44. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

6/2018 FORU DEKRETUA, otsailaren 28koa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2018ko BERDINNA Saria Blanca Fernández Viguera andreari ematen diona.

Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu direnen jokaera nabarmendu eta publikoki aintzatestea da BERDINNA Sariaren xedea. Saria urtarrilaren 10eko 1/2018 Foru Dekretuaren bidez sortu zen.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak urtarrilaren 17an emandako 1/2018 Foru Aginduaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2018ko BERDINNA Sariaren deialdia egin eta hura emateko oinarriak ezarri ziren, eta, bestalde, epaimahaia izendatu eta hautagaitzak aurkezteko epea ireki.

Epaimahaiak, jasotako hautagaitzen artean, deialdian ageri diren irizpideei jarraikiz azterketa zorrotza egindakoan, saria Blanca Fernández Viguera andreari emateko proposamena egin du, ongi merezia duelakoan argi nabarmentzeagatik eta laguntza paregabea emateagatik Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko lanean.

Blanca Fernández Viguera, ikerketaren eta irakaskuntzaren bidez, lanean aritu da generoen ezagutza eta ikerlanen garapenean, baina, aldi berean, lan aktiboa egin du mugimendu feministan, eta, berdintasunaren aldeko apustuari dagokionez, bat eginik ageri dira arlo publikoa eta pribatua bere bizitzan zehar. Nafarroan, arlo akademikoan, erreferente zalantzagabea da profesionalentzat zein emakumeen mugimenduentzat.

Hautagaitza, bestetik, Nafarroako, Espainiako zein nazioarteko hogeita sei sostegun-gutunek bultzatua da, eta horrek argi erakusten du Blanca Fernández Viguerak ekarpen handia egin diola emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari eta nolako garrantzia ematen dioten herritarrek eta hainbat arlotako itzal handiko pertsonek Blancak egindako lanari.

Hautagaitzaren ezin ukatuzko merituetatik, hauek dira nabarmentzekoak:

–Haren aktibismo, sindikalismo eta militantzia feminista, aitzindaria izan baita mugimendu feministetan eta emakumeen eskubideen defentsan.

–Beste zenbaitekin batera, IPES-ELKARTEAren sortzailea izatea (Instituto de Promoción de Estudios Sociales/Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea), eta entitate horretan genero-lerroaren bultzatzaile ere bai. Nabarmena da, bestalde, teoria feministak eta generokoak eta emakumeen historia ikertzeko eta zabaltzeko lanaren sustatzailea izan dela, baita emakumeek zientziaren, arteen eta kulturaren munduari egindako aportazioen ikusarazle eta zabaltzaile, eta aintzindari, genero ikuspuntua integratua duten lehenbiziko ikerlanetan.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoan Familiako eta Taldeko Esku-hartze Sozialeko genero-modulua bultzatu izana, baita Generoaren Espezializazio Titulu Berekia ere, eta unibertsitateko ikasleen prestakuntzan ez ezik beren lanari esker emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna lortzen laguntzen duten profesionalen prestakuntzan ere lagundu izana.

–NUPeko ikerlana eta haren ordezkari izatea Nazio Batuek Emakumeei buruz Beijingen egindako Munduko IV. Konferentzian.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko otsailaren 28an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. 2018ko BERDINNA Saria Blanca Fernández Viguera andreari ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2018ko otsailaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1802865