44. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

580/2018 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle funtzionarioei behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak, zuzendaritza-karguen izendapena egiteko arauak eta irakasleen lanaldiaren murrizketak eskatzeko prozedura onesten dituena 2018-2019 ikasturterako.

Kontuan izanik, batetik, Administrazio honen menpeko ikastetxe eta programetan aurreikusitako eskolatzearen bilakaera, eta bestetik, lanpostuak betetzeko deialdia ebatzi dela, beharrezkoa da neurriak hartzea irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle funtzionarioei behin-behineko lanpostua esleitzekoa, 2018-2019 ikasturterako, azkar eta modu eraginkorrean.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeen sarea berrantolatzeko arauak ematen dituen martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretuak, martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretuaren bidez aldatu zenak, adierazten du zenbait neurri hartu behar direla aplikagarria den araudi osagarria administrazio honen benetako egoerara egokitzeko.

Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetako lanpostuak nola bete arautzen da. Haren lehenbiziko artikuluan esaten da foru dekretu horren xedea dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasle kidegoei dagozkien zenbait lanpostu behin-behinekoz, behin betiko eta zerbitzu eginkizunetan betetzeko arauak finkatzea.

Foru dekretu hori betez, bidezkoa da 2018-2019 ikasturterako behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak onestea. Horrela, batetik, funtzionarioek herrian edo eskualdean segitzeko eskubidea badute, eskubide hori bermatuko zaie, eta bestetik, funtzionarioek euskaraz irakasteko konpromisoa hartu badute, konpromiso hori betetzen dela ziurtatuko da.

Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldi murrizketa arautzen duen apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuaren 7.4 artikuluari jarraikiz, unibertsitatekoak ez diren irakasleen lanaldi murrizketa ikasturtea amaitu arte izanen da betiere, salbu eta hura emateko arrazoia lehenago bukatzen denean, eta eskatzen diren luzapenak ikasturte osorako izanen dira.

Irakasleen lanaldi murrizketak onartzeak eragina izan dezake ikastetxeetako plantillak zehazterakoan eta, horrenbestez, zehazterakoan destinoko ikastetxetik behin-behinekoz aldarazita izatea ekar dezakeen egoera batek zer irakasle ukitzen dituen. Horregatik, komeni da plantillak eratu aurretik lanaldi murrizketak eskatzeko prozedura ezartzea, ahalik eta lekualdatze gutxien izan dadin. Lanaldi murrizketak ematerakoan lehentasuna izanen du beti ikasleek hezkuntzarako duten eskubideak.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak martxoaren 7an emandako 183/2017 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Honako hauek onestea 2018-2019 ikasturterako: irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle funtzionarioei behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak, zuzendaritza-karguen izendapena egiteko arauak eta irakasleen lanaldia murrizteko eskaeren prozedura, oinarri hauei jarraikiz:

I.–Behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak.

II.–Ikastetxe publikoetako zuzendaritza-karguen izendapena.

III.–2018-2019 ikasturterako lanaldi murrizketak eskatzeko prozedura.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen eta dagozkion eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiari, bere Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalari, Deialdien Atalari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

I.–BEHIN-BEHINEKO DESTINOAK, PRAKTIKETAKOAK ETA ZERBITZU EGINKIZUNETAKOAK ESLEITZEKO JARRAIBIDEAK

Hezkuntza Departamentuak 2018-2019 ikasturterako behin-behineko destinoak, praktiketakoak edo zerbitzu eginkizunetakoak arau hauetan ezarritako prozedurari jarraikiz esleituko ditu:

Lehena.–Arau amankomunak.

1.–Jendaurreko ekitaldi batean esleitzen diren behin-behineko destinoak, praktikaldikoak eta zerbitzu eginkizunetakoak aukeratzeko, honako hurrenkerari jarraituko zaio:

1. Funtzionarioen osasun arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunak.

2. Irakastordu nahikorik ez izateagatik beren ikastetxetik aldarazitako irakasleak.

3. Euskaraz irakasteko konpromisoa betetzeko, beren ikastetxetik aldarazitako irakasleak.

4. Behin-behineko destinoa duten funtzionarioak.

5. Irakasleei adingabeko seme-alaba zaintzeagatik eta salbuespenezko inguruabarrengatik emandako zerbitzu eginkizunak.

6. Praktiketako funtzionarioak.

7. Behin-behineko destinoarekin itzuli direnak.

8. Irakaskuntzako lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaiak.

2.–Lanpostuak aukeratzeko, baldintza izanen da behar diren espezialitatearen eta hizkuntzaren titular izatea edo egoki den lanpostua behin-behinekoz bete ahal izatea, apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuarekin bat, eta, behar izanez gero, behar den profil berariazkoa frogatzea. Beren espezialitate eta hizkuntzako lanpostu hutsik ez badago, beste lanpostu bat esleitzen ahal zaie, betiere espezialitateko titular diren irakasleei destinoa aukeratzeko lehentasuna bermatuta eta Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen irizpideei jarraikiz; horrela, galaraziko da irakasleak beren destinoko herritik mugitzea irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldaraziak badira.

3.–Pedagogia Terapeutikoa edo Entzumena eta Hizkuntza espezialitateko titulua duten maisu-maistren kidegoko funtzionarioek aukera izanen dute Bigarren Hezkuntzako Institutuetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetan lanpostuak eskatzeko.

4.–Euskarazko lanpostuetara jo ahal izateko, EGA edo balio bereko titulua izan beharko du izangaiak.

5.–Lanpostuak esleitzeko ekitaldiak zein egunetan eginen diren garaiz jakinaraziko da iragarkia Hezkuntza Departamentuaren web orrian jarrita: www.educacion.navarra.es.

Lanpostuak aukeratzeko ekitaldietan interesdunak berak edo bere ordezkari batek parte hartzen ahalko du, betiere interesdunaren nortasun agiriaren fotokopia eta ordezkariari baimena emateko idazkia, ordezkatuak sinatua, aurkezten baditu.

Jarraibide hauetan sartzen diren ekitaldi orotan, 2018-2019 ikasturtean zerbitzu eginkizunetan aritzeko behin-behineko destinoa aukeratu behar duten funtzionarioen izen-deiturak eta eskaintzen diren lanpostuak jarriko dira jendaurrean, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Departamentu horren web orrian (www.educacion.navarra.es), betiere destinoak esleitzeko ekitaldiak egin baino lehenago.

Bigarrena.–Irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldarazitako irakasleak.

1.–Behin betiko destinoa duten irakasleek euren ikastetxean segituko dute 2018-2019 ikasturtean, behar adina irakastordu badute.

2.–Behin betiko destinoa duten irakasleak, 2017-2018 ikasturtean irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldarazi bazituzten eta 2018-2019 ikasturtean egoera horretan segitzen badute, destinoko ikastetxean bertan egonen dira, eman dezaketen espezialitate batean behar adina irakastordu egonez gero, non eta ez duten adierazten idatziz, 2018ko apirilaren 28a baino lehen, beste irakaspostu bat aukeratu nahi dutela.

Modu berean, atal honetan ezarritakoa aplikatuko zaie bere ikastetxetik 2017-2018 ikasturtean aldarazitako irakasleei, kasu hauetan: zegoen beharra ibiltaria izanik, funtzionarioak ibiltaritza onartu ez zuenean, edo, beharra betetzeko eskakizun zehatz bat ezinbestekoa izanik, funtzionarioak eskakizun hori egiaztatu ez zuenean.

3.–Ikastetxetik aldarazitako berriak.

Behin betiko destinoa duten irakasleek, beren behin betiko destinoko ikastetxetik edo 2017-2018 ikasturtean aritu zireneko ikastetxetik aldarazi behar badituzte, hurrengo ikasturterako lanpostu bat aukeratuko dute destinoak esleitzeko ekitaldian, zehaztuko den datan.

Ikastetxetik aldarazitako berriez gain, beren lanpostua kentzeagatik behin behineko destinoa duten irakasleek ere aukeratuko dute destinoa ekitaldi horretan.

4.–Behin betiko destinoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetan izan arren, irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldarazitako maisu-maistren kidegoko funtzionarioei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetako lanpostuetan behin-behineko destinoa esleitzen ahalko die Hezkuntza Departamentuak.

5.–Hezkuntza Departamentuak behin-behineko destinoa eskainiko die, behin destinoak esleitzeko ekitaldi publikoak eginik, behin betiko destinoko ikastetxetik edo 2018-2019 ikasturtean zerbitzuak eman beharreko ikastetxetik aldarazi behar diren funtzionarioei, bete ditzaketen lanpostuetan.

6.–Hezkuntza maila berean espezialitate eta hizkuntza bereko lanpostuak ikastetxe berean dituzten maisu-maistren eta Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoetako irakasle batzuen artean behin betiko destinotik behin-behineko batera zein izanen den aldarazitakoa erabaki behar bada eta horietako bakar batek ere ez badu borondatez aukeratzen lekuz aldatzea, irizpide hauek aplikatuko dira:

–Ikastetxetik aldaraztea dakarren irakastorduen murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoan bakar-bakarrik izaten bada, maisu-maistren kidegoko funtzionarioak aldaraziko dira ikastetxetik. Zeintzuk izanen diren zehazteko, arau honen 7. atalean kidego horretarako orokorki ezartzen diren irizpideak aplikatuko dira.

–Ikastetxetik aldaraztea dakarren irakastorduen murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren kurtsoan eta/edo Batxilergoan bakar-bakarrik izaten bada, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoetako funtzionarioak aldaraziko dira. Zeintzuk izanen diren zehazteko, arau honen 7. atalean kidego horietarako orokorki ezartzen diren irizpideak aplikatuko dira.

–Ikastetxetik aldarazteak dakarren irakastorduen murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta/edo Batxilergoan batera izaten bada, maisu-maistren kidegoko funtzionarioak aldaraziko dira. Zeintzuk izanen diren zehazteko, arau honen 7. atalean kidego horretarako orokorki ezartzen diren irizpideak aplikatuko dira.

7.–Espezialitate eta hizkuntza bereko lanpostuetan aritzen diren irakasleen kasuan, erabaki behar bada behin betiko destinotik behin-behineko batera zein izanen den aldarazitakoa eta horietako bakar batek ere ez badu borondatez aukeratzen lekuz aldatzea, irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:

–Maisu-maistren kidegoa:

1. Ikastetxean edo eskualdean behin betiko lanpostuan etengabeko antzinatasun txikiena duena.

2. Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen denbora laburrena duena. Kidegoan abenduaren 30eko 31/1991 Legearen hogeita bederatzigarren xedapen gehigarriari jarraikiz sartu ziren irakasleei dagokienez, maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa zuten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztatua dutena gehituko zaie, lehen zerbitzu-urtea kenduta.

3. Kidegoan berrikien sartu dena.

4. Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako zerrenda-zenbakirik altuena edo puntuaziorik txikiena duena.

Ekainaren 5eko 1746/2008 ESD Aginduaren bidez irakasle kidegoetan sartutako langileei aurreko irizpideak aplikatzeko, kidegoan ordenatu ziren data hartuko da kontuan (aipatu ESD Aginduan ageri dena). Aipatu irizpideak aplikatuz berdinketa hautsi ezin bada, Iruñeko Udalarentzat lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan, lehen zerbitzu-urtea kenduta.

Tokiz aldatzea eskatzen dutenak behar baino gehiago badira, hauek izanen dira lehentasun irizpideak, bata bestearen atzetik: ikastetxean edo eskualdean behin betiko lanpostuan izandako etengabeko antzinatasun handiena; berdinketarik izanez gero, maisu-maistren kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen denbora luzeena; eta, azkenik, lehenik sartu zena (urtea), eta, horren barnean, kidegoan sartzeko hautapen prozesuko puntuaziorik handiena.

–Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradun eta irakasleen, Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradun, irakasle eta Lantegiko maisu-maistren eta Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradun eta irakasleen kidegoak:

1. Bere kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen denbora laburrena duena. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen xedapen gehigarrietako 29.ari jarraikiz kidegoetan sartutako irakasleei dagokienez, Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetako karrerako funtzionario gisa duten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztatua dutena gehituko zaie, lehen zerbitzu-urtea kenduta.

Irakasle kidegoetan sartu ez diren irakasleei lan-kontratu finkoa sinatu ondoren emandako zerbitzuak konputatuko zaizkie, lehen zerbitzu-urtea salbu.

2. Behin betiko destinoko lanpostuan etengabeko antzinatasun txikiena duena.

3. Kidegoan berrikien sartu dena.

4. Halakorik bada, dagokion katedradunen kidegokoa ez dena.

5. Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako puntuaziorik txikiena duena.

Ekainaren 5eko 1746/2008 ESD Aginduaren bidez irakasle kidegoetan sartutako langileei aurreko irizpideak aplikatzeko, kidegoan ordenatu ziren data hartuko da kontuan (aipatu ESD Aginduan ageri dena). Aipatu irizpideak aplikatuz berdinketa hautsi ezin bada, Iruñeko Udalarentzat lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan, lehen zerbitzu-urtea kenduta.

Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen kidegoetako karrerako funtzionarioei, karrerako funtzionario gisa benetan emandako zerbitzuak zehaztearren, nork bere irakasle kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako benetako zerbitzuen denbora hartuko zaie kontuan.

Tokiz aldatzea eskatzen dutenak behar baino gehiago badira, hauek izanen dira lehentasun irizpideak, bata bestearen atzetik: benetako zerbitzu urte gehien eramatea karrerako funtzionario gisa dagokion kidegoan; berdinketarik izanez gero, antzinatasun handiena behin betiko destinoko lanpostuan, etenik gabe; hala ere berdinketarik izanez gero, egoki den katedradunen kidegoan zein urtetan sartu ziren, nor lehenago; eta, azkenik, kidegoan sartzeko hautapen prozeduran lortutako puntuazio handiena.

–Teknologia ematen duten irakasleak:

Teknologiako lanpostuak betetzen dituzten irakasleen kasuan, behin betiko destinotik behin-behineko batera zein izanen den aldarazitakoa erabaki behar bada eta horietako bakar batek ere ez badu borondatez aukeratzen lekuz aldatzea, Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetarako ezarritako irizpide orokorrak aplikatuko dira, galarazi gabe kasuko espezialitatearen titular den funtzionarioari onartuko zaion lehentasuna.

8.–Lehentasun ordena.

Oinarri honetan sartzen diren langileek lanpostuak aukeratzeko hurrenkera zehazteko, honako irizpide hauei jarraituko zaie, bata bestearen jarraian aplikatuko direnak berdinketarik gertatzen bada:

1. Bere irakasle kidegoan zerbitzuak ematen denbora luzeena. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen xedapen gehigarrietako hogeita bederatzigarrenari jarraikiz, kidegoetan sartutako irakasleei lehenengo zerbitzu-urtea kenduko zaie, praktikalditzat jotzen baita. Ondorio horietarako, 2018ko maiatzaren 1a arte emandako zerbitzuak konputatuko dira.

Irakasle kidegoetan sartu ez diren irakasleei lan-kontratu finkoa sinatu ondoren emandako zerbitzuak konputatuko zaizkie, lehen zerbitzu-urtea salbu.

2. Kidegoan nor sartu zen lehenago (urtea).

3. Maisu-maistren kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako zerrenda-zenbaki baxuena edo lanpostuan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako puntuaziorik altuena.

Irakaslearen espezialitateko lanpostu hutsik ez badago, beste lanpostu bat esleitzen ahalko zaio, baina irakastordu nahikorik ez izateagatik beren ikastetxetik aldarazitako irakasleek (kasuan kasuko espezialitateko titularrek) lehentasuna izanen dute destinoa aukeratzerakoan.

9.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren abuztuaren 20ko 2123/2017 Ebazpenaren bidez Hezkuntza Departamentuari atxikitako langileek, irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldaraziak badira, behin-behineko destinoa duten eta kidegoan 2012ko irailaren 1a baino lehen sartu diren funtzionarioen ondoren aukeratuko dute destinoa.

Hirugarrena.–Euskaraz irakasteko konpromisoa betetzeko ikastetxetik aldarazitako irakasleak.

1.–Euskaraz irakasteko konpromisoa bete behar duten irakasleek, behin betiko destinoa izanda, beren destinoko ikastetxean berean beteko dute konpromisoa, betiere irakats dezaketen espezialitate batean behar adina irakastordu badaude.

Maisu-maistren kidegoko funtzionarioek Euskara ere eman dezakete. Orobat, Euskal Hizkuntzako plazak aukeratzen ahalko dituzte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoetan, behin betiko destinoa kurtso horietan badute. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioek A ereduan ematen ahalko dute eskola Euskal Hizkuntza eta Literaturako lanpostuetan.

2.–Behin betiko destinoko irakasleek, 2017-2018 ikasturtean konpromiso hori betetzeko aldarazi bazituzten eta egoera horretan segitzen badute, ikastetxe berean segituko dute, irakasten ahal duten espezialitate batean behar adina irakastordu egonez gero, non eta ez duten adierazten, idatziz, 2018ko apirilaren 28a baino lehen, beste lanpostu bat aukeratu nahi dutela.

3.–Ikastetxetik aldarazitako berriak.

Konpromiso hori hartzen duten irakasleak, behin betiko destinoa badute eta beren ikastetxean berean betetzerik ez badute, ikastetxetik aldaraziak izanen dira. Ikastetxetik aldarazitako irakasleek destinoak esleitzeko ekitaldi batean aukeratuko dute hurrengo ikasturterako lanpostu berria.

4.–Lehentasun ordena.

Euskaraz irakasteko konpromisoa betetzeko beren ikastetxeetatik aldarazitako irakasleek lanpostuak aukeratzeko hurrenkera zehazterakoan, honako irizpide hauei jarraituko zaie, bata bestearen jarraian aplikatuko direnak berdinketarik gertatzen bada:

1. Euskaraz irakasteko konpromisoaren antzinatasunik handiena.

2. Beraiei dagokien kidegoan zerbitzuak ematen denbora luzeena. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen xedapen gehigarrietako 29.ari jarraikiz kidegoetan sartutako irakasleei lehenengo zerbitzu-urtea kenduko zaie, praktikalditzat jotzen baita. Ondorio horietarako, 2018ko maiatzaren 1a arte emandako zerbitzuak konputatuko dira.

3. Kidegoan nor sartu zen lehenago (urtea).

4. Maisu-maistren kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako zerrenda-zenbaki baxuena edo lanpostuan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako puntuaziorik altuena.

Laugarrena.–Behin-behineko destinoak eta praktiketakoak esleitzea.

Behin-behineko destinoa duten irakasleek eta praktiketako funtzionarioek, baldin eta ondoko kidego hauetakoak badira, destino berria aukeratu beharko dute 2018-2019 ikasturterako, horretarako eginen den ekitaldian: maisu-maistren kidegoa, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa, Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunen eta irakasleen kidegoa, musikako eta arte eszenikoetako katedradunen eta irakasleen kidegoa eta arte plastikoetako edo diseinuko katedradunen, irakasleen eta lantegiko maisu-maistren kidegoa.

Behin-behineko destinoak ondotik aipatzen diren irakasleek aukeratuko dituzte, hurrenkera honi jarraikiz:

1. 2017-2018 ikasturtean behin-behineko destinoa duten irakasle kidegoetako funtzionarioak eta praktikaldian “gai” kalifikazioa jaso duten langileak, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak urriaren 16ko 2838/2017 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketan behin betiko destinoa lortu dutenak izan ezik.

Langile horien hurrenkera-zerrenda prestatzeko, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak urriaren 16ko 2838/2017 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketan erdietsitako puntuazioari jarraikiko zaio.

Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, langileek zerbitzuak dituen beharren arabera aukeratuko dute destinoa, hautapen prozeduran zer gainditu duten, kidego, espezialitate eta hizkuntza horietako lanpostu hutsetan edo aldi baterako ordezkapenetan. Horrelakorik ezean, kidego bereko edo beste irakasle kidego batzuetako antzeko espezialitateetan aukeratuko dute.

Aurreko atalean xedatutakoa galarazi gabe, ingeleseko, frantseseko eta alemaneko espezialitateetako funtzionarioei beste espezialitate batzuetako lanpostu batzu esleitzen ahal zaizkie, beren hizkuntza espezialitateko hizkuntza eskakizuna dutenak, atzerriko hizkuntzak ikasteko ikastetxeetan, betiere behar den espezialitatearen titular badira, edo hartaz jabetzen badira, edo aipatutako foru dekretuaren lehenbiziko xedapen iragankorreko 2. apartatuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, eta behar den hizkuntza-egiaztagiria badute.

Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetako karrerako funtzionarioek esparrurako osoa den lanpostua aukeratzen badute destinoak esleitzeko ekitaldian, halaxe adieraziko da zerbitzu orrian, ondorio guztietarako.

2. Praktiketako funtzionarioak.

Funtzionario horiek zerbitzuko beharren arabera aukeratuko dute destinoa, zein kidego, espezialitate edo hizkuntzatarako izan ziren hautatuak, haietako lanpostu hutsetan edo aldi baterako ordezkapenetan; bestela, kidego bereko edo beste irakasle kidego batzuetako antzeko espezialitateetan, hautapen prozeduran guztira ateratako puntuazioa kontuan hartuta.

Hautatu diren izangaien artean, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenek lehentasuna izanen dute lanpostu hutsak aukeratzean, sarbide irekiko prozeduraren bidez hautatutako langileen gainetik.

3. Behin betiko destinoa galtzea zekarren egoera administratibo batetik etorri diren eta jarduneko zerbitzura itzultzea eskatu duten irakasle kidegoetako funtzionarioak, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 16ko 2838/2017 Ebazpenaren bidez onetsitako lekualdatze lehiaketan behin betiko destinoa eskuratu dutenak izan ezik.

Langile horiek kidegoan duten antzinatasunaren arabera agertuko dira zerrendan, handienetik txikienera. Ondorio horietarako, 2018ko maiatzaren 1a arte emandako zerbitzuak konputatuko dira. Berdinketarik izanez gero, lehentasuna izanen du hautapen prozeduran zerrenda-zenbaki baxuena edo kidegoan sartzeko hautapen prozeduran puntuaziorik altuena lortu duen funtzionarioak.

Funtzionarioak lehentasunezko eskubideen titular badira, kontuan hartuko zaizkie.

Bosgarrena.–Zerbitzu eginkizunetako destinoen esleipena.

1.–Zerbitzu eginkizunen arrazoiak.

Galarazi gabe apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 2. eta 3. artikuluak, eta haren 4. artikuluarekin bat, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak 2018-2019 ikasturterako zerbitzu eginkizunak esleitzen ahal dizkie aipatutako departamentuaren menpe dauden –egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako– irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasleen kidegoetako karrerako funtzionarioei, kasu hauetan:

a) Antolamendu arrazoiengatik, Hezkuntza Departamentuak proposaturik:

–Ikastetxeetan edo baliabideen zentroetan irakaskuntzako zuzendaritza karguak betetzeko.

–Ikastetxe berrietan.

–Atzerriko hizkuntzak ikasteko programak dituzten ikastetxeetan eta Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, nahikoa irakaslerik ez dagoen bitartean ikastetxean behin betiko destinoa duenik, behar diren irakasgaiak emateko gauza.

–Langileria behar bereziak betetzeko. Behar horiek egoki justifikatuko dira, dagokion arloari dagokion organo eskudunaren txostenaren bidez.

b) Interesdunek eskatutako zerbitzu eginkizunak:

–Funtzionarioen osasun arrazoiengatik.

–Toki korporazio bateko kide izateagatik ikastetxe batean irakasle jarduteagatik.

–Seme-alaba adingabeak zaintzeagatik eta salbuespeneko inguruabarrengatik.

c) Zerbitzu eginkizun gurutzatuak.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak zerbitzu eginkizunak esleitzen ahal dizkie, 2018-2019 ikasturterako, irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasleen kidegoetako karrerako funtzionarioei, baldintza hauek betetzen badituzte:

–Irakasle funtzionarioa izatea eta, egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende egotea.

–Jarduneko zerbitzuan egotea 2018ko irailaren 1ean, eta 2018-2019 ikasturterako beste zerbitzu eginkizunik ez izatea.

3.–Zerbitzu eginkizunen araubidea.

Zerbitzu eginkizunak emateko ezinbestekoa izanen da esleitutako ikastetxe horretan kasuan kasuko espezialitatean eta hizkuntzan lanpostu hutsen bat izatea, 2018-2019 ikasturterako hezkuntza plangintzaren arabera aurreikusitako beharrak zein diren zehaztu ondoren.

Seigarrena.–Antolamendu arrazoiengatik emandako zerbitzu eginkizunak.

Zerbitzu eginkizun horiek ikastetxe zehatz batean aritzeko eta Hezkuntza Departamentuko zerbitzuek proposamen arrazoitua egin ondoren baizik ez dira emanen, aurreko arauan azaldutako arrazoiengatik.

2018ko apirilaren 13a baino lehen, zerbitzu eginkizunak zer postutarako eta programatarako eskatu diren, haietako arduradunek proposatutako zerbitzu eginkizunen zerrenda bakarra bidali beharko diote Giza Baliabideen Zerbitzuari, zerbitzu eginkizun horiek hartuko dituzten interesdunen adostasuna erantsiz.

Atal honetan adierazitako epeaz kanpo proposatzen diren zerbitzu eginkizunak besterik gabe ezetsiko dira, non eta salbuespenezko inguruabarrak gertatzen ez diren.

Zazpigarrena.–Interesdunek eskatutako zerbitzu eginkizunak.

7.1. Toki korporazio bateko kide izateagatik ikastetxe batean irakasle jarduteko zerbitzu eginkizunak.

2017-2018 ikasturtean toki korporazio bateko kide izateagatik zerbitzu eginkizunetan aritu diren irakasleek 2018-2019 ikasturtean egoera horretan segitzen badute, 7.6 atalean ezarritako epean eskatu beharko dute 2018-2019 ikasturtean ere zerbitzu eginkizunetan aritzeko, eta oraindik toki korporazio bateko kideak direla frogatu agirien bidez. Eskaera onartzen bazaie, langile horiek destinoko ikastetxe berean jarraituko dute zerbitzu eginkizunetan, irakasten ahal duten espezialitate batean behar adina irakastordu egonez gero, non eta ez duten adierazten, zerbitzu eginkizunetarako eskaeran, beste lanpostu bat aukeratu nahi dutela.

Halaber, 2018-2019 ikasturtean toki korporazioko bateko kide izanen denak eskatzen ahalko ditu zerbitzu eginkizun horiek.

Zerbitzu eginkizunak onartzeko edo ukatzeko, kontuan hartuko da 2018-2019 ikasturterako funtzionarioaren destinoko ikastetxearen eta toki korporazioko herriaren arteko distantzia.

Arrazoi hori dela medio ematen diren zerbitzu eginkizunak ikastetxe zehatz batean aritzeko esleituko zaizkio, kontuan harturik zer herritakoa den korporazioa.

7.2. Eskaera egin duen funtzionarioaren osasun egoera.

Osasun arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunak emateko, laneko arriskuei aurrea hartzeko araudiari jarraituko zaio.

Zerbitzu eginkizun horiek eskatzen dituzten funtzionarioek medikuaren agiri eguneratua erantsi beharko diote eskaerari, azaltzeko zer egoerarengatik eskatzen diren. Egiaztagiri medikoa gutun-azal itxian aurkeztu beharko da.

Gero, Hezkuntza Departamentuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Ataleko fakultatiboek peritu-txostena igorriko diote Ebaluazio Batzordeari, eskatu diren zerbitzu eginkizunei buruzko ebazpena eman dezan.

7.3. Seme-alaba adingabeak zaintzeagatik.

Adingabeko seme edo alaba bat zaintzen duen irakasle funtzionarioek zerbitzu eginkizunak eskatzen ahalko dituzte, semea edo alaba 2014ko abenduaren 31tik aurrera jaio bada eta funtzionarioak honako baldintza hauek betetzen baditu:

–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publiko batean behin betiko destinoa izatea.

–Irakasleak helbidea duen Nafarroako Foru Komunitateko herria 50 kilometrora egotea, gutxienez, behin betiko destinoko ikastetxea kokatzen den herritik.

–Ezkontidea edo izatezko bikotekidea lanean aritzea, edo eskatzailea adingabea zaintzen duen bakarra izatea.

Zerbitzu eginkizunak eskatzen dituzten funtzionarioek honako agiri hauek erantsi beharko dizkiote eskaerari: familia liburuaren fotokopia, eskatzaileak 2017ko abenduaren 31n helbidea zer herritan duen frogatzen duen errolda-ziurtagiria eta beste gurasoa 2018ko irailaren 1ean lanean ari dela edo arituko dela edo adingabea zaintzen duen bakarra eskatzailea dela adierazten duen zinpeko aitorpena.

Alegatutako datuak faltsuak badira, eman diren zerbitzu eginkizunak deuseztatu eginen dira, eska dakizkiokeen erantzukizunak galarazi gabe, hala behar denean.

7.4. Salbuespeneko inguruabarrak.

Eskatzailearen ezkontidearen, aurrekoen edo ondorengoen eritasun larriagatik edo mendekotasun handiagatik, eta eri hori behar bezala zaintzerik ez denean funtzionarioaren destinoko herritik.

Gorabehera hori frogatzen duten egiaztagiri mediko gaurkotuak alde batera utzita, eskatzaileak bi ziurtagiri ekarri beharko ditu: bata, zerbitzu eginkizunak zer herritan eskatu, eria hartan bizi dela frogatzen duena, eta bestea, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek edo Osasun Etxeetako gizarte langileek emandakoa, eria eskatzaileak zaindu behar duela frogatzen duena eta eskatzaileak zaindu behar duen pertsonaren mendekotasun maila agertzen duena.

Eskaeran alegatutako datuak faltsuak badira, eman diren zerbitzu eginkizunak deuseztatu eginen dira, eska dakizkiokeen erantzukizunak galarazi gabe, hala behar denean.

Salbuespeneko inguruabar horiengatik subjektu eragile bakoitzeko ondoz ondoko lau ikasturte akademikorako esleitzen ahalko da zerbitzu eginkizunetarako destinoa, gehienez ere.

7.5. Ikastetxe zehatz baterako zerbitzu eginkizunak onartuko dira kargu hautetsia izatearen ondoriozko kasuetan, eta, orobat, 7.7 atalean aurreikusitako Ebaluazio Batzordeak hala erabakitzen duenean, osasun arrazoien ondoriozko kasuetarako eta salbuespenezko inguruabarren ondoriozko kasuetarako.

Gainerako zerbitzu eginkizunen kasuan, funtzionarioek horretarako eginen den ekitaldian aukeratuko dute destinoa, lehen oinarrian ezartzen den hurrenkeran. Orobat, destinoa aukeratzeko hurrenkera atal bakoitzean zehazteko, honako irizpide hauei jarraituko zaie, bata bestearen ondoren aplikatuko baitira berdinketarik gertatzen bada:

1. Bere irakasle kidegoan zerbitzuak ematen denbora luzeena. 1992ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 31/1991 Legearen xedapen gehigarrietako hogeita bederatzigarrenari jarraikiz, kidegoetan sartutako irakasleei lehenengo zerbitzu-urtea kenduko zaie, praktikalditzat jotzen baita.

Irakasle kidegoetan sartu ez diren irakasleei lan-kontratu finkoa sinatu ondoren emandako zerbitzuak konputatuko zaizkie, lehen zerbitzu-urtea salbu.

2. Kidegoan nor sartu zen lehenago (urtea).

3. Maisu-maistren kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako zerrenda-zenbaki baxuena edo lanpostuan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako puntuaziorik altuena.

Osasun arrazoien eta salbuespeneko inguruabarren ondoriozko zerbitzu eginkizunetan, Ebaluazio Batzordeak zilegi izanen du baldintzak ezartzea edo eskatzaileak lanpostuak esleitzeko ekitaldian zer lanpostu aukeratzen ahalko dituen erabakitzea.

7.6. Zerbitzu eginkizunetan aritzeko eskaerak.

Eskaerak ebazpen honen I. eranskinean argitaratzen den ereduaren araberakoak izanen dira, eta ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, ondoko toki hauetakoren batean: Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (Santo Domingo kalea, z.g., Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 7an) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Halaber, eta seme-alabak zaintzeagatik ematen diren zerbitzu eginkizunetarako soilik, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak urriaren 16ko 2838/2017 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdetze lehiaketan parte hartu duten funtzionarioek eta aurreko atalean ezarritako epea bukatu ondoren jaio den semea edo alaba dutenek hiru egun balioduneko epean aurkezten ahalko dute zerbitzu eginkizunetarako eskaera, behin lekualdatze lehiaketaren deialdiaren behin betiko esleipena onesten duen ebazpena Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Ezarritako epeez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira baloratuko.

7.7. Ebaluazio Batzordea.

Osasun arrazoien eta salbuespeneko inguruabarren ondoriozko zerbitzu eginkizunen eskaerak kide hauek osatutako batzordeak ebatziko ditu:

Batzordeburua: Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia edo horrek eskuordetzen duen pertsona.

Batzordekidea: Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria edo horrek eskuordetzen duen pertsona.

Batzordekidea: Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari atxikitako funtzionario bat.

Batzordekideak: hiru ordezkari, irakaskuntza ez-unibertsitarioko langileen batzorderako azken hauteskunde sindikaletan boto gehien lortu zuten hiru sindikatuek izendatuak (bat sindikatu bakoitzeko).

Idazkaria: Giza Baliabideen Zerbitzuari atxikitako funtzionario bat.

Irakaskuntza ez-unibertsitarioko langileen batzordean dauden gainerako sindikatuetako bakoitzaren ordezkari batek parte hartzen ahalko du. Horiek, betiere, hitza izanen dute, baina botorik ez.

Batzordeak aholkulari espezialistak ekartzea proposatzen ahalko du, haien eskumeneko arloen balorazioa egin dezaten, batez ere salbuespeneko inguruabarren ondoriozko zerbitzu eginkizunak emateko. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu aholkulari horiek.

Eskatutako zerbitzu eginkizunei buruz Batzorde horrek hartzen dituen erabakiak Hezkuntza Departamentuaren iragarki oholean (Santo Domingo kalea, z.g., Iruña) argitaratuko dira, baita Hezkuntza Departamentuaren web orrian ere: www.educacion.navarra.es. Zerbitzu eginkizunen behin-behineko zerrenda ikusita, interesdunek hiru egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko proposatutako zerbitzu eginkizunei buruz. Erreklamazioak ebatzi ondoren, proposatutako zerbitzu eginkizunen behin betiko zerrenda argitaratuko da eta Giza Baliabideen Zerbitzuari igorriko zaio, baimena eman dezan.

7.8. Eskatutako zerbitzu eginkizunei uko egitea.

Interesdunek uko egiten ahalko diote zerbitzu eginkizunen eskaerari, epe hauen barruan soilik:

–Eskaerak aurkezteko epean.

–Hiru egun balioduneko epean, Ebaluazio Batzordeak proposatutako zerbitzu eginkizunen behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Seme-alaba adingabeak zaintzeagatik emandako zerbitzu eginkizunetan, hiru egun balioduneko epean, lekualdatze lehiaketaren deialdiaren behin betiko esleipena onesten duen ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

Epe horiek bukatutakoan, beste lanpostu bat zerbitzu eginkizunetan betetzeko aukeratzen diren funtzionarioen ukoak baino ez dira onartuko.

Behin zerbitzu eginkizunak baimenduta, ez dago haiei uko egiterik, eta funtzionarioa dagoen lanpostua eskainiko da 2018-2019 ikasturtean funtzionarioek edo aldi baterako lan-kontratudunek bete dezaten, zerbitzuaren beharren arabera. Seme-alaba adingabeak zaintzeagatik emandako zerbitzu eginkizunetan eta salbuespeneko inguruabarren ondoriozkoetan, eskatzailearen lanpostua betetzea lanpostuak aukeratzeko ekitaldian destinoa benetan aukeratzearen baldintzapean egonen da.

Zortzigarrena.–Zerbitzu eginkizun gurutzatuak.

Salbuespenez, behin betiko destinoen arteko zerbitzu eginkizun gurutzatuak baimentzen ahal zaizkie egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Hezkuntza Departamentuaren menpe dauden irakasle funtzionarioei, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritako inguruabarrak gertatzen direnean, salbu arau horren 1.b) atalean aurreikusitakoa (errege dekretu horren bidez arautu ziren Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan adierazitako irakasleen kidegoetako funtzionarioen Estatuko lekualdatze lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuak betetzeko beste prozedura batzuk).

Arrazoi horrengatik funtzionarioei onartzen zaizkien zerbitzu eginkizunak ondoz ondoko bi ikasturterako izanen dira gehienez.

Bederatzigarrena.–Zerbitzu eginkizunek eta prestakuntzarako zerbitzu bereziek maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuan aurreikusitako baimenekin duten bateragarritasuna.

Antolamendu arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunak, zerbitzu eginkizun gurutzatuak, toki korporazio bateko kide izatearen ondoriozko zerbitzu eginkizunak eta prestakuntzarako zerbitzu bereziak bateraezinak dira maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuan aurreikusitako baimenekin (haren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezarri ziren).

Horrenbestez, funtzionarioak horrelako baimenen bat esleiturik badu baina oraindik hasi ez baldin bada, baimenari uko egin beharko dio, baldin eta antolamendu arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunak esleitzea nahi badu, edo zerbitzu eginkizun gurutzatuak edo prestakuntzarako zerbitzu bereziak esleitzea. Orobat, funtzionarioek jadanik baldin badute 2018-2019 ikasturterako zerbitzu eginkizunik, edo 2018-2019 ikasturtean jadanik zerbitzu eginkizunak betetzen ari badira (aurreko paragrafoko kasuetako batean), edo zerbitzu bereziak, eta aipatutako baimenetako bat eskatzen badute, ukatuko zaie.

Hamargarrena.–Esleitutako destinoak argitara ematea.

Ebazpen honetan aipatzen diren funtzionarioei esleitutako destinoak Hezkuntza Departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratuko dira, 2018-2019 ikasturterako destinoak esleitzeko ekitaldiak egin ondoren. Halaber, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak horretarako ebazpena emanen du. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, interesdunei banan-banan egin beharreko jakinarazpena ordezteko.

II.–IKASTETXE PUBLIKOETAKO ZUZENDARITZA-KARGUEN IZENDAPENA

2018ko maiatzaren 1a baino lehen, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak Giza Baliabideen Zerbitzuari igorriko dio ikastetxeetako zuzendaritza-karguak salbuespenez betetzeko proposatutako langileen zerrenda, eta bertan adieraziko da proposatutako funtzionarioek zer ikastetxetan duten lanpostua eta zer ikastetxeren zuzendaritza-kargurako proposatzen diren.

Zuzendaritza-taldeen izendapena ikastetxeko zuzendaria izendatzen den epe bererako eginen da, eta, betiere, zuzendaritza-taldeko gainerako kideen izendapen hori kargualdia bitartean haiek betetzeko moduko lanpostu hutsak egotearen baldintzapean izanen da, ikasturte bakoitzeko hezkuntza-plangintzaren arabera.

III.–IRAKASLE FUNTZIONARIOEK, LAN-KONTRATADUN FINKOEK ETA LAN-KONTRATU MUGAGABEA DUTENEK LANALDI MURRIZKETAK ESKATZEKO PROZEDURA 2018-2019 IKASTURTERAKO

Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko irakasle ez-unibertsitarioek lanaldia heren bat, bi bosten, erdia, bi heren edo %45 murrizteko eskaera egiten ahalko dute, betiere apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan azaltzen diren kasuetako batean eta baldintzetan badaude.

Egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende dauden irakasle funtzionario ez-unibertsitarioen, lan-kontratadun finkoen eta lan-kontratu mugagabea dutenen kasuan, 2018-2019 ikasturterako lanaldi murrizketa bat edo lanaldi murrizketa baten luzapena eskatu nahi izanez gero, Giza Baliabideen Zerbitzuari jakinarazi beharko diote, 2018ko apirilaren 6a baino lehen.

Egun horren ondotik beste destino bat lortzen dutenek lanaldi murrizketa bat edo lanaldi murrizketa baten luzapena eskatzen ahalko dute hiru egun balioduneko epean, behin Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian lekualdatze lehiaketa behin betiko ebatziko duen ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe berean uko egiten ahalko zaio 2018ko apirilaren 6a baino lehen aurkeztutako eskaerari, halakorik aurkeztu bada.

Halaber, lanpostuak esleitzeko ekitaldian destinoa lortzen duten irakasleek lanaldi murrizketa bat edo murrizketa baten luzapena eskatzen ahalko dute hiru egun balioduneko epean, behin 2018-2019 ikasturterako destinoak esleitzeko ekitaldia egin eta biharamunetik hasita. Epe berean uko egiten ahalko zaio 2018ko apirilaren 6a baino lehen aurkeztutako eskaerari, halakorik aurkeztu bada.

Lanaldi murrizketa bat edo lanaldi murrizketa baten luzapena eskatzeko, ebazpen honen II. eranskineko ereduaren araberako eskaera bete beharko da.

Epe horietako batean eskatzen diren lanaldi murrizketak 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra bitarterako emanen dira, salbu eta murrizketarako arrazoia epe laburragoan bukatzen bada.

Ebazpen honetan ezarritako epez kanpo eskatzen diren lanaldi murrizketak ez dira baliatzen hasiko harik eta lanaldi murrizketaren baimena jakinarazten den eguna arte, zeina arauz ezarritako epean jakinaraziko baitzaie.

Kasu guztietan, aurreko paragrafoan adierazitako lanaldi murrizketak 2019ko abuztuaren 31ra arte emanen dira, salbu eta murrizketarako arrazoia epe laburragoan bukatzen bada.

Oinarri honetan ezarritako prozedura ez da aplikatuko lanaldia murrizteko irakasleek egindako eskaeretan, baldin eta, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuaren arabera, lanaldi murrizketa horiek emateak ez badakar ordezkapenik egin beharra.

Iruñean, 2018ko otsailaren 13an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Iglesias Álvarez.

I. ERANSKINA

Irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle funtzionarioen zerbitzu eginkizunen eskaera 2018-2019 ikasturterako (PDFa).

II. ERANSKINA

Irakasle funtzionario ez-unibertsitarioen, lan-kontratadun finkoen eta lan-kontratu mugagabea dutenen lanaldi murrizketaren eskaera 2018-2019 ikasturterako (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1802236