66. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

963/2018 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, merezimendu lehiaketarako deia egiten duena Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) lanpostu batzuk zerbitzu eginkizunetan betetzeko.

Hezkuntza Departamentuko Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroa (NHBBZ) martxoaren 1eko 76/1993 Foru Dekretuaren bidez sortu zen, Nafarroan aniztasunari ematen zaion arretaren antolamendua eta antolakuntza errazteko asmoz.

Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetako lanpostuak nola bete arautzen da. Haren 3. artikuluan adierazten da ezen Hezkuntza Departamentuak merezimendu lehiaketen deialdiak eginen dituela Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) irakasleen lanpostuak zerbitzu eginkizunetan betetzeko. Eskumena duen organoak proposaturik eginen dira deialdiak, ikastetxea zein gairekin loturik dagoen, haren arabera.

Behin Hezkuntza Departamentuko Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak proposamena jaso duelarik ikasturte honetan Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrorako zenbait lanposturen deialdia egiteko, bidezkoa da Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) lanpostu batzuk zerbitzu eginkizunetan betetzeko merezimendu lehiaketaren deialdia onestea.

Horrenbestez, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak martxoaren 7an emandako 183/2017 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) lanpostu batzuk zerbitzu eginkizunetan betetzeko merezimendu lehiaketaren deialdia onestea.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Kudeaketa Juridiko-Administratiboaren Atalera, Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalera eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera eta Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

MEREZIMENDU LEHIAKETAREN DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Merezimendu lehiaketarako deia egiten da honako lanpostu hauek zerbitzu eginkizunetan betetzeko, deialdi honetan ezartzen diren zehaztapenei jarraikiz:

LANPOSTUA

TALDEA

PLAZA KOPURUA

Bigarren Hezkuntzako katedraduna edo irakaslea (eskola orientatzailea)

Psikikoen taldea

1

Maisua/Maistra (Pedagogia Terapeutikoa)

Psikikoen taldea

1

Maisua/Maistra (Entzumena eta Hizkuntza euskaraz)

Psikikoen taldea

1

Bigarren Hezkuntzako katedraduna edo irakaslea (eskola orientatzailea)

Mugimenekoen taldea

1

Maisua/Maistra (Pedagogia Terapeutikoa edo Entzumena eta Hizkuntza euskaraz)

Mugimenekoen taldea

1

Maisua/Maistra (Pedagogia Terapeutikoa euskaraz)

Jokabide taldea

1

Bigarren Hezkuntzako katedraduna edo irakaslea (eskola orientatzailea euskaraz)

Gaitasun handikoen taldea

1

Maisua/Maistra (Pedagogia Terapeutikoa euskaraz)

Gaitasun handikoen taldea

1

Maisua/Maistra (euskaraz)

Hezkuntza premietarako laguntza taldea

1

Maisua/Maistra (Pedagogia Terapeutikoa)

Lan munduan sartzeko taldea

1

Maisua/Maistra (Pedagogia Terapeutikoa edo Entzumena eta Hizkuntza euskaraz)

Dokumentazioaren eta teknologia berrien taldea

1

Maisua/Maistra Tuterarako

Komunitatearentzako zerbitzuen taldea

1

Bigarren Hezkuntzako katedraduna edo irakaslea (Esku-hartze Soziokomunitarioa) Iruñerako

Komunitatearentzako zerbitzuen taldea

1

Bigarren Hezkuntzako katedraduna edo irakaslea (eskola orientatzailea)

Tutera

1

Lanpostu horiek guztiek ibiltari izaera dute.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintza orokorrak.

Deialdi honetan parte hartzen duten izangaiek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:

–Irakasle funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea eta, egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende egotea.

–Jardunean egotea 2018ko irailaren 1ean.

Orobat, ebazpenaren I. eranskinean eskatzen diren berariazko baldintzak bete beharko dituzte izangaiek.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek eskabide baten bidez eskatu beharko dute. Eskabidearen eredua Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan izanen da interesdunen eskura. Eskabidea, halaber, Nafarroako Gobernuaren web orrian egonen da: www.navarra.es.

Parte hartzeko baldintzak ofizioz egiaztatuko ditu Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak, izangaien espediente pertsonalaren arabera. Euskaraz jakin beharra duten lanpostuak eskatzen dituzten izangaiek EGA edo titulu baliokide baten jabe direla frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, salbu jadanik zerbitzu orrian jaso bada.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek ebazpen honen II. eranskineko merezimenduen baremoko merezimenduen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako burutuak dauden eta epe horretan aurkezten diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

Betebehar bat frogatzeko aurkezten den dokumentazioa ez da merezimendu gisa baloratzen ahalko.

2. Parte hartzeko eskabideak eta, halakorik bada, atxikitako dokumentazioa Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (San Domingo kalea, zk.g., Iruña) aurkeztuko dira, edo, bestela, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten ziurtapena egin aurretik.

3. Aurkezten diren agiriek ez dute zertan jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan; agiri horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira eskabideak aurkezteko epearen barnean.

Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

4. Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak edo beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial berekian idatzitakoak, salbu eta euskarazkoak eta atzerriko hizkuntza baten ezagutza egiaztatzen duten titulazio edo ziurtagiriak. Zinpeko itzultzaileek eginak izan beharko dira itzulpen horiek eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.

Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko, hamar egun balioduneko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.–Izangaiak onartzea.

1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Giza Baliabideen Zerbitzuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratuko ditu Hezkuntza Departamentuko iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren webgunean. Baztertuen kasuan, ez onartzeko arrazoiak ere agertuko dira.

Aipatu ebazpena argitaratuta, interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Zerrenda horien kontra interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzendutako idazki baten bidez, bost egun balioduneko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Epe hori iraganik, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen Gizarte Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpena argitaratuko da, modu berean. Baztertuen kasuan, ez onartzeko arrazoiak agertuko dira.

Aipatu ebazpena argitaratuta, interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Ebazpen horretan aurkezpen ekitaldia egiteko eguna eta tokia finkatuko dira.

3. Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko dira behin betiko zerrendak, eta Hezkuntza Departamentuko iragarki-oholean eta Hezkuntza Departamentuaren webgunean argitaratuko dira.

Seigarrena.–Hautapen sistema.

1. Hautapen sistemak bi zati ditu:

a) Lehenbiziko zatian nahi den lanpostuaren eginkizunei lotutako proiektu bat aurkeztu eta defendatu beharko da, ebazpen honen II. eranskinean agertzen diren zehaztapenekin bat. Baztertzailea izanen da probari esleitutako puntuazioaren erdira ailegatzen ez direnentzat.

Izangai bakoitzak epaimahaiari azaldu beharko dio proiektua, ahoz, 30 minutuz gehienez. Gero, epaimahaiak eginen dizkion galderak erantzun beharko ditu, ahoz, 15 minutuz gehienez.

Proiektuaren aurkezpena eta defentsa baloratzeko, 0tik 10era bitarteko puntuazioa emanen zaio, eta gutxienez 5 puntu lortzen ez dutenak baztertuko dira.

Lortzen den puntuazioa epaimahaiko kideek emandakoen batezbesteko aritmetikoa izanen da.

b) Bigarren zatian merezimenduak baloratuko dira, ebazpen honen III. eranskinean ezarritako merezimenduen baremoarekin bat, eta gehienez 10 puntu emanen dira.

Hautapen prozeduraren lehenbiziko zatia gainditzen duten izangaien merezimenduak bakarrik baloratuko dira.

Epaimahaiek izanen dute izangaien merezimenduak baloratzeko erantzukizuna. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak izangai bakoitzak egindako zerbitzuen berri emanen die epaimahaiei, merezimenduen baremoko I. ataleko balorazioaren ondorioetarako.

2. Prozedura hasteko, izangaiak epaimahaiaren aurrean aurkeztuko dira eta proiektuaren kopia bat emanen diote. Aurkezpen ekitaldira joaten ez diren edo proiektuaren kopia ematen ez duten izangaiak hautapen prozeduratik baztertuko dira, eta ez da zilegi izanen beste pertsona batzuk haien ordez agertzea.

Aurkezpen ekitaldira joateko deia Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez eginen zaie izangaiei, prozeduran onartzen diren izangaien behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean hain zuzen, zeina Hezkuntza Departamentuko iragarki-oholean eta Hezkuntza Departamentuaren webgunean argitaratuko baita gutxienez 48 ordu lehenago. Ebazpen horretan epaimahaien aurreko jarduketa noiz, zer ordutan eta non hasiko den adieraziko da.

Alfabetoaren arabera ezarriko da izangaiek parte hartzeko ordena. Lehenbiziko deituraren hasieran “Y” eta “Ñ” letrak dituen izangaiak hasiko dira, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 23ko 731/2018 Ebazpenarekin bat. Haren bidez, argitara eman zen letren zozketaren emaitza 2017-2018 ikasturtean Giza Baliabideen Zerbitzuak kudeatzen dituen deialdietarako.

3. Behin epaimahaiaren aurreko jarduketak hasita, izangaiei egin beharreko hurrengo deiak Hezkuntza Departamentuko iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dituzte epaimahaiek.

4. Izangaien balorazioa bukaturik, epaimahaiak Hezkuntza Departamentuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko ditu behin-behineko kalifikazioak, betiere proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako puntuazioak eta, behar denean, merezimenduen baremoko puntuazioak adierazita.

Berdinketak hausteko, irizpide hauek erabiliko dira bata bestearen atzetik:

–Proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako puntuazio handiena.

–Ataletan eta azpiataletan zeinek duen puntu gehien, merezimenduen baremoan agertzen den hurrenkerari jarraikiz.

Berdinketak badirau, letren zozketaren emaitza hartuko da kontuan, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 23ko 731/2018 Ebazpenean ezarritakoari jarraikiz.

Kalifikazioen kontra izangaiek erreklamazioak aurkezten ahal dituzte, Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzenduak, argitara eman eta biharamunetik bi egun balioduneko epean.

Erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak behin betiko kalifikazioak bidaliko dizkio Giza Baliabideen Zerbitzuari, proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako puntuazioak, eta, behar denean, merezimenduen baremoko puntuazioa adierazita, prozeduraren espediente osoarekin batera, eta Hezkuntza Departamentuaren iragarki-oholean eta Nafarroak Gobernuaren webgunean argitaratuko dira.

5. Deialdi honen xedeko zerbitzu eginkizunak Giza Baliabideen Zerbitzuaren ebazpen baten bidez emanen dira, izangaiak hautatzen diren ordenaren arabera.

Zazpigarrena.–Epaimahaiak.

1. Epaimahai bakoitzak hiru kide izanen ditu: bi Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiak proposatuak, eta bat Irakasleen Batzordeak proposatua.

Epaimahaien osaera ebazpen honen IV. eranskinean agertzen da.

Beharrezkoa bada, ordezko kideak izendatuko dira.

2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Zortzigarrena.–Zerbitzu eginkizunen araubidea.

1. Zerbitzu eginkizun hauek, hasiera batean, bi ikasturte oso iraunen dute, 2018ko irailaren 1ean hasita.

Behin lehenbiziko ikasturtea bukaturik eta bigarren ikasturteko martxoaren 1a baino lehen, irakasle interesdunek ordura arte egindako lanaren memoria aurkeztu beharko diote ikastetxeko zuzendariari. Memoria hori zentroko zuzendariak eta gai bakoitzean eskuduna den zerbitzuak baloratuko dute. Memoriaren balorazioa Giza Baliabideen Zerbitzuari bidaliko zaio dagokion ikasturteko apirilaren 30a baino lehen.

Memoriak balorazio ona izateak zerbitzu eginkizunak hiru ikasturtez luzatu ahal izatea ekarriko du.

2. Aurreko atalean aipatzen den bost urteko aldia bukaturik, baldin Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroan lanpostu baten jabetza bigarren aldiz eta jarraian hartzen bada deialdi bidez, hautagaiak behin betiko betetzen zuen irakasle plazaren erreserba bukatu eginen da.

Zerbitzu eginkizunak bukaturik, ukitutako irakasleek lehentasunezko eskubidea izanen dute destinoa lortzeko beren azken behin betiko destinoko herriko edo eskualdeko ikastetxeetan.

3. Deialdi honen ondorioz ematen diren zerbitzu eginkizunak arrazoi hauetako batengatik bukatuko dira:

a) Onartutako epea bukatzeagatik.

b) Ikastetxea kentzeagatik edo aldatzeagatik, kentze edo aldaketa horrek ezinezkoa egiten badu ukitutako zerbitzu eginkizunei segida ematea.

c) Interesdunak berariaz uko egiteagatik.

d) Gerora sortutako arrazoiengatik, hain zuzen, lanpostuan aritzeko gaitasun falta edo egokitu ezina erakusten badu, horrek baldin badakar errendimendu eskasa eta, horrenbestez, esleitutako eginkizunak eraginkortasunez betetzea galaraztea, eta orobat, lanpostuaren eginkizunak aldatzen badira.

Aipatu arrazoi batengatik zerbitzu eginkizunak bukatu aurretik, deialdia proposatu duen organoak txosten arrazoitu baten bidez eskatuko dio Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari hasiera eman diezaiola zerbitzu eginkizunak bukatzeko prozedurari.

Prozedura Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez hasiko da. Ondoren, deialdia proposatu duen organoari igorriko zaio, ikastetxeko zuzendaritzak emandako txostenarekin batera, egoki irizten dituen jarduketak egin ditzan, interesduna eta Irakasleen Batzordea entzun ondoren.

Bidezko jarduketak egin ondoren, deialdia proposatu duen organoak langileen gaitasuna edo lanposturako egokitzapena baloratzeko txostena prestatuko du, eta Giza Baliabideen Zerbitzuari igorriko dio.

Txosten hori negatiboa bada, zerbitzu eginkizunei bukaera emanen zaie Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

e) Jardunean ez den beste egoera administratibo batera pasatzeagatik.

f) Administrazioaren beste lanpostu baterako izendatua izateagatik.

g) Beste zerbitzu eginkizun batzuk emateagatik, dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barrenean, dela beste administrazio publiko batean.

h) Zerbitzu eginkizunak onartzea eragin zuen beharra desagertzeagatik, ikastetxean behin betiko destinoa duen irakasle batek lanpostua bete ondoren.

Justifikatutako aparteko kasuetan izan ezik, zerbitzu eginkizunak aurreikusitako epea baino lehen bukatzen badira b eta c letretan aurreikusitako arrazoiren bat suertatzeagatik, ikasturtearekin batera bukatu beharko da zerbitzualdia.

4. Zerbitzu eginkizunak hasi baino lehen aurreko atalean aurreikusitako arrazoi bat (a eta d letretakoak izan ezik) gertatzen denean, zerbitzu eginkizunak ez dira onartuko.

5. Zerbitzu eginkizun hauek ez dira bateragarriak maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuan ezarritako baimenekin (haren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezarri ziren).

Horrenbestez, funtzionarioak horrelako baimenen bat esleiturik badu baina oraindik hasi ez baldin bada, baimenari uko egin beharko dio, baldin eta deialdi honetan ezarritako zerbitzu eginkizunak onartzea nahi badu. Orobat, funtzionarioari zerbitzu eginkizunak onartu bazaizkio edo jadanik zerbitzu eginkizunetan ari bada eta aipatutako baimenen bat eskatzen badu, baimena ukatuko zaio.

6. Deialdi honetan izangai bat ere ez hautatzeagatik hutsik gelditzen diren lanpostuak zerbitzu eginkizunen bidez betetzen ahalko dira ikasturte baterako, organo eskudunak proposatuta.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiek ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen eta berau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2018ko martxoaren 14an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Iglesias Álvarez.

I. ERANSKINA

Berariazko betebeharrak

TALDEA

LANPOSTUA

BALDINTZAK

Psikikoen taldea

Bigarren Hezkuntzako katedraduna edo irakaslea (eskola orientatzailea)

Bigarren Hezkuntzako katedradunen edo irakasleen kidegokoa izatea, Hezkuntza Orientazioa espezialitatekoa.

Psikikoen taldea

Maisua/Maistra (Pedagogia Terapeutikoa)

Maisu-maistren kidegokoa izatea, Pedagogia Terapeutikoa espezialitatekoa.

Psikikoen taldea

Maisua/Maistra (Entzumena eta Hizkuntza euskaraz)

Maisu-maistren kidegokoa izatea, Entzumena eta Hizkuntza espezialitatekoa.

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Mugimenekoen taldea

Bigarren Hezkuntzako katedraduna edo irakaslea (eskola orientatzailea)

Bigarren Hezkuntzako katedradunen edo irakasleen kidegokoa izatea, Hezkuntza Orientazioa espezialitatekoa.

Mugimenekoen taldea

Maisua/Maistra (Pedagogia Terapeutikoa edo Entzumena eta Hizkuntza euskaraz)

Maisu-maistren kidegokoa izatea, Entzumena eta Hizkuntza edo Pedagogia Terapeutikoa espezialitatekoa.

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Jokabide taldea

Maisua/Maistra (Pedagogia Terapeutikoa euskaraz)

Maisu-maistren kidegokoa izatea, Pedagogia Terapeutikoa espezialitatekoa.

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Gaitasun handikoen taldea

Bigarren Hezkuntzako katedraduna edo irakaslea (eskola orientatzailea euskaraz)

Bigarren Hezkuntzako katedradunen edo irakasleen kidegokoa izatea, Hezkuntza Orientazioa espezialitatekoa.

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Gaitasun handikoen taldea

Maisua/Maistra (Pedagogia Terapeutikoa euskaraz)

Maisu-maistren kidegokoa izatea, Pedagogia Terapeutikoa espezialitatekoa

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Hezkuntza premietarako laguntza

Maisua/Maistra

Maisu-maistren kidegokoa izatea

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Lan munduan sartzea

Maisua/Maistra (Pedagogia Terapeutikoa)

Maisu-maistren kidegokoa izatea, Pedagogia Terapeutikoa espezialitatekoa

Dokumentazioa eta Teknologia Berriak

Maisua/Maistra (Pedagogia Terapeutikoa edo Entzumena eta Hizkuntza euskaraz)

Maisu-maistren kidegokoa izatea, Pedagogia Terapeutikoa edo Entzumena eta Hizkuntza espezialitatekoa

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Komunitatearentzako Zerbitzuak (Tutera)

Maisua/Maistra

Maisu-maistren kidegokoa izatea

Komunitatearentzako Zerbitzuak (Iruña)

Bigarren Hezkuntzako katedraduna edo irakaslea (Esku-hartze Soziokomunitarioa)

Bigarren Hezkuntzako katedradunen edo irakasleen kidegokoa izatea, Esku-hartze Soziokomunitarioa espezialitatekoa

Tutera

Bigarren Hezkuntzako katedraduna edo irakaslea (eskola orientatzailea)

Bigarren Hezkuntzako katedradunen edo irakasleen kidegokoa izatea, Hezkuntza Orientazioa espezialitatekoa.

II. ERANSKINA

Hautapen sistemaren eta lanpostuen zehaztapenak

1.–Proiektuaren edukia eta ezaugarriak.

Izangaiek laneko proiektu bat aurkeztu beharko dute, eskuratu nahi duten lanpostuari dagozkion eginkizunak gauzatzeko plan arrazoitu bat jasoko duena. Bertan, zehatz-mehatz azaldu beharko dituzte hezkuntzako laguntzaren behar berariazkoen esparruan beren iritziz dauden berariazko eduki nabarmenenak, kasuan kasuko arlo edo taldeari buruzkoak, plazaren edukien arabera zehaztuta.

Proiektuak 25 orrialde izanen ditu gehienez ere (eranskinak barne, horrelakorik badago), alde batetik idatziak, DIN A-4 tamainan, tarte bikoitzarekin eta Arial 11 letra erabiliz.

Orientazio gisa, honako atal hauek proposatzen dira:

A) Honako arlo hauen gaineko edukien sintesia:

–Aniztasunari erantzuteko ikuspegia.

–Esku-hartzearen xedeko behar berariazkoak.

B) Helburuak eta esku hartzeko irizpideak.

C) Taldearen jarduketa-estrategiak.

–Zuzeneko esku-hartzea.

–Prestakuntzaren zeregina.

–IKTak nola erabiliko diren ikastetxeetako profesionalekin elkarlanean aritzeko eta lana dinamizatzeko.

D) Jarduketak ebaluatzeko baliabideak eta irizpideak.

Proiektuan, halaber, talde berariazko baten koordinatzaile gisa aritzeko jarduketa plan bat jaso beharko da, lan kooperatiborako estrategiak eta tresnak sakonki azalduta.

Eskatzaile eta eskatutako lanpostu bakoitzeko proiektu bat aurkeztu beharko da. Proiektu bakoitza kasuan kasuko arloari edo taldeari buruzkoa izanen da, eta dagozkion lan edukien arabera zehaztuko da.

Dokumentazioaren eta Bibliografiaren Unitateko lanposturako, gainera, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia berriei buruzko jarduketak jaso beharko ditu, bereziki web orriak, datu baseak eta Moodleak sortzeari, diseinatzeari eta mantentzeari buruzkoak.

2.–Lanpostuaren eginkizunak.

NHBBZko profesionalek, oro har, diziplinarteko taldeetan lan eginen dute. Ikastetxeetako orientatzaileen eta irakasleen lanarekin alderatuta, eginkizun osagarriak eta subsidiarioak eginen dituzte.

Taldeen barrenean, lan hauek egitea dagokie:

1. Ikastetxeei aholku ematea aniztasunari arreta emateko neurriak planifikatzeari begira eta curriculum proposamen berritzaile eta inklusiboak garatu eta ezartzeari begira.

2. Jarduketa planak diseinatzea, hezkuntza laguntza jasotzeko berariazko premia duten ikasleek hezkuntza erantzun egokia izan dezaten.

3. Aniztasunari erantzuteko irakasleek dituzten gaitasunak hobetzeko prestakuntza ekintzak baloratzen, planifikatzen eta garatzen laguntzea.

4. Aniztasunari erantzutearen gaineko esperientzia arrakastatsuak ikertu eta sustatzeko azterlanak egitea.

5. Irizpide teknikoak prestatzea, desgaitasuna duten, ikasteko zailtasunak dituzten edo gaitasun handiak dituzten ikasleen hezkuntza premia bereziak identifikatzeko eta baloratzeko.

6. Ikasleen premien arabera eskolatzeko modalitate egokiena zein den proposatzen laguntzea, berariazko programetan edo hezkuntza bereziko ikastetxeetan sartzeko.

7. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei zuzeneko arreta ematen dieten irakasleei aholku ematea, bai ikastetxe arruntetan, bai hezkuntza bereziko ikastetxeetan, bai eta hezkuntza programak dituzten laguntza zentroetan ere.

8. Zuzeneko arreta ematea ospitaleko edo etxeko laguntza programako eta jokabide arazoen programako ikasleei.

9. Hezkuntza sistemari eta familiei informazioa ematea hezkuntza premia bereziak dituztenei ematen zaien arretari buruz.

10. Baliabide materialak egokitzea, hezkuntza laguntza jasotzeko berariazko premia duten ikasleentzako hezkuntza erantzuna ahalbidetzeko.

11. Aniztasunari erantzutearen gaineko funts bibliografikoa eguneratu eta hedatzea, baita curriculumean sartzeko berariazko baliabideak ere.

12. Alderdi bibliografiko eta teknologikoei buruz aholku ematea, curriculum egokitzapenak egiteko.

13. Beste organismo eta erakundeekin koordinatzea bere eskumeneko gaietan.

14. Hezkuntza Departamentuak agintzen dizkien gainerako eginkizunak.

Dokumentazioaren eta Bibliografiaren Unitateko lanposturako, gainera, Teknologia Berrien ezagutzarekin lotutako eginkizunak ere beteko ditu.

3.–Antolaketa.

1. NHBBZko langileek, lanpostu jakin bati atxikirik badaude ere, eginkizunak beste arlo, unitate edo talde batzuetan bete ditzakete, oso-osorik edo parte batean, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak edo NHBBZko zuzendaritzak proposatzen duen urteko lan planaren arabera.

2. NHBBZko profesional guztiek, galarazi gabe talde bati atxikirik egotea, jarduketak batera egin ditzakete, baita beren eginkizunak bete ere beste profesional batzuk osatuz edo ordeztuz, edozein taldetan, oinarritzat harturik zuzendaritzak ikusten dituen beharrak.

3. Euskarazko profila duten lanpostuak betetzen dituzten orientatzaileek eta Pedagogia Terapeutikoko irakasleek, arloko talde jakin bati atxikiko bazaizkio ere, diziplinarteko lanak eginen dituzte. Beharrezkoa bada, beste orientatzaile edo Pedagogia Terapeutikoko irakasle baten osagarri izanen dira, hurrenez hurren, D ereduko ikasleentzako materialak prestatzeko, sostengua emateko edo balorazioak egiteko.

4. Taldeko koordinatzaileek eskumen hauek izanen dituzte:

–Talde-lana bultzatu eta bateratzea.

–Taldearen jarduketa planaren eta urteko lan planaren prestakuntza koordinatzea.

–Lantaldeentzat ezarritako arauak betetzen direla bermatzea, NHBBZko zuzendaritzarekin batera.

–Taldea ordezkatzea, barne antolaketari eta funtzionamenduari buruzko kontuetan.

–Taldeak eta arloko arduradunek NHBBZko zuzendaritzarekin eta gainerako talde eta unitateekin dituzten loturak bideratzea.

–NHBBZko zuzendaritza eta Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzua ordezkatzea garatzen dituzten gai profesionalen gaineko ekintzetan.

–Hezkuntza Departamentuak agintzen dizkien gainerako eginkizunak.

III. ERANSKINA

NHBBZko lanpostuak eskuratzeko merezimenduen baremoa

Merezimenduen baremoko puntuazioa, guztira: 10 puntu

I.–Lanbideari lotutako merezimenduak. 5 puntu gehienez.

Karrerako funtzionario gisa egindako irakaslana baloratzean, 0,48 puntu emanen dira zerbitzu urte bakoitzeko, deialdiaren azkeneko egunean kontatuta.

Hilabete osoko 0,04 puntu emanen dira, eta hondarreko egunak ez dira kontuan hartuko.

Frogagiriak: Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria.

II.–Beste merezimendu batzuk. 5 puntu gehienez.

2.1. Prestakuntza jardueretan parte hartzea. 2 puntu gehienez.

2.1.1. Hezkuntzako Ministerioak, autonomia erkidegoetako hezkuntza departamentu edo kontseilaritzek, unibertsitateek edo irabazi-asmorik gabeko erakundeek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzeagatik, lortu nahi den lanpostuarekin zerikusi zuzena baldin badute eta, betiere, jarduera horiek hezkuntzako administrazioek homologatu edo aitortu baldin badituzte: Egiaztatutako 10 orduko, 0,05 puntu. Gehienez ere puntu 1.

Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen 10 ordutik beheitikoengatik. Prestakuntza jarduerak kreditutan –eta ez ordutan– adierazten badira, kreditu bakoitzak 10 orduren balioa izanen du.

Frogagiriak: Hezkuntza Ministerioak, autonomia erkidegoetako hezkuntza departamentuek edo kontseilaritzek, unibertsitateek edo irabazi-asmorik gabeko erakundeek jarduerak frogatzeko emandako ziurtagiriaren fotokopia, non berariaz jasoko baita kredituen kopurua edo zenbat ordu iraun duen jarduerak. Irabazi-asmorik gabeko erakundeek antolatutakoen kasuan, hezkuntza administrazioak jarduera horiek aitortu edo homologatu dituela egiaztatu beharko da agiri sinesgarri baten bidez, edo hezkuntza administrazioaren prestakuntza erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria aurkeztu.

2.1.2. Lortu nahi den lanpostuarekin lotura zuzena duten prestakuntza jarduerak edo ikastaroak emateagatik, aurreko azpiatalean adieraziak: Egiaztatutako 5 orduko, 0,1 puntu. Gehienez ere puntu 1.

Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen 5 ordutik beheitikoengatik. Prestakuntza jarduerak kreditutan –eta ez ordutan– adierazten badira, kreditu bakoitzak 10 orduren balioa izanen du.

Frogagiriak: Hezkuntza Ministerioak, autonomia erkidegoetako hezkuntza departamentuek edo kontseilaritzek, unibertsitateek edo irabazi-asmorik gabeko erakundeek jarduerak frogatzeko emandako ziurtagiriaren fotokopia, non berariaz jasoko baita kredituen kopurua edo zenbat ordu iraun duen jarduerak. Irabazi-asmorik gabeko erakundeek antolatutakoen kasuan, hezkuntza administrazioak jarduera horiek aitortu edo homologatu dituela egiaztatu beharko da agiri sinesgarri baten bidez, edo hezkuntza administrazioaren prestakuntza erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria aurkeztu.

2.2. 1 puntu gehienez.

a) Ikerketa eta berrikuntza jarduerak, lortu nahi den lanpostuarekin lotura dutenak: jarduera bakoitzeko 0,25 puntu.

b) Lortu nahi den lanpostuarekin lotura duten biltzar, simposium edo jardunaldietan aurkeztutako txosten, komunikazio edo panelak: jarduera bakoitzeko 0,25 puntu.

Frogagiriak: aipatutako jardueretan parte hartu izanaren frogagiriak.

2.3. Tituluak. 2 puntu gehienez.

2.3.1. Beste titulu batzuk: 1,5 puntu gehienez.

–Psikologiako, Pedagogiako edo Psikopedagogiako lizentzietako bigarren zikloagatik edo dagokion graduarengatik: 0,5 puntu

–Psikologiako edo Pedagogiako lizentzietako lehenbiziko zikloarengatik edo Logopediako diplomarengatik edo Entzumena eta Hizkuntzako edo Pedagogia Terapeutikoko Irakasleen diplomarengatik edo dagokion graduarengatik: 0,5 puntu

–Logopediako graduondokoarengatik edo unibertsitateek emandako Logopediako edo Hezkuntza Bereziko masterrarengatik: 0,5 puntu

Titulu horiek baloratuko dira, bakar-bakarrik, baldin izangaiaren irakasle kidegora sartzeko behar den titulua ez badira.

Frogagiriak: bere kidegoan sartzeko alegatutako tituluaren fotokopia, bai eta merezimendu gisa aurkezten dituen guztiena ere, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

titulazioak atzerrian lortu badira, titulazio horien fotokopia aurkeztu beharko da, homologazioa egiaztatzen duen agiriarekin batera.

2.3.2. Hizkuntzak: 0,5 puntu gehienez.

Euskara (ez da baloratuko baldin eta deialdi honetan parte hartzeko ezinbestekoa bada): EGA edo balio berekoa: 0,4 puntu.

–Beste hizkuntza batzuk: Beste hizkuntza batzuk: ingelesa, frantsesa edo alemana, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik, Hezkuntzako kontseilariak otsailaren 28an emandako 30/2011 Foru Aginduan jasoak (foru agindu hori Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 28ko 184/2011 Foru Aginduaren bidez aldatu zen):

  • C1 edo baliokidea: 0,25 puntu.
  • B2 edo baliokidea: 0,15 puntu.

Frogagiriak: merezimendu gisa alegatutako egiaztagiriaren fotokopia edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Hizkuntza bakoitzean, hautagaiak aurkezten duen maila altueneko ziurtagiria bakarrik hartuko da kontuan.

Ez da beharrezkoa hizkuntza gaitasunen egiaztagiriak gaztelaniara itzultzea.

IV. ERANSKINA

Epaimahaien osaera

1.–Euskarazko lanpostuetarako epaimahaia.

–Epaimahaiburua: José Antonio Villanueva Liras, NHBBZko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Irakasleen Batzordeak izendatutako pertsona bat.

–Idazkaria: Nerea Domeño Elarre andrea, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko Orientazio Bulegoko burua.

2.–Gaztelaniazko lanpostuetarako epaimahaia.

–Epaimahaiburua: Laura Izaskun Barcos Pérez andrea, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko hezkuntza arloko aholkularia.

–Epaimahaikidea: Irakasleen Batzordeak izendatutako pertsona bat.

–Idazkaria: Pablo Maraví Artieda jauna, NHBBZko Arloko arduraduna.

Iragarkiaren kodea: F1803742