66. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ATARRABIA

Deialdia, Atarrabiako Udaltzaingoko kabo izateko lanpostu bat mailaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Atarrabiako Udaltzaingoko kabo izateko lanpostu bat mailaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzea. Lanpostua funtzionario araubidekoa eta C mailakoa da, eta lanpostu horrek 02 03 01 / 04 kodea du plantilla organikoan.

1.2. Prozedura hau arau hauen mende egongo da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea aldatzen duen apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

1.3. Deialdi hau dela medio izendatzen den izangaia Atarrabiako Udaleko funtzionario publiko eta udaltzain izango da; Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena eman eta bertan kidetzeaz gain, sistema horren babespean geldituko da. Baldin eta deialdi honetako xede den lanposturako izendatzen den funtzionarioa eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, alegia, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen zerbitzuko langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen duten hartan, afiliaturik badago, aukeran izanen du bertan segitzeko edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.

1.4. Atarrabiako Udaleko langile finkoek, oinarrizko prestakuntza ikastarora sartzen badira, kontuko diote gizarte aurreikuspenerako duten araubideari eta beren jatorrizko lanpostuko lansariak jasoko dituzte, horiek praktiketako funtzionarioari dagozkionak baino handiagoak direnean.

1.5. Izendatzen den izangaiak Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak izango ditu.

1.6. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2. oinarria.–Izangaien betebeharrak.

2.1. Mailaz igotzeko lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxienez ere hiru urteko antzinatasuna izatea Atarrabiako udaltzainaren enpleguan.

b) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

c) Euskararen ezagutzari dagokionez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 maila izatea ahozkoan eta B1 maila, idatzizkoan, gutxienez.

2.2. Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dituzte betebehar horiek.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izango da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak Atarrabiako Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Eskabideak deialdi honen eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira. Atarrabiako Udaleko Herritarrei Laguntzeko Bulegoan eskura daiteke, edo Interneten bidez, www.villava.es webgunean edo deialdi hau jasotzen duen aldizkari ofizialetik.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak:

a) Atarrabiako Udaltzaingoko udaltzain lanpostuaren jabetza hartuz geroztik, Udalak ofizioz aurkeztuko du hiru urteko antzinatasuna gutxienez ere baduela frogatzen duen dokumentazioa, baita interesdunaren egoera administratiboari eta egindako eta aitortutako zerbitzuei buruzkoa ere.

b) Euskara-maila egiaztatzeko, ofizialki onartutako titulu eta ziurtagiriak aurkeztuko dira.

Jakite-maila hori, era berean, egiaztatu ahalko da eskatutako hizkuntza mailaren proba bat gaindituta; izangaiak, proba hori egiteko eskatu behar du eskabidea aurkezten duen unean.

c) Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera izangaiak alegatutako merezimenduen frogagirien jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak edo behar bezala kautotuak, lege indardunetan ezarritakoarekin bat.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea buruturik, alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emango du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.

Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, alkate udalburuak mailaz igotzeko lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emango du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izango dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkate udalburuak ebazpena emango du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.4. Aurreko apartatuetan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan udaltzainaren zenbakia agertuko da soilik.

5. oinarria.–Mailaz igotzeko lehiaketa nola egingo den.

5.1. Mailaz igotzeko lehiaketak hiru aldi izango ditu, lehenbizi lehiaketaldia, gero oposizioaldia eta azkenik trebakuntza ikastaroa, oinarri hauetan adierazten den bezala.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da mailaz igotzeko lehiaketa osatzen duten probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Udaletxeko iragarki oholetan eta Udalaren web-orrian emango dira argitara, gutxienez ere 48 ordu lehenago.

5.2. Lehiaketaldia.

5.2.1. Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogaturiko merezimenduak, eta gehienez ere 85 puntu emango dira:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

c) Hizkuntzak jakitea: frantsesa, ingelesa eta alemana, 22,5 puntu gehienez.

d) Eskupekoak: 2,5 puntu gehienez.

5.2.2. Aurreko ataletan alegatu eta frogaturiko merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko II. eranskineko baremoaren arabera. Izangaiek lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean alegatu eta agiri bidez frogatu beharko dituzte beren merezimenduak. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emango merezimenduen atal bakoitzean.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.

5.2.3. Fase hau bukatzean, epaimahaiak Udaletxeko iragarki oholean argitaratuko ditu behin-behineko puntuazioak eta erreklamazioak aurkezteko bost egun naturaleko epea irekiko du, argitaratzen diren egunetik hasita, izangaiek beren eskubideen arabera komeni zaiena alega dezaten. Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean epamahaiak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsi eta iragarki oholean argitaratuko ditu.

5.3. Oposizioaldia.

5.3.1. Oposizioaldian honako hauek sartuko dira:

a) Lanpostuaren eginkizunei eta edukiei buruzko proba praktikoa.

b) Proba psikoteknikoak.

Proba guztiak deialdi bakarrean egingo dira. Bazterturik geldituko dira haietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.

5.3.2. Proba praktikoek gehienez ere 150 puntu izango dituzte guztira, eta test motako azterketa egingo da, hots, 50 galdera III. eranskineko gai zerrendari buruz, galdera bakoitzak balizko lau erantzun dituela. Galdera zuzen bakoitzeko 3 puntu emango dira, eta oker bakoitzeko puntu 1 kenduko da.

Proba hau baztertzailea izango da eta, gainditzeko, gutxienez ere 75 puntu lortu beharko dira.

5.3.3. Izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien zehaztea dute helburu proba psikoteknikoek. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalaren laguntzarekin egingo da eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahal dira. Ez da baztergarria izango.

Proba psikoteknikoak hasi aurretik, NAPIko Psikologia Aplikatuaren Atalak, Alkatetzarekin kontsulta egin ondotik, lanbide profilari buruzko proposamena igorriko dio alkateari. Alkatetzak onetsi egingo du profil hori eta deialdiko epaimahaiari jakinaraziko dio.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emango du lehiatzaile bakoitzari buruz. Hartan, norbera deialdiaren xedeko lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izango da epaimahaiarentzat.

5.3.4. Fase hau bukatzean, epaimahaiak Udaletxeko iragarki oholean argitaratuko ditu behin-behineko puntuazioak eta erreklamazioak aurkezteko bost egun naturaleko epea irekiko du, argitaratzen diren egunetik hasita, izangaiek alegazioak aurkez ditzaten beren eskubideen alde. Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean epamahaiak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsi eta iragarki oholean argitaratuko ditu.

5.3.5. Oposizioaldiko elementu guztien (proba praktikoa eta proba psikoteknikoak) kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak parte-hartzaileek lortutako puntuazioak paratuko ditu Atarrabiako Udaletxeko iragarki oholean eta www.villava.es udal webgunean, eta 5 eguneko epea emango du, interesdunek balioespen horri buruz erreklamazioak eta alegazioak aurkez ditzaten beren eskubideen alde.

5.3.6. Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, epaimahaiak Atarrabiako Udaletxeko iragarki oholean eta www.villava.es udal webgunean argitaratuko du izangaien zerrenda, oposizioaldian ateratako puntuazioen guztizkoak dituena.

5.4. Igoerarako trebakuntza ikastaroa.

5.4.1. Proba psikoteknikoak egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Atarrabiako Udalaren iragarki oholean eta www.villava.es udal webgunean probak gainditu dituzten izangaien behin-behineko zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta gaikuntza ikastaroa egiteko onartu diren izangaien zerrenda. Horien kopurua deialdiko lanpostuena izango da gehienez.

Trebakuntza ikastaroa egiteko onartutakoen zerrendarekin batera adieraziko da ikastaroa zein toki, egun eta ordutan hasiko den.

5.4.2. Udaltzaingoko kabo izateko Nafarroako Segurtasun Eskolak ematen duen ikastaroa egiteko, hautaketa prozesua gainditu duten eta eman beharreko lanpostu hutsen kopuruan sartzen ahal diren izangaiek zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa eskatuko diote kide diren Nafarroako administrazio publikoari. Hori dena Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamenduaren 23. artikuluan eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 24.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Udaltzaingoko kabo izateko prestakuntza ikastaroaren hasierako egunetik ondorioak dituena.

Trebakuntza ikastaroa egin bitartean, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolari atxikiko zaio izangaia.

5.4.3. Trebakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emango du, eta Eskolak berak erabakitzen duena iraungo du. Bestalde, baztertzailea izango da eta 200 puntuko balorazioa izango du. Ikastaroa bukatzean, izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emango zaie, eta azken horiek ezin izango dira izendatu. Baztertu egingo dira ikastaroa osatzen duten arlo guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.

Ikastaroa bukatutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezien egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.

Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko sisteman, jatorrizko lanpostuan zuenarekin segituko baitu.

Zerbitzu berezien egoeran deklaratutako izangaiek, gaikuntza ikastaroan onartuak badaude, Atarrabiako udaltzainaren lanpostuko lansariak hartuko dituzte Atarrabiako Udaletik, baita beren jatorrizko lanpostuan onarturik dituzten gradua, antzinatasuna eta familia laguntza ere.

Izangaiek beren jatorriko administrazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, aurreko lerroaldean adierazten diren alderdien gainekoa, eta hartan zehaztuko da trebakuntza ikastaroa hasteko dataren aurreko hilean kontzeptu horiengatik jasotakoa.

5.4.4. Izangaiak ikastaroa uzten badu, uzten duen egun horretara arte izango du eskubidea aurreko apartatuan aipatu lansariak jasotzeko.

Zerbitzu berezien egoera bukatzen denean, aurreko apartatuan aipatutako lansarien sistema izateari utziko zaio, eta ez du eskubiderik ekarriko, ez eskubide pasiborik sortuko, ezta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.

6. oinarria.–Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izango ditu, edo berek izendatzen dituztenak:

Epaimahaiburua: Atarrabiako Udaleko alkatea.

Mahaikidea: Atarrabiako Udaltzaingoko burua.

Mahaikidea: Atarrabiako Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat.

Mahaikide-idazkaria: Atarrabiako Udaleko idazkaria.

6.2. Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengoa, gutxienez, bertan izan gabe. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak. Epaimahaiaren eraketak balioa izan dezan, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emango diote laguntza epaimahaiari.

6.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emango diote, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

Prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren, Nafarroako Segurtasun Eskolako zuzendariak ikastaroan “gai” kalifikazioa izan duten izangaien zerrenda igorriko dio epaimahaiari, izendatu ditzan eta lanpostu hutsak adjudika ditzaten.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, alkateak mailaz igotzeko lehiaketa gainditzen duen izangaia Atarrabiako Udaltzaingoko funtzionario eta kabo izendatuko du, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

8.2. Izangai izendatuak hamar egun naturaleko epea izango du jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik aurrera. Aipatu epearen barrenean izangaia karguaz jabetzen ez bada, Atarrabiako Udaltzaingoko kabo izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbestekoetan salbu.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Atarrabian, 2018ko otsailaren 16an.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.

I. ERANSKINA

Eskaera (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere 35 puntu.

1. Nafarroako Polizia Kidego batean, lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu polizia lanpostuan.

2. Nafarroako Polizia Kidego batean, bitarteko gisa eta deialdiko lanpostuan egindako urte bakoitzeko: 1,65 puntu.

3. Administrazio publiko baten bestelako Segurtasun Indar eta Kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: 1,50 puntu polizia lanpostuan.

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak baloratzeko oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emango zaie izangaiei.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa, eta beste merezimendu batzuk: gehienez ere 25 puntu.

4. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Egindako prestakuntza ikastaroak baloratzeko oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emango zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emango zaie.

4. Ikastaro bakoitzeko gehienez ere eman daitekeen balorazioa puntu 1 da.

5. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo on iritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatutakoak sartuko dira.

6. Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zer mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, Estatukoa edo nazioartekoa.

7. Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

8. Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere 4 puntu.

9. Doktore edo lizentziatu gradua, deialdian eskatutako titulazioari buruzkoa: gehienez ere 2 puntu.

10. Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak: sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere 4 puntu.

Oharrak b) apartatu osorako:

1. Deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira apartatu honetan aipatutako merezimenduak. Kabo lanpostua eskuratzeko prestakuntza ikastaroak ez dira inondik ere baloratuko.

c) Hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa eta alemana (gehienez ere: 22,5 puntu):

1. Ingelesez, frantsesez eta alemanez jakiteagatik, hizkuntza horietako bakoitzeko 7,5 puntu gehienez.

a. A1 maila: 1,5 puntu.

b. A2 maila: 3 puntu.

c. B1 maila: 4,5 puntu.

d. B2 maila: 6 puntu.

e. C1 maila: 7,5 puntu.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotzen dira, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Gorengo mailari dagokion puntuazioa emango da, ez dira inola ere batuko bi mailatako edo gehiagotako puntuak.

d) Sariak: gehienez ere 2,50 puntu.

1. Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,25 puntu.

2. Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 0,75 puntu.

3. Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.

4. Esker On pribatuagatik: 0,25 puntu.

III. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. 15/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea aldatzen duena.

2. 11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

3. 71/2017 Foru Dekretua, abuztuaren 23koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua aldatzen duena. Erregelamendua otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

4. 5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen erantzukizun penala arautzen duena: Atariko titulua; I. titulua eta III. titulua, I. kapitulua.

5. 2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituena.

6. 201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duena.

7. 1202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresen eta lokalen erregistroak arautzen dituena.

8. 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteari buruzkoa: VII. titulua.

9. Ordenantza, Eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari zein merkataritzari loturiko bestelako elementuak paratzea arautzen duena.

10. 4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

11. 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari eta haren aldaketei buruzkoa: Atariko titulua; I. liburua: I., II. eta III. tituluak (I. kapitulua, 1. atala) eta II. liburua: III. titulua, VI. titulua (I., II. eta III. kapituluak), VIII. titulua, IX. titulua, X. titulua (II. kapitulua), XI. titulua, XII. titulua (III. kapitulua), XIII. titulua (I. eta X. arteko kapituluak), XVII. titulua (III. eta IV. kapituluak), XVIII. titulua, XIX. titulua (I. eta V. arteko kapituluak), XX. titulua (I. eta VIII. arteko kapituluak) eta XXIII. titulua (II. eta IV. kapituluak).

12. Prozedura Kriminalari buruzko Legea: I. liburua: IV. eta V. tituluak; II. liburua: I., II., III., V. eta VI. tituluak.

13. Udal ordenantza, lagun egiteko animaliei buruzkoa.

14. Atarrabiako aisialdiko lokalei buruzko ordenantza.

15. 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena: Atariko titulua; I. titulua, I. kapitulua; II., III. eta IV. tituluak; eta I. eta II. eranskinak.

16. Atarrabiako Udaltzaingoaren Zerbitzuen Gutuna.

Iragarkiaren kodea: L1803747