61. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko martxoaren 14an hartua, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak abenduaren 13an emandako 847E/2017 Ebazpenari buruz Merkataritzako Estatu Idazkaritzak egindako aurretiazko errekerimendua baiesten duena. Ebazpen haren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean saltokiak irekitzeko eta merkataritzan aritzeko egun balioduntzat hartuko diren igandeak eta jaiegunak ezarri ziren 2018. urterako.

1. Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak abenduaren 13an emandako 847E/2017 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean saltokiak irekitzeko eta merkataritzan aritzeko egun balioduntzat hartuko diren igandeak eta jaiegunak ezarri ziren 2018. urterako. Ebazpen hori 2017ko 247. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 28koan.

2. Ebazpen horretan ezartzen da 2018. urtean zein igande eta jaiegun hartuko diren balioduntzat Nafarroako Foru Komunitatean merkataritzan aritzeko, eta, hortaz, egun hauetan irekitzen ahalko dira saltokiak:

–Urtarrilaren 7a.

–Martxoaren 29a.

–Apirilaren 2a.

–Abuztuaren 15a.

–Urriaren 12a.

–Azaroaren 1a.

–Abenduaren 8a.

–Abenduaren 23a.

–Herriko festa eguna; betiere, otsailean, maiatzean, ekainean, uztailean edo irailean izan beharko du, eta ez da igandea izanen.

3. 2017ko otsailaren 3an Merkataritzako Estatu Idazkaritzaren ebazpen bat sartu zen Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko erregistroan; ebazpen horretan Nafarroako Foru Gobernuari errekerimendua egitea erabaki zen, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusi bezala, aipatutako abenduaren 13ko 847E/2017 Ebazpenari buruz.

Idazki horretan errekerimendua egiten zaio Foru Gobernuari, aipatutako uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera, “aipatutako ebazpena bertan behera utzi edo baliogabetu dezan eta zuzenbidearen araberako beste bat eman dezan, Estatuko oinarrizko legedia eta merkataritzako ordutegiei buruzko Nafarroako legea bera errespetatuko dituena”.

Zuzenbideko Oinarriak

1. Nafarroako Gobernua da organo eskuduna beste administrazioek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari egiten dizkioten errekerimenduak bere gain hartzeko, eta gai honen gaineko erabakiak Nafarroako Gobernuak hartuko ditu ukitutako departamentuak edo departamentuek proposamen arrazoitua egin ondoren; hori dena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 97. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Aurretiazko errekerimendua Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean egin da.

3. Egindako errekerimenduan, Merkataritzako Estatu Idazkaritzak adierazten du 847E/2017 Ebazpenean zehaztutako egunak guztira bederatzi direla, irekitzeko baimena duten igande eta jaiegunak zenbatuta, eta herriko festa eguna ez bada otsailean, maiatzean, ekainean, uztailean edo irailean, irekitzeko baimena duten egunak guztira zortzi direla.

Oroitarazten du igande eta jaiegunetan irekitzeko araubidearen oinarria Merkataritzako Ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legearen 4. artikulua dela, eta horretan ezartzen dela merkataritzarako irekitzeko baimena gutxienez hamasei igande eta jaiegunetarako eman behar dela; autonomia erkidegoek kopuru hori murriztu dezakete, baina inoiz ez hamar baino gutxiagora.

Gainera, adierazten du Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeak berak ezartzen duela balioduntzat hartuko diren igande eta jaiegunak hamar izanen direla.

Alde horretatik, aipatzekoa da merkataritzarako ordutegien arauketa jasoa dagoela, hain zuzen ere, Merkataritzako Ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legean, eta horretan, besteak beste, igande eta jaiegunetan irekitzeari dagozkion inguruabarrak arautzen direla.

Lege hori Aurrekontuen Egonkortasuna Bermatzeko eta Lehiakortasuna Sustatzeko Neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren bidez aldatu zen.

Bi arau horiek, 1/2004 Legea zein 20/2012 Errege Lege Dekretua, oinarrizkoak dira, Estatuak onetsi baitzituen Espainiako Konstituzioaren 149.1.13 artikuluan Estatuari aitortzen zaizkion eskumen esklusiboez baliatuz (jarduera ekonomikoaren planifikazio orokorraren oinarriak eta koordinazioa).

Igande eta jaiegunetan irekitzeari dagokionez, Merkataritzako Ordutegiei buruzko 1/2004 Legearen 4. artikuluan, indarrean den idazketaren arabera, adierazten da saltokiek irekita egotea zilegi duten igande eta jaiegunak gutxienez 16 izanen direla, baina 2. apartatuan aitortzen du autonomia erkidegoek badutela eskumena kopuru hori aldatzeko (igotzeko edo jaisteko) euren merkataritza beharren arabera; hala ere, inoiz ezin izanen da hamar baino gutxiagora murriztu igande eta jaiegunetan irekitzeko egun kopurua.

4. Nafarroako Foru Komunitateak, barneko merkataritzaren arloan duen eskumen esklusiboaz baliatuz (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri Eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 56.1.d) artikuluan ezarria), deusetan eragotzi gabe prezioen politika orokorra, Estatuko lurraldearen barneko ondasunen joan-etorri librea eta lehiaren defentsari buruzko legeria, Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea onetsi zuen.

Lege hori ondoren aldatu egin zen, apirilaren 17ko 15/2013 Foru Legearen bidez, aipatutako 20/2012 Errege Dekretuan ezarritakora egokitzeko; ondorioz, 33. artikulua gaur egun indarrean dagoen moduan idatzita gelditu zen.

Aldaketa horren bidez, 1/2004 Foru Legearen 4. artikuluko 2. apartatuan autonomia erkidegoei aitortzen zaien ahalmena baliatzen du Foru Komunitateak; hala, lege horren 33. artikuluak adierazten du, oinarritzat harturik igande eta jaiegunak ez direla merkataritzan aritzeko egun baliodunak, merkataritzaren arloan eskumenak dituen departamentuak urtero ezarriko duela irekitzeko baimena duten igande eta jaiegunen egutegia, eta horiek 10 izanen direla.

Horiek horrela, eta azaldutakoari jarraikiz, bidezkoa da baiestea Merkataritzako Estatu Idazkaritzak aurkeztutako errekerimendua, eta indarrik gabe uztea Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emandako 847E/2017 Ebazpena; izan ere, ebazpen horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean saltokiak irekitzeko eta merkataritzan aritzeko egun balioduntzat hartuko diren igandeak eta jaiegunak ezarri ziren 2018. urterako, baina ez dira 10 izatera iristen irekitzeko baimena duten igande eta jaiegunak, eta gutxienez 10 izan behar dutela adierazten du Merkataritzako Ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legeak, baita Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeak ere.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKI DU:

1. Baiestea Merkataritzako Estatu Idazkaritzak aurkeztutako errekerimendua, eta indarrik gabe uztea Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emandako 847E/2017 Ebazpena; horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean saltokiak irekitzeko eta merkataritzan aritzeko egun balioduntzat hartuko diren igandeak eta jaiegunak ezarri ziren 2018. urterako.

2. Erabaki hau igortzea Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Erabaki hau Merkataritzako Estatu Idazkaritzari jakinaraztea, eta adieraztea bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko martxoaren 14an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1803702