105. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTAXOA

Ordenantza, Udalaren “La Alameda” futbol zelaiko instalazioak erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Artaxoako Udalak, 2019ko martxoaren 7an egin osoko bilkuran, erabaki zuen, bertaratutakoen gehiengoa zuela, hasiera batean onestea Udalaren “La Alameda” futbol zelaiko instalazioak erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2019ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 22an, eta erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe iragan da jendaurreko epea. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz, urriaren 29ko 11/2004 Legean duen idazketaren arabera, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa ematen da argitara.

Argitara ematen da, interesdunak jakinaren gainean egon daitezen.

Artaxoan, 2019ko maiatzaren 10ean.–Alkatea, Adolfo Vélez Ganuza.

ORDENANTZA, UDALAREN “LA ALAMEDA” FUTBOL ZELAIKO INSTALAZIOAK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatuari jarraikiz, Artaxoako Udalak “La Alameda” futbol zelaiko instalazioak erabiltzeko prezio publikoak ezartzen ditu.

2. artikulua.

Zerga-egitatea da Udalaren “La Alameda” futbol zelaiko instalazioak erabiltzea. Zerga ordaindu beharra sortuko da zerbitzuak edo instalazioak erabiltzen hastean edo, baimenen kasuan, Udalak horiek ematea onartzen duenean.

3. artikulua.

Ordaintzera beharturik daude Udalaren futbol zelaiko instalazioak erreserbatzen edo erabiltzen dituzten pertsona natural nahiz juridikoak.

Lizentziak ezinen dira eskualdatu.

4. artikulua.

Prezio publiko honi dagokion tarifa, erabilera edozein delarik ere (partida edo entrenamendua), honako hau izanen da: 37,50 euro/ordua.

Tarifaren barruan sartzen da futbol zelaia erabiltzea, bai eta instalazio osagarriak, aldagelak, dutxak eta abar erabiltzea ere.

Instalazioak udalerriko entitateek edo bizilagunek erabiltzen badituzte, %20ko hobaria izanen dute ezarritako tarifan.

Tarifak %25eko igoera izanen du, Udalaren futbol zelaiko instalazioak erabiltzen direnean horiek irekitzeko ohiko ordutegitik kanpo.

5. artikulua.

Artaxoako Udalak hitzarmenak sustatzen ahalko ditu udalerriko kirol entitateekin, bai eta ikastetxearekin ere, kirol jarduera bultzatzeko asmoz; horretan laguntzeko, egokitzat jotzen dituen hobariak ezarriko ditu, baimenari dagokion tarifaren %90 artekoak izaten ahalko direnak.

6. artikulua.

Instalazioak erabiltzeko erreserbak Udaleko Alkatetzak ebatziko ditu, honako hauen arabera: eskaeraren inguruabarrak, instalazioen erabilgarritasuna eta horretarako hitzarmen bidez egon daitezkeen erreserbak, erabilera arautzen duen ordenantzan xedatuaren arabera.

Erreserben eskaera oro gutxienez hamabost egun lehenago egin behar da, Alkatetzari zuzendutako idazki baten bidez, eta honako gorabehera hauek zehaztuko dira:

–Eskatzailearen izen-deiturak, pertsona fisikoen kasuan, edo sozietate-izena, pertsona juridikoen kasuan.

–Erabiltzeko eguna eta ordua.

–Partiden kasuan zehaztuko da txapelketa ofizialen batekoak diren eta eskatzailea federaturik dagoen.

7. artikulua.

Prezio publikoa sortuko da baimen lizentzian xedatu bezala edo instalazioak erabiltzen hasi baino lehen.

8. artikulua.

Instalazioak irekitzeko ordutegia, bai eta haiek erabiltzeko egun baliogabeak ere, Alkatetzaren dekretu bidez zehaztuko dira, ekitaldi bakoitzaren hasieran.

9. artikulua.

Prezio publikoaren ordainketak ez du salbuesten kasu bakoitzean bidezko diren kalteak konpontzetik edo kalte-ordainak pagatzetik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean eta hasiko da aplikatzen.

Iragarkiaren kodea: L1906460