61. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NAFARROAKO ERRIBERAGOIENEKO HIRI HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEA

Estatutuen aldaketa. Behin betiko onespena

Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen Batzarrak, 2017ko ekainaren 27an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea aldaketa bere estatutuetan.

Hasierako onespena hilabetez egon zen jendaurrean Mankomunitateko udalen idazkaritzetan, eta epe horretan inork ez zuen alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldeko txostena eman zuen aipatu aldaketari buruz.

Gero, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko udalen osoko bilkuretara eraman zen onesteko, eta horiek guztiek onetsi zuten. Udaletatik bi heren baino gehiago denez, testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50.6 artikuluan xedatutakoa betez.

Azkoienen, 2018ko otsailaren 7an.–Mankomunitateko burua, Carlos de Miguel Altimasveres.

ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Araubide orokorra

1. artikulua. Eraketa.–Obra eta zerbitzuen mankomunitate bat eratzea erabaki dute ondoko udalerri hauek: Alesbes, Azagra, Azkoien, Cadreita, Faltzes, Funes, Martzilla, Milagro eta San Adrián. Hala ebatzi dute Nafarroako Udal Administrazioaren Erregelamenduaren V. kapituluan (Foru Kontseilu Administratiboaren 1928ko otsailaren 3ko Erabakia) eta apirilaren 17ko 2/1986 Foru Legearen laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat.

2. artikulua. Nortasun juridikoa, antolaketa eta funtzionamendua.–Mankomunitatea pertsonifikazio instrumental bat da, administrazio izaerakoa, toki entitate izaera duena eta bere helburuak betetzeko gaitasun juridikoa osoa duena, udal administrazioari buruzko foru araudiarekin eta indarrean dagoen toki araubide orokorrari buruzko legeriarekin bat.

Mankomunitatearen antolaketa eta funtzionamendua estatutu hauei jarraikiz eginen dira, Nafarroako toki entitateei buruzko legeria horren osagarri izanik, betiere toki entitateek Konstituzioaren bidez bermatua duten autonomia errespetatuz.

3. artikulua. Izena eta helbidea.–Ondoko izen hau izanen du aipatu toki entitateak: Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitatea.

Azkoienen izanen du helbidea.

4. artikulua. Iraupena.–Mankomunitate honek mugagabeko indarraldia izanen du eta funtzionamenduan hasiko da estatutu hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

II. KAPITULUA

Xedea eta helburuak

5. artikulua. Kudeaketa.–Honako hauek dira Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitatearen helburuak:

a) Mankomunitate mailako politika solidarioa, arrazoizkoa eta eraginkorra ezarri eta garatzea, Mankomunitatea osatzen duten udalerrien hiri hondakin solidoak tratatzean eta kudeatzean.

b) Nafarroako Erriberagoieneko eskualdeko hiri hondakin solidoak bildu eta tratatzeko zerbitzua diseinatu, planifikatu, gauzatu, kudeatu eta ustiatzea.

c) Udaletako bestelako zerbitzuak ikertu, koordinatu eta planifikatzea, onurak ekartzen baditu Mankomunitate mailan eramateak.

d) Eskualdeko udalerrien topaleku izatea, guztion intereseko gaiak ikertu eta eztabaida daitezen Mankomunitatean bertan, administrazioen arteko koordinazio edo lankidetza formulen bidez eraman badaitezke.

e) Tokiko zerbitzu publiko hauek guztiak edo haietariko batzuk ematea:

1.–Hirigintzako antolamendua, kudeaketa, exekuzioa eta diziplina; babes publikoko etxebizitzen sustapena eta kudeaketa; eta eraikinen kontserbazioa eta birgaitzea.

2.–Ondare historikoaren eta hiri-ingurumenaren babesa eta kudeaketa.

3.–Feriak, elikagaien hornidura, hiltegia, azokak eta merkataritza ibiltaria.

4.–Hilerriak eta ehorzketa zerbitzuak.

5.–Uraren ziklo integralari lotutako guztia: hornidura, banaketa, saneamendua, estolderia eta arazketa.

6.–Osasungarritasun publikoaren babesa, hondakinen kudeaketa eta bideen garbiketa.

7.–Bide-azpiegitura eta beste ekipamendu batzuk.

8.–Argiteria publikoa eta hiri-garraio kolektiboa.

9.–Premiako gizarte-egoeren ebaluazioa eta txostenak, eta gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonentzako berehalako arreta.

10.–Interesa duen tokiko jarduera turistikoaren informazioa eta sustapena.

11.–Kirolaren, kirol instalazioen eta aisialdiko jardueren sustapena, bai eta kulturaren eta kultur ekipamenduen sustapena ere.

12.–Derrigorrezko eskolatzearen zaintza (beste batzuekin batera), eta hezkuntzako administrazioekiko elkarlana ikastetxe berriak eraikitzeko orubeak erdiestearren. Ikastetxeen tokiko titulartasuneko eraikinen kontserbazioa, mantentzea eta zaintza Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Hezkuntza Berezian.

13.–Informazioaren eta komunikazioen teknologien sustapena, herritarrek modu eraginkor eta jasangarrian erabil ditzaten.

f) Aipatu helburuetarako zuzenean edo zeharka balio duten jarduera guztiak egin ahal izanen ditu Mankomunitateak. Horretarako, helburuak lortzeko beharrezkoak diren bitarteko eta baliabide guztiak eduki behar ditu, baita Nafarroako toki entitateek legez esleituak dituzten eskubideak eta ahalmenak ere, zerbitzuak udalekotzeko aukera barne.

III. KAPITULUA

Gobernu eta kudeaketa organoak

6. artikulua. Zuzendaritza organoak.–Ondoko hauek dira Mankomunitatearen zuzendaritza organoak:

–Ordezkaritza organoa: Batzar Nagusia.

–Gobernu organoak: Mankomunitateko burua, Mankomunitateko buruordea, Batzorde Iraunkorra.

7. artikulua. Batzar Nagusia.–Mankomunitateko udalerrien Batzar Nagusia da Mankomunitatearen organo gorena. Estatutu hauetan espresuki emandako eskumena eta eskudantziak izanen ditu, udalerrietako osoko bilkurei dagozkienak, eta antolamendu juridikoak aitortutako beste edozein.

8. artikulua. Osaera.–Ondoko hauek osatuko dute Batzar Nagusia, Mankomunitateko udalerrien adierazpenerako eta ordezkaritzarako organo gisa: herri bakoitzeko ordezkariak, osoko bilkurek horretarako izendatuak, udalerri bakoitzeko biztanle kopuruaren proportzioan.

Udalerri bakoitzak ordezkari bat hautatuko du 1.000 biztanleko edo 500 biztanletik gorako zatikiko.

Biztanle kopurua zehazteko, eskubidezko biztanleen udaletako erroldei begiratuko zaie. Bosturtean behin onesten dira errolda horiek.

Batzarreko udal ordezkariek boto bana izanen dute.

9. artikulua. Toki korporazioen osoko bilkurek hautatuko dituzte ordezkariak, korporazio bakoitzeko agintaldiaren adina denborarako, eta bertan ordezkaturiko udal taldeek proposatuta. Ordezkari izendatzen diren udalkideak Mankomunitateko batzarkidetzat hartuko dira.

Mankomunitateko batzarkideek alkate edo zinegotzi izan behar dute Mankomunitateko udaletan.

10. artikulua. Mankomunitateko batzarkideek ondoko kasu hauetan utziko diote batzarkide izateari:

a) Izendatu dituzten entitateek kargutik kentzen badituzte.

b) Korporazio berriak eratzen direnean.

Goian azalduriko b) apartatuko kasuan, toki entitateetako ordezkari batzarkideek karguan segituko dute, jardunean, toki hauteskundeak egin eta batzar berria eratu arte. Udal korporazio berriak eratu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean egin beharko da batzarra eratzeko bilkura. Aldi iragankor horretan, kargua uzten duten organoek ezin izanen dute gehiengo kualifikatua behar duen erabakirik hartu.

11. artikulua. Bilkuren araubidea.–Batzar Nagusiak bilkura arrunta eginen du urtean bitan gutxienez, seihileko naturala hasten denean alegia.

Urte hasierako bilkuran, aurreko urteko jarduketen berri emanen da, eta hasi berriaren aurrekontua eta jarduketa programa aurkeztuko dira.

Bilkura bereziak ere egin daitezke, egoki jotzen den guztietan, Mankomunitateko buruak proposatuta edo batzarkideen %25ek Mankomunitateko buruari eskatuta, idatziz, proposatzen den gai-zerrenda bertan azalduz.

Bilkurarako deiei zein bilkuren funtzionamenduari dagokienez, udalen bilkurak erregulatzen dituen araudiari jarraituko zaio, zitazio epeei buruzko ondoko salbuespen hau kontuan harturik: bilkura arruntetarako epea 15 egunekoa izanen da.

Deiarekin batera, eguneko gai-zerrenda eta batzarkideek gaiak aztertzeko eta ezagutzeko behar duten dokumentazioa sartuko dira.

12. artikulua. Erabakiak hartzea.–Mankomunitateko erabakiak hartuko dira indarrean dagoen toki araubide orokorrari buruzko araudiari jarraikiz (Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen V. titulua).

13. artikulua. Estatutuak aldatzea.–Mankomunitatearen estatutuak aldatzeko erabakien kasuan, horiek onesteko, indarrean dagoen legerian ezarritako arauei jarraituko zaie (apirilaren 17ko 2/1986 Foru Legearen laugarren xedapen iragankorra).

14. artikulua. Batzar Nagusiaren eskudantziak.–Ondoko hauek dagozkio Mankomunitateko Batzar Nagusiari:

1.–Bere eraketa, berritze eta handitzeari dagozkion oro onestea, bai eta kargudun eta langileak izendatzeari eta kentzeari dagozkionak ere, estatutuei eta aplika daitezkeen lege edo erregelamenduei jarraikiz.

2.–Mankomunitatearen xedetako aurreikusi diren zerbitzuak ezarri, garatu eta kudeatzeko beharrezkoak diren oinarrizko plan nahiz proiektuak onestea.

3.–Urteko aurrekontuak eta kontuak onetsi eta aldatzea.

4.–Edozein ondasun eskuratu eta besterentzea, zenbatekoa aurrekontu arruntaren %20tik gorakoa denean, baita obrak eta zerbitzuak kontratatzeko oinarri orokorrak ezartzea ere, eta, halakorik denean, haiek formalizatzeko ahalmena Mankomunitateko buruaren esku uztea.

5.–Mankomunitatearen eskubideak babesteko ekintzak besterentzea, aurka egitea hura auzitaratzen den arazoetan eta era guztietako errekurtsoak aurkeztea edozein mota, maila edo jurisdikziotako aferetan, jarduneko legelariak adostasun txostena eman ondoren eta presako kasuak kenduta.

6.–Mankomunitateko gobernu organoen fiskalizazio-kontrola.

7.–Mankomunitateko burua eta buruordea izendatu eta kargutik kentzea.

8.–Mankomunitateko Batzorde Iraunkorraren osaera onestea.

9.–Idazkari/kontu-hartzailearen kontratazioa eta izendapena onestea.

10.–Mankomunitateak beste administrazio publiko batzuekin sinatzeko hitzarmenak onestea, lankidetza hitzarmenak direnean edo eskumenen kudeaketa beste baten esku uztekoak direnean, baita bestelako administrazio publikoek utzitako eskumenak onartzeko direnean ere.

11.–Mankomunitateak ematen dituen zerbitzu guztien kudeaketa eta finantzaketa sistemak onestea.

12.–Entitatearen xedeak betetzeko Mankomunitateko udalen osoko bilkurei legez dagozkien eskudantzia eta eskumen guztiak, Mankomunitateko beheragoko beste organo batzuei ez badagozkie.

15. artikulua. Eskudantziak beste baten esku uztea eta araubide juridikoa.–Batzarrak hainbat eskudantzia utz dezake Batzorde Iraunkorraren esku, Udalaren Osoko Bilkurak Gobernu Batzordearen esku utz ditzakeen eskudantziak alegia, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen lehen tituluko II. kapituluarekin bat.

Batzarretik heldu diren administrazio egintzen araubide juridikoa udalen osoko bilkuren egintzak arautzen dituen bera izanen da.

16. artikulua. Mankomunitateko burua eta buruordea.–Gobernu eta kudeaketa organoak dira, Batzarrak batzarkideen artean izendatuak.

Ezkutuko lehen bozketan, Batzarra legez osatzen duten ordezkarien botoen gehiengo osoa eskuratzen duen batzarkidea hautatuko da Mankomunitateko buru izateko.

Aurreko paragrafoan aipaturiko gehiengoa batzarkide bakar batek ere lortzen ez badu, bigarren bozketa eginen da, ezkutukoa hau ere, eta emandako botoen gehiengo soila lortzen duena hautatuko da Mankomunitateko buru izateko.

Berdinketa gertatuz gero, biztanle gehien dituen toki entitatearen ordezkaria hautatuko da.

Dena dela, buruorde hautatuko da boto gehien lortzen dituen ordezkaria, Mankomunitateko burua eta buruaren toki entitatearen ordezkariak kenduta.

Buruordearen kargurako hautatua izan denak uko egiten badio karguari, boto gehien duen hurrengoa izanen da hautatua, eta horrela behin eta berriro.

Buruordearen kargua ezin bada bete aurreko bi paragrafoetan ezarritako sistema erabilita, beste bozketa bat eginen da, Mankomunitateko burua hautatzeko jarritako arau berberei jarraikiz.

17. artikulua. Batzarrak izendatuko ditu Mankomunitateko burua eta buruordea, eratzeko bilkuran. Karguetan berrituko ditu ere, toki entitateetako kideak berritzeko ezartzen den epe berdinerako. Salbuespenez, kargutik kentzen badituzte, uko egiten badute edo hiltzen badira, ahalik eta azkarren hautatuko dira, karguak hutsik egon ez daitezen.

Mankomunitateko burua eta buruordea kargutik kentzeko, hala erabaki behar du legez Batzarra osatzen duten ordezkarien gehiengo osoak.

18. artikulua. Eskudantziak.–Mankomunitateko burua izanen da Batzar Nagusiak hartzen dituen erabakiak betearazteko organo arduraduna. Alkateen eskudantzia berberak izanen ditu, Batzarraren bilkuren burutzari eta horietarako deialdiei dagokienez.

Mankomunitatearen legezko ordezkaria eta bozeramailea izanen da Mankomunitatetik kanpoko harremanetan, eta ondoko eskudantzia hauek beteko ditu:

1.–Mankomunitatearen ordezkaria izatea, bestelako administrazio publikoen, instituzioen edo pertsona fisiko bai juridikoen aurrean.

2.–Bere erantzukizunpean eta Batzarrak emandako jarraibideei loturik, Mankomunitatearen aferek eskatzen dituzten premiazko neurriak hartzea; Batzarrari horren berri ematea bere lehen bilkuran eta, kasuak garrantzia handia baldin badu, bilkura berezirako deia egitea.

3.–Mankomunitateko aurrekontuak sinatzea, idazkari/kontu-hartzailearekin batera, aurrekontu onetsien garapen egokia xedatzea eta urteko kontuak aurkeztea; hori guztia erregelamenduaren arabera aplikatzekoak diren legezko xedapenei jarraikiz.

4.–Mankomunitateak egin behar dituen ordainketetarako agindua ematea, aurrekontuko diru-esleipenen barrenean.

5.–Mankomunitatearen funts eta ondasunak administratzea, eta aurreko ekitaldiko kontuak aurkeztea urte naturalaren lehen seihilekoan.

6.–Mankomunitatearen ordezkaria izatea hura ukitzen duten egintza eta negozio juridiko guztietan, bai eta ahala ematea prokuradoreei epaiketetara agertzeko edo hortik kanpora, beharrezkoa denean, kasu bakoitzean Batzarrak erabakitzen dituen ahalmenekin.

7.–Entitatearen egintza eta agirien ziurtagiriak bere sinadurarekin ikus-onestea.

8.–Batzorde Iraunkorraren bilkurak deitzea, horietan buru jardutea eta bertan erabakitakoa betearaztea.

9.–Zerbitzuek behar bezala funtzionatzeko eta Mankomunitatearen xedeak ongi betetzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizunak, betiere beste organo batzuentzat erreserbatuta ez badaude.

19. artikulua. Mankomunitateko burua ez dagoenean edo kargua hutsik dagoenean, buruordea arituko da, haren eskudantzia berberekin.

20. artikulua. Mankomunitateko buruak eta buruordeak Batzorde Iraunkorraren esku utz ditzakete estatutuek haiei emandako eskudantziak.

21. artikulua. Batzorde Iraunkorra.–Mankomunitatearen gobernu eta kudeaketa organo bat da. Zeregina du Mankomunitateko buruari eta buruordeari laguntza ematea esleitutako eskudantziak erabiltzen dituztenean.

Ondoko hauek osatuko dute: Mankomunitateko burua, buruordea, idazkari/kontu-hartzailea (botorik gabe) eta Mankomunitatea osatzen duten udalerrien ordezkari bana, buruaren eta buruordearen udalerriak kenduta.

Ondoko hauek izanen dira eginkizunak eta eskumenak: Mankomunitateko buruari eta buruordeari laguntzea kudeaketa, gobernua eta administrazio arrunta eramaten, baita estatutu hauekin bat Batzarrak eta buruak bere esku uzten dituzten guztiak ere.

22. artikulua. Batzorde Iraunkorra eratzea.–Batzarrak onetsi behar ditu Batzorde Iraunkorraren eraketa eta osaera, Mankomunitatea eratzeko egiten den bilkuran. Batzordea Iraunkorra berrituko da Mankomunitateko Batzarraren kideak berritzen direnean.

Mankomunitateko udalerriek ordezkari bana izendatuko dute Batzorde Iraunkorrean aritzeko.

Mankomunitatea eratzeko bilkuran eta, ondoren, Mankomunitateko burua eta buruordea bide arruntean berritzeko bilkuretan, betiere horiek hautatu eta gero, Mankomunitateko udalerrien ordezkariek (buruarena eta buruordearena kenduta) ordezkari bana izendatuko dute Batzorde Iraunkorrean aritzeko, eta horren izena jakinaraziko diote Batzarrari, honek izendatuak berretsi ditzan.

23. artikulua. Batzarrak izendatuko du Mankomunitateko idazkari/kontu-hartzailea. Ondoko hauek izanen dira haren eginkizunak: nahitaezko lege aholkularitza, fede publikoa ematea eta ekonomia eta finantzako kudeaketaren barruko fiskalizazioa eta kontrola eramatea. Horrek ez du enplegua izateko eskubiderik ekarriko.

Hala bada, zerbitzu eta jarduera guztiak koordinatzeko eginkizunak beteko ditu, betiere Mankomunitateko organoen zuzendaritzapean. Idazkari/kontu-hartzailea Batzorde Iraunkorreko kide izanen da. Bertan idazkari arituko da eta ez du botorik izanen.

Halaber, idazkari arituko da Mankomunitateko Batzarrean ere.

Diruzaintzako eginkizunak betetzeko modua Batzarrak zehaztuko du, arlo horretan indarrean dagoen araudia aplikatuz.

24. artikulua. Araubide ekonomikoa.–Mankomunitatearen baliabide ekonomikoak honako hauek izanen dira:

a) Ondarea, hots, Mankomunitatearen ondasun, eskubide eta akzio guztiak.

Honako hauek osatzen dute ondarea: Mankomunitateko entitateek eta beste administrazio publiko batzuek atxikitako eskubide eta ondasun materialak, esleitutako edo eskuordetuta dituen zerbitzuak emateko direnak, eta Mankomunitatearenak diren edo horrek eskuratzen dituen gainerako ondasunak.

Legeak toki entitateentzat aurreikusten duen araubide juridikoa aplikatuko zaie Mankomunitatearen ondasunei.

b) Estatuarengandik, Nafarroako Gobernuarengandik edo edozein pertsona fisiko zein juridikorengandik jasotako diru-laguntzak eta bestelako diru-sarrerak, zuzenbide publikoko nahiz pribatukoak.

c) Estatutu hauen arabera, bere eskumeneko zerbitzu eta jarduketak emateagatik kobratzen dituen tasak.

d) Beste entitate batzuei, mankomunitateak barne, egokitu arren, lankidetza hitzarmenen bidez utziak dituen ordainarazpenen etekina.

e) Mankomunitateko entitate guztiek egiteko ezar daitezkeen ekarpen orokorrak. Mankomunitateko toki entitateen kargura izanen dira ekarpen horiek eta irizpide objektiboetan oinarrituta finkatuko dira, finantzatzen ahal dituzten zerbitzuek eragindako gastuaren proportzioan, edo toki entitateek bildutako zenbait diru-sarreraren arabera.

f) Mankomunitatearen xedeak erdiesteko hitzartzen diren beste mailegu eta kreditu batzuk.

g) Beste edozein, indarrean dagoen araudiak bidezko edo beharrezko egiten badu Mankomunitateak hura ordainaraztea.

25. artikulua. Maileguen eta kredituen hitzarmenak kenduta, aurreko artikuluan jasotako edozein diru-sarrera erabiliko da Mankomunitateak ematen dituen zerbitzu guztien gastuak, funtzionamendukoak zein antolamendu administratibokoak, ordaintzeko.

Mankomunitateko udalerriek horretarako egin beharreko ekarpenen bidez finantzatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoaren arabera tasen bidez finantzatu ezin diren Mankomunitatearen zerbitzuak.

26. artikulua. Mankomunitateak baliabideak lortu eta aplikatzeko, besteak beste, honako irizpide hauei jarraituko die:

a) Mankomunitateak bere zerbitzuengatik ordainarazten dituen tarifak ez dira aldatuko udal-mugarte batetik bestera. Horietan guztietan tarifa berak aplikatuko dira.

b) Mankomunitateko toki entitateek hark ezarritako baliabideak finkatzen edo aplikatzen lagunduko dute, baita toki entitateek eskatu, sustatu edo onartuta dituztenak ere, diru-sarrerak ekartzen badizkiete.

c) Mankomunitateak eman ditzakeen zerbitzuen kontabilitate analitikoa eginen da. Zein zerbitzuk sortzen dituen baliabideak, harexeri aplikatuko zaizkio, edo diru-laguntza, kuota, kreditua, tarifa prezioa edo diru-sarrera lortu duenari.

27. artikulua. Mankomunitateko udalak, bakoitza bere zuzenbidezko biztanle kopuruaren proportzio zuzenean, Mankomunitateak hartzen dituen obligazio eta zorren erantzule izanen dira, eta beren ondasunekin eta Nafarroako Toki Ogasunen Funtsetik datozen baliabideekin bermatuko dituzte, Mankomunitatearenak aski ez badira.

28. artikulua. Mankomunitateko zerbitzuen aurrekontua betetzean izan daitezkeen soberakinak birjartze edo erreserba funts batera bideratu beharko dira.

Aipatu funtsa zerbitzuaren funtzionamendurako aurrekontuaren edo urteko aurrekontu arruntaren %100 baino gehiago bada, ez beste inoiz, soberakinak udalen ekarpenak murrizteko erabil daitezke, baita zerbitzuaren hartzaileei egotzitako tasak gutxitzeko ere.

Aurrekontuak betetzean izan daitezkeen soberakinak ezin dira mozkintzat hartu. Beraz, horiek sortu dituen zerbitzuari baino ez zaizkio lotuko eta ezin izanen dira udalen artean banatu.

29. artikulua. Mankomunitatearen xedeak betetzeko direnez, bere jabari publikoko ondasun bihurtuko dira udalek Mankomunitateari eman diezazkioketen ondasun higiezinak eta higigarriak, eskubideak eta akzioak, baita Mankomunitateak erosten dituenak ere, lehenengo titularrei erosi ondoren.

30. artikulua. Ondoko prozedura honi jarraituko zaio Mankomunitateko udalerriren batek bertatik ateratzeko erabakia hartuko balu:

a) Osoko Bilkurak erabakia hartzea eta Mankomunitateko buruari hura igortzea. Horrekin batera honako hauek bidali behar ditu: banantze proiektua, bertan Mankomunitateari eragiten zaion desoreka kalkulatuz; joateagatik eman beharreko konpentsazioko kalte-ordainaren ebaluazioa; kalte-ordaina ordaintzeko modua; eta Mankomunitatea uzteko epe iragankorra.

b) Mankomunitateko buruak banantze proiektuari buruzko txostena eginen du, eta Batzarrera bidaliko.

c) Eskaera egiten duen udalerria banandutzat hartuko du Mankomunitateko Batzarrak erabaki baten bidez. Sortutako desorekarengatik Mankomunitateari eman behar zaion kalte-ordaina azalduko da erabaki horretan, objektiboki kalkulatua.

d) Mankomunitateko entitate bati hortik bereizteko eskaera onartu ahal izateko, bermatu beharko du bere esparruko zerbitzuak behar bezala ematen ahalko dituela, bereiztearekin Mankomunitatearen interes orokorrei ez diela kalterik eginen eta azken horrek zerbitzua ematen segitzeko aukera izanen duela.

31. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari jarraikiz, beste udalerri batzuek izanen dute Mankomunitatean sartzeko aukera hura eratu eta gero, bere asmo eta xedeekin bat egiten badute.

Atxikitzeko proiektua aurkeztu behar diote Mankomunitateko buruari, desoreka ez dela sortuko justifikatu behar duena, baita atxikitzeko programa iragankorra ere.

Mankomunitateko buruak igorriko dio eskaera Batzarrari, atxikitzearen aldeko txosten teknikoarekin batera.

Batzarrak egoki ikusten badu, baietza emanen dio atxikitzeari, batzarkideen gehiengo osoz.

32. artikulua. Desegitea.–Mankomunitatearen erabateko desegitearen edo desegite partzialaren arrazoiak eta ondorioak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta indarrean dagoen konstituzio esparruko aplikagarri diren gainerako araudietan ezarritakoak izanen dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordezko araudi gisa, eta estatutu hauen aurka ez doan guztian, Nafarroako toki entitateen antolaketa funtzionamendua arautzen dituen toki araubidea aplikatuko da Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatean.

Estatutu hauek indarrean jarriko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L1801929