66. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko martxoaren 14an hartua. Honen bidez “Errezu-Ziraukiko hodi nagusiaren berrikuntza partziala (gainerakoa)” proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten da, nahitaez desjabetzeko.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak urriaren 17an emandako 415/2017 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren hamabost egunez bai proiektua bai hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Jendaurreko aldia bukatutakoan, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, otsailaren 8ko 40/2018 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, eta aurkeztutako alegazioen gainean ebatzi zuen, ebazpen horren azalpen zatian adierazitakoaren arabera.

Proiektuaren xedea uraren goi hornidurarako hodi berri bat egitea da, Ziraukiko udal-mugartean dagoen kutxeta batetik hasi eta edateko uren Ziraukiko araztegiraino, eta proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da; izan ere, uraren goi hornidurarako hodia oso egoera txarrean dago gaur egun, eta nahitaez ordeztu behar da, edateko uren Ziraukiko araztegira doan horniduran etengabako isurtzeak eta eteteak sortzen baitira.

Aipatu proiektua gauzatuz gero, Izarbeibarko Mankomunitateko herriek ur hornidurari dagokionez izan dituzten etenak saihestuko dira, eta segurtasun eta osasungarritasun baldintzak hobetuko dira uraren garraioan. Gainera, kontsumoaren igoerei berme handiagoarekin erantzun ahalko zaie, baita udan izaten den ur eskasiari ere.

Nafarroako Gobernuak, Izarbeibarko Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. “Errezu-Ziraukiko hodi nagusiaren berrikuntza partziala (gainerakoa)” proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Izarbeibarko Mankomunitateari jakinaraztea.

Iruñean, 2018ko martxoaren 14an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1803697