44. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

9E/2018 FORU AGINDUA, otsailaren 14koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, 2018an Nafarroako Foru Komunitateko lantoki pribatuetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, bere 27. artikuluan, Nafarroako Administrazio Publikoak premiatzen ditu euskararen presentzia sustatzera gizarteko eremuetan, euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko, baita eskubide hori benetako bihurtzeko tresnak zehaztera ere.

Legezko betebehar hori betetzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak esleiturik duen eginkizuna da euskararen presentzia eta erabilera bultzatzea eremu sozioekonomikoetan eta Nafarroan hura garatzeko programak abiaraztea, Euskarabidearen Estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 130/2015 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Euskararen I. Plan Estrategikoko (2016-2019) lehen ardatzeko (Gizarte erabilera) 5. helburu espezifikoaren barnean kokatzen da deialdi hau. Nafarroako Gobernuak 2017ko urtarrilaren 25ean onetsi zuen aipatutako plana.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Deialdia onestea 2018an Nafarroako Foru Komunitateko lantoki pribatuetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko laguntzak emateko. Foru agindu honi gehitutako oinarrien araberakoa izanen da deialdia.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak eta eranskinak, foru agindu honetan jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4701-334100: Euskararen erabilera merkataritzan eta enpresetan

2018

80.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, aipaturiko departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia Aferetarako Bulegora, Euskarabideko Programen Bulegora eta Diru-laguntzen Datu-base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

6. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko otsailaren 14an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, 2018an Nafarroako Foru Komunitateko
lantoki pribatuetan euskararen erabilera eta presentzia
sustatzeko laguntzen deialdiarenak

1. oinarria. Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntzak emateko modua arautzea, euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko Nafarroako Foru Komunitateko sektore pribatuko entitateen lantokietan, 2018an. Laguntzen xedea da euskararen erabilera, presentzia eta ikusgarritasuna handitzea entitateetan, enpresetan eta/edo lantokietan. Horretarako, neurri zehatzak baliatuko dira, edota entitatearentzako euskara plan bat prestatu eta/edo aplikatuko da, pixkanaka euskara txertatuz joateko entitatearen paisaian eta funtzionamenduan, barrura zein kanpora begira.

2. oinarria. Aurrekontu erabilgarria.

Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 80.000,00 eurokoa da, gehienez ere, 2018ko gastuen aurrekontuko “Euskararen erabilera merkataritzan eta enpresetan” izeneko B30002 B3200 4701 334100 partidaren kargura.

3. oinarria. Pertsona edo entitate onuradunak.

Laguntza hauek eska ditzakete Europar Batasuneko estatu kideetako edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duten estatuetako pertsona fisiko edo juridikoek, baldin gaitasun juridiko eta jarduteko gaitasun osoa badute, eta legez eraturik badaude, indarreko legeriarekin bat, eta, forma juridikoa edozein izanik ere, Nafarroako Foru Komunitatean dauden lantokien titularrak badira edo kudeatzen badituzte.

Kanpoan geldituko dira:

a) Beren kapital sozialean administrazio publiko batek edo batzuek %50eko partaidetzatik gora duten entitateak.

b) Honako hauetan aritzen direnak: helduei euskara irakasten, edo beste enpresa batzuentzat euskararen arloan aholkularitza edo normalizazio eginkizunak betetzen, edo beste enpresa batzuei euskara itzulpenak egiten edo laguntza linguistikoa ematen.

c) Nahiz eta deialdi honetan parte hartzen ahal duten aurreko deialdietara aurkeztu diren enpresak, deialditik kanpo geratuko dira Euskarabidearen partetik 2017an edo 2017rako laguntzaren bat jaso duten jarduerak.

4. oinarria. Betebeharrak.

4.1. Onuradun izateko, enpresek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:

–Legez eratua izatea eta dagokion erregistroan inskribaturik egotea.

–Lantoki bat izatea Nafarroan.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeretan ez egotea.

4.2. Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du enpresaren ordezkaritzak, eskaera inprimakian eta deialdiaren eranskinetan dagoena betez (II. eranskina).

5. oinarria. Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

Deialdi honetan, kontuan hartuko dira, batez ere, enpresaren komunikazioarekin eta haren irudi korporatiboarekin lotutako gaiak, eta enpresaren barne eta kanpo harremanekin lotutakoak, denak ere Erreferentziazko Marko Estandarra izenekoan jasoak (aurrerantzean, EME laguntza koadroa, euskaraz hala baita, IV. eranskina), barne delarik prestakuntza linguistikoa ematea lan jarduerari dagokionez.

5.1. Proiektu edo jarduera diruz lagungarriak:

a) 2018an lehen euskara plana egitea EME deritzonaren arabera, eta, hala balegokio, plana exekutatzea.

b) Baldin eta aurretik euskara plan bat baldin bada, hartan 2018rako zehaztutako ekintzak kudeatzea EMEari dagokionez.

c) EMEan proposatutakoetatik beharrezko jotzen diren neurri zehatzak aplikatzea, entitatean edo lantokian euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko balio dutenak.

5.2. Lehen bi kasuetan, gastu kontzeptu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Plana egiteko laguntza teknikoa (enpresak eta profesionalak kontratatzea). Euskara plana edo haren faseren bat egiteko enpresa bat edo profesionalak kontratatuz gero, ziurtatu beharko da laguntza teknikoa ematen duenak badituela eskarmentudun langileak. Prestakuntza edo eskarmentua duten langileek egin beharko dute eskatutako lan hori.

Esparru honetan prestakuntza edo eskarmentua badutela frogatzeko, kontratatutako laguntza teknikoa ematen duen enpresak edo profesionalak adierazpena egin beharko du (III.A eranskina).

b) Proiektuak enpresak berak hartzen badu bere gain, proiektua egiten duten eta enpresaren parte diren langileen lan gastuak. Enpresak eskaeran bertan adierazi behar du zein langilek egin behar duten proiektua eta lanaldiaren zer portzentaje eman behar duten horretan.

Proiektuaren arduradunak gaian duen eskarmentua egiaztatu behar du. Horretarako, prestakuntza eta eskarmentua egiaztatzeko, proiektua egin behar duten langileek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar dute (III.B eranskina).

Plana egitea behin bakarrik lagunduko da diruz, eta hartan jasotako ekintzak atxikitako Excel dokumentuan adieraziko dira (IV. eranskina, EME).

6. oinarria. Diru-laguntzen modalitatea eta laguntzen zenbatekoa.

6.1. 1. Modalitatea.–2018an lehen euskara plana egitea. 30.000 euro.

Enpresarentzako lehen euskara plana egiteko proiektuak, entitatearen jardueran euskara pixkanaka txerta dadin. Fase hauek izan behar ditu nahitaez:

a) Egoera soziolinguistikoaren azterketa eta diagnostikoa, bai barne antolakuntzari dagokionez bai ematen dituen produktu zein zerbitzuei dagokienez.

b) Euskara plan bat diseinatzea, bai barne antolakuntzari bai zerbitzuak edo produktuak emateari dagokienez.

c) Plana ezartzeko kronograma eta jarraipena egiteko modua.

d) Plana ebaluatzeko sistema.

6.2. 2. modalitatea.–Aurretiko euskara plan baten urteko plana. 35.000 euro.

Euskara plana 2018an aplikatzeko proiektua. Honako hauek jaso behar ditu:

a) Aurreikusitako ekintzak (EME), arduradunak, parte-hartzaileak, kostu ekonomikoa eta epeak honetarako:

–Erabilerarekin eta presentziarekin lotutako helburua lortzeko planean ezarritako epean.

–Planean lehenetsitako alderdien kontrol egoki bat zehazteko, lorpenak denboran mantendu daitezen.

b) Batetik, komunikazio estrategiak, zeinaren bidez jakinaraziko baitzaie planaren berri erakundeko gainerako kideei, eta, bestetik, motibazio estrategiak eta enpresan euskararekiko jarrera hobetzeko estrategiak.

c) Urteko planaren ebaluazioa.

6.3. 3. modalitatea.–Ekintza zehatzak, aurretiko euskara planik gabe, EMEan zehaztutakoak. 15.000 euro.

Hiru modalitateetan, prestakuntza linguistikoak laguntza jaso dezan, zuzenean lotua egon beharko du dagokion lanbide jarduerarekin eta, horrez gain, erakundeak, lantokiak edo dagokion elkargo profesionalak antolatua izan beharko du, betiere beren lan jarduna sektore publikoan egiten ez badute, eta horretarako gaitutako zentroek eman beharko dute prestakuntza.

7. oinarria. Jarduera diruz lagungarriak gauzatzeko epea.

Aurreikusitako jarduerak 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin behar dira.

8. oinarria. Eskaerak aurkeztea eta horien epea.

8.1. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren izapideen katalogoko fitxa erabiliz: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/7256/Ayudas-para-fomentar-el-uso-y-presencia-del-euskera-en-los-centros-de-trabajo-del-sector-privado-20181. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da (izapideen botoia). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

8.2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.3. Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bat izatea; Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da.

8.4. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, nork bere izena behar bezala dakarrela.

8.5. Diru-laguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa erantsi ezean, pertsona edo entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta espedientea artxibatu eginen da, egoera deklaratzen duen ebazpena eman ondoren.

9. oinarria. Dokumentazioa.

Behin berariazko eskaera telematikoan datuak osatutakoan eta kasuan-kasuan aurkeztu beharreko dokumentazioa han adierazitakoan, dokumentu hauek atxikiko dira:

9.1. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea diru-laguntzen onuradun izateko debeku-egoeretan ez dagoela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira. Horrez gain, adierazpen horretan adierazi behar du betetzen dituela 4. oinarriko baldintzak (II. eranskina).

9.2. Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten agiriak:

a) Eratzeko edo, hala behar badu, aldatzeko eskritura, behar bezala inskribatua Merkataritza Erregistroan, enpresa pertsona juridikoa bada.

b) Elkartea bada, Nafarroako Gobernuko Barneko zuzendari nagusiaren ebazpena, elkartea Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan inskribatzen duena, baita elkartearen estatutu legeztatuak ere.

c) Eskatzailea beste baten izenean eta hura ordezkatuz ari bada, horretarako emandako ahalordearen frogagiria, notario eta erregistro bidez egina.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetatik espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen du identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.

Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat.

Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan eta noiz aurkeztu zen edo luzatu zuten.

Bide hori bakarrik erabiltzen ahalko da agiriek eraman duten prozedura bukatu zenetik bost urte baino gutxiago iragan direnean.

9.3. Kasua bada, laguntza teknikoaren arduraduna den enpresaren edo profesionalaren identifikazioa, atxikita duela proiektua egiteko aukeratutako pertsonek eta profesionalek plangintza linguistikoan duten eskarmentuari eta/edo prestakuntzari buruzko adierazpena.

9.5. Adierazpena, Gardentasunari buruzko Legeak ezarritako baldintzak betetzen direla adierazteko (VIII. eranskina).

9.6. Baldin entitate eskatzailea ez badago alta emanik Nafarroako Gobernuaren Transferentzia bidez Ordaintzeko Sisteman (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm), edo datu horiek aldatu nahi baditu, Euskarabideari aurkeztuko dio jatorrizko inprimakia, beterik, edo inprimaki hori Ogasuneko Departamentuko Diruzaintza Atalean aurkeztu izanaren frogagiria.

9.7. Aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, diruz lagungarria den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen. Hori frogatzeko, hautaturiko hornitzailea aukeratzeko prozedura justifikatzen duen ziurtagiria aurkeztuko da.

9.8. Proiektu zehatz bat, honako hauek agertuko dituena:

a) Lehen euskara plana. (1. modalitatea), Enpresaren, entitatearen edo lantokiaren lehen euskara plana egiteko proposamena, garatu gogo diren alderdien zerrenda labur bat duela. Gainera, EME koadroko 0 laukia eta aurrekontuaren, gastuen eta diru-laguntzen orria bete behar da (IV. eranskina).

b) Baldin aldez aurretik euskarari buruzko plan bat badago (2. modalitatea), aurkeztu behar da, planaren beraren kopiaz gain, haren ondoriozko 2018ko ekintza plana ere. Hartan, zehaztuko da zer hobekuntza lortu behar diren, deialdi honetan jasotako alderdiei dagokienez. Halaber, EME koadroa bete eta aurkeztu behar da, proposatutako neurriak eta haien gastua adierazita, bai eta aurrekontuaren, gastuen eta diru-laguntzen orria ere (IV. eranskina).

c) Baldin eta neurri zehatzak aplikatu behar badira entitatean euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko (3. modalitatea), EME koadroa behar bezala betea, aurreikusitako gastuak adierazita, eta aurrekontuaren, gastuen eta diru-laguntzen orria (IV. eranskina).

d) Eskaeraren baloraziorako aurkeztu nahi den edozein dokumentazio osagarri.

10. oinarria. Datuen babesa.

Eskaeran eta erantzukizunpeko adierazpenean emandako datuak, bai eta diru-laguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa tratatzeko ere, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta gainerako legerian xedatutakoari jarraituko zaio. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak aipatutako legerian oinarriturik erabiliko dira Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuan.

11. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoan.

12. oinarria. Instrukzioa.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak instruituko du prozedura. Eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera, eta, batzordeak egindako ebaluazioa ikusirik, ebazteko proposamena eginen du.

Diru-laguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, eta hainbanaketa eginen da.

Entitate onuradunek jarduera bera egiteko bateragarriak diren diru-laguntzak hartzen badituzte, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo diru-laguntzaren xede den jardueraren baliabide berekiekin batuta, pertsona edo entitate onuradunek egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13 oinarria. Balorazioa. Batzorde Teknikoa eta balorazio irizpideak.

13.1. Baloraziorako Batzorde Teknikoa.

Aurkeztutako eskaerak aztertuko ditu; bere irizpena loteslea izanen da, eta honela egonen da osaturik:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo berak eskuordetzen duena.

–Azterlan eta Plangintza Ataleko burua edo hark eskuordetzen duena.

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkaritza lanak betetzeko, hizpidea duena baina botorik gabe.

Baloraziorako Batzorde Teknikoak komenigarriak iruditzen zaizkion teknikarien laguntza eskatzen ahalko du, aurkezten diren programen edukiaren arabera.

Batzordearen ebaluazioa ikusirik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Euskarabideko zuzendari kudeatzaileari.

13.2. Eskaerak baloratzeko irizpideak eta laguntzen esleipena.

Baloraziorako Batzorde Teknikoak eskaerak aztertuko ditu ondotik adierazten diren irizpideak kontuan harturik, modulu sistema erabiliz eta laguntzak lortutako puntuazioaren heinean esleituz. 6. oinarrian ezarritako modalitateen ordenari jarraikiz.

13.2 1 Aplikatutako irizpideak: 100 puntu gehienez.

a) Lantokietan euskararen presentzia eta erabilera areagotze aldera, 60 puntu emanen dira gehienez, eta EMEko hiru ardatzetan jasotako alderdi hauekin lotutako proiektuak hartuko dira kontuan:

–Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 25 puntu gehienez.

–Kanpo harremanak: 20 puntu gehienez.

–Barne harremanak: 15 puntu gehienez.

b) Plantillaren edo profesionalen prestakuntza linguistiko egokia bermatze aldera, helburu izanik eraginkorki sustatzea euskara izan dadila gero eta gehiago lan jarduerako laneko hizkuntza: 40 puntu gehienez. Euskarabideak pertsona edo entitate parte-hartzaileei eskatzen ahal die aprobetxamenduaren frogagiriak aurkez ditzatela.

Alderdi hau baloratzeko, kontuan hartuko da prestakuntzan zuzenean inplikatutako langileen ehunekoa, plantilla osoa edo elkargokide guztiak kontuan izanik.

13.3. Zenbatekoen kalkulua.

a) Hartutako eskaeretan oinarriturik, Baloraziorako Batzorde Teknikoak zenbatekoak esleituko ditu, modalitate bakoitzaren barnean, puntu sistema erabiliz.

b) Modalitate bakoitzean eskuratutako puntu guztien batuketa egin ondotik, dagoen zenbatekoaren arabera aterako da puntu bakoitzak euroetan duen balioa.

c) Puntuazioak eta eskatzaile bakoitzaren aurrekontu mugak aplikaturik modalitateren batean soberakinik sortzen bada, honela jokatuko da: 1. modalitatean sortutako soberakinak 2. modalitatean aplikatuko dira; 3. modalitatean sortutako soberakinak 2. modalitatean aplikatuko dira edo alderantziz.

14. oinarria. Ebazpena.

14.1. Ikusik Baloraziorako Batzorde Teknikoak prestatutako proposamena, Euskarabideko zuzendaritza kudeatzaileak ebazpena emanen du aurkeztutako eskaeren gainean, gehienez ere bi hilabetean eman ere eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina.

14.2. Diru-laguntzak emateko ebazpenean jaso beharko da eskaera bakoitzari dagokion aurrekontu onartua, eskuratutako puntuazioa eta osotara emandako diru-laguntza, eta hura ukatu bada, horretarako arrazoiak.

14.3. Ebazpenaren edukia Euskarabidearen web-orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren web-orriko izapideen katalogoan ere, laguntza honi dagokion fitxan.

14.4. Gehieneko epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

15. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Entitate edo pertsona onuradunek behar bezalako publizitatea emanen diote hartutako diru-laguntzari, diru-laguntzaren onespenaren hasieratik eman ere. Aipamen hau Nafarroako Gobernuko sinbolo ofiziala arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren jarraibideekin bat eginen da (http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera hedatzen den denbora guztian mantenduko da.

Horrez gain, idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartzearen berri emanen da. Diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera egiten diren publizitate eta zabalkunde jardueretan soilik eskatzen ahalko da betebehar hori.

16. oinarria. Gardentasun betebeharrak.

16.1. Entitate edo pertsona onuradunek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun-betebeharra gorde beharko dute (betebehar hori irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautu zen) baldin Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura diru-laguntzak eskuratzen baditu eta ondoko bi egoerak batera gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

16.2. Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu gauzatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, halakorik baldin badago.

16.3. Bi egoera horietan dauden entitate edo pertsona onuradunek, diru-laguntza eman izana jakinarazi edo, kasua bada, ebazpena argitaratzen den egunetik hasita hilabeteko epean, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari zuzenduta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

16.4. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du (VIII. eranskina).

16.5. Entitate edo pertsona onuradunek emandako informazioa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Gobernu Irekiko Atarian argitaratuko da eta eskura izanen da argitaratu eta urtebetean. Muga 15 hilabetekoa izanen da, informazioa kudeatzeko organoan sartzen den unetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

16.6. Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

16.7. Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17. oinarria. Laguntzen ordainketa.

Diru-laguntza epe bakarrean ordainduko da, urtea bukatu aurretik, behin jardueren memoria eta 18. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztu ondoan.

18. oinarria. Pertsona edo entitate onuradunek aurkeztu beharreko frogagiriak.

Behin diru-laguntzaren xedeko jarduerak eginda, enpresa onuradunek 2018ko urriaren 31 bitarte egindako jardueraren gastuei dagozkien frogagiriak aurkeztu behar dituzte. Agiri horiek aurkezteko azken eguna 2018ko azaroaren 15a izanen da.

Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

a) Diru-laguntza jasoko duen jardueraren memoria zehatza. Memoria horretan jasoko da, halaber, euskara plana 1. modalitatean; eta 2018rako urteko plana, 2. modalitatean. Horrez gain, diru-laguntza jasoko duten moldaketen frogagiriak (argazkiak, pantaila-argazkiak, grabaketak...) ere aurkeztu behar dira bi kasuetan.

b) Diruz lagundutako ekintzari dagozkion gastuen zerrenda (V. eranskina) eta frogagiriak (BEZa kanpo), jatorrizkoak edo kopia soilak, aipaturiko aurrekontuaren arabera, diru-laguntzari dagokion aldikoak.

Zerrendatzen diren gastuak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote. Ahalegina eginen da, halaber, gastuen kontzeptuek eta dagozkien frogagiriek izen bera izan dezaten, egiaztatzea errazagoa izan dadin. Ez dira onartuko dokumentuak baldin eta, formari dagokionez baldintzak bete arren, ezin badira argi eta garbi identifikatu dena delako kontzeptuari dagozkion fakturak.

c) Jarduerarekin lotutako diru-laguntzen zerrenda eta frogagiriak, jatorrizkoak zein kopia soilak (VI. eranskina), diruz lagundutako aldiari dagozkionak.

d) Langileak kontratatuz gero, gastua legez bidezko den bezala justifikatu beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legeari jarraikiz.

Euskarabideak beretako gordeko du entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu.

V. eranskina (gastuak) eta VI. eranskina (diru-laguntzak) Excel formatuan beteko dira, deialdi honen bidez onesten den ereduaren arabera. Bide telematikoen bidez aurkeztu beharko da. Entitatean horretarako eskumena duen pertsonak zigilatuko eta sinatuko du Excel bereko VII. eranskina (balantzea).

Indarrean dagoen legeriaren arabera betetako fakturak aurkeztuko dira kolaborazio lanak egiten dituzten pertsona edo entitateei egindako ordainketak justifikatzeko.

Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zena baino txikiagoa bada, edo gastuaren frogagirien bidez justifikatutako zenbatekoa emandako laguntzaren arabera justifikatu beharreko zenbatekoa baino txikiagoa bada, murrizketa proportzionala ezarriko zaio diru-laguntzaren zenbatekoari.

Gastuen aurrekontu justifikatuak handiagoa izan behar du beste deialdi batzuetatik lortutako laguntzen eta deialdi honetan jasotzen den zenbatekoaren arteko baturak baino. Txikiagoa izanez gero, jaso beharreko zenbatekoa murriztu eginen da, baturak berdindu arte.

19. oinarria. Jardueren kontrola.

19.1. Euskarabideak egokiak iruditzen zaizkion kontrol eta egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu laguntzak hartzeko ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko. Betebeharrak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

19.2. Alderdi onuraduna behartua dago laguntza ematen dion organoari jakinaraztera xede bererako beste diru-laguntza batzuk bildu baditu beste autonomia erkidego batzuetako beste edozein administrazio publikotatik, edo beste edozein erakunde edo ente publiko nahiz pribatutatik.

19.3. Laguntza hauen pertsona onuradunek planean programaturiko epeak bete beharko dituzte. Epe horiek bete ezean, Euskarabideak, behar den ikuskapena egin ondoan, emandako laguntza berrikusiko du, horren arabera dagokion zenbatekoa beheitituz edo osorik deuseztatuz, hala behar badu.

19.4. Pertsona edo entitate onuradunek genero-berdintasunaren printzipioak begiratu beharko dituzte, bai beren funtzionamenduan bai zabaltzen dituzten edukietan. Era berean, material, irudi eta dokumentazio guztiak emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasun, rol aniztasun, berdintasun eta bizikidetza balioak sustatuko ditu.

20. oinarria. Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.

20.1. Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra etorriko da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze larritzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Baloraziorako Batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

20.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

21. oinarria. Diru-laguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.

21.1. Deialdi honek oinarri arautzaile hauetan xedatutakoari jarraituko dio. Oinarri hauetan berariaz aurreikusirik ez dauden alderdiak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak arautuko ditu, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra.

21.2. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

21.3. Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatuarekin bat.

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntzaren onuradun izateko baldintzak betetzen direla dioena (PDFa).

III. ERANSKINA

A) Adierazpena, laguntza teknikoa emanen duen enpresak/profesionalak duen prestakuntzaren/eskarmentuaren gainean (PDFa).

B) Adierazpena, enpresaren barruan proiektua gauzatuko duen barne langileen prestakuntzaren/eskarmentuaren gainean (PDFa).

IV. ERANSKINA

EMEa eta aurrekontu zehaztua, 2018ko urtarriletik urrira bitarteko aldiari dagokiona (Excela).

Justifikaziorako:

V. ERANSKINA.–Gastuen frogagiriak.

VI. ERANSKINA.–Diru-laguntzen frogagiriak.

VII. ERANSKINA.–Justifikazioaren balantzea.

V., VI. eta VII. eranskinak deskargatu (Excela).

VIII. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

Laguntzen zerrenda (PDFa).

IV., V., VI. eta VII. eranskinak Excel fitxategi baten bidez beteko dira; fitxategi horiek esteka hauetatik eta Nafarroako Gobernuaren web atariko zerbitzuen katalogotik deskargatzen ahal dira, deialdia han izanen baita; bestela, deialdiaren kudeatzaileek emanen dituzte.

Iragarkiaren kodea: F1802308