44. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko otsailaren 14an hartua, “AM273185e Olaibarko (Olaitz, Olabe eta Enderitz) eta Ezkabarteko hornidura (Eusa)” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren abuztuaren 16ko 324/2017 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren “AM273185e Olaibarko (Olaitz, Olabe eta Enderitz) eta Ezkabarteko hornidura (Eusa)” proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hamabost egunez.

Jendaurreko aldia bukatutakoan, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, abenduaren 7ko 538/2017 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, eta aurkeztutako alegazioen gainean ebatzi zuen, ebazpen horren azalpen zatian adierazitakoaren arabera.

Proiektuaren helburua da Olaitz, Olabe, Enderitz, Otsabide eta Eusa herriak Sorauren urez hornitzen duen sareari lotzea. Ukitutako ondasunen eta eskubideen okupazioa presakoa da aipatu herriei bermatu behar zaielako kalitateko hornidurarik askoa urte osoan, presio baldintzak hobetu behar direlako eta eskaeraren hazkundea ase behar delako, planeamenduko figuretan ezarritako hirigintza- eta industria-garapenak direla eta.

Nafarroako Gobernuak, Olaibarko eta Ezkabarteko Udalek alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Adieraztea presakoa dela “AM273185e Olaibarko (Olaitz, Olabe eta Enderitz) eta Ezkabarteko hornidura (Eusa)” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Olaibarko eta Ezkabarteko Udalei jakinaraztea.

Iruñean, 2018ko otsailaren 14an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1802256