39. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

253/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko euskara itzultzaileen lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Abenduaren 20ko 116/2017 Foru Dekretuaren bidez (244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 22an), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen enplegu publikoaren 2017ko eskaintza onetsi zen. Bertan, besteak beste, euskara itzultzaileen lanpostu huts batzuk onetsi ziren, funtzionario araubidekoak eta A mailakoak.

Kontuan izanik zer xedatu den abuztuaren 30eko 215/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 33.1 artikuluan (foru dekretu haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 3. artikuluan (foru dekretu haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua), bidezkoa da horiek lekualdatze lehiaketa bidez bete daitezela onestea.

Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuak ezartzen duenez, lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez beteko dira.

Aipatu araudiari jarraituz, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko euskara itzultzaileen lanpostu hutsak (A mailakoak) lekualdatze lehiaketa bidez bete daitezela onestea.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko euskara itzultzaileen lanpostu hutsak (A mailakoak) lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Ebazpen hau eta deialdia jakinaraztea Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari, eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 31n.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

EUSKARA ITZULTZAILEEN LANPOSTUAK LEKUALDATZE LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA. OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko euskara itzultzaileen lanpostu hutsak (A mailakoak) betetzea lekualdatze lehiaketa bidez.

1.2. Lekualdatze lehiaketa honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

–Lanpostuak betetzeko Erregelamendua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia.

–Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Agindua, merezimenduen baremoei buruzkoa.

–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

–Gainerako arau aplikagarriak, eta oinarri hauek.

2.–Lanpostu hutsak.

2.1. Lanpostuak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdi honetan, hasiera batean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko euskara itzultzaileen 4 lanpostu huts sartzen dira, ebazpen honen II. eranskinean zehazten direnak.

2.2. Deialdi honetan hasiera batean egindako lanpostu eskaintza aurrerago osatzen ahalko da; izan ere, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik daudenak gehitzen ahalko dira.

2.3. Halaber, aipatutako lanpostu horiek deialditik kanpo uzten ahalko dira honako arrazoi hauengatik: birkokatze prozesu batean sartzeagatik, burutza utzi duten funtzionarioei edo jardunera itzuli direnei esleituak izateagatik edo antolamenduan ezarritako beste edozein arrazoirengatik.

2.4. Gainera, lehiaketa honetan beste lanpostu bat eskuratzen duten izangaiek hutsik utzitako lanpostuak ere sartuko dira.

2.5. Aurrekoa gorabehera, lehiatzaileek lekualdatze lehiaketan lanpostua lortuta hutsik uzten dituzten lanpostuak ez dira eskainiko baldin eta “iraungitzeko” lanpostuak direlako bete behar ez badira edo antolatzeko arrazoiak direla-eta bete behar ez badira.

2.6. Izangairen batek lehiaketa honetan lanpostua lortu eta bere lanpostuaren izena deialdiko lanpostuarena ez bezalakoa baldin bada, eskuratutako lanpostuaren izena hartuko du lanpostu berriaz jabetzen den unetik. Era berean, lehiaketaren ondorioz hutsik gelditu eta, bidezko denean, berriz lehiatzaileei eskaintzen zaizkien lanpostuen izena aldatu eginen da.

2.7. Deialdiaren 8. oinarrian aipatzen den lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldian, deitutako lanpostuen ordez beste batzuk eskaintzen ahalko dira; hain zuzen ere, organo eskudunek zerbitzuaren beharren arabera sartzen dituzten aldaketen ondorioz hutsik gelditzen direnak.

3.–Betebeharrak.

3.1. Lekualdatze honetan parte hartu ahal izateko, betebehar hauek bete behar dira eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) A mailan egotea.

c) Euskara itzultzaileen lanpostu baterako izendatu izana.

3.2. Zerbitzu, atal, bulego edo unitate parekaturen bateko burutzaren bat betetzen ari direnek zilegi izanen dute lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzea, baldin eta deialdiko baldintzak betetzen badituzte. Prozedura honetan esleitutako lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du zerbitzuko zuzendari izateari edo ataleko nahiz bulegoko buru edo horiekin parekatutako unitateko buru izateari utzi beharra.

3.3. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete daramaten langile finkoek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko esleituko zaie.

3.4. Lanpostu huts bati behin-behinekoz atxikita itzuli direnek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze lehiaketa honetara, behin betiko destinoa esleitu dakien.

3.5. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, deialdiko betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute lekualdatze lehiaketan.

4.–Eskabidea, aurkezteko epea eta aurkezteko modua.

4.1. Inskribatzea eta merezimenduak aurkeztea.

Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute inskripzio-eskaera, Internet bidez, helbide hau erabiliz: www.nafarroa.eus, “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioarentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean.

Halaber, eskabideari erantsi beharreko merezimenduak telematika bidez aurkeztu beharko dira, goian adierazitako helbidearen bidez eta deialdiaren baremoan zehaztutako atalei jarraikiz.

Honako merezimendu hauek ez dira aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren esku jarri, baremazioa egin dezan:

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen frogagiriak, izangaiek aurkeztu beharko baitituzte.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta ezin izanen da luzatu.

Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu eta telematika bidez igorri beharko dira, lekualdatze lehiaketa honetan izena emateko eskabidea aurkezteko epean.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun balioduneko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.

5.2. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

5.4. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

6.–Epaimahaiko kideak.

6.1. Honako hauek osatuko dute lehiaketako epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Ander Irizar Apaolaza jauna, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Miren Oyanguren Castañeira andrea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Itzulpen Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Patxi Larrión Galdeano jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezkoa: Ainhoa Fernandez Arenaza andrea, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Idazkaria: Aingeru Epalza Ruiz de Alda jauna, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Itzulpen Ataleko euskara itzultzailea.

Ordezkoa: Monika Etxebarria Ariznabarreta andrea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Itzulpen Ataleko euskara itzultzailea.

6.2. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

6.3. Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari jakinarazi beharko diote. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7.–Merezimenduak.

7.1. Aurreko 4.1 oinarrian ezartzen den bezala, merezimendu guztiak telematika bidez aurkeztu behar dira, eskabideak aurkezteko epean. Dena dela, Administrazio Publikoan emandako zerbitzuei eta Nafarroako Administrazio Publikoak emandako ikastaroei buruzko frogagiriak, salbu hizkuntzak jakitearen gainekoak, ez dira aurkeztu beharko, organo deitzaileak zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari.

7.2. Aurkeztutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

7.3. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

7.4. Izangaiek lehiaketan lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

7.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

7.6. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu parte hartzaileek lortutako puntuazioak Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Interneteko helbide honetan: www.nafarroa.eus, “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioarentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean. Era berean, bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

7.7. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzitakoan, epaimahaiak parte hartzen duten pertsona guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Interneteko helbide honetan: www.nafarroa.eus, “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioarentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean. Era berean, lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera.

8.–Lanpostu hutsak aukeratzea.

8.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du lekualdatze lehiaketan azkenean sartzen diren lanpostu hutsak zehazteko, deialdi honen bigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

8.2. Lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eginen da; Nafarroako Gobernuko iragarki oholean argitaratuko da, bai eta Interneten bidez ere, helbide honetan: www.nafarroa.eus, “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioarentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean.

Parte-hartzaileek 10 egun balioduneko epea izanen dute eskaera telematika bidez aurkezteko, lehen aipatutako helbideko esteka erabiliz, eta nahi lituzketen lanpostu hutsak aukeratzeko.

Lehiaketan lotutako puntuazioen hurrenkerari jarraikiz esleituko dira lanpostu hutsak, eta esleipen horri ezin izanen zaio uko egin. Birkokatutako lehiatzaileen kasuan, ezintasunagatik birkokatzeko prozedura arautzen duen ekainaren 3ko 114/2002 Foru Dekretuaren 11. artikulua aplikatuko da.

Eskaera ezarritako epean bidaltzen ez dutenek lehiaketaren xede diren lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

8.3. Lanpostuak betetzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat, izangaiek ezin dute orain atxikita dauden zuzendaritza nagusi edo erakunde autonomo bereko lanpostu hutsik hautatu (zuzendaritza nagusi baten mende ez dagoen maila beheragoko unitate organiko bati atxikita badaude, debeku bera izanen dute), salbu eta lanpostu aldaketarekin udalerria, zentroa edo lanaldi arrunt edo partzialaren araubidea ere aldatzen bada.

9.–Esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, dagokien lanpostua esleituko die lehiatzaileei, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

9.2. Lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non ez duen organo dei-egileak, ebazpen horretan, beste data bat ezartzen jabetza hartzeko.

9.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa. Aurreikuspen hau ez da aplikatzekoa izanen lanaldi partzialean diharduten langile finkoen kasuan; horiek, lanaldi osoko lanpostu bat eskuratzen dutenean, funtzionario bihurtuko dira. Funtzionarioen araubideko edo estatutupeko langileek, merezimendu lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, aukera izanen dute lanaldi partzialeko lan araubideko lanpostu bat eskuratzeko. Kasu horretan borondatezko eszedentziara igaroko dira funtzionario edo estatutupeko langile gisa.

10.–Ordainsariak.

Lekuz aldatzen direnek gaur egungo xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak jasoko dituzte.

11.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori dena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1 eta 2.c artikuluan ezarritakoarekin bat.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 31n.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, puntu bat emanen da deialdia argitaratzen den egunean aitortua duen antzinatasun urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Honako a) letra honi dagokion puntuazioa gehienez ere 30 puntukoa izanen da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 7 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko beharkizunak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barrenean antolatuak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2) Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera bakarka edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, herrialdekoa edo nazioartekoa den ere.

3) Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea: puntu bat gehienez ere; epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak lanpostuarekin zerikusia dutenean baizik ez dira baloratuko.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 10 puntukoa izanen da gehienez.

c) Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.

–Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza horiek jakitea beharrezkoa ez den lanpostuetan, 2 puntu gehienez haietako bakoitzagatik.

Oharrak c) atal osorako:

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 maila izanez gero, 2/5; B1 maila izanez gero, 3/5; eta, B2 maila izanez gero, 4/5.

Hiru hizkuntzen jakite-maila frogatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketak egiten ahalko dira; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren 1/5 emanen zaio gainditutako maila bakoitzari.

II. ERANSKINA

Euskara itzultzaileen lanpostu hutsak

LANPOSTU ZENBAKIA

DEPARTAMENTUA

EREMUA (LEKUALDAKETARAKO)

HERRIA

ARAUBIDE JURIDIKOA

35989

HERRITARREKIKO ETA ERAKUNDEEKIKO HARREMANETAKO DEP.

EUSKARABIDEA-EUSKARAREN NAFAR INSTITUTUA

IRUÑA

NGko FUNTZIONARIOA

35998

HERRITARREKIKO ETA ERAKUNDEEKIKO HARREMANETAKO DEP.

EUSKARABIDEA-EUSKARAREN NAFAR INSTITUTUA

IRUÑA

NGko FUNTZIONARIOA

35999

HERRITARREKIKO ETA ERAKUNDEEKIKO HARREMANETAKO DEP.

EUSKARABIDEA-EUSKARAREN NAFAR INSTITUTUA

IRUÑA

NGko FUNTZIONARIOA

36001

HERRITARREKIKO ETA ERAKUNDEEKIKO HARREMANETAKO DEP.

EUSKARABIDEA-EUSKARAREN NAFAR INSTITUTUA

IRUÑA

NGko FUNTZIONARIOA

Iragarkiaren kodea: F1802125