44. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

13E/2018 FORU AGINDUA, otsailaren 16koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroan egoitza duten beste autonomia erkidegoen etxeei diru-laguntzak emateko 2018ko deialdia.

Nafarroako Foru Komunitatean badira Espainiako beste lurralde batzuetan jaio diren edo hango jatorria duten herritarrak biltzeko eta horien arteko adiskidantza indartzeko kultura eta josteta entitateak. Entitate horiek egiten dituzten jardueren bidez lan, familia edo beste inguruabar batzuengatik Nafarroan bizi diren pertsona horiek beren jatorrizko tokietako nortasunaren ezaugarriei eusten diete.

Nafarroako Gobernuak entitate horien kultur jarduerak eta funtzionamendu eta inbertsio gastuak finantzatzeko laguntzak ematen ditu, eta 2018ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan badira aurrekontuko partidak xede horretarako.

Espainiako beste erkidego batzuek Nafarroan dituzten zentroek, etxeek eta elkarteek eta entitate horien denen Federazioak egiten dituzten jarduerak sustatzea eta horrelakoak egiten segitzea gizarte interesekotzat jotzen da; izan ere, lan garrantzitsua egiten dute beren jatorrizko erkidegoekin loturak mantentzeko eta Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean beren kultura eta tradizioen berri emateko. Horri esker, autonomia erkidego horiek ezagutarazten dira Nafarroan, eta Espainiako autonomia erkidegoen arteko harremanak eta batasun bideak sustatzen dira. Horregatik guztiagatik, bidezkoa da entitate horientzako beste diru-laguntza deialdi bat onestea.

Horrenbertzez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroan egoitza duten beste autonomia erkidegoetako etxeei 2018ko diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B10006-B1200-4819-144105: erkidegoetako etxeek Nafarroan dituzten etxeentzako laguntzak

2018

24.000,00

B10006-B1200-7819-144102: Beste autonomia erkidego batzuek Nafarroan dituzten etxeetako lokalak eta ekipamenduak erosi eta hobetzea

2018

10.000,00

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basera igortzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita.

7. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko otsailaren 16an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

NAFARROAN EGOITZA DUTEN BESTE AUTONOMIA ERKIDEGOETAKO ETXEENTZAKO 2018KO LAGUNTZEN DEIALDIA

1.–Xedea.

Deialdiak hauxe du xedea: Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak Espainiako beste autonomia erkidego batzuek Nafarroako Foru Komunitatean dituzten etxeei ematen dizkien laguntzen araubidea ezartzea 2018. urtean egiten dituzten kultur eta gizarte jarduerak finantzatzeko, eta, bide batez, haien bazkideen integrazio soziala hobetzeko, Nafarroan haien lurraldeez dugun ezagutza errazteko, eta Espainiako autonomia erkidegoen arteko harremanak eta batasun bideak sustatzeko, bai eta ekitaldi horiek egiteko behar diren inbertsioak bultzatzeko ere.

2.–Finantzaketa.

Osotara 34.000 euro daude deialdi honetarako, eta 2018ko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura finantzatuko da:

• 24.000 euro, “Beste erkidego batzuek Nafarroan dituzten etxeentzako laguntzak” izeneko aurrekontuko B10006 B1200 4819 144105 partidaren kargura, gastu arruntak ordaintzeko.

• 10.000 euro, “Beste autonomia erkidego batzuek Nafarroan dituzten etxeetako lokalak eta ekipamenduak erosi eta hobetzea” izeneko aurrekontuko B10006 B1200 7819 144102 partidaren kargura, kapital-gastuak finantzatzeko.

3.–Onuradunak.

3.1. Laguntza hauen onuradunak izaten ahalko dira Espainiako beste erkidego batzuek Nafarroan dituzten etxeak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egotea.

b) Helburuen artean izatea deialdiaren xede diren jarduerak egitea.

c) Irabazi-asmorik ez izatea.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako debeku-egoeretan ez egotea.

e) Finantzaketaren parte bat behintzat bazkideen ekarpenak edo entitatearen beraren funtsak izatea.

3.2. Halaber, laguntza hauek eskuratzen ahalko ditu aurreko idatz-zatian aipatutako elkarteen gehiengoa biltzen duen Nafarroako federazio entitateak.

4.–Diruz lagungarriak diren kontzeptuak.

4.1. Deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen dituzten entitateek funtzionamendurako, jardueretarako eta inbertsioetarako laguntzak jasotzen ahalko dituzte, 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 3ra arte egindako gastuengatik.

a) Jarduera kontzeptuan honako hau sartzen da:

1.–Oinarrizko gizarte jarduera: entitateek egiten dutena, zentro sozial gisa, bazkideei harrera emanez eta haien gizarte eta kultura trukea erraztuz.

2.–Gizarte jarduera osagarria: xedea ditu bazkideen harremanak hobetzea eta Nafarroarekiko integrazio handiagoa lortzea, baita haien jatorrizko komunitate erkidegoek dituzten irudia eta kultura sustatzea eta zabaltzea ere, honako hauen bidez: erakusketak, produktu tipikoen erakustaldiak, eskulangintzako tailerrak, hitzaldiak, mintegiak, kultur trukerako ekitaldiak, kultur, arte, kirol eta gizarte jarduerak eta, oro har, deialdiaren 1. oinarrian adierazitako helburua betetzeko jarduketa guztiak.

Diruz lagungarriak izanen dira jarduera horiek (oinarrizkoak eta osagarriak) egiteko behar diren gastu arruntak; honako hauek, besteak beste:

–Lokalen eta ondasunen errentamendua.

–Egoitza sozialaren ohiko funtzionamendua (argindarra, ura, berogailua eta garbiketa).

–Lokalen, altzarien eta ekipamenduaren konpontze, mantentze eta zaintze lanak egitea, informatikako eta ikus-entzunezko baliabideak barne.

–Bulegoko materiala, egunkariak, aldizkariak eta beste argitalpen batzuk.

–Komunikazioak (telefonoa, posta eta antzeko beste batzuk).

–Omenaldi edo ordezkaritza ekitaldi kulturalekin lotutako protokolo eta ordezkaritza gastuak, ostalaritzakoak barne.

–Aseguru primak, jasanarazi ez diren tributuak, jabeen elkarteari dagozkion gastuak, eta elkartearen egoitza den lokala erosteko edo berritzeko 2010eko abenduaren 31 baino lehen formalizatutako mailegu hipotekarioak eta haien interesak.

–Argitalpenen edizioa eta banaketa.

–Garaikurrak eta oroigarriak, aintzatespenetan edo lehiaketetan saritutako pertsonei emateko.

–Jarduerak antolatzeko behar diren hornidurak.

–Onuradunak antolatutako jardueren arloan enpresek edo profesionalek egindako lanak.

–Gizarte lokalen kontabilitateko amortizazioaren zenbatekoa, baldin eta lokalak 2010eko abenduaren 31 baino lehen erosiak badira eta izenpetutako kreditu hipotekarioa gaur egun itzuli gabe badute, Diru-laguntzei buruzko abenduaren 9ko 11/2005 Legearen 28.6 artikuluan ezarritako baldintzekin bat:

  • Lokalaren erosketak diru-laguntza jaso ez izana.
  • Amortizazioa kontabilitateko arau orokor onartuen arabera kalkulatzea.
  • Kostua oinarri hauetan zehaztutakoari jarraikiz diruz lagungarria den epealdikoa soilik izatea.

b) Inbertsio kontzeptuaren barrenean, gastu hauek baizik ez dira sartzen:

–Entitateari egoitzatzat balio dioten lokalak berritzeko lanak, haren balioa handitzen bada, eta egiturazko ekipamendu finkoa erosteko gastuak (berokuntza, aire girotua, klimatizazioa eta abar).

–Aurreikusitako jarduerak garatzeko behar diren altzarien eta ekipo informatikoen erosketa.

4.2. Honako gastu hauek kanpo geldituko dira berariaz, eta, hortaz, ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Irabaziak izateko asmoz jende guztiarentzat irekitako lokaletan ematen diren zerbitzuen gastuak (ostatuak, jatetxeak, merkataritzako lokalak eta abar).

–Otamen eta otordu kolektiboak, salbu eta omenaldi edo ordezkaritza ekitaldi kulturalekin lotutakoak.

–Langileria gastuak.

–Entitatearen arte edo kirol taldeen emanaldietako lansariak, nahiz entitatearentzat berarentzat egin nahiz federazioarentzat egin.

5.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 29/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan, web-orrian (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) eskura dagoen eskabide ereduaren arabera.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezteko (http://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/1718/Registro-General-Electronico), aurkezleak ziurtagiri digitala izan beharko du, edo NAN elektronikoa erabili. Eskaerari eransten zaizkion fitxategiak, 20 Mb-koak gehienez ere, formatu hauetako batekoak izanen dira: CSV, DOC / DOCX, JPG / JPEG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF / TIF, TXT, XLS / XSLX, ZIP.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean adieraz daitezen onartu zeneko eguna eta legez ezarritako gainerako zehaztapenak.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Entitate eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra, hautatutako modalitatea edozein delarik:

a) Elkartearen edo entitatearen estatutuak (1).

b) Dagokion erregistro ofizialean izena emanda dagoela frogatzen duen ziurtagiria (1).

c) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala (1).

d) Entitate eskatzailearen IFZ (1).

e) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera (1).

f) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkioten eginbeharrak eguneraturik dituela (2).

g) Tokian tokiko zerga ogasunaren ziurtagiria, entitateak zerga arloko betebeharrak eguneratuak dituela dioena (2).

h) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten dituena 2018ko urtarrilaren 1ean entitateak duen bazkide kopurua, horien izena eta bi deitura eta NANa, baita 2018rako aurreikusi diren kuoten zenbatekoa ere.

i) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetatik kanpo daudela. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

(1) Aurkeztu beharreko dokumentazioa, hori Administrazioaren esku ez badago edo aldatu bada (inguruabar hori eskaeran aipatu beharko da).

(2) Entitateak baimendurik organo kudeatzaileak eska dezakeen dokumentazioa.

5.3. Agiri berariazkoak:

a) Entitatearen diru-sarreren eta gastuen aurrekontu orokorra, abian den urterako, http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ web-orrian dagoen eta erantsi den ereduaren arabera.

b) Laguntzaren xede den jarduera programa, oinarrizko gizarte jarduera, jarduera osagarriak eta inbertsioak bilduko dituena.

–Programatutako oinarrizko gizarte jarduera oinarri hauen eranskin gisa agertzen den fitxa betez aurkeztuko da; fitxa hori web-orrian eskura daiteke (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

–Jarduera osagarriak eskatzaileak prestatzen duen memorian aurkeztuko dira, eta bertan aurreikusten diren jarduerak bilduko dira, honako datu hauek zehaztuta horietako bakoitzerako: deskribapena, data, tokia, hartzaileak, aurreikusitako parte-hartzaile kopurua, aurreikusitako sustapen ekintzak, aurreikusitako kostuak eta diru-sarrerak, eta egokitzat jotzen den beste edozein informazio.

–Egin beharreko inbertsioak justifikatzen dituen memoria, aurrekontua kontzeptuka banatuta. Inbertsio bakoitza fitxa bat betez deskribatuko da, web orrian (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/) dagoen ereduaren arabera.

c) Baldin laguntza eskatzen bada 2010eko abenduaren 31 baino lehen hipoteka-kreditua harpidetuz erosi diren lokalak kontabilitatearen aldetik amortizatzeko atalean, entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, non jasoko baita kreditua onartu zen eguna, eskaeraren egunean ordainduta dauden zenbatekoak, ordaintzeke dauden zenbatekoak eta 2018an ordaintzea aurreikusirik dagoena, interesetarako eta kapitalerako zatiak bereizita.

5.4. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaera osatu gabe badago, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatu bezala, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozeduraren gaineko ordenamendu eta instrukzio eginkizunak Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, zerbitzu horretaz ari da.

Diru-laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiari dagokio.

7.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.

8.–Balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozedura.

8.1. Laguntzen banaketa.

Deialdi honetarako bideratutako gastua 34.000 eurokoa da. Horietatik, 3.000 euro funtzionamendu gastuak edo oinarrizko gizarte jarduerarenak finantzatzeko bideratuko dira (4.1.a.1 oinarria), 21.000 euro jarduera osagarrien gastuak finantzatzeko (4.1.a.2 oinarria), eta 10.000 euro inbertsio gastuak finantzatzeko (4.1.b oinarria).

8.2. Balorazio irizpideak.

Onartutako eskaerak aztertzerakoan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

8.2.1. Jarduera gastuei aplikatzeko irizpideak:

a) Oinarrizko gizarte jarduerari aplikatzeko irizpideak (gehienez ere 100 puntu):

–Ordezkagarritasuna. Bazkide kopurua, 2018ko urtarrilaren 1ean; 5 puntu emanen dira 25 bazkideko, gehienez ere 40 puntu egin arte.

–Lokalaren ahalmena. Neurtuko du lokala noraino den egokia kualitatiboki eta kuantitatiboki, eta, horrenbestez, noraino diren egokiak haren baliabideak bazkideentzat biltokiaren helburu soziala lortzeko (30 puntu gehienez):

  • Lokalaren azalera: 15 puntu gehienez.
  • 50 metrotik behera: 5 puntu.
  • 50 eta 100 metro artean: 10 puntu.
  • 100 metrotik gora: 15 puntu.
  • Espazioak: 15 puntu gehienez.
  • Bilera gela: 3 puntu.
  • Jolas-areto bereizia: 2 puntu.
  • Liburutegia: 2 puntu.
  • Bulegoa: 3 puntu.
  • Kirol instalazioak: 3 puntu.
  • Sukaldea: 2 puntu.
  • Taberna-jantokia: 2 puntu.
  • Komunak: 3 puntu.

–Parte-hartze soziala. Neurtuko du noraino aprobetxatzen dituzten bazkideek baliabideak, norainokoa den baliabide horien eraginkortasuna eta zenbatekoa den bazkideen bertaratze maila, lokalaren funtzionamendua eta lokala irekitzeko aldien arabera (30 puntu gehienez):

  • Ordutegia: 15 puntu gehienez.
  • Egunero: 15 puntu.
  • Asteburuetan baino ez: 15 puntu.
  • Etengabe, giltza bazkideen eskura jarrita: 15 puntu.
  • Bazkideen bertaratze maila: 15 puntu gehienez.
  • 10 bazkide gehienez eguneko: 5 puntu.
  • 10 eta 25 bazkide artean eguneko: 10 puntu.
  • 25 bazkidetik gora eguneko: 15 puntu.

b) Jarduera osagarriei aplikatzeko irizpideak (gehienez ere 100 puntu):

–Beste autonomia erkidego batzuen irudia eta kultura Nafarroan zabaltzeko eta sustatzeko gaitasuna, aintzat hartuta nolako hedapena egiten den, zein izan daitezkeen hartzaileak eta bazkideen eta herritarren erantzuna eta parte-hartzea jarduera horietan (50 puntu gehienez):

  • Ekitaldien aldez aurreko sustapena: 25 puntu gehienez.
  • Idatzizko prentsa, irratia edo TB erabiltzea: 10 puntu.
  • Posta elektronikoa, sare sozialak eta bestelako IKTak erabiltzea: 10 puntu.
  • Kartelak, gonbidapenak, liburuxkak eta abar erabiltzea: 10 puntu.
  • Herritarrenganako proiekzioa: 25 puntu gehienez.
  • Bazkide eta senideentzako ekitaldiak: 5 puntu.
  • Bazkideei eta beste autonomia erkidego batzuen etxeetako kideei eskainitako ekitaldiak: 10 puntu.
  • Herritar guztiei eskainitako ekitaldiak: 25 puntu.

–Helburuen ezaugarriak. Kontuan hartuko da lortu gogo diren helburuak noraino diren egokiak eta ea aurreko urteetan antolatutako jarduerek aurrera egiten al duten eraginkortasunez eta parte-hartze handiarekin, bai eta programa noraino den egokia eta berritzailea eta ea deialdiaren helburuarekin bat al datorren ere (30 puntu gehienez):

  • Eskualde eskatzaileetako kulturari, tradizioei eta abarri buruzko gaiekin lotutako jarduerak: 15 puntu.
  • Aurreko urteetan modu arrakastatsuan egindako programen jarraipena: 15 puntu.
  • Aurrerapenari, parte-hartze sozialari, elkartasunari, berdintasunari eta beste balio batzuei lotutako elementu berritzaileak: 15 puntu.

–Programatutako ekitaldien kalitate teknikoa: gonbidatutako hizlarien edo artisten ospea, ikus-entzunezko baliabide osagarrien erabilera, antolaketarako egindako ahalegina: 20 puntu gehienez.

Programatutako jarduerak ez dira inola ere finantzatuko baldin osotara 50 puntu lortzen ez badute, edo kalitate teknikoan edo bideragarritasunean 15 puntu erdiesten ez badituzte.

8.2 2. Inbertsioei aplikatzeko irizpideak (gehienez ere 100 puntu):

a) Egoitzaren edo egoitzako ekipamenduen gaineko jarduketa, bizigarritasun, segurtasun eta funtzionamendu baldintzak kontuan hartuta (gehienez ere 80 puntu):

–Egokitzapen behar txikia (konponketa txikiak, adibidez, pintura, ohiz kanpoko garbiketak, eta ontziteria eta bestelako gauzak erostea): 20 puntu gehienez.

–Egokitzapen behar ertaina (eraikinaren egitura ukitzea, oztopo arkitektonikoak kentzea, eta altzariak eta ostalaritzako ekipamendua erostea): 50 puntu gehienez.

–Egokitzapen behar handia (inbertsioa egiteko legezko betebeharra edo erkidegoaren akordio loteslea egotea, eta ekipo informatikoak erostea): 80 puntu gehienez.

b) Aurreko urteetan hasitako proiektuei jarraipena ematea (modu independentean edo bereiz erabil edo aprobetxa daitezkeen proiektuak): 2 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 20 puntu.

50 puntura iristen ez diren eskaerak ez dira inola ere finantzatuko.

8.3. Laguntzen zenbatekoa eta esleipena.

Behin eskaeren banakako balorazioa eginik, honela zehaztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa: kontzeptuka (jarduerak edo inbertsioak) batuko dira biltoki guztien puntuak, eta zenbateko guztia (dela jardueretarako, dela inbertsioetarako) zati guztirako puntuak eginen da, eta, hala, ateratzen den puntu bakoitzari balio bat emanen zaio. Banakako balio hori bider biltoki bakoitzaren puntuak eginen da, eta, hala, laguntzaren zenbatekoa lortuko da.

Partidaren zenbatekoa / Esleitutako puntu guztiak = Puntuaren balioa

Laguntzaren zenbatekoa = entitateari esleitutako puntuak x puntuaren balioa.

Kalkulu horren ondorioz, biltokietako batek eskatutakoa baino diru kopuru handiagoa jasotzen badu, sobera gelditzen diren zenbateko horiek berriz batu eta gainerako biltokien artean banatuko dira, bakoitzaren puntuazioaren arabera.

9.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak ebaluatu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du.

Proposamen hori ikusita, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta, bertan, emateko arrazoiak, diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, eta, hala badagokio, gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak azalduko dira. Deialdiaren emaitza Nafarroako Gobernuaren web atarian emanen da argitara.

Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatuarekin bat.

10.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin. Hala ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo diru-laguntzaren xedeko jarduerak izan litzakeen beste diru-laguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin batuta, entitate onuradunak egin gogo duen jardueraren kostua baino handiagoa.

11.–Diru-laguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

11.1. Justifikazioa.

Diru-laguntza bi alditan ordainduko da: lehenengo ordainketak 2018ko abuztuaren 31ra arte egindako jarduerak eta inbertsioak bilduko ditu; bigarrenak, berriz, 2018ko abenduaren 3ra arte egindakoak. Egin den gastua justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu eta instrukzio organoak egiaztatu ondoren eginen dira bi ordainketak.

Justifikazioa aurkezteko epea 2018ko urriaren 31n amaituko da lehenengo ordainketarako, eta 2018ko abenduaren 9an, bigarren ordainketarako.

Justifikazioan honako dokumentu hauek sartuko dira:

a) Egindako jarduerak eta inbertsioak justifikatzen dituen memoria. Bertan horien guztien fitxa deskribatzaileak sartuko dira, http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ web-orrian eskura dagoen ereduaren arabera.

b) Memoria ekonomiko bat, ongi zehazturik zein diren diru-sarrerak (norberaren diru-sarrerak nahiz entitate publiko zein pribatuetatik datozenak), eta gastuak, kontzeptuka banatuak (funtzionamendua, jarduerak, inbertsioak), web-orri honetan dagoen ereduaren arabera: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

c) Egindako gastua frogatzen duten fakturak edo agiriak (jatorrizkoak edo fotokopiak), emandako diru-laguntzaren adinako zenbatekora iritsi edo gainditzen dutela. Horietan hauen gaineko datuak jasoko dira: igorlea, hartzailea, data, kontzeptua eta prezioa. Taxi, tren edo autobus txartelak aurkezten badira, edo garraio publikoa erabili izanaren bestelako frogagiriak, horiekin batera beste ziurtagiri batzuk ere aurkeztuko dira, entitatearen legezko ordezkariarenak, adierazten dutenak nork erabili dituen eta zer behar zegoen horiek erabiltzeko.

d) Egindako gastuak ordaindu direla dioten frogagiriak.

Diru-laguntza ordaintzeko ondorioetarako, justifikazioak aurkezteko epeak amaitu baino lehen ordaindu dena baino ez da joko justifika daitekeen gastutzat (hau da, urriaren 31 lehen justifikazio eperako eta abenduaren 9a bigarren eperako).

Entitateak aurkeztutako programan aurreikusitako jarduera bat gauzatzen ez bada, edo laguntzaren kalkuluan baloratu diren jardueren ezaugarriak funtsean aldatzen badira, ordaindu beharreko diru-laguntza murriztu eginen da, hain zuzen ere puntu horiei dagokien zenbatekoan. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueren kostua baino handiagoa.

11.2. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntza emateko unean oinarrizko gizarte jarduerari dagokion zenbatekoa ordaintzen ahal da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 33.1 artikuluarekin bat. Horretarako, entitateak Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuari eskatuko dio, justifikatuz, egoera-orrien bidez (diruzaintzako egoera-orria, egoera-balantzea), aurrerakin hori behar duela, diru-laguntza jasoko duten jarduerak egiteko. Kasu honetan, entitateak oinarri hauen 13.a) atalean ezarritako adierazpena (gardentasun betebeharrak) aurkeztu beharko du aurreratutako zenbatekoak kobratu baino lehen.

12.–Baldintzak aldatzea.

Laguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote entitate onuradunek Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari.

Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diru-laguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Honako betebehar hauek konplitu beharko dituzte deialdi honetako laguntzak jasotzen dituzten entitateek:

a) Diru-laguntza esleitu dela jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute (web-orrian eskura dagoen ereduaren arabera: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, zeinak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Diru-laguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

c) Nafarroako Gobernuaren finantzazioaren berri ematea diruz lagundutako jarduera hedabideetan eta publizitatean agertzen den bakoitzean; horretarako, instituzio honen sinbolo grafikoa txertatuko dute, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak adierazitakoari jarraikiz.

d) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Eskaera eta dokumentazioa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1802389