61. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

43/2018 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza bekatarako deialdia onesten duena, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Turismoko Marketinaren Zerbitzuan aritzeko.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen. Beka emateko prozedurari hasiera eman aurretik organo eskudunak deialdiaren oinarri arautzaileak onartu beharko ditu, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.

Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak proposatu du unibertsitate tituludunentzako bi prestakuntza beka emateko deialdia onestea, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Turismoko Marketinaren Zerbitzuan aritzeko; bekadunen prestakuntza akademikoa ezagutza espezializatuekin eta esperientzia praktikoarekin osatzea dute xede, administrazio publikoen nahiz enpresa pribatuen eskaerei aurre egiteko gaitasuna eskura dezaten.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza bekatarako deialdia onestea, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Turismoko Marketinaren Zerbitzuan aritzeko.

2. 18.000 euroko gastua baimentzea 2018ko gastuen aurrekontuko “Praktiketako ikasleentzako transferentzia arruntak” izeneko 830001 83100 4800 432100 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzura, Turismoko Marketinaren Zerbitzura eta Turismoko eta Merkataritzako Kontabilitateren Kudeaketarako Bulegora.

5. Adieraztea ebazpen honen eta bere oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko otsailaren 26an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia. Bere ordez (Garapen Ekonomikorako kontseilariaren azaroaren 19ko 95/2015 Foru Agindua), Herri Lanetako zuzendari nagusiak, Ignacio Nagore Laín.

I. ERANSKINA

Unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza bekatarako deialdia arautzen duten oinarriak. Bekak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Turismoko Marketinaren Zerbitzuan aritzeko izanen dira

1. Xedea.

Turismoko unibertsitate gradua duten tituludunentzako bi prestakuntza beka norgehiagokako araubidean emateko oinarriak ezartzea du xede deialdi honek. Bekadunak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Turismoko Marketinaren Zerbitzuan arituko dira.

Bekek unibertsitateko tituludunen prestakuntza bultzatzea dute helburu, zuzenagotik ezagut ditzaten arlo akademiko horri loturik Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusian burutzen diren eginkizunak; zehazki:

–Teknikarien partetik prestakuntza jasotzea Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalean sortzen diren txostenak eta bestelako agiriak (erregistroa eta ikuskapena) prestatzeari, idazteari eta igortzeari dagokionez.

–Teknikarien partetik prestakuntza jasotzea Nafarroako Turismo Erregistroan jarduera turistikoak inskribatzeko betebeharrari dagokionez turismo enpresei eman beharreko informazioaren eta aholkularitzaren gainean.

–Prestakuntza jasotzea antolaketarekin, datu bilketarekin eta txostenak eta aurkezpenak prestatzearekin lotutako lanetan, betiere Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalaren eskumenei dagokienez.

–Teknikarien partetik prestakuntza jasotzea Nafarroako turismo informazioko lanak antolatzeko, Nafarroako turismoaren irudi korporatiboa aplikatzeko, argitalpenen plana eta promozio objektuak kontrolatzeko, eta datu baseak eta irudien artxiboak mantendu eta eguneratzeko lanetan.

–Teknikarien partetik prestakuntza jasotzea on line marketin-plana kudeatzeko, webgunea sustatzeko eta informazio eta promozio turistikoan teknologia berriak txertatzeko lanetan, eskumena duen zuzendaritza nagusiarekin elkarlanean. Turismo sektorearentzako barne komunikaziorako eta bertako herritarrentzako komunikaziorako planak antolatzea.

–Teknikarien partetik prestakuntza jasotzea Nafarroako turismoaren behatoki estatistiko eta ekonomikoa diseinatzeko eta martxan jartzeko.

–Teknikarien partetik prestakuntza jasotzea Nafarroaren promoziorako ekitaldien, azoken eta aurkezpenen planak diseinatzeko eta gauzatzeko, publizitate plana eta komunikazio programak diseinatzeko eta gauzatzeko, eta harreman publikoen plana diseinatzeko eta gauzatzeko.

–Teknikarien partetik prestakuntza jasotzea prentsaren eta preskriptoreen aurrean aurkezteko eta girotzeko bidaiak antolatzeko, eta turismo sektorearen merkaturatzeari laguntzeko plana kudeatzeko.

–Teknikarien partetik prestakuntza jasotzea, produktu turistikoak sortzeko programak egin, kudeatu eta haien jarraipena egiteko, turismo unitateak garatzeko planak sustatzeko, eta Seinalizazio Turistikoaren Plana diseinatu, planifikatu eta gauzatzeko.

–Teknikarien partetik prestakuntza jasotzea inbertsio proiektuak kudeatzeko.

–Teknikarien partetik prestakuntza jasotzea Nafarroako Foru Administrazioaren turismo bulegoen eta beste informazio gune batzuen sarea eta interes turistikoko zentroen sarea koordinatzeko eta gainbegiratzeko.

–Teknikarien partetik prestakuntza jasotzea monumentuak eta intereseko eraikinak irekitzeko programak prestatzeko eta haien jarraipena egiteko.

–Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusian antolatzen den beste prestakuntza mota oro.

2. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen gastu konpromisoak betetzeko baimendu den kreditua 18.000 eurokoa da.

3. Bekaren iraupena.

Prestakuntza bekak 9 hilabete inguruko iraupena izanen du hasieran, beka ematen duen ebazpenean ezarriko den hasierako datatik hasita, eta 2018ko abenduaren 31n bukatuko da. Edozein kasutan, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak hiru urtera, gehienez ere, luzatzen ahalko du, hasierako aldiaren eta luzapenen artean, baldin eta nahikoa kreditu erabilgarri badago.

Prestakuntza 2018ko apirilaren 3an hastea aurreikusten da, edo beka ematen duen ebazpenean adieraziko den egunean, hura geroago emanez gero.

4. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Prestakuntza bekak 1.000 euroko zenbateko gordina izanen du hilean edo, hala badagokio, zati proportzionala, eta hilabetea bukatu ondoren ordainduko da.

Zenbateko horretatik 44,45 euro kenduko dira Gizarte Segurantzako kotizaziorako. Beraz, hileko diru kopurua 955,55 eurokoa izanen da.

Era berean, zenbateko horretatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da.

Bekaren iraupena luzatuz gero, diru kopurua eguneratu eginen da, KPIak Nafarroan duen urteko aldaketa aplikatuz.

Beka jaso duenari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, diru-laguntza publikotzat baizik.

5. Eskatzaileak.

Prestakuntza bekak hartzen ahalko dituzte baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen bateko herritarra. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Nafarroan erroldatua egotea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) 1. oinarrian aipatu diren unibertsitate tituluetako bat izatea, Espainiako agintariek luzatua edo homologatua.

f) Eskatzen den titulua deialdi hau egin aurreko hiru urtean eskuratua izatea.

g) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz dezakeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

6. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epeak.

Interesdunek deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 20 egun naturaleko epean aurkezten ahalko dituzte eskaerak.

Eskaerak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira igorriko dira eta Navarrería kaleko 39an (31001 Iruña) den Erregistro Bulegoan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako araubide iragankorraren araberako erregistroetan.

Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskatzen den dokumentazio guztia, telematika bidez tramitatu ezean, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da.

Eskaera egiteko, behar bezala beteko da deialdi honetako II. eranskineko inprimaki normalizatua; aipatu tramiteen katalogoan dagokion fitxatik ere deskargatzen ahalko da. Eskaera horri dokumentu hauek gehitu beharko zaizkio:

–Eskatzailearen gaineko dokumentazioa:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo eskatzailearen nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere.

Eskabide-orriak honako hau izanen du erantsita: aipatutako erantzukizunpeko adierazpena eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari emandako baimena, Ogasunean eta Gizarte Segurantzan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren egiaztatzeko.

–Eskaeraren xedearen gaineko dokumentazioa:

a) Lortu gogo den bekari buruzko titulu akademikoaren fotokopia konpultsatua.

b) Ikasketen ziurtagiria, ikasturte bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin; orobat, espedientearen batez besteko nota, 0tik 10erako eskalan.

c) Eskatzailearen curriculum vitaea, non aipatu merezimendu guztiak zehaztuko diren; merezimenduen jatorrizko dokumentua edo fotokopia konpultsatua beharko da haiek egiaztatzeko eta, bereziki, honako hauek:

–Bekarekin zerikusia duten unibertsitateko beste titulu akademiko batzuk.

–Bekarekin zerikusi zuzena duten prestakuntza ikastaroak, Estatuko zein atzerriko unibertsitateetan edo administrazio eta erakunde publikoetan eginak.

–Eskatutako titulazioarekin lotura zuzen duten proiektuetan parte hartzea.

–Hizkuntzak jakitea.

Prestakuntza bekak jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

7. Merezimenduak baloratzeko irizpideak.

Beka hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta banatuko dira diru-laguntzak baremoko ordenaren arabera, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren.

Eskaerak baloratzeko, honako irizpide hauen arabera kalifikatuko dira merezimenduak, 25 puntu arte, gehienez ere:

a) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria. Gehienez ere 10 puntu. Espedientearen batez besteko nota baloratuko da, 0tik 10era bitarteko eskalan.

b) Bekak emateko eskakizun ez diren beste unibertsitate titulu batzuk, beken xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. Gehienez ere 4 puntu.

–Doktoretza: 2 puntu.

–Masterra: 1 puntu.

–Beste gradu batzuk: 1 puntu.

c) Beken xede diren arloekin lotura zuzena duten prestakuntza ikastaroak: gehienez ere 4 puntu.

Kontuan hartuko dira 20 orduko edo hortik gorako prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, interesdunak jasotakoak zein emandakoak. Eskala honen arabera baloratuko dira:

–201 ordu edo gehiago: 4 puntu.

–101 ordutik 200 ordura bitartekoak: 3 puntu.

–76 ordutik 100 ordura bitartekoak: 2 puntu.

–51tik 75 ordu bitartekoak: 1 puntu.

–20 ordutik 50 ordura bitarteko ikastaroak: 0,50 puntu.

Ez dira kontuan hartuko 20 ordutik beherako ikastaroak.

Interesdunak jasotako ikastaroek titulu ofizialak izan beharko dute edo, bestela, ofizialki aitortutako prestakuntza zentroetan jasoak, eta behin besterik ez dira baloratuko, nahiz eta interesdunak ikastaroaren edizio bat baino gehiago jaso edo eman izan.

d) Beken xede diren arloekin edo titulazioekin lotutako proiektuetan parte hartzea (beste beka batzuk, curriculumaz kanpoko praktikak eta abar): 0,10 puntu hilabete bakoitzeko, 2 puntura arte gehienez.

Horretarako, hilabete osoak zenbatuko dira, eta ez dira kontuan hartuko hortik beherako aldiak.

Curriculumeko praktikak ez dira kontuan hartuko.

e) Hizkuntzak jakitea. Gehienez ere 5 puntu. Hizkuntza bakoitzeko maila handieneko ziurtagiria bakarrik baloratuko da, eta 5etik gorako puntuazioa ez da kontuan hartuko.

–Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiria edo C1 titulua, edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: 1,2 puntu (Euskara), puntu bat (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza).

–B2 tituluak edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: puntu bat (Euskara), 0,8 puntu (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza).

–B1 tituluak edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: 0,5 puntu (Euskara), 0,4 puntu (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza)

Ez da meriturik baloratuko ez bada agiri bidez frogatzen, eta merituak kontuan hartuak izan daitezen, eskaerak aurkezteko epea amaitu aurrekoak izan behar dute.

Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa espedienteko a) atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Hala ere, berdinketak jarraituz gero, beste ikasketa titulu batzuetan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.

8. Ebaluazio Batzordea.

Ebaluazio batzordea izanen da eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko eta alegatzen diren merezimenduak baloratzeko ardura izanen duen kide anitzeko organoa, bai eta ebazpen proposamena prestatzeko ardura izanen duena ere, non izangai bakoitzari guztira emandako puntuazioa adieraziko baita.

Kide hauek osatuko dute Ebaluazio Batzordea:

–Batzordeburua: Margari Cueli Erize. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

–Ordezko batzordeburua: Ana Lizarraga Dallo, Turismoko Marketinaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordekidea: Manuel Bermejo Garde, Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaikidea: Elena López de Zubiría, Turismoa Sustatzeko Ataleko.

–Idazkaria: Esther Urtasun Galdeano, Turismoa Sustatzeko Ataleko teknikaria.

–Ordezko idazkaria: Ainhoa Arnaiz Tomé, Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Ataleko teknikaria.

9. Bekaren tramitazioa eta hura emateko ebazpena.

Eskaerak hartutakoan, Ebaluazio Batzordeak espedientea aztertu eta ebaluatuko du. Eskaerak ez baditu betetzen finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.

Eskaera osoa eta behar bezalakoa dela ikusitakoan, 7. oinarrian ezarritakoaren arabera barematuko da espedientea, eta Balorazio Batzordeak lehentasun ordena zehaztuko du ateratzen den baremoaren arabera.

Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko, eta ez da zuzenduko eskaerarekin batera barematzeko aurkezten ez den merezimenduen dokumentazioa.

Ebaluazio Batzordeak ebazpen proposamena igorriko du, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak beken deialdia ebatz dezan. Ebazpenak, gutxienez ere, beka eskuratzen duten eskatzaileen zerrenda jasoko du eta, zein den kasua, espresuki adieraziko du zein eskaera ezesten diren, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera jakinaraziko da.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Eskatutako beka eman edo ukatzen duen ebazpenaren aurka, eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

10. Emandako beken publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarriko ditu ematen diren bekak Garapen Ekonomikorako Departamentuaren web-orrian, honako hauek zehaztuta: deialdia, beka zein programari eta aurrekontu-kredituri egozten zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta bekaren helburua.

11. Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.

Onuradunek apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren artikuluetako betebehar eta eskubideak izanen dituzte eta, bereziki, 19. artikuluan adierazitako betebeharrak; foru dekretu horretan araubide orokorra ezartzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko.

Orobat, beka ematen duen ebazpenaren proposamena egiten den unean, onuradunak behartuta daude zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatera.

12. Jardueren hasiera eta ukoak.

Onuradunek hamar egun naturaleko epean, gehienez ere, hasi beharko dituzte beren jarduerak, beka ematen dien ebazpenean adierazten den egunetik hasita. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

Edozein arrazoi dela eta, emandako bekari uko eginez gero, idatzita eman beharko zaio horren berri Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago, gutxienez ere.

Uko eginez gero, zilegi izanen da beka horiek Ebaluazio Batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea.

13. Tutoretzak eta jarduerak.

Beka duen pertsonak adina titulu edo gehiago dituen tutore batek, dagokion administrazio unitateak izendatutakoak, gidatu eta gainbegiratuko ditu bekadunak egiten dituen jarduerak.

Bekadunak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan eginen ditu bere jarduerak. Halaber, bekadunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen ditu.

Hautatutako pertsonak egin ahal izanen dituen jarduerak 1. oinarrian zehaztutako jarduerekin lotuta egonen dira.

14. Prestakuntza jarduera egitea.

Beka duen pertsonak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren instalazioetan jardungo du, astean gehienez ere 30 ordu sartuz eta 2,5 egun natural atseden hartuz, bekak dirauen hilabete bakoitzean.

Bekadunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

15. Bateraezintasuna.

Prestakuntza bekak bateraezinak dira administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoak edo nazioartekoak izan, emandako beste prestakuntza beka batzuekin.

16. Araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1803514