44. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko otsailaren 14an hartua. Honen bidez adierazten da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela, nahitaez desjabetzeko, honako plan hau gauzatzeari dagokionez: Iruñeko “San Gregorio kaleko 21 zenbakiko eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”. Proiektua Iruñeko Udalak sustatu du.

Iruñeko San Gregorio kaleko 21 zenbakiko eraikinaren jabeen elkarteko buruak eskaturik, Iruñeko Udaleko Gobernu Batzarrak 2017ko otsailaren 14an hartutako erabakiaren bidez, hasiera batean onetsi zen “San Gregorio kaleko 21 zenbakiko eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”, haren helburua izanik igogailu bat instalatzea aipatutako higiezinean. Erabaki hori 2017ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 8an.

Jendaurreko epea iraganik, 2017ko ekainaren 1eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsi zen behin betiko Iruñeko “San Gregorio kaleko 21 zenbakiko eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”. Erabaki hori 2017ko 120. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 22an.

2017ko irailaren 7an osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, hasiera batean onetsi zen oztopo arkitektonikoak kentzeko desjabetzeak ukitutako titularren, ondasunen eta eskubideen zerrenda, Iruñeko “San Gregorio kaleko 21 zenbakiko eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan bereziari” jarraituz (2017ko 198. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 13koa).

Iruñeko Udalak 2017ko azaroaren 30eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatu plan bereziak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legeak eskatzen dituen argitalpenak egin ziren (2018ko 11. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 16koa).

Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 55. artikuluak babesten du Nafarroako udalek desjabetze espediente bat sustatu ahal izatea jabeen elkarteen onurarako, betiere haien helburua baldin bada irisgarritasun unibertsala bermatzeko instalazioak paratzea (kasu honetan igogailu bat) batez ere bizitegitarako erabiltzen diren eraikuntzetan.

Iruñeko Udalak aurkeztutako espedientean dago San Gregorio kaleko 21 zenbakiko eraikinaren jabeen elkarteko buruak sinatutako idazkia, non adierazten baitu jabeek konpromisoa hartu dutela desjabetze prozesuak ukitutako lokalaren titularrei bidezko diren kalte-ordainak ordaintzeko.

Horrenbestez, Iruñeko Udalak eskatuta, dagokion txostena ikusita eta balio justua pagatzeko behar adina kreditu dagoela egiaztatuta, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuarekin bat eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Iruñeko “San Gregorio kaleko 21 zenbakiko eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia” izeneko proiektuko lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko. Proiektua Iruñeko Udalak sustatu du.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Iruñeko Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2018ko otsailaren 14an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1802257