44. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5E/2018 FORU AGINDUA, otsailaren 13koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, “Irabazi-asmorik gabeko elkarteek euskara sustatzeko jarduera eta programak egiteko laguntzen deialdia” izeneko diru-laguntzaren deialdia onesten duena.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eginkizunak dira, besteak beste, bizitza sozialaren zernahi esparrutan euskara agertzeko eta erabiltzeko sentsibilizazio programak gauzatzea eta entitate publiko eta pribatuekin elkarlanean aritzea helburu hori lortzeko.

Horregatik, egokia da horrelako programak egiten dituzten entitateei laguntzak ematea. Laguntza horiek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Onestea “Irabazi-asmorik gabeko elkarteek euskara sustatzeko jarduera eta programak egiteko laguntzen deialdia” izeneko diru-laguntzaren deialdia.

2 Deialdiaren oinarri arautzaileak eta eranskinak, foru agindu honetan jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4819-334100: Irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateentzako laguntzak euskara sustatzeko

2018

250.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, aipaturiko departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia Aferetarako Bulegora, Euskarabideko Programen Bulegora eta Diru-laguntzen Datu-base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

6 Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko otsailaren 13an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Nafarroan euskara sustatzeko programa eta jardueretarako
laguntzen deialdiaren oinarriak

Lehen oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da irabazi-asmorik gabeko entitateei (publikoak ez direnei) laguntzea Nafarroako gizartearen zenbait esparrutan euskararen inguruko sentsibilizazio programak eta jarduerak edo haren erabilera sustatu eta errazteko programak eta jarduerak finantzatzen (2017ko azarotik 2018ko urrira bitarte egindakoak, biak barne).

Bigarren oinarria.–Aurrekontu egozpena.

2.1 Diru-laguntza hauek Nafarroako Gobernuko 2018ko gastu aurrekontuaren “Irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateentzako laguntzak euskara sustatzeko” izeneko B30002 B3200 4819 334100 partidaren kargura finantzatuko dira, 250.000 euroko zenbatekoarekin.

2.2 Laguntzen zenbatekoa Baloraziorako Batzordeak ezarriko du zortzigarren oinarrian ezarritako irizpideekin bat, eta ez da inola ere izanen egindako jardueren kostuaren % 80tik gorakoa.

Laguntzak eskuratzen den puntuazioaren arabera banatuko dira, zazpigarren oinarrian ezarritako irizpideekin bat, deialdian esleitutako zenbateko osoa ahitu arte.

Hirugarren oinarria.–Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.

3.1 Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskatzen ahalko dituzte Nafarroan helbideraturik dauden irabazi-asmorik gabeko pertsona fisiko eta juridikoek, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte eta diru-laguntzaren xedeko jarduerak Foru Komunitatearen barrenean egiten badituzte.

3.2 Entitate publikoak deialdi honetatik kanpo daude.

Laugarren oinarria.–Jarduera diruz lagungarriak.

4.1 Deialdi honen xede diren jardueren helburua da Nafarroako Gobernuaren Euskararen I. Plan Estrategikoan (2016-2019) aurreikusitako helburuak betetzea. Beraz, euskararen presentzia eta erabilera areagotzen laguntzen duten jarduera eta programei emanen zaie lehentasuna, gehienbat nerabeei eta gazteei zuzendutakoei:

a) Euskararen erabilera soziala sustatzearekin eta euskarazko ahozko komunikazioa hobetzearekin zuzeneko lotura duten jarduerak.

b) Kontzientziazio eta sentsibilizazio jarduerak, hala nola:

–Gazteen artean euskararen egoera gaitzat duten parte-hartze edo gogoeta prozesuak.

–Efemerideak edo bestelako ekimenak ospatzea, euskararekin, kulturarekin eta tradizioekin, hizkuntzaren historiarekin edo euskararen garapenean garrantzia izan duten pertsonaiekin lotuta.

–Euskararen aldeko mezu positiboak zabaltzen dituzten kanpainak.

c) Tokian tokiko euskararen ondarea erabilera sozialerako bildu, babestu eta aktibatzeko xedea duten programak (abestiak, ipuinak, tradizioak, bertsoak, euskalkiak..).

d) Monitore, hezitzaile eta entrenatzaileentzako trebakuntza jarduerak eta baliabideak (hizkera berezitua, materialak), batez ere euskararen ahozko erabilera dinamizatzeko estrategietan, haur eta gazte taldeetan, gazteen hizkuntz gaitasuna sendotzeko zenbait esparrutan (aisialdia, kirola, kultura, denbora librea...).

e) Euskararen erabilera edozein egoeratan normalizatzeko jarduketak, kanpainen, materialen, bideoen edo bideojokoen bidez.

f) Euskararen proiekzio sozialerako edo sorkuntzarako jarduerak, eremu edo eskualdeetako bizilagun elebidunen artean euskararen presentzia areagotzen dutenak: hitzaldiak, mahai-inguruak, antzezlanak, zinema edo bideo proiekzioak eta aldizkariak ez diren argitalpen txikiak.

g) Bertsolarien emanaldiak (jendaurrean bat-bateko bertsoak kantatzea) eta bertsolaritzan trebatzeko jarduerak, jendeari oro har zuzendutakoak, betiere 8 ikasle baino gehiagoko taldeak badira eta ikastetxeetako guraso elkarteek antolatutako jarduerak ez badira.

Jarduera horietan genero berdintasuna sustatuko da edukien diseinu eta garapenean, hizkera ez sexista erabiliko da eta parte-hartze paritarioa bilatuko da.

Gastu diruz lagungarriak hauek izanen dira: jarduera antolatu eta gauzatzearekin zuzenean lotutako gastuak, hala nola, kontratatutako langileak, materialen erosketa edo alokairua, lokalen alokairua, etab.

Elkarteen ohiko funtzionamenduaren gastuak jardueretan egozten ahalko dira, eta batera justifikatzen ahalko dira, baina betiere onartutako jarduerak gauzatzen badira; gastu horietan sartzen ahalko dira: elkartean lan administratiboak eta kudeaketakoak egiteko soilik kontratatutako langileak; bulegoko materiala eta material informatiko suntsikorra; kontabilitateko eta laneko aholkularitza, aseguru orokorrak, telefonoa eta Internet, posta eta mezularitza.

4.2 Hurrengoak deialdi honetatik kanpo geldituko dira:

a) Nafarroako Gobernuaren beste departamentu edo unitate batzuei dagozkien edo haien eskumenekoak diren jarduerak edo ekintzak, bai eta diseinuan publizitatean edo lotutako euskarrietako edozeinetan euskararen presentziarik ez dutenak.

b) Eskolaz kanpoko jarduerak, guraso elkarteek antolatutako aisialdiko jarduerak, eta ikastetxeetan egiten direnak, Hezkuntza Departamentuaren eskumenekoak direlako.

c) Bestelako jarduerak, hala nola kanpalekuak, txangoak, otorduak, artisautza azokak, ikuskizunak, kirol lehiak etab., deialdiaren helburuekin lotura zuzenik ez dutenak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren eskumenekoak direnak.

d) Musika kontzertuak.

e) Euskara sustatzeko programetan sartutako jarduerak izanda ere, euskararen erabilerarekin zuzeneko lotura ez dutenak.

f) Liburuen edo web orrien itzulpenak.

g) Bi sexuen arteko tratu berdintasuna bermatzen ez duten jarduerak edo programak.

Bosgarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

5.1 Deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsona edo entitateek eskaera egin beharko dute Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionaletik abiatuta eskuratzen ahal den deialdiaren fitxaren bidez, ondoko helbidean:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7257/Ayudas-para-las-actividades-de-fomento-del-uso-del-euskera-en-Navarra-2018

5.2 Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.3 Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bat izatea; Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan eskura daiteke: http://notificaciones.060.es/PC_init.action Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

Seigarren oinarria.–Eskatutako agiriak.

6.1 Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:

a) Izena, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia, eta taldearen ordezkaria nor den.

b) Legezko eraketaren dokumentazioa.

Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat.

Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan eta noiz aurkeztu zen edo luzatu zuten.

Bide hori bakarrik erabiltzen ahalko da agiriek eraman duten prozedura bukatu zenetik bost urte baino gutxiago iragan direnean.

c) Entitateko arduradunaren aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak ezarritako betebeharrak betetzen dituztela adierazteko (deialdiaren eskaera fitxa).

d) Proiektuan, hura azaltzen duen txostena jasoko da, gutxienez ere alderdi hauek zehaztuko dituena: helburuak, edukiak eta programen eta/edo proposatutako jardueren hartzaileak, bai eta programa eta/edo jarduera bakoitzaren aurrekontu xehakatua ere, haren laburpena biltzen duen II. eranskinean agertuko dena. Jarduera bat baino gehiagoko programen kasuan, oro har programa espezifikatuko da eta, horrez gain, horri dagozkion jarduera ezberdinak ere zehaztuko dira.

e) Entitateak tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak dituela frogatzen duen ziurtagiria.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetatik espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen du identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.

f) Gardentasun-betebeharrak justifikatzeko dokumentazioa, 16. oinarrian arautua (VIII. eranskina).

6.2 Diru-laguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, pertsona edo entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Eskaitzeak gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen da errekerimendu hori.

Zazpigarren oinarria.–Diru-laguntzak emateko prozedura, eta tramitazio eta ebaluazio organoak.

7.1 Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidezkoa izanen da, hainbanaketarekin, aurkezturiko eskaerak alderatuz jasotako puntuazioaren arabera, 8. oinarriko baremoei jarraikiz, aurrekontu-izendapena agortu arte.

7.2 Entitate eskatzaileen puntuazio osoa balorazio irizpideen arabera kalkulatuko da, eta laguntzaren zenbatekoa eskatzaileek lortutako puntuazioaren araberakoa izanen da.

7.3 Eskaerak Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak tramitatuko ditu.

7.4 Batzorde batek baloratuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo berak eskuordetzen duena.

–Azterlan eta Plangintza Ataleko burua edo hark eskuordetzen duena.

–Eta Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari atxikitako teknikariak, idazkaritza lanak betetzeko, hizpidea duena baina botorik gabe.

Balorazio batzorde teknikoak kanpoko adituen aholkularitza eskatzen ahalko du, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzeko.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdia esleitzeko ebazpen proposamena eginen du.

Zortzigarren oinarria.–Balorazio irizpideak.

8.1 Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

a) Programatutako jardueren izaera eta kalitatea, 20 puntu arte.

–Trebatzaileen, dinamizatzaileen edo arduradunen kualifikazioa (prestakuntza akademikoa eta lanbide esperientzia): 0 - 5 puntu.

–Programaren koherentzia, helburuei, edukiei eta hartzaileei dagokienez: 0 - 15 puntu.

b) Hartzailearen lehentasuna, 20 puntu arte.

–Populazioa oro har: 5 puntu.

–Haurrak: 10 puntu.

–Gazteak: 20 puntu.

c) Alderdi demolinguistikoak, 2011ko mapa soziolinguistikoarekin bat, 20 puntu arte.

–Elebidunen portzentajea: %50etik gorakoa: 5 puntu.

–Elebidunen portzentajea: %20tik % 50era bitartekoa: 10 puntu.

–Elebidunen portzentajea: %20tik beherakoa: 20 puntu.

d) Proiektuaren ibilbidea eta egonkortasuna: 40 puntu arte:

–Bi asteko proiektuak: 10 puntu.

–Hilabeteko proiektuak: 20 puntu.

–Hiru hilabetetik gorako proiektuak: 40 puntu.

Deialditik kanpo geldituko dira guztira 30 puntura iristen ez diren eskaerak.

Bederatzigarren oinarria.–Diru-laguntzak esleitzeko ebazpena.

9.1 Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean, laguntzak emateko. Epe hori bukatutakoan ebazpen espresurik eman ez bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

9.2 Diru-laguntza emateko ebazpenean, onartutako eskaeren kasuan, datu hauek agertuko dira: onartutako aurrekontua, balorazioan eskuratutako puntuazioa eta diru-laguntzaren zenbateko aurreikusia. Orobat, gastu horiek justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira. Ebazpenak, halaber, bazter utziriko eskaerak adieraziko ditu, arrazoia zein den adieraziz.

9.3 Laguntzak eskatu dituzten elkarteei ebazpena jakinaraziko zaie eta jendaurrean jarriko da Euskarabidearen web-orrian (www.euskarabidea.es) eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7257/Ayudas-para-las-actividades-de-fomento-del-uso-del-euskera-en-Navarra-2018).

Hamargarren oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

10.1 Deialdi honen babesean diruz laguntzen den programa egiteko erabili beharko da diru-laguntza, ez beste edozertarako.

10.2 Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuan justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin diren, jarduera bakoitzean parte-hartzaileen kopurua adierazita, sexuaren eta adin tarteen arabera.

10.3 Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari jakinaraztea, telematika bidez, programa edo jarduera garatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu, elkartearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik. Diruz lagundutako programan edo jardueran edozein aldaketa egiteko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik, eta zerbitzu horrek baimena emanen du, baldin eta aldaketak onetsitako programa edo jarduera funtsean aldatzen ez badu, balorazio batzordearen ustean.

10.4 Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea programan, kartelean edo edozein eratako iragarkietan edo publizitatean. Aipamen hau Nafarroako Gobernuko sinbolo ofiziala arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren jarraibideekin bat eginen da (http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/),kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera hedatzen den denbora guztian mantenduko da.

10.5 Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

10.6 Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.7 Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

10.8 Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

Hamaikagarren oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

11.1 Diru-laguntza bi epetan ordainduko da: lehenengo ordainketa partzial bat, gehienez ere %50ekoa, udako hilabeteetan eginen da, apirilera bitarte exekutatutako gastuaren arabera; eta bigarren ordainketa urtea bukatu aurretik. Bi kasuetan, jardueren memoria eta 18. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztu beharko dira aldez aurretik.

11.2 Emandako laguntzen zenbatekoa, oro har eta kasuan kasu adostu daitekeena deusetan galarazi gabe, justifikaziorako epeak bukatutakoan ordainduko da, Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren aldeko txostena izan ondotik.

Hamabigarren oinarria.–Gastuen justifikazioa.

12.1. Bi epe ezartzen dira gastuak justifikatzeko:

Gehienez ere %50ekoa izanen den lehenbiziko ordainketa partzialerako, egindako programa eta gastuen arabera, 2018ko apirilaren 30era arte. Egindako jarduera eta gastuak justifikatzeko agiriak aurkezteko epea maiatzaren 25ean bukatuko da.

2017ko azaroan eta abenduan egindako jarduera diruz lagunduak justifikaziorako lehenbiziko epe horretan frogatu beharko dira nahitaez.

Bigarren eperako, egindako jardueren eta gastuen frogagiriak aurkezteko azken eguna 2018ko azaroaren 15a izanen da, 2018ko urriaren 31 arte egindako programen eta gastuen kasuan.

12.2 Elkarte onuradunak agiri bidez frogatu beharko du diru-laguntzaren xede diren jarduerak edo programak gauzatu dituela, aurkeztutako proiektu teknikoan lortutako puntuazioarekin bat, dagozkion frogagiriak aurkeztuz (fakturak edo nominak eta haien ordainagiriak).

Justifikatzen dena onartutako aurrekontua baino txikiagoa baldin bada, deialdiaren mugak kontuan izanik betiere, deialdia ixteko ebazpenean likidatu beharreko zenbatekoa berrikusiko da.

Hamahirugarren oinarria.–Frogagiriak.

Oro har, eta kasuan kasu erabakitzen ahal dena galarazi gabe, pertsona edo entitate onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuan bosgarren oinarrian onartutako bidetako bat erabiliz:

a) Onartutako aurrekontuari dagozkion jardueren programari buruzko memoria zehaztua eta diruz lagundutako jardueren gastuen zerrenda eta parte-hartzaileena, sexua eta adin-tarteak adierazita.

b) Foru agindu honetan III. eranskin gisa argitaratzen diren ereduak, justifikazio teknikorako, eta IV., V., VI. eta VII. eranskinak justifikazio ekonomikorako; kalkulu orritan aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren web-orri instituzionalean eskuragarri daudenak, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7257/Ayudas-para-las-actividades-de-fomento-del-uso-del-euskera-en-Navarra-2018

c) Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.

d) Egindako programen edo jardueren gastuaren frogagiriak, jatorrizko fakturak edo kopia soilak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, erreziboak, aurrekontuak eta albaranak.

Hamalaugarren oinarria.–Bateragarritasuna beste diru-laguntza batzuekin.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira xede eta helburu berberetarako beste administrazio batzuetatik, Nafarroako Gobernuko departamentuetatik, eta edozein motatako entitate eta erakunde publiko edo pribatuetatik jasotzen den beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin. Hala ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Hamabosgarren oinarria.–Ez betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

15.1 Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra etorriko da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze larritzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bertzean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Baloraziorako Batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

15.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

Hamaseigarren oinarria.–Gardentasuna.

16.1 Onuradunek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute (betebehar hori irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautu zen) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura diru-laguntzak eskuratzen dituztenean eta ondoko bi egoerak batera gertatzen direnean:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu gauzatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, halakorik baldin badago.

Bi egoera horietan dauden entitate onuradunek, diru-laguntza eman izana jakinarazi edo, kasua bada, ebazpena argitaratzen den egunetik hasita hilabeteko epean, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Euskarabideari zuzenduta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

16.2. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

16.3 Onuradunek emandako informazioa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Gobernu Irekiko Atarian argitaratuko da eta eskura izanen da argitaratu eta urtebetean. Muga 15 hilabetekoa izanen da, informazioa kudeatzeko organoan sartzen den unetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

16.4. Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

16.5. Pertsona edo entitate onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarren oinarria.–Aplikatzekoa den legeria eta errekurtsoak.

17.1 Modalitate hau oinarri hauek gobernatuko dute, baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoak, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra.

17.2 Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

II. ERANSKINA

Euskara sustatzeko programa edo jarduerak (Proiektuaren azalpen txostenaren osagarri gisa aurkeztuko da, seigarren oinarriarekin bat).

III. ERANSKINA

Euskara sustatzeko programa edo jarduerak egin izanaren justifikazio teknikoa.

IV. ERANSKINA

Justifikazioaren balantzea.

V. ERANSKINA

Gastuen frogagiriak.

VI. ERANSKINA

Sarreren egiaztagiriak.

VII. ERANSKINA

Diru-laguntzen frogagiriak.

VIII. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena. Laguntzen zerrenda.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1802307