko azaroaren 15era arte izanen da.

4.2. Hauek dira diruz lagunduko diren proiektuak: 2019. urtean, bizitza sozialean, ekonomikoan, kulturalean eta laboralean, LGTBI+ pertsonen aukera berdintasuna (genero ikuspegitik), parte-hartzea eta presentzia sustatzera zuzendutako jarduerak biltzen dituztenak.

Era berean, diruz lagunduko dira Nafarroako Foru Komunitateko elkarteen lurralde-topaketarako proiektuak, elkarteen sare bat bultzatzeko eta, horrela, LGTBI+ kolektiboko pertsonen berdintasuna eta eskubideak sustatzeko jarduerak gauzatzen dituen Nafarroako elkartegintza indartzeko. Topaketak Nafarroan egin beharko dira.

4.3. Helburu hauek betetzeko jarduketa bat edo batzuk izanen dituzte proiektuek:

a) LGTBI+ pertsonen pertzepzio sozialari modu negatiboan eragiten dioten estereotipoak eta aurreiritziak gainditzen laguntzea.

b) LGTBI+ pertsonen eskubideei buruz informatzea eta sentsibilizatzea, kolektibo horrekiko errespetuzko jarrerak eta diskriminaziorik eza sustatuz.

c) LGTBI+ pertsonen artean berdintasunezko harremanak sustatzea.

d) LGTBI+ pertsonen eskubideekin eta aldarrikapenekin lotutako garrantzi bereziko datak ikusgarri egitea.

e) Sareko lanaren alde egitea, jarduteko estrategiak, esperientziak eta esku hartzeko moduak partekatzeko asmoz, eta LGTBI+ pertsonei lotutako egoera bereizgarriak gehiago ezagutzen laguntzeko.

f) Historian zehar eta gizartearen esparru guztietan LGTBI+ pertsonek egindako ekarpenak ikusgarri egitea.

g) Beste aldagai batzuekin –besteak beste adinarekin, dibertsitate funtzionalarekin, orientazio sexualarekin edo genero identitatearekin– izandako intersekzionalitatetik sortzen diren hainbat diskriminazioren gainean jardutea.

h) LGTBI+ pertsonen parte-hartzea sustatzea, bereziki emakumeena, erabakiak hartzeko guneetan.

4.4. Proiektu bakarra aurkezten ahalko da gehienez deialdi honetan. Proiektu bat baino gehiago aurkezten dituzten elkarte edo entitateei, bat hautatzeko eskatuko zaie dirulaguntza eskatzeko. Bakarra hautatu ezean, eskaera ez da onartuko.

4.5. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntzak soilik erabiliko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat egiten duten gastuak finantzatzeko, oinarriotan ezarritako epean eginak. Zehazki, hurrengo gastu kontzeptuek jasoko dute dirulaguntza, merkatu balioa gainditu gabe.

4.5.1. Zuzeneko gastuak:

a) Aholkularitza teknikoa (enpresak kontratatzea, profesionalen ordainsariak, txostengileak, joan-etorriak, dietak eta ostatu-hartzea; betiere, generoari buruzko prestakuntza dutela frogatzen badute).

Proiektua gauzatzeko enpresa bat kontratatuz gero, enpresa horrek ziurtatu beharko du badituela langileak zeinak baduten gutxienez 120 orduko prestakuntza (erakunde publikoek edo unibertsitate publiko nahiz pribatuek emana) genero berdintasunaren eta/edo sexu eta genero aniztasunaren arloan, eta horiexek direla proiektua gauzatzeko erantzule zuzenak. Prestakuntza hori egiaztatzeko, zerbitzua emanen duenak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du. Diruz lagundutako jardueraren %100 arte azpikontrata daiteke.

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, frogatu beharko da laguntza teknikoa eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Onuradunaren txosten baten bidez frogatuko da.

b) Diruz lagundutako jardueren publizitate edo zabalkunde gastuak.

c) Materialak argitaratzeko gastuak. Dena den, soilik programaren xedea lortzeko ezinbestekoa den material inprimatuak jasoko du dirulaguntza, betiere NABIk baimendu ondoren.

Egutegien ediziorako eta inpresiorako dirulaguntza eskatzen bada, soilik 2020koek jasoko dute dirulaguntza.

d) Jarduera garatzeko lokalen alokairuaren, ekipamenduen edo material suntsikorraren gastuak.

e) Elkarteen topaketa proiektuetarako egindako joan-etorrien gastua. Garraio publikoaren kasuan, soilik onuradunari fakturatzen zaion gastua onartuko da, 500 euroko muga gainditu gabe.

f) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

4.5.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Emandako dirulaguntzaren edo, hori baino txikiagoa bada, justifikatutako gastu guztiaren %10 erabiltzen ahalko da objektiboki, gehienez ere, zeharkako gastu hauetarako: kudeaketa administratiboa, entitatearen lokalaren alokairua, argia, ura eta telefonoa; betiere, behar bezala justifikatuta egon beharko dute eta jarduera gauzatzen den epean egindakoak izan. Zeharkako gastutzat hartuko dira, orobat, proiektuak gauzatzeaz arduratzen den elkarte edo entitatearen langileen gastuak, baldin eta justifikatzen bada langile horiek diruz lagundutako proiektuan parte hartu dutela eta badutela genero berdintasunaren eta/edo sexu eta genero aniztasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza (erakunde publikoek edo unibertsitate publiko nahiz pribatuek emana).

4.6. Dirulaguntzetatik kanpo geratzen diren proiektu, jarduera eta gastuak:

4.6.1. Proiektu eta jarduera hauek deialdiaren esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Diseinuan, abian jartzean eta ebaluazioan genero ikuspegia txertatzen ez duten proiektuak.

b) Ikasleekin gelan egindako proiektuak edo jarduerak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentutik gauzatzen ari den Hezkidetza Planean ezarritakoarekin bat.

c) Aisialdiko jarduerak, edo ludikoak.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren berezko programak eta jarduerak.

e) Diruz lagundutako entitatearen edo elkartearen langileen nominak, 4.5.2 apartatuan ezarritakoa salbu.

4.6.2. Gastu hauek ezin dira lagundu deialdi honetan:

a) Banku-kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

d) Aperitibo, bazkari, arratsaldeko eta antzekoen gastuak.

e) Aurreikusitako jarduerak betetzeari lotu gabeko helburua duten bidaiak.

f) Entitate edo elkarte beraren publizitate edo sustapenarekin lotutako gastuak, Nafarroako Gobernuaren logotipoa eta NABIrena ez badira agertzen.

g) Jardueran parte hartu dutenentzako edonolako sari edo opariak.

h) Inprimagailuak, gailu mugikorrak, telefonoak, USBak eta beste gailu digital batzuk erosteak dakartzan gastuak.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Erabilgarri dauden kredituen barnean deialdi honetan zehaztutako gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa da.

5.2. 10.000 euroko dirulaguntza eman daiteke gehienez, proiektuaren kostua handiagoa bada ere. Eskatuko den zenbatekoak ere ezin izanen ditu 10.000 euroak gainditu.

5.3. Dirulaguntzaren zenbatekoa irizpide hauen arabera kalkulatuko da, betiere proiektuak gutxienez 50 puntuko balorazioa lortu badu, oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera, eta honako portzentaje hauek aintzat hartuz:

–91-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %100.

–81-90 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %90.

–71-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %80.

–61-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %70.

–50-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %60.

5.4. Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.

6. oinarria.–Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten elkarte edo entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabidea eta eranskinak, behar bezala beteak, proiektua erantsita eta adierazita zein den proiektuaren aurrekontua eta jardueren aurrekontu xehatuta. Dirulaguntzen eskaerak ereduaren arabera aurkeztuko dira nahitaez; Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoko laguntzen fitxan eskuratzen ahal da eskabide eredua. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehentasunezko bide gisa.

Proiektuaren azalpenean balorazioaren xede diren atalak zehaztu eta deskribatuko dira, oinarri hauen I. eranskinean adierazitako irizpideekin bat, bakoitzari dagokion puntuazioa emateko.

b) Nortasuna egiaztatzen duten agiriak, estatutuak (horietan jasoko da elkarteak edo entitateak duen konpromisoa LGTBI+ pertsonen berdintasuna lortzeko proiektuak egiteko), eta dagokion erregistroko inskripzioa.

c) Ziurtagiri eguneratua, deialdia argitaratu ondotik igorritakoa, non jasoko baita elkarteak edo entitateak eguneratuak dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Ziurtagiri hori aurkezten ez bada eta betiere alderdi interesdunak aurkakorik adierazten ez badu, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak egiazta dezake elkarteak edo irabazi-asmorik gabeko entitateak egunean dauzkala tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

d) Elkartearen edo entitatearen ordezkariak sinatutako adierazpena, ordezkaritza organoa osatzen dutenen identitatearen eta sexuaren berri ematen duena.

e) Elkarteen kasuan: elkartearen ordezkariak sinatutako adierazpena, bazkideen kopurua zehazten duena, datua sexuaren arabera sailkatuta: gizona, emakumea, ez binarioa, beste batzuk.

f) Elkartearen edo entitatearen ordezkariak egindako erantzukizunpeko adierazpena, puntu hauek baieztatzen eta/edo aitortzen dituena:

–Ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debekurik.

–Entitate eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo entitate pribatu baten laguntzak edo dirulaguntzak jaso eta/edo eskatu dituela xede eta helburu bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon, edo ez duela halakorik jaso eta/edo eskatu.

–Elkarte edo entitate eskatzaileak ez duela galdu, zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez duela jaso.

g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

h) Halakorik bada, funtsen aurrerakinaren eskaera; dirulaguntzaren helburuak betetzeko diru-funtsak behar direla frogatzen duen txostena aurkeztuko da, adierazita zein diren 2019ko diru-sarreren eta gastuen mugimendu aurreikusiak, edo funtsen eskasia frogatzen duen edozein agiri.

i) Funtsen aurrerakina eskatuz gero, gardentasunaren gaineko aitorpena.

j) Sare sozialetan egonez gero, sare sozialen estekak jasotzen dituen dokumentua.

6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

7.1. Dirulaguntzen eskaera eta dokumentazio atxikia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuaren Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen fitxaren bidez (laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaera aurkez daiteke, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz.

Eskaera hilabeteko epean aurkeztuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa telematikoki aurkezten bada, eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, nork bere izena behar bezala dakarrela.

Eskaerak postetxe batean aurkezten direnean, Posta Zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako moduan aurkeztu beharko dira.

Eskaera erregistro orokor elektronikoan aurkezten ez bada, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinarazi beharko zaio non aurkeztu den, gestionrecursosinai@navarra.es helbide elektronikoaren bidez.

7.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun naturaleko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekiko harremanetarako lehentasunezko bide gisa eskaeran adierazitako helbide elektronikoaren bidez eskatuko da akatsak zuzentzeko.

Proiektua deskribatzeko dokumentazioa ezin da zuzendu. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

8. oinarria.–Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntza jasotzeko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.

8.2. Eskaerak I. eranskinean zehaztutako irizpideei jarraikiz ebaluatuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikarien laguntza izaten ahal du, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Gutxienez ere 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ezetsiko dira.

Proiektuak diruz lagundu ezin diren ekintzak baditu, soilik diruz lagungarriak direnak hartuko dira kontuan.

8.4. Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira, ahal dela, onuradunek beren eskaeran adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

10. oinarria–Ebazpena.

10.1. Dirulaguntzei buruzko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 2 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Bi hilabeteko epe hori bukatuta, ebazpen espresik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

10.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz laguntzen diren proiektuak eta proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaion ezetz (arrazoia zehaztuta).

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, jakinarazi ondoko hilabetean, jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren atarian eta web-orrian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

10.3. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

10.4. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean onuradunek gardentasunaren adierazpena aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak), baldin eta eskaerarekin batera aurkeztu ez bazuten, 11/2012 Foru Legea eta 5/2018 Foru Legea betez.

Onuradunak gardentasunaren betebeharra bete behar ez badu, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratzen denetik hasita.

11. oinarria.–Proiektuak gauzatzean gertatzen diren gorabeherak.

11.1. Proiektuak deialdian ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan. Hala ere, proiektuan aurreikusitako exekuzioa aldatzen duten inguruabarrak gertatzen direnean, aldaketa hauek egiten ahalko dira:

a) Proiektua gauzatu bitartean egin beharreko jardueren aldaketak.

b) Proiektuan egin beharreko ekintzen arteko berrantolaketa ekonomikoa.

11.2. Proiektuan egin beharreko ekintzak aldatzeko, aldez aurretik baimena eskatu behar zaio organo kudeatzaileari. Interesdunak proiektuan ez dagoen beste jarduera bat, dirulaguntzaren helburua kontuan hartuta egokitzat jotzen dena, egitea proposatzen ahalko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

Proposatutako aldaketak behar bezala arrazoitu eta aurkeztu beharko dira, aurreikusitako jarduera egin baino gutxienez 10 egun lehenago.

Balorazioa egiteko, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituko zaie, eta epe eta baldintza beretan justifikatu beharko dira.

Proposatzen den jarduera berriak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Ordezten duen jardueraren maila tekniko berbera izatea.

b) Oinarrietan ezarritako baldintza eta forma berak betez aurkeztea.

Instrukzio organoak baloratuko du salbuespenekoak ote diren aldaketak eta horietarako ematen diren arrazoiak, haiek onartu edo ukatzeko.

Balorazioa eginda, aipatutako aldaketa berariaz baimendu edo ukatuko du Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak, eta, behar izatera, egokiak diren doikuntza ekonomikoak eginen dira.

11.3. Proiektuan onartutako jardueretako bat egin gabe utzi behar denean, ez da aldaketarako aldez aurreko baimena eskatu beharko. Hala ere, jarduera horretarako aurreikusitako zenbatekoa ezin zaio gainerako jardueren aurrekontuari erantsi. Aurrekoa gorabehera, justifikazio agiriak aurkezten direnean, onuradunak behar bezala azaldu beharko ditu aldaketa horiek.

12. oinarria.–Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

12.1. Oro har, dirulaguntza ordainduko da haren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondotik.

Hala ere, gizarte ekintzako programak direnez, dirulaguntza emateko ebazpenean erabakiko da dirulaguntzaren aurrerakina eskatu duten entitateei emandakoaren %100 aldez aurretik ordaintzea, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, betiere justifikatzen bada funtsen hornidura beharrezkoa dela dirulaguntzaren xedeak betetzeko.

Funtsak behar direla justifikatzeko, entitateak aurreko urteko bukaerako kontuen egoera orria aurkeztu beharko du dirulaguntzaren eskaerarekin batera, bai eta 2019ko diru-sarrera eta gastuen mugimenduen aurreikuspena ere, edo beste edozein egiaztagiri, dirulaguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsak behar direla frogatzeko.

Edozein ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak bete beharko dira.

12.2. Dirulaguntzaren xedeko jarduketak egin ondoren, elkarte eta entitate onuradunek diruz lagundutako ekintza guztiak justifikatu beharko dituzte. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2019ko azaroaren 15ean, beranduenez:

–Memoria, horretarako diseinatutako ereduaren araberakoa (“Memoriaren eredua”), Nafarroako Berdintasunerako Institutuan eskuratzen ahalko dena, edo, Internet bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxan (www.nafarroa.eus).

Memoriarekin batera, egindako ekintzen frogagiriak aurkeztuko dira, bai eta ekintza horien ondoriozko produktuen edo zabalkunde eta publizitaterako prestatutako produktuen frogagiriak ere.

–Proiektua gauzatzeko enpresa bat kontratatuz gero, horren adierazpena, frogatzeko generoaren eta/edo sexu eta genero aniztasunaren arloan prestakuntza eta eskarmentua duten pertsonak dituela eta horiexek direla proiektua gauzatzeko zuzeneko arduradunak.

–Egindako gastuen eta ordainketen frogagirien zerrenda (“Gastuen eredua”).

Justifikazio kontu baten bidez justifikatuko dira izandako gastuak eta ordainketak. Kontuak dirulaguntzaren xede diren jardueren eta haien kostuaren aitorpena bildu beharko du, jarduerak egiteko gastu guztiak zehazturik. Horretarako, jatorrizko fakturak eta ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.

–Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, entitateak frogatu beharko du enpresa hautatu dela eragimenaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren parte-hartzea azaltzeko betebeharra bete dela frogatzen duen agiria; izan ere, proiektuari lotutako publizitate, hedapen eta agiri guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu behar dira, edozein dela ere erabilitako bitartekoa: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundua”, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

–Diruz lagundutako proiekturako eta ekintzetarako jasotako edozein laguntzaren edo edozein motatako diru-sarreren aitorpena.

12.3. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio elkarte edo entitate eskatzaileari, beharrezko frogagiriak erants ditzan hamar egun naturaleko epean. Eskabidean emandako helbide elektronikora bidaliko da eskaera hori.

12.4. Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko 2019ko azaroaren 15a baino lehen ordaindu ezin diren finantza eta zerga gastuen edo Gizarte Segurantzako ordainketen benetako ordainketa, likidatzeko borondatezko aldia irekita ez egoteagatik.

13. oinarria.–Bateragarritasuna.

13.1. Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek zilegi izanen dute jasotzea Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak eta sarrerak, baldin eta guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez bada.

13.2. Aurrekoa gorabehera, dirulaguntzen deialdi hau bateraezina da dirulaguntza eskatu den proiektu edo jarduera bererako jasotako diru-sarrerekin, laguntzekin edo dirulaguntzekin, Nafarroako Gobernuarekin edo bestelako administrazio publiko batekin lankidetza hitzarmen bat sinatua izateagatik.

14. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten elkarte eta entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua adierazitako epeetan burutzea eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea, eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzea barne.

c) Justifikatzea betekizunak eta baldintzak bete direla, eta diruz lagundutako proiektua gauzatu eta dirulaguntzaren xedea bete dela.

d) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol tekniko eta ekonomikoa egiten uztea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak egoki erabili ahal izan daitezen, kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaion araudian agindutako moduan.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, modu tradizionalean edo digitalean egiten diren idatzizko edo ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzaren berri ematea.

i) Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez sexista erabili behar dute, emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro edo estereotipo sexistak saihestu, eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, ardurakidetzari eta rolen eta identitateen pluraltasunari lotutako baloreak sustatu behar dituzte.

j) Dirulaguntza publikoen pertsona eta entitate onuradunei ezarritako gardentasun betebeharrak betetzea.

15. oinarria.–Inbertitu gabeko gerakinak.

15.1. Dirulaguntza eman zeneko helburuak bete ondoren eta, baliabideak efizientziaz erabiltzearen poderioz, gerakin inbertitugaberik baldin balego, horren barne direla diruz lagundutako jarduerari aplikatu ez zaizkion balizko finantza etekinak, onuradunek Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari baimena eskatzen ahalko diote izaera bereko edo antzeko izaerako beste jarduera batzuetan erabiltzeko; hain zuzen ere, oinarri arautzaile hauen arabera diruz laguntzeko modukoak izan eta elkarte edo entitate onuraduna gauzatzen ari den jardueretan.

15.2. Inbertitu gabeko gerakinak erabiltzea baimentzeko eskaeran, abiatutako edo, hala bada, bukatutako proiektuaren helburuen zabalpena eta dagokion aurrekontua zehaztuko dira.

15.3. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko du gerakina aplikatu behar dela eta, horren ondorioz, gerakinaren xedeko dirulaguntza emateko ebazpena aldatu, edo deskribatutako gerakinak itzuli behar direla.

16. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoek) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, itzuli behar izatea ekarriko dute, baita berandutze-interesak pagatzeko eskatzea ere, dirulaguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak.

17. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari jarraikiz.

19. oinarria.–Arau osagarriak.

Oinarriotan ezarri gabeko orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.

I. ERANSKINA

Proiektuari lotutako irizpideak (80 puntu tarte)

IRIZPIDEAK

NEURTU BEHARREKO ALDERDIAK

APLIKAZIOA

Kalitatea

(70 puntu)

Koherentzia

(gehienez ere 30 puntu)

–Hobetu nahi diren beharren deskribapena: 5 puntu arte.

–Helburu orokorra definitzea: 5 puntu arte.

–Ekintzak deskribatzea berariazko helburuei eta xedeko biztanleriari lotuta: 5 puntu arte.

–Egutegia eta hartzaileak: 5 puntu arte.

–Ebaluaziorako adierazle neurgarriak: 5 puntu arte.

–Proiektuan baliabide propioak erabiltzea: 5 puntu arte

Aniztasun afektiboa eta sexu aniztasuna gehitzea

(gehienez ere 15 puntu)

–Hizkuntza ez sexista erabiltzea: 5 puntu arte.

–Analisian sexuaren arabera bereizitako datuak (emakumea, gizona, ez binarioa, beste batzuk) eta datuen ebaluaziorako adierazleak: 5 puntu arte.

–LGTBI+ pertsonen egoera aintzat hartzea abiapuntuko analisian: 5 puntu arte

Programan aniztasuna eta/edo era askotako diskriminazio egoerak kontuan hartzeko aurreikusitako neurriak

(gehienez ere 5 puntu)

Programazioan aurreikusitako irisgarritasuna: 5 puntu arte

LGTBI+ pertsonen berdintasuna sustatzen duten beste entitate/elkarteen proiektu eta jarduketa batzuekiko harremana

(gehienez ere 5 puntu)

–Bi programarekin: 5 puntu arte.

–Programa batekin: 3 puntu arte.

–Ez: 0 puntu

Beste LGTBI+ elkarteekin lankidetzan aritzea, proiektua egin eta garatzeko

(gehienez ere 5 puntu)

–Bi baino gehiagorekin: 5 puntu.

–Birekin: 4 puntu.

–Batekin: 3 puntu.

Espero den inpaktua/emaitza

(gehienez ere 5 puntu)

–Nafarroa osoan: 5 puntu arte.

–Hainbat herritan: 3 puntu arte.

–Herri batean: puntu 1

Elkartean gazteen (14 urtetik 30era bitartekoak) parte-hartzea sustatzea

(gehienez ere 5 puntu)

–Haien parte-hartzea sustatzeko ekintza berariazkoak programatzea: 2,5 puntu arte.

–Elkarteko gazteei buruzko adierazpena: 2,5 puntu

Berrikuntza

(10 puntu)

Metodologiaren berrikuntza eta originaltasuna

(gehienez ere 10 puntu)

–Sare sozialetan agertzea: 5 puntu arte.

–Ekintza berritzaileak beren lurraldean: 5 puntu arte

PROIEKTUA, GUZTIRA: 80 puntu

Elkarte/entitate eskatzaileari dagozkion irizpideak (20 puntu arte)

IRIZPIDEAK

NEURTU BEHARREKO ALDERDIAK

APLIKAZIOA

Esperientzia

(10 puntu)

LGTBI+ pertsonen berdintasunaren arloan gauzatutako proiektuak. Egindako 2 lan deskribatzea 4 orrialdetan

(gehienez ere 10 puntu)

Kalitatea Irismena Ekarpena Berdintasuna lortzea

LGTBI+ pertsonen alde diharduten elkarteak

(5 puntu)

LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsa

(5 puntu)

LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsa izatea elkartearen helburu bakarra: 5 puntu

Kokapen geografikoa

(5 puntu)

Elkartearena edo entitatearena

(gehienez ere 5 puntu)

–0-1.000 biztanle: 5 puntu.

–1.001-3.000 biztanle: 4 puntu.

–3.001-5.000 biztanle: 3 puntu.

–5.000 biztanle baino gehiago: 2 puntu

ENTITATEA, GUZTIRA: 20 puntu

Iragarkiaren kodea: F1906958