81. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

20/2018 FORU AGINDUA, apirilaren 5ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, “Arte Gaztearen 2018ko Topaketak” programaren oinarriak, haren sariak emateko modua arautzen duten oinarriak eta 77.780 euroko gehieneko gastua (BEZa barne) onesten dituena.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua arlo horretako erakunde eskuduna da, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legean ezarritakoaren arabera, zeinak 3. atalean Gazteriaren arloko politikak lantzen baititu. Haren 27. artikuluak (“Gazteak eta kultura”) honako hau dio 1. apartatuan: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, arlo horietan eskudunak diren departamentuen bitartez eta indarra duen araudiarekin bat, gazteen kultura eta sormena sustatzeko politikak gauzatuko ditu”.

Halaber, argigarria da 27. artikuluaren 2. apartatua –f) letra–, adierazten baitu gazteei zuzentzen zaizkien kultur politika horien xedeetako bat dela “artista gazteei laguntza ematea berariazko programen bidez eta Nafarroako Foru Komunitateko kultur eskaintza orokorrean sartuz”.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuan xedatutakoak sendotu egiten du eskumen hori, bai eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren beraren estatutuek ere (abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak), gazteriaren esparruari berariaz heltzeko. Zehatz-mehatz, 24. artikulua Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalaren eginkizunei buruzkoa da, eta d) apartatuan honako hau dio: “Gazteen kultur sormena eta artean duten parte-hartzea bultzatzea ekintza hauen bidez: diru-laguntzetarako deialdiak, lehiaketak egitea, coworking guneak bultzatzea, arte egoitzak eta gazteen arte laborategia sortzea”.

Haren xede orokorra da herritar gazteen eskubideak babestea, gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean askatasunez eta eraginkortasunez parte hartuz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakundeetan zeharka jardunez.

Horretarako, helburu horiei erantzuten dieten programak antolatzeaz arduratzen da, hala nola artista gazteak hedatu eta sustatzea diziplina arteko jarduera artistikoak eginez, edozein sormen eta ekoizpen artistiko antzezten eta trukatzen laguntzen dutenak eta artista gazteen lanbide eta prestakuntza garapena ahalbidetzen dutenak.

Nafarroako Foru Komunitateko “Arte Gaztearen Topaketak” programa hogeita hamabi urteetan egin da, eta hainbat arte modalitate bildu ditu: musika, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak eta moda diseinua. Hori guztia egin da, “gorantz doan arte berria” deritzonaren bilakaera gisa eta kultura ezberdinak bateratu eta integratzearen ondorioz eta elementu berriak, arte eta kultura arloko kanonen artean egon ohi ez zirenak, gehitzearen ondorioz.

Asko dira edizio horietan guztietan parte hartu duten artistak, hautatu ondoren sariak irabazi dituztenak. Programak topaketa sareak sortu, eta artistak gure mugetatik kanpo hedatzen lagundu du.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. “Arte Gaztearen 2018ko Topaketak” programaren oinarriak eta sariak emateko modua arautzen duen deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

2. Guztira 77.780 euroko (hirurogeita hamazazpi mila zazpiehun eta laurogei euro) gastua baimentzea “Arte Gaztearen 2018ko Topaketak” programaren antolaketa orokorrari buruzko gastu guztiei aurre egiteko. Horietatik 52.780 euro “Sustapen programak: Arte gaztea, Elkartasuna, Kontsumoa eta Bestelakoak” izeneko A50003 A5220 2269 232104 partida ekonomikoaren kargura izanen dira. Gastua honela banakatuko da:

• 27.780 euro (BEZa barne) bost modalitateak (arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, musika, arte eszenikoak eta moda diseinua) gauzatu eta kudeatzeko, “Topaketak” izeneko 655. erreserbaren kargura.

• 2.740 euro gehienez (BEZa barne) kartelak, liburuxkak eta agendak diseinatu eta prestatzeko, “Batzuk” izeneko 667. erreserbaren kargura.

• 7.260 euro gehienez (BEZa barne) urriaren 5etik 20ra bitartean eginen den amaierako ekitaldia kudeatzeko, hori antolatu eta kudeatzen duen enpresari eman beharrekoak. Ekitaldi hori 450 pertsonarentzako gutxieneko edukiera duen lokal batean eginen da, eta lokalak behar diren baliabideak izanen ditu, saritutako lanak dagozkien espazioetan aldez aurretik grabatu diren ikus-entzunezko proiekzioen bidez bistaratzeko. Egungo arteari buruzko mahai-ingurua eginen da artearen adituekin eta topaketetako parte-hartzaileekin, eta, amaitzeko, diziplina guztietako sariak emateko ekitaldi ofiziala gauzatuko da; lan horiek esleituko dira Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezarritakoarekin bat, “Amaierako ekitaldia” izeneko 668. erreserbaren kargura.

• 15.000 euro (BEZa barne) bost modalitateetako epaimahaia osatzen duten pertsonei ordainketa egiteko, “Epaimahaiak” izeneko 666. erreserbaren kargura.

• Eta gainerako 25.000 eurako hiru modalitateei dagozkien sariak ematea finantzatzeko, Nafarroako Gobernuaren 2018rako Aurrekontuetako “Sariak, lehiaketak eta txapelketak” izeneko A50003 A5220 4809 232100 partida ekonomikoaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak www.deporteyjuventudnavarra.es web-orrian ere egonen dira eskuragarri.

Iruñean, 2018ko apirilaren 5ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

“Arte Gaztearen 2018ko Topaketak” programaren XXXIII. edizioaren oinarri arautzaileak

Hitzaurrea

Nafarroako Gobernua, Gazteriaren Zuzendariordetzaren bidez, Arte Gaztearen 2018ko Topaketak antolatzen ditu honako modalitate hauetan: arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, musika eta moda diseinua.

Artista gazteen topaketa da “Arte Gaztearen Topaketak” programa, eta haien obren sormena eta ekoizpena bistaratzen laguntzen du.

Modalitate guztietan tailerrak, tutorizazioak eta obrak erakusteko beste mekanismo batzuk izanen dira, eta oinarritzat hartuko da bitartekaritzaren eta ekoizpen artistikoaren prozesuaren, sareko lanaren, arte ikerketaren, prestakuntzaren eta tutorizazioaren arteko lotura. Horretarako tokiak Uharte Zentroa eta proposamenen beharren eta berariazkotasunen arabera zehaztu beharreko beste arte espazio batzuk izanen dira.

Aukeratutako lanen aurkezpena eta jendaurreko defentsa eginen dituzte hautatutako artistek. Ekitaldi horretan izanen dira eta horretan parte hartuko dute arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, moda diseinua, arte eszenikoak eta musika modalitateetan hautatutako pertsona guztiek.

Ekitaldi horretarako, erakusketak, emanaldiak, kontzertuak eta eztabaidak eginen dira. Horietan, lan guztiak islatuko dira jarduera paralelo batzuetan: jarduera irekiak izanen dira, eta partaidetza bidezko prestakuntza eta arteen arteko elkarrizketa funtsezko osagai izanen dituzte.

“Arte Gaztearen Topaketak” programa urtero egiten da, eta Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak antolatzen du.

Jarduerok iraileko eta urriko hainbat asteburutan metatuko dira: arte plastikoen eta ikus-entzunezkoen kasuan, irailaren 28an, 29an eta 30ean eta urriaren 5ean, 6an eta 7an; eta arte eszenikoen, modaren eta musikaren kasuan, aldiz, urriaren 5ean, 6an eta 7an, eta urriaren 11n, 12an, 13an eta 14an.

Arau orokorrak.

Nafarroako Gobernuak Gazteriaren Zuzendariordetzaren bidez antolatzen duen “Arte Gaztearen 2018ko Topaketak” programan parte hartzeak berarekin dakar jarraian adierazten diren oinarriak onartzea.

Xedea.

Oinarri hauen xedea da “Arte Gaztearen 2018ko Topaketak” programan parte hartzeko baldintzak ezartzea; programa horren bidez, Gazteriaren Zuzendariordetzak jardun artistikoa, artea ekoizteko espazioak, haren prozesuak eta ikerketa agertu eta horiei buruzko eztabaida egin nahi du. Horrez gain, lagundu nahi da arte komunitatearen sarea sortzen, elkarreragiten duena eta proiektuak eta ideiak trukatzen dituena.

Modalitateak.

“Arte Gaztearen 2018ko Topaketak” programaren XXXIII. edizioko modalitateak honako hauek dira:

–Arte eszenikoak:

Honako hauekin lotutako proiektuak: dantza, antzerkia, zirkoa, performancea, edo gorputz adierazpenarekin lotutako beste edozein joera.

Konpainia, kolektibo edo artista batek gauzatutako edozein proiektuk hartzen ahalko du parte, haren lana lengoaia eszenikoekin eta mugimenduzko arteekin lotuta badago.

–Arte plastikoak:

Obra edo proiektua, honako baliabide hauetako batean egindakoa: pintura, eskultura, grabatua, marrazketa, argazkigintza, obra grafikoa, instalazioa, soinuzko artea, hiriko artea, baliabide berriak, net.art, bideoa, 2Dko eta 3Dko animazioa, interaktiboa, diziplinarteko proiektuak edo modalitate horretatik datorren beste edozein teknika.

–Ikus-entzunezkoak:

Ikus-entzunezko obra edo proiektua, fikziozko edo dokumental gisako narratiba duena, eta iragarkiak, zine-pantailetan proiektatzeko, telebistan emateko edo ordenagailuetan edo gailu elektroniko mugikorretan aplikatzeko helburua dutenak, hauetako euskarri batean eginak badaude: bideoa, 2Dko eta 3Dko animazioa, bideojokoa, euskarri interaktiboa edo ikus-entzunezko teknikak erabiltzen dituen beste edozein.

–Musika:

Musika taldeak, honako estilo hauetakoak: popa, rocka, jazza, bluesa, elektronika, kantautoreak, rapa, folka, heavya, new age-a, funkya, fusioa, indiea edo musika joera berriak eta bestelakoak, baita musika eskoletako edo kontserbatorioetako kideei lotutako taldeak eta konposizioak ere.

–Moda diseinua:

Jantziak eta osagarriak diseinatzeko lanak, artearen munduarekin eta moda diseinuaren sormenarekin zerikusita dutenak. Bildumek horiek iradoki dituzten iturriei eta gaiei buruzko aipamen bereziak egiten ahalko dituzte.

Parte-hartzaileak.

Deialdian parte hartzen ahalko dute honako baldintza hauek betetzen dituzten gazte guztiek:

–Nafar izaera zibila izatea edo Foru Komunitatean bizi izatea, eta 16 eta 30 urte bitartekoa izatea, biak barne, eskaera aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

–Taldea edo kolektiboa izanez gero, parte hartzen dutenen %33 adin horretatik gorakoak edo beherakoak izaten ahalko dira.

–Halaber, inskripzio-eskaera bakoitzean agertzen diren pertsonen %33 beste autonomia-erkidego edo herrialde batzuetan jaiotakoak izaten ahalko dira.

–Taldeko edo kolektiboko ordezkaritzat joko da eskaera sinatzen duen pertsona.

Inskripzio-eskaerak eta obren aurkezpena.

Inskripzio-eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkezten ahalko dira (Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere. Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, eskaera eta eranskinak sinatzen dituen pertsonaren edo pertsonen sinadura elektronikoa beharko da.

Eskaerak postaz aurkez daitezke. Kasu horretan, interesdunak dagokion ziurtagiriaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun berean, programa kudeatzen duen organoari (Gazteriaren Zuzendariordetza) iragarri beharko dio mezu elektroniko baten bidez (juventud@navarra.es) eskaera igorri duela. Bi baldintza horiek bete ezean, dokumentazioa ez da onartuko, betiere eskaera aurkezteko ezarritako epetik kanpo jasotzen bada.

“Arte Gaztearen Topaketak” programan inskribatzeko eskabideak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta honako egun hauetan amaituko da: 2018ko abuztuaren 1ean arte plastikoetarako eta ikus-entzunezkoetarako, eta irailaren 4an arte eszenikoetarako, musikarako eta moda diseinurako.

Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Izena emateko inprimakia, behar bezala betea. Inprimaki hori Gazteriaren web-orritik ere deskarga daiteke: https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu/gazte-arte-topaketak.

–Artistaren nortasun-agiri nazionalaren edo AIZren fotokopia, baita, hala bada, taldean edo kolektiboan parte hartzen duten pertsona guztien nortasun-agiriena.

–Nafarroako Foru Komunitateko bizilekuaren frogagiria edo, egoiliarrak ez badira, Erregistro Zibilak emandako ziurtagiria, nafar izaera zibila duela adierazten duena.

–Ezin izanen dute programan parte hartu dokumentazioa aurkeztu ez duten pertsonek, oinarrietan adierazi bezala.

–Curriculum artistikoa, artistaren edo taldearen ibilbidea zehazten duena.

–Txostena (Interneten bidez aurkeztuz gero, pdf formatuan aurkeztu beharko da). Txostenak 15 orri izanen ditu, gehienez. Txostenaren espezifikotasunak modalitate bakoitzarekin bat etorriko dira, eta agiri honetan jaso dira.

–Banku-transferentzia bidez ordaintzeko eskaera: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm.

–Dokumentazioa aurkezteko modua:

  • Hainbat euskarritan aurkezten ahalko da (USBa, CDa, DVDa, bestelakoak).
  • Proiektua deskargatzeko URL lotura eransten ahalko da. Halaber, proiektua WeTransfer edo Dropbox bidez bidaltzen ahalko da.

Epaimahaia.

Modalitate bakoitzeko epaimahaia osatzen duten pertsonak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen baten bidez izendatuko dira. Entzute handikoak diren eta kultur kudeaketa, ekoizpen eta bitartekotza artistikoari eta/edo artea ekoizteko eta sustatzeko laborategi eta espazioei lotuta dauden adituen eta profesionalen artean hautatutako pertsonek osatuko dituzte epaimahaiak.

Modalitate bakoitzak hiru pertsonak osatutako epaimahai bat eta idazkaritza bat izanen ditu; azken hori Gazteriaren Zuzendariordetzari atxikitako pertsona batek hartuko du bere gain, hitza izanen du, baina botorik ez, eta ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen ahal diren kontu guztiak ebazteko.

Epaimahaikideak ez badaude edo eri badaude, Gazteriaren Zuzendariordetzak izendatutako ordezkoak arituko dira haien ordez.

Epaimahaiak programan parte hartzen duten pertsona eta kolektiboen lanak eta proiektuak ebaluatuko ditu. Ondoren, erabakia hartuko du gehiengoari jarraituta, eta egokitzat jotzen duen aholkularitza teknikoa eskatzen ahalko du. Gainera, epaimahaiaren lana izanen da modalitate guztietan egin beharreko tailerrak eta topaketak koordinatu eta horietan parte hartzea; kudeatzaileak horietara gonbidatuko dira. Halaber, mahai-inguruak antolatuko ditu artearen eta egungo prozesu sozialari lotutako elementuen arteko erlazioari buruz, eta azken topaketan hartuko du parte, non saritutako lanak erakutsiko baitira eta arteari buruzko eztabaida gauzatuko baita. Topaketa horretan sari guztiak jakinarazi eta emanen dira. Ekitaldia Iruñeko Zentral Kafe Antzokian eginen da urriaren 19an, 20:00etan.

Hautapen prozesua.

Balorazioa kalitate artistikoan, esperimentazioan eta ikerketan oinarrituko da.

Lehenik eta behin, epaimahaiak obrak hautatuko ditu, aurkeztu diren lanen artean.

Modalitate bakoitzeko epaimahaiak bere deliberazioen akta egin, eta sariak ematea proposatuko du, bere erabakia justifikatuta. Erabakia loteslea izanen da.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira sariak.

Modalitate guztietan hautatu diren artistek deialdian aurkeztu diren proiektuen jendaurreko aurkezpena eginen dute.

Bost modalitateetako jarduera osagarriak Uharte Zentroan eta beste espazio batzuetan gauzatuko dira:

Iraileko eta urriko asteburuetan, bai Uharte Zentroan bai beste arte espazio batzuetan modalitate guztietarako hainbat jarduera eginen dira teknikei eta kontzeptuei buruz eta artisten lanbide garapenari laguntzen dioten baliabideei buruz, hala nola topaketak, tailerrak, prestakuntza, eztabaidak, workshop-ak eta abar.

1.–Arte plastikoak eta Ikus-entzunezkoak: artea ekoizteko espazioak eta horien kudeaketa ereduak; proiektuak idatzi eta prestatzea, proiektu artistikoak egituratzea eta abar; bideo esperimentala; lan zinematografikoa: irudien bidez kontatzeko artean baliabideak optimizatzea, ideia, gidoia, grabaketa, soinua eta muntaketa.

2.–Arte eszenikoak: sormen eszenikoa, sormen mundua, saio batean obren eszenekin eta muntaketekin lan egitea, antzezpena, dramaturgia, zuzendaritza, koreografia, eszenografia, figurazioa, argiztapena, soinu espazioa eta gertaera eszenikoaren inguruko pentsamendu filosofikoa.

3.–Musika: musikalizazioa eta soinua, musikak eta soinuak antzezpen baten testuinguruan duten eginkizuna, sintetizadoreen oinarrizko funtzioak, ondoren antzezpenean integratzen diren audioa eta soinuak editatzea; akustika, soinu egitura, musika baliabide adierazkorrak edo deskribatzaileak, soinuaren bidez espazioa sortzea. Musika eta dramaturgia: ekintza musikan.

4.–Moda: “Moda eta kreatibitatea?” tailerrak, moda eta artea adierazpen estetiko gisa, pentsamenduak eta sentimenduak adierazteko modua. Arteak bezala, modak adierazi nahia du; moda, pentsamendu ildo organikoa duena, eta janztea prestakuntza aurreko artea bihurrarazten duten beste batzuk, haien janzkeren bidez ikuslea harritzen dutenak.

Sariak-Laguntzak.

25.000 euro.

Modalitate bakoitzean, sariek 5.000 euroko zenbatekoa izanen dute.

1. saria: 2.500 euro.

2. saria: 1.500 euro.

3. saria: 1.000 euro.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira sariak.

Deliberazioak biltzen dituen akta eta epaimahaiaren epaia sariak emateko moduaren justifikazioak dira.

Ezin izanen da sari berdinik eman.

Sariak emateko ebazpena jendaurrean jarriko da, bai Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko iragarki oholean (Emilio Arrieta kalea, 25, Iruña), bai Nafarroako Gobernuaren web-orrian: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/. Parte-hartzaile guztiei posta elektronikoz jakinaraziko zaie, baina informazioa zabaltzearren bakar-bakarrik.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren berrogeita bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, sariei dagokien zenbatekoa pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotuta egonen da %19an.

Programa egiteko datak eta espazioa.

2018ko iraileko bigarren hamabostaldiko eta urriko lehen hamabostaldiko asteburuak.

Jarduerak eta antzezpenak Uharte Zentroan eginen dira, arte plastiko eta ikus-entzunezkoen kasuan; arte eszenikoen kasuan, berriz, kultur zentro eta espazioetan eta Uharte Zentroan; musikaren kasuan, Iruñeko erdiguneko kontzertu aretoetan; eta moda diseinuaren kasuan, Baluarten.

Gorabeherak.

“Arte Gaztearen Topaketak” programan egon daitezkeen gorabeherak eta oinarri hauek aurreikusi gabeko kontu guztiak Gazteriaren Zuzendariordetzak ebatziko ditu.

Halaber, Gazteriaren Zuzendariordetzak ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan egon daitezkeen kontuak ebazteko.

Gazteriaren Zuzendariordetza salbuetsita egonen da parte-hartzaileek egin dezaketen edozein plagiogatik edo jabetza intelektualaren arloan indarrean dagoen legediaren edozein urraketagatik sortzen den edozein erantzukizunetatik.

Datuen babesa.

Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluan ezarritakoa betez, parte-hartzaileek emandako datuak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartzen ahalko dira, lehiaketarekin zerikusia duten gaitasunak eta eginkizunak dituzten pertsona eta entitate guztiekin komunikazioak eta informazio trukeak errazteko asmoz. Edonork bere eskumeneko informazioari buruzko datuetan sartu, zuzendu, ezereztu eta aurka egiteko eskubideak erabiltzen ahalko ditu. Horretarako, idatziz zuzendu beharko zaio Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari, agiri honen amaieran aipatzen den helbidera.

Harreman iraunkorrak.

Gazteriaren Zuzendariordetza. Yanguas y Miranda kalea, 27. 31003 Iruña).

Telefonoak: 848423900 / 848427841.

juventud@navarra.es.

Esteka: http://www.deporteyjuventudnavarra.es/es/encuentros-de-arte.

I. ERANSKINA

Arte eszenikoen lehiaketaren oinarriak

Xedea.

Honako hauekin lotutako proiektuak: dantza, antzerkia, zirkoa, performancea, edo gorputz adierazpenarekin lotutako beste edozein joera.

Konpainia, kolektibo edo artista batek gauzatutako edozein proiektuk hartzen ahalko du parte, haren lana lengoaia eszeniko garaikideekin eta mugimenduzko arteekin lotuta badago.

Agiri berariazkoak:

Memoriak honako hauek bildu beharko ditu:

Obraren laburpena.

Obraren fitxa teknikoa.

Proiektua Interneten ikusteko esteka edo bideoko grabaketa.

Obraren edo proiektuaren irudiak, haren ikuspuntua ulertzea ahalbidetzen dutenak.

Antzeztu beharreko obraren berezitasunaren ondoriozko berariazko beharrak.

Lehiaketaren garapena.

–1. fasea (hautapena). Epaimahaiak artistek aurkeztu dituzten proiektuak eta bideo euskarriko obraren zati bat baloratu, eta antzeztuko diren proposamenak hautatuko ditu.

–2. fasea (tokiak). Fase honek hautatu diren taldeak behartuko ditu lana antzeztera. Antzezpenak hainbat egunetan eginen dira kultur zentro eta espazioetan eta Uharte Zentroan. Antzezpenen ordena obren iraupenaren eta modalitatearen araberakoa izanen da.

Aldez aurretik bilera bat eginen da, talde bakoitzak antzeztu beharreko obraren datak eta ordua adosteko, baita antzezpenerako behar diren baldintza teknikoak ere; dena den, horiek espazio horietan erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

–Epaimahaiak taldeen emanaldiak ikusi, eta saritutako obrei buruzko epaia emanen du.

Uharte Zentroan eta kultur zentro eta espazioetan prestakuntzarako eta eztabaidarako jarduera osagarriak gauzatuko dira hautatutako taldeentzat.

II. ERANSKINA

Arte plastikoen lehiaketaren oinarriak

Xedea.

Obra edo proiektu bat aurkezten ahalko da, honako baliabide hauetako batean egindakoa: pintura, eskultura, grabatua, marrazketa, argazkigintza, obra grafikoa, instalazioa, soinuzko artea, hiriko artea, baliabide berriak, net.art, bideoa, 2Dko eta 3Dko animazioa, euskarri interaktiboa, diziplinarteko proiektuak edo modalitate horretatik datorren beste edozein teknika.

Agiri berariazkoak:

Memoriak honako hauek bildu beharko ditu:

Obraren edo proiektuaren irudiak, haren ikuspuntua ulertzea ahalbidetzen dutenak.

Horien fitxa teknikoa, beharrezkoa bada muntaketaren neurriak eta jarraibideak zehaztuta.

Obra bistaratzeko estekak adieraz daitezke.

Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzen dutenak.

Lehiaketaren garapena.

–1. fasea. Epaimahaiak proiektuak baloratuko ditu, eta, lanak baloratzeko aldez aurretik ezarri diren irizpideei jarraikiz, hamabost lan hautatuko ditu gehienez.

–2. fasea. Hautatu diren lanen egileek beren lanak defendatuko dituzte epaimahaiaren eta gainerako hautagaien aurrean. Halaber, arte garaikidearen kontzeptuen inguruko harreman topaketak garatuko dira. Horietan, jendaurreko ekitaldietarako hautatutako artisten interesak, beharrak eta kezkak bateratuko dira.

–Hautatutako obren erakusketa eginen da Uharte Zentroan.

–Epaimahaia osatzen duten pertsonek Uharte Zentroan eman beharreko tailerrak, tutorizazioak eta eztabaidak.

–3. fasea. Saritutakoak hautatzea.

III. ERANSKINA

Ikus-entzunezkoen lehiaketaren oinarriak

Xedea.

Ikus-entzunezko obra edo proiektua, fikziozko edo dokumental gisako narratiba duena, eta iragarkiak, zine-pantailetan proiektatzeko, telebistan emateko edo ordenagailuetan edo gailu elektroniko mugikorretan aplikatzeko helburua dutenak, hauetako euskarri batean eginak badaude: bideoa, 2Dko eta 3Dko animazioa, bideojokoa, euskarri interaktiboa edo ikus-entzunezko teknikak erabiltzen dituen beste edozein.

Agiri berariazkoak:

Memoriak honako hauek bildu beharko ditu:

Obraren laburpena.

Hiru eta sei fotograma artekoak, fitxa teknikoarekin batera, iraupena eta hedapenerako formatua zehaztuta.

Proiektua Interneten ikusteko esteka.

Obraren edo proiektuaren irudiak, haren ikuspuntua ulertzea ahalbidetzen dutenak.

Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzen dutenak.

Lehiaketaren garapena.

–1. fasea (hautapena)-Bideoak edo proiektuak baloratuta eta lanak baloratzeko aldez aurretik ezarri diren irizpideei jarraituta, epaimahaiak 10 lan hautatuko ditu gehienez.

–Hautatutako obren erakusketa eginen da, eta horren aurkezpena eta inaugurazioa jendaurrean jarriko da komunikabideei aurkeztearekin batera.

–2. fasea (finala)-Lan horiek Uharte Zentroan proiektatuko dira, eta artistek horiek defendatuko dituzte epaimahaiaren eta gonbidatutako gainerako artisten aurrean. Epaimahaiak eztabaidatu, eta saridunak hautatuko ditu.

IV. ERANSKINA

Musika lehiaketaren oinarriak

Xedea.

Musika taldeak aurkezten ahal dira, honako estilo hauetakoak: popa, rocka, jazza, bluesa, elektronika, kantautoreak, rapa, folka, heavya, new age-a, funkya, fusioa, indiea edo musika joera berriak, baita musika eskoletako edo kontserbatorioetako pertsonak eta taldeak ere.

Agiri berariazkoak:

Memoriak honako hauek bildu beharko ditu:

Abestien laburpena.

Konposizioen fitxa teknikoa.

Proiektua Interneten ikusteko esteka.

Obraren edo proiektuaren irudiak, haren ikuspuntua ulertzea ahalbidetzen dutenak.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, mp3 formatuan grabaturiko bi abesti aurkeztu beharko dituzte.

Lehiaketaren garapena.

–1. fasea (hautapena) - Aurkeztutako abestiak baloratu ondoren, epaimahaiak 12 talde hautatuko ditu, gehienez, zehaztu beharreko aretoetan zuzenean joko dutenak.

–2. fasea (finala) - Gehienez hiru taldek joko dute zuzenean.

–Kontzertuak amaitutakoan, epaimahaia eztabaidatzeko bildu, eta dagokion epaia emanen du.

–Kontzertuetara sartzea doakoa izanen da. Proposamenak zuzenean entzun eta gero, epaimahaiak sariei dagokien epaia emanen du.

–Edizioari, saioei, zirkuituetan sartzeari eta abarri buruzko jarduera osagarriak eginen dira hautatutako taldeentzat.

V. ERANSKINA

Moda diseinuaren lehiaketaren oinarriak

Xedea.

Lehiaketa honen barnean jantzien eta osagarrien diseinu lanak onartzen dira, harmoniaren eta dotoretasunaren patroiei jarraituz modaren diseinuaren artearen munduarekin zerikusia dutenak. Bildumek horiek iradoki dituzten iturriei eta gaiei buruzko aipamen bereziak egiten ahalko dituzte.

Agiri berariazkoak:

DIN A4 (210 mm x 297 mm) tamainako liburua, lanak erakusten dituena eta gizon, emakume edo umeendako 6 estilismoren bilduma agertzen duena. Honako hauek bildu beharko ditu:

–Moodboard izenekoa: bildumari buruzko kontzeptu panela (teknika librea).

–Bildumaren deskribapena, produktu mota, linea, denboraldia, garatutako kontzeptua, materialak eta bildumaren xehetasunak.

–Kolore, ehun eta apaingarrien sortak.

–6 estilismoetako jantzietako bakoitzaren fitxa teknikoa: aurrealdearen eta atzealdearen plano teknikoa, xehetasunen deskribapena, eta ehunaren lagina.

–Dokumentazioan adieraziko da desfilea aurkezteko berariazko beharrik dagoen.

–Estilismo bakoitzaren ilustrazioa.

–Bildumaren plangintza.

–Jantzi bakoitzaren prestaketaren memoriak.

–Jantzi bakoitzaren salmenta-prezioa.

Prestatutako bilduma:

–Behar bezala prestatutako jantziak, jantzi bakoitzean diseinatzailearen etiketa daramatenak.

–(Neurriak: 38/40, España/France; 42/44 Italia; 8/10 USA; 10/12 UK).

Lanak hartzen dituzten zorro, kutxa edo bilgarri guztiek egile(ar)en izen eta abizenak agertu beharko dituzte.

Desfilerako hautatutako diseinatzaileek beren bildumak eman beharko dituzte hogeita lau ordu lehenago, desfilea egiteko hautatzen den lekuan; jantziak behar bezala prestatuta eta amaituta egon beharko dira.

Diseinatzaileek beren diseinuak jantziko dituzten modeloak izanen dituzte eskura, baita ile-apainketa eta makillaje zerbitzuak eta aldagelak ere.

Epaimahaiak topaketa bat eginen du hautatutako artistekin, eta bertan beren lanaren proiektua defendatu eta azalduko dute.

Desfilerako hautatzen direnek lehiaketan aurkeztutako 6 jantziak erakutsiko dituzte bertan.

Iragarkiaren kodea: F1804773