96. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

125/2018 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, neurri bereziak ezartzen dituena N-121-C errepidean (Tutera-Tarazona), Nafarroako Foru Komunitatean, zenbait ibilgailuren zirkulazioa arautzeko.

Bidearen titularra Nafarroako Gobernua denez, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak, errepideen arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari gisa, txosten tekniko baten bidez jakinarazi dio Barne Zuzendaritza Nagusiari N-121-C errepidean (Tutera-Tarazona) ukipen nabarmenak gertatzen ari direla, zirkulazioaren jarioan eta bide segurtasunean, Errioxan, N-232 errepidean, istripu ugariko tarte batzuetan zirkulazioa aldi baterako murrizteko aplikatu diren neurrien ondorioz; murrizketa horiek bide segurtasuna hobetzeko ezarri ditu Trafiko Zuzendaritza Nagusiak 2018ko otsailaren 8ko Ebazpenaren bidez, 2018an trafikoa arautzeko neurri bereziak ezartzen dituenaren bidez hain zuzen.

Horrez gain, Tuterako Foruzain Etxeko Foruzaingoak txosten batean adierazi duenez, Nafarroako Gobernuaren Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren aforo planean egiaztatu da trafikoa handitu dela errepide horretan, izan ere, eguneko batez besteko intentsitatea, A-68aren lotunetik AP-68arekiko lotunera bitarte, norabide horretan bakarrik, 293 ibilgailu astunekoa izatetik 1.219 ibilgailukoa izatera igaro baita (ehuneko hirurehun eta hamaseiko igoera). Era berean, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren datuen arabera, trafiko astunaren igoeraren ondorioz, 3.000 ibilgailu astun baino gehiago igarotzen dira egunean, bi noranzkoak batera hartuta.

Ibilgailu astunen zirkulazioa areagotu da ibilgailuen eguneko batez besteko intentsitate handia (6.801) izan ohi duen errepide batean; bide horretan, gainera, iraganbide estrategiko garrantzitsuek bat egiten dute, hala nola, Tuterako Eskualdeko Ospitalera daramaten bideek, Bigarren Hezkuntzako bi ikastetxeko sarbideek (3.000 ikasle inguru) eta Eskualdeko Foruzain Etxeak; horrez gain, zerbitzuen poligono baterako sarbideak daude inguruan, hipermerkatu handi bat, eta Queiles ibarraren eremuko udalerrietakoak.

Trafiko astunaren pilaketa hori zirkulazio bolumen horretarako berariaz diseinatu ez zen bide-tarte batean gertatzen da (A-68 autobideko dezelerazio erreia, behin baino gehiagotan trafiko butxadurak izaten dituena; biribilgune itxia, zoru kontraperaltatua duena ibileraren noranzkoan; eta autobidean sartzeko errei zentrala, 3 ibilgailu astunentzat mugatua).

Horrek guztiak, bidean istripuak gertatzeko aukera handitzeaz gain, bide azpiegituraren zorua hondatu du nabarmen, eta konponketak egin behar izan dira ibilbide alternatibo gisa erabiltzen hasi eta hilabete gutxira.

Istripuen kopuruari dagokionez, Foruzaingoaren txostenean adierazten da 158 istripu gertatu direla eta horietatik 15 kasutan biktimak izan direla (arinak ere kontatuta), 143 istriputan ez dela biktimarik egon; istripuetatik 130 Tuterako udal-mugartean gertatu dira (eta beste 28ak Cascanteko udalerrian). Hau da, A-68 autobiara eta Reina Sofía Ospitalera sartzeko biribilgunetik hasita, tarte horretan istripu gehiago izan dira, zehazki atzeko talkak, 130 horietatik 50 (0 kilometro puntutik 3,200 kilometro puntura), eta, hain zuzen ere, bide tarte horretantxe gertatu da ibilgailu astunen kopuruaren igoera handiena, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak ezarritako neurri bereziek eragindakoa.

Egoera horren aurrean eta kontuan harturik Nafarroako zatian N-121-C errepidean ibilgailu astunen trafikoa nabarmen handitu izanak ekarri dituen ondorioak, hau da, arriskua areagotzea bide segurtasunari dagokionez eta trafikoaren jarioaren gainekoak, arrisku egoera hori zuzendu edo, ahal dela, hobetzeko xedeaz, beharrezkoa da neurri murriztaileak ezartzea N-121-C errepidean, ibilgailu zehatz batzuen zirkulazioari eraginen diotenak, bide segurtasuna, mugikortasuna eta zirkulazioaren jarioa mantentzeko.

Azaldutako arrazoietan oinarrituta, neurri murriztailea aldi baterako ezarri beharko da, N-232 errepidea Errioxatik Nafarroako mugara bitarte bikoizteko lanek iraun bitartean (Sustapen Ministerioak 2023an amaituko direla aurreikusi du), edo Trafiko Zuzendaritza Nagusiak ezarritako murrizketak amaitu arte, eta horrela ohiko trafikoa berrezartzeko modua izan arte, ahaztu gabe, gainera, A-68an zirkulatzeko aukera, murrizketak izanen dituen bidearen alternatiba gisa.

Segurtasuna edo zirkulazioaren jarioa dela-eta trafikoa arautzeko neurri bereziak hartzeko ahalmena Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen Testu Bateginaren 18. artikuluak jasotzen du (urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako testua), eta agintari eskudunaren esku uzten du. Besteak beste, azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuak onetsitako Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren 37. eta 39. artikuluek neurri horietako batzuk zehazten dituzte, eta haiek hartzeko prozedura arautzen dute.

Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Nafarroako Gobernuak hartuko ditu aipatu neurriak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/82 Lege Organikoaren 49. eta 51. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Aurreko guztiagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuarekin lotuta,

EBATZI DUT:

1. N-121-C errepiderako ezartzea ebazpen honen I. eranskinean azaltzen diren neurri murriztaileak.

2. I. eranskin horretan jasotzen diren arautze neurriak betetzen ez badira, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide- segurtasunari buruzko Legearen Testu Bateginean aurreikusitakoaren araberako zehapenak ezarriko dira.

Arau horren 105.1 artikuluaz baliatuz, Agintaritzaren agenteek, trafikoaren kudeaketaz arduratzen direnek, ibilgailua bidetik kendu eta adieraziko den tokira eramaten ahalko dute, baldin horretara behartuta dagoenak hala egiten ez badu, ibilgailu horrek ibilgailuen edo oinezkoen zirkulaziorako arriskua edo eragozpen larriak eraginez gero.

3. Ebazpen honek eta bere edukiak eraginkortasun osoa izanen dute 2018ko ekainaren 1eko 00:00tik aurrera.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoak ez direnek, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzenduta, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzenduta, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean, inola ere galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 14an.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.

I. ERANSKINA

Zirkulaziorako murrizketak N-121-C errepidean

Urteko egun guztietan (0:00etatik 24:00etara). N-121-C errepidea. Hegoalderako noranzkoan.

HASIERA

AMAIERA

Kilometro puntua

Herria

Kilometro puntua

Herria

1,850

Tutera

4

Cascante

1. N-121-C errepidean, hegoalderako noranzkoan, A-68 autobiarekiko Tuterako lotunetik AP-68 autobidearekiko lotunera bitarte, ibilgailu hauen zirkulazioa debekaturik egonen da: pasoko ibilgailu astunak eta ibilgailu astunen multzoak, salgaien garraiokoak, 4 ardatzekoak edo gehiagokoak. Hasiera batean debekua bost urterako ezarri da, 2018ko ekainaren 1etik 2023ko maiatzaren 31ra.

2. Salgaien garraioko pasoko ibilgailu astuntzat eta ibilgailu astunen multzotzat hartzen dira Nafarroako Foru Komunitatetik datozen eta, haien destinoagatik, Logroñorantz, AP-68 errepidea erabiliz Errioxako Erkidegoan barna ibili behar dutenak, ibilgailuan daramaten garraio-gutunean edo dokumentazio baliokidean hala ezarrita baldin badago.

3. A-68 autobian Nafarroan salgaien garraioko pasoko ibilgailu astunek eta ibilgailu astunen multzoek Tuteratik aurrera jarraitzen ahalko dute bide horretatik (A-68), N-121-C errepidean barna ibili beharrik gabe beraz, eta Errioxako mugara iritsi aurretik AP-15ean sartzen ahalko dira hegoalderako noranzkoan, horretarako egokituko den sarbidea erabiliz; azkenik, AP-68 hartuko dute Errioxan. AP-15 autobideko tartearen erabilera doakoa izanen da, Castejongo lotune berritik hasita AP-68 autobidean sartu artekoa.

4. Aipatutako murrizketa horietatik salbuetsirik daude honakoak:

a) Mugatutako tartean egiten diren joan-etorrien abiaburua edo helmuga gidariaren ohiko bizilekua denean, edo ibilgailuaren helbidea, bai eta eguneko edo asteko atsedena hartzeko edo ibilgailua konpontzeko edo mantentze-lanak egiteko tokia denean ere.

b) Errepidean laguntza emateko zerbitzuan aritzen diren ibilgailuak.

c) Murrizketa hauek ez diete eraginen zerbitzu publikoko autobusei eta bidaiarien zerbitzu diskrezionalekoei.

5. Zenbait ibilgailuren zirkulaziorako murrizketen salbuespenak.

Barne Zuzendaritza Nagusiak, Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren 39.5 artikuluan xedatutakoaz baliatuz, salbuespenak eman ditzake eranskin honen 1. atalean jasotako murrizketen menpe daude ibilgailu astunen zirkulaziorako, presa aitortua dutenen kasuan, aldez aurretik justifikatzen bada nahitaezkoa dela joan-etorriak egitea mugaren xede diren tarteetan eta indarraldian, betiere beren eskumeneko lurraldean eta 5 egun lehenago egiten bada eskaera.

Zirkulaziorako murrizketen salbuespenetan jaso beharko da ibilgailu motordunaren matrikula, zirkulazioaren data zehatza, garraiatutako salgaiak, erabiliko dituen bideak eta dagozkion baldintzak, banako kasuetarako nahiz talde zehatz batzuen kasurako.

Iragarkiaren kodea: F1806427