39. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALDATZ

Ordenantza, Ur horniduraren prezio publikoak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Aldazko Kontzejuko Batzarrak, 2017ko abenduaren 2an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ur horniduraren prezio publikoak arautzen dituen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2017ko 218. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 13an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Aldatzen, 2018ko urtarrilaren 15ean.–Kontzejuko burua, Martin José Bildarratz Bergara.

ORDENANTZA, UR HORNIDURAREN PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

1.–Aldazko Kontzejuko ura banatzeko sarean Kontzejua da arduraduna herrigunean, etxeen kanpoko hormaraino eta kontagailua kanpoan badago haraino, etxean sartzeko paso-giltza kanpoan eta kontagailua baino lehen badago, Kontzejuak erantzungo du haraino, eta giltza etxeko jabeen kontura izango da.

2.–Etxeko jabeen ardura da kontagailuen mantentze-lana eta funtzionamendu egokia. Kontagailuen lehen irakurketa 2018ko martxoaren 1ean egingo da, horregatik, partikular bakoitzak behar bezala eduki beharko du kontagailua egun horretarako, eta behar bezala ez badauka 15 eguneko epean berri bat jarriko zaio, eta horrek dakarren gastua kobratuko zaio.

Kontzejuak antzematen badu kontagailua matxuratua dagoela edo behar bezala ez dabilela, jabeari jakinaraziko dio, eta hark hamabost egun baliodun edukiko ditu konpontzeko.

Jabeak ez badu emandako epean konpontzen edo aldatzen, Kontzejua arduratuko da konpontzeaz, eta matxurak sorrarazten dituen gastu guztiak kobratuko dizkio.

3.–Eraikin berrietan, jabearen edo sustatzailearen kontura izango dira kontagailuaren kostua eta hura jartzea. Kontagailua kanpoko aldean, leku ikusgarrian, isolaturik eta kontagailuendako kutxa berezi batean sartua egon beharko da.

4.–Aska sareko uraren banaketan, jabearen ardurapekoa izango da askaren multzo osoa: paso-giltza, hormigoizko plataforma, aska bera, flotagailua eta paso-giltza.

5.–Jabeak egin nahi dituen lan edo berrikuntza guztiek Kontzejuaren lizentzia edo baimen beharrezkoa eduki beharko dute.

Erabat debeku da ura joanaraztea belardi batetik urak hartzeko hitzarmenean sarturik ez dagoen beste belardi batera. Hori gertatzen bada ur hornidura moztuko zaio horretarako bidea eman duen jabeari.

6.–Kuota.

Kuota mota bat ezarri da, eta berdin hartuko dira etxerako, industria-erabilerarako eta abeltzaintzarako.

Honako hau kobratuko da:

–35 zentimo euro ur metro kubiko bakoitza, eta hilekoan kobratzeko gutxieneko kontsumoa 10 metro kubiko izango da.

–Horri dagokion BEZa.

–Saneamenduari dagokion kanona prezioaren barnean dago.

7.–Likidazioa/diru-bilketa.

Hiru hiletik behin irakurriko dira kontagailuak eta egingo da tasen likidazioa. Sei hiletik behin kobratuko da tasa, eta, dirua biltzeko, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko erregelamenduan tributu zor jakinarazietarako ezarritako moduari jarraituko zaio.

Kuotak ordaintzeko, Kontzejuaren aldeko ordainketak helbideratu daitezke, la Caixan.

Horretarako, ordainketak helbideratzeko inprimaki bat emango zaio zergadun bakoitzari.

8.–Kudeaketa arauak:

–Instalazio barrenean ur galera dakarten matxurak dituen hargunearen titularrari ur hornidura mozten ahalko zaio, aurreneurri moduan.

–Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera.

–Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile baimenduari, kontagailuaren irakurketa egin dezan, edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo antzeko beste zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.

Ordenantza honi dagokionez, honako hauek dira arau-hausteak:

–Kuotak eta tasak ez ordaintzea.

–Zigilu, sarrailak edo aparatuak aldatzea, neurketak faltsutzeko edo ordaintzeko kuota eta tasetan iruzurra egiteko.

–Kontagailuen irakurketa egiteko entitate honen langileei kontra egitea edo aitzakia jartzea.

–Ur horniduraren sarera baimenik gabe lotzea edo baimenduetatik aparteko baldintzetan lotzea.

Zehapenak:

–%20ko errekargua, tributu zorraren gainean.

Iragarkiaren kodea: L1800816