44. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

12E/2018 FORU AGINDUA, otsailaren 16koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, beste autonomia erkidego batzuetan dauden nafar biltokiei diru-laguntzak emateko 2018ko deialdia onesten duena.

Aspalditik, eta batez ere XX. mendearen hasieratik, Espainiako beste eskualde batzuetara emigratu behar izan zuten nafarrek elkarteak sortu zituzten, emigratzaile iritsi berriei laguntzeko asmoz eta Nafarroako usadioei eta nortasunari eusteko gizarte eta kultur jarduerak sustatzeko asmoz.

Denborak aurrera egin ahala, kultura zabaltzeko guneak eta hartu-emanetarako plataformak bilakatu dira; orobat, Nafarroako Foru Komunitatearen, haren errealitate historikoaren eta egungoaren irudi ona ematen dute, Nafarroako balioak eta ezaugarriak hedatzen dituzte eta turismoa eta komunitate honetako produktuen eta zerbitzuen kontsumoa bultzatzen dituzte.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernua elkarlan berezian aritu da azken hamarkada hauetan Nafarroaren adierazgarriak diren entitate horiekin, haien kultura eta gizarte jarduera sustatu eta bultzatzeko.

Espainiako hainbat eskualdetan etxeek, biltokiek eta elkarteek Nafarroa sustatzea interes sozial handikoa denez, eta kontuan izanik denboran zehar finkatu direla eta proiektu eta ekintza berriekin urtero berritzen direla, bidezkoa da entitate horiei diru-laguntzak emateko beste deialdi bat onestea.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Beste autonomia erkidego batzuetan dauden nafar biltokiei laguntzak emateko 2018ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B10006-B1200-4819-144104: Beste erkidego batzuetan dauden nafar biltokientzako laguntzak

2018

40.000,00

B10006-B1200-7819-144103: Beste autonomia erkidego batzuetan dauden nafar biltokien egoitzak eta ekipamenduak erosi eta hobetzea

2018

10.000,00

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basera igortzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko otsailaren 16an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

BESTE AUTONOMIA ERKIDEGO BATZUETAN DAUDEN NAFAR BILTOKIEI LAGUNTZAK EMATEKO 2018KO DEIALDIA

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Departamentuak beste autonomia erkidegoetan dauden nafar biltokiei 2018an esleitzen dizkien laguntzak emateko araubidea ezartzea, kultura eta gizarte ekitaldiak egiteko, beren bazkideen arteko erlazioa eta haien integrazio soziokulturala hobetze aldera eta Nafarroaren irudia eta kultura foru komunitatetik kanpo sustatu eta zabaltze aldera, bai eta ekitaldi horiek egiteko behar diren inbertsioak bultzatzeko ere.

2.–Finantzaketa.

Osotara 50.000 euro daude deialdi honetarako, eta 2018ko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura finantzatuko da:

40.000 euro, “Beste autonomia erkidego batzuetan dauden nafar biltokientzako diru-laguntzak” izeneko B10006 B1200 4819 144104 partidaren kargura, gastu arruntak ordaintzeko.

10.000 euro, ‘’Beste autonomia erkidego batzuetan dauden nafar biltokien egoitzak eta ekipamenduak erosi eta hobetzea” izeneko B10006 B1200 7819 144103 partidaren kargura, kapital gastuak finantzatzeko.

3.–Onuradunak.

3.1. Laguntza hauen onuradunak izaten ahalko dira egoitza Espainiako beste erkidego batzuetan duten nafar biltokiak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egotea.

b) Helburuen artean izatea deialdiaren xede diren jarduerak egitea.

c) Irabazi-asmorik ez izatea.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako debeku-egoeretan ez egotea.

e) Finantzaketaren parte bat behintzat bazkideen ekarpenak edo entitatearen beraren funtsak izatea.

3.2. Halaber, laguntza hauek eskuratzen ahalko ditu aurreko idatz-zatian aipatutako elkarteen gehiengoa biltzen duen Nafarroako federazio entitateak.

4.–Diruz lagungarriak diren kontzeptuak.

4.1. Deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen dituzten entitateek funtzionamendurako, jardueretarako eta inbertsioetarako laguntzak jasotzen ahalko dituzte 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 3ra arte egindako gastuengatik.

a) Jarduera kontzeptuan honako hau sartzen da:

1.–Oinarrizko gizarte jarduera: entitateek egiten dutena, zentro sozial gisa, bazkideei harrera emanez eta haien gizarte eta kultura trukea erraztuz.

2.–Gizarte jarduera osagarria: xede ditu bazkideen harremanak hobetzea eta kokaturik dauden autonomia erkidegoekiko integrazio handiagoa lortzea, baita Nafarroaren irudia eta kultura kanpoan sustatzea eta zabaltzea ere, besteak beste honako hauen bidez: erakusketak, produktu tipikoen erakustaldiak, eskulangintzako tailerrak, hitzaldiak, mintegiak, kultur trukerako ekitaldiak, kultur, arte, kirol eta gizarte jarduerak eta, oro har, deialdiaren 1. oinarrian adierazitako helburua betetzeko jarduketa guztiak.

Diruz lagungarriak izanen dira jarduera horiek (oinarrizkoak eta osagarriak) egiteko behar diren gastu arruntak; honako hauek, besteak beste:

–Lokalen eta ondasunen errentamendua.

–Egoitza sozialaren ohiko funtzionamendua (argindarra, ura, berogailua eta garbiketa).

–Lokalen, altzarien eta ekipamenduaren konpontze, mantentze eta zaintze lanak egitea, informatikako eta ikus-entzunezko baliabideak barne.

–Bulegoko materiala, egunkariak, aldizkariak eta beste argitalpen batzuk.

–Komunikazioak (telefonoa, posta eta antzeko beste batzuk).

–Omenaldi edo ordezkaritza ekitaldi kulturalekin lotutako protokolo eta ordezkaritza gastuak, ostalaritzakoak barne.

–Aseguru primak, jasanarazi ez diren tributuak, jabeen elkarteari dagozkion gastuak, eta elkartearen egoitza den lokala erosteko edo berritzeko 2010eko abenduaren 31 baino lehen formalizatutako mailegu hipotekarioak eta haien interesak.

–Argitalpenen edizioa eta banaketa.

–Garaikurrak eta oroigarriak, aintzatespenetan edo lehiaketetan saritutako pertsonei emateko.

–Jarduerak antolatzeko behar diren hornidurak.

–Onuradunak antolatutako jardueren arloan enpresek edo profesionalek egindako lanak.

–Gizarte lokalen kontabilitateko amortizazioaren zenbatekoa, baldin eta lokalak 2010eko abenduaren 31 baino lehen erosiak badira eta izenpetutako kreditu hipotekarioa gaur egun itzuli gabe badute, Diru-laguntzei buruzko abenduaren 9ko 11/2005 Legearen 28.6 artikuluan ezarritako baldintzekin bat:

  • Lokalaren erosketak diru-laguntza jaso ez izana.
  • Amortizazioa kontabilitateko arau orokor onartuen arabera kalkulatzea.
  • Kostua oinarri hauetan zehaztutakoari jarraikiz diruz lagungarria den epealdikoa soilik izatea.

b) Inbertsio kontzeptuaren barrenean, gastu hauek baizik ez dira sartzen:

–Entitatearen egoitza diren lokalak berritzeko lanak, haren balioa handitzen bada, eta egiturazko ekipamendu finkoa erosteko gastuak (berokuntza, aire girotua, klimatizazioa eta abar).

–Aurreikusitako jarduerak garatzeko behar diren altzarien eta ekipo informatikoen erosketa.

4.2. Honako gastu hauek kanpo geldituko dira berariaz, eta, hortaz, ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Irabaziak izateko asmoz jende guztiarentzat irekitako lokaletan ematen diren zerbitzuen gastuak (ostatuak, jatetxeak, merkataritzako lokalak eta abar).

–Otamen eta otordu kolektiboak, salbu eta omenaldi edo ordezkaritza ekitaldi kulturalekin lotutakoak.

–Langileria gastuak.

–Entitatearen beraren arte edo kirol taldeen emanaldiengatiko zerbitzu-sariak, entitatearentzat berarentzat egin nahiz federazioarentzat egin.

5.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1)edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 29/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan, http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ web-orrian eskura dagoen eskabide ereduaren arabera.

Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztutako eskaerei dagokienez, erantsitako artxiboak honako formatu hauetako batean egon beharko dira: CSV, DOC / DOCX, JPG / JPEG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF / TIF, TXT, XLS / XSLX, ZIP.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta legez ezarritako gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Entitate eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra, hautatutako modalitatea edozein delarik:

a) Elkartearen edo entitatearen estatutuak (1).

b) Dagokion erregistro ofizialean izena emanda dagoela frogatzen duen ziurtagiria (1).

c) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala (1).

d) Entitate eskatzailearen IFZ (1).

e) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera (1).

f) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkioten eginbeharrak eguneraturik dituela (2).

g) Tokian tokiko zerga ogasunaren ziurtagiria, entitateak zerga arloko betebeharrak eguneratuak dituela dioena (2).

h) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten dituena 2018ko urtarrilaren 1ean entitateak duen bazkide kopurua, horien izena eta bi deitura eta NANa, baita 2018rako aurreikusi diren kuoten zenbatekoa ere.

i) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetatik kanpo daudela. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

(1) Aurkeztu beharreko dokumentazioa, hori Administrazioaren esku ez badago edo aldatu bada (inguruabar hori eskaeran aipatu beharko da).

(2) Entitateak baimendurik organo kudeatzaileak eska dezakeen dokumentazioa.

5.3. Agiri berariazkoak:

a) Entitatearen diru-sarreren eta gastuen aurrekontu orokorra, abian den urterako, http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ web-orrian dagoen eta erantsi den ereduaren arabera.

b) Laguntzaren xede den jarduera programa, oinarrizko gizarte jarduera, jarduera osagarriak eta inbertsioak bilduko dituena.

–Programatutako oinarrizko gizarte jarduera oinarri hauen eranskin gisa agertzen den fitxa betez aurkeztuko da; fitxa hori deialdiaren web-orrian eskura daiteke (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

–Jarduera osagarriak eskatzaileak prestatzen duen memorian aurkeztuko dira, eta bertan aurreikusten diren jarduerak bilduko dira, honako datu hauek zehaztuta horietako bakoitzerako: deskribapena, data, tokia, hartzaileak, aurreikusitako parte-hartzaile kopurua, aurreikusitako sustapen ekintzak, aurreikusitako kostuak eta diru-sarrerak, eta egokitzat jotzen den beste edozein informazio.

–Egin beharreko inbertsioak justifikatzen dituen memoria, aurrekontua kontzeptuka banatuta. Inbertsio bakoitza fitxa bat betez deskribatuko da, http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ web-orrian dagoen eta erantsi den ereduaren arabera.

c) Itzultzeke dagoen hipoteka-kreditua harpidetuz erosi diren lokalak kontabilitatearen aldetik amortizatze aldera laguntza eskatzen dutenei dagokienez, erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek berariaz aipatzen dituena: kreditua eman zen eguna, kredituaren mugaeguna eta diru-laguntza honen aldian ordaindu beharreko zenbatekoak (interesei eta amortizazioari dagozkien zatiak bereizita).

5.4. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaera osatu gabe badago, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

6.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozeduraren gaineko ordenamendu eta instrukzio eginkizunak Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, zerbitzu horretaz ari da.

Diru-laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiari dagokio.

7.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.

8.–Balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozedura.

8.1. Laguntzen banaketa.

Deialdi honetarako bideratutako gastua 50.000 eurokoa da. Horietatik, 4.000 euro funtzionamendu gastuak edo oinarrizko gizarte jarduerarenak finantzatzeko bideratuko dira (4.1.a.1 oinarria), 36.000 euro jarduera osagarrien gastuak finantzatzeko (4.1.a.2 oinarria), eta 10.000 euro inbertsio gastuak finantzatzeko (4.1.b oinarria).

8.2. Balorazio irizpideak.

Onartutako eskaerak aztertzerakoan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

8.2 1. Jarduera gastuei aplikatzeko irizpideak:

a) Oinarrizko gizarte jarduerari aplikatzeko irizpideak (gehienez ere 100 puntu):

–Ordezkagarritasuna. Bazkide kopurua, 2018ko urtarrilaren 1ean; 5 puntu emanen dira 25 bazkideko, gehienez ere 40 puntu egin arte.

–Lokalaren ahalmena. Neurtuko du lokala noraino den egokia kualitatiboki eta kuantitatiboki, eta, horrenbestez, noraino diren egokiak bazkideentzat dituen baliabideak biltokiaren helburu soziala lortzeko (30 puntu gehienez):

  • Lokalaren azalera: 15 puntu gehienez.
  • 50 metrotik behera: 5 puntu.
  • 50 eta 100 metro artean: 10 puntu.
  • 100 metrotik gora: 15 puntu.
  • Espazioak: 15 puntu gehienez.
  • Bilera gela: 3 puntu.
  • Jolas-areto bereizia: 2 puntu.
  • Liburutegia: 2 puntu.
  • Bulegoa: 3 puntu.
  • Kirol instalazioak: 3 puntu.
  • Sukaldea: 2 puntu.
  • Taberna-jantokia: 2 puntu.
  • Komunak: 3 puntu.

–Parte-hartze soziala. Neurtuko du noraino aprobetxatzen dituzten bazkideek baliabideak, norainokoa den baliabide horien eraginkortasuna, eta zenbatekoa den bazkideen bertaratze maila, lokalaren funtzionamenduaren eta lokala irekitzeko aldien arabera (30 puntu gehienez).

  • Ordutegia: 15 puntu gehienez.
  • Egunero: 15 puntu.
  • Asteburuetan baino ez: 15 puntu.
  • Etengabe, giltza bazkideen eskura jarrita: 15 puntu.
  • Bazkideen bertaratze maila: 15 puntu gehienez.
  • 10 bazkide gehienez eguneko: 5 puntu.
  • 10 eta 25 bazkide artean eguneko: 10 puntu.
  • 25 bazkidetik gora eguneko: 15 puntu.

b) Jarduera osagarriei aplikatzeko irizpideak (gehienez ere 100 puntu):

–Nafarroaren irudia eta kultura zabaltzeko eta sustatzeko gaitasuna neurtuko du, aintzat hartuta nolako hedapena egiten den, zein izan daitezkeen hartzaileak eta bazkideen eta herritarren erantzuna eta parte-hartzea jarduera horietan (50 puntu gehienez ):

  • Ekitaldien aldez aurreko sustapena: 25 puntu gehienez.
  • Idatzizko prentsa, irratia edo TB erabiltzea: 10 puntu.
  • Posta elektronikoa, sare sozialak eta bestelako IKTak erabiltzea: 10 puntu.
  • Kartelak, gonbidapenak, liburuxkak eta abar erabiltzea: 10 puntu.
  • Herritarrenganako proiekzioa: 25 puntu gehienez.
  • Bazkide eta senideentzako ekitaldiak: 5 puntu.
  • Bazkideei eta beste autonomia erkidego batzuen etxeetako kideei eskainitako ekitaldiak: 10 puntu.
  • Herritar guztiei eskainitako ekitaldiak: 25 puntu.

–Helburuen ezaugarriak. Kontuan hartuko da lortu gogo diren helburuak noraino diren egokiak eta ea aurreko urteetan antolatutako jarduerek aurrera egiten al duten eraginkortasunez eta parte-hartze handiarekin, bai eta programa noraino den egokia eta berritzailea eta ea deialdiaren helburuarekin bat al datorren ere (30 puntu gehienez):

  • Nafarroako gaiei buruzko jarduerak (kultura, ohiturak eta abar): 15 puntu.
  • Aurreko urteetan modu arrakastatsuan egindako programen jarraipena: 15 puntu.
  • Aurrerapenari, parte-hartze sozialari, elkartasunari, berdintasunari eta beste balio batzuei lotutako elementu berritzaileak: 15 puntu.

–Programatutako ekitaldien kalitate teknikoa: gonbidatutako hizlarien edo artisten ospea, ikus-entzunezko baliabide osagarrien erabilera, antolaketarako egindako ahalegina: 20 puntu gehienez.

Programatutako jarduerak ez dira inola ere finantzatuko baldin osotara 50 puntu lortzen ez badute, edo kalitate teknikoan edo bideragarritasunean 15 puntu erdiesten ez badituzte.

8.2 2. Inbertsioei aplikatzeko irizpideak (gehienez ere 100 puntu):

a) Egoitzaren edo egoitzako ekipamenduen gaineko jarduketa, bizigarritasun, segurtasun eta funtzionamendu baldintzak kontuan hartuta (gehienez ere 80 puntu):

–Egokitzapen behar txikia (konponketa txikiak, adibidez, pintura, ohiz kanpoko garbiketak, eta ontziteria eta munta txikiko bestelako gauzak erostea): 20 puntu gehienez.

–Egokitzapen behar ertaina (eraikinaren egitura ukitzea, oztopo arkitektonikoak kentzea, eta altzariak eta ostalaritzako ekipamendua erostea): 50 puntu gehienez.

–Egokitzapen behar handia (inbertsioa egiteko legezko betebeharra edo erkidegoaren akordio loteslea egotea, eta ekipo informatikoak erostea): 80 puntu gehienez.

b) Aurreko urteetan hasitako proiektuei jarraipena ematea (modu independentean edo bereiz erabil edo aprobetxa daitezkeen proiektuak): 2 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 20 puntu.

50 puntura iristen ez diren eskaerak ez dira inola ere finantzatuko.

8.3. Laguntzen zenbatekoa eta esleipena.

Behin eskaeren banakako balorazioa eginik, honela zehaztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa: kontzeptuka (jarduerak edo inbertsioak) batuko dira biltoki guztien puntuak, eta zenbateko guztia (dela jardueretarako, dela inbertsioetarako) zati guztirako puntuak eginen da, eta, hala, ateratzen den puntu bakoitzari balio bat emanen zaio. Banakako balio hori bider biltoki bakoitzaren puntuak eginen da, eta, hala, laguntzaren zenbatekoa lortuko da.

Partidaren zenbatekoa / Esleitutako puntu guztiak = Puntuaren balioa

Laguntzaren zenbatekoa = entitateari esleitutako puntuak x puntuaren balioa.

Kalkulu horren ondorioz, biltokietako batek eskatutakoa baino diru kopuru handiagoa jasotzen badu, sobera gelditzen diren zenbateko horiek berriz batu eta gainerako biltokien artean banatuko dira, bakoitzaren puntuazioaren arabera.

9.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak ebaluatu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du.

Proposamen hori ikusita, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta, bertan, emateko arrazoiak, diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, eta, hala badagokio, gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak azalduko dira. Deialdiaren emaitza Nafarroako Gobernuaren web atarian emanen da argitara.

Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatuarekin bat.

10.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin. Hala ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo diru-laguntzaren xedeko jarduerak izan litzakeen beste diru-laguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin batuta, entitate onuradunak egin gogo duen jardueraren kostua baino handiagoa.

11.–Diru-laguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

11.1. Justifikazioa.

Diru-laguntza bi alditan ordainduko da: lehenengo ordainketak 2018ko abuztuaren 31ra arte egindako jarduerak eta inbertsioak bilduko ditu; bigarrenak, berriz, 2018ko abenduaren 3ra arte egindakoak. Egin den gastua justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu eta instrukzio organoak egiaztatu ondoren eginen dira bi ordainketak.

Justifikazioa aurkezteko epea 2018ko urriaren 31n amaituko da lehenengo ordainketarako, eta 2018ko abenduaren 9an, bigarren ordainketarako.

Justifikazioan honako dokumentu hauek sartuko dira:

a) Egindako jarduerak eta inbertsioak justifikatzen dituen memoria. Bertan horien guztien fitxa deskribatzaileak sartuko dira, http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ web-orrian eskura dagoen ereduaren arabera.

b) Memoria ekonomiko bat, ongi zehazturik zein diren diru-sarrerak (norberaren diru-sarrerak nahiz entitate publiko zein pribatuetatik datozenak), eta gastuak, kontzeptuka banatuak (funtzionamendua, jarduerak, inbertsioak), web-orri honetan dagoen ereduaren arabera: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

c) Egindako gastua frogatzen duten fakturak edo agiriak (jatorrizkoak edo fotokopiak), emandako diru-laguntzaren adinako zenbatekora iritsi edo gainditzen dutela. Horietan hauen gaineko datuak jasoko dira: igorlea, hartzailea, data, kontzeptua eta prezioa. Taxi, tren edo autobus txartelak aurkezten badira, edo garraio publikoa erabili izanaren bestelako frogagiriak, horiekin batera beste ziurtagiri batzuk ere aurkeztuko dira, entitatearen legezko ordezkariarenak, adierazten dutenak nork erabili dituen eta zer behar zegoen horiek erabiltzeko.

d) Egindako gastuak ordaindu direla dioten frogagiriak.

Diru-laguntza ordaintzeko ondorioetarako, justifikazioak aurkezteko epeak amaitu baino lehen ordaindu dena baino ez da joko justifika daitekeen gastutzat (hau da, urriaren 31ra arte aurkeztutakoak lehenbiziko justifikazio eperako, eta abenduaren 9ra artekoak bigarren eperako).

Entitateak aurkeztutako programan aurreikusitako jarduera bat gauzatzen ez bada, edo laguntzaren kalkuluan baloratu diren jardueren ezaugarriak funtsean aldatzen badira, ordaindu beharreko diru-laguntza murriztu eginen da, hain zuzen ere puntu horiei dagokien zenbatekoan. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueren kostua baino handiagoa.

11.2. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntza emateko unean oinarrizko gizarte jarduerari dagokion zenbatekoa ordaintzen ahal da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 33.1 artikuluarekin bat. Horretarako, entitateak Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuari eskatuko dio, kontabilitateko egoera-orrien bidez (diruzaintzako egoera-orria, egoera-balantzea) justifikatuta aurrerakin hori behar duela diruz lagundutako jarduerak egiteko.

Diru-laguntzaren aurrerakina ematea onetsiz gero, entitateak oinarri hauen 13.a) atalean ezarritako adierazpena aurkeztu beharko du zenbateko hori kobratu baino lehen.

12.–Baldintzak aldatzea.

Laguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote entitate onuradunek Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari.

Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diru-laguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Honako betebehar hauek konplitu beharko dituzte deialdi honetako laguntzak jasotzen dituzten entitateek:

a) Diru-laguntza esleitu dela jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute (web-orrian eskura dagoen ereduaren arabera: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, zeinak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Diru-laguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

c) Nafarroako Gobernuaren finantzazioaren berri ematea diruz lagundutako jarduera hedabideetan eta publizitatean agertzen den bakoitzean; horretarako, instituzio honen sinbolo grafikoa txertatuko dute, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak adierazitakoari jarraikiz.

d) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Eskaera eta dokumentazioa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1802390