38. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2E/2018 FORU AGINDUA, otsailaren 6koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, “Ediziorako laguntzak argitalpen enpresa eta profesionalentzat, 2018” izeneko deialdia onesten duena.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak txostena egin du, eta bertan proposatu du “Ediziorako laguntzak argitalpen enpresa eta profesionalentzat, 2018” izeneko deialdia eta deialdi horren oinarri arautzaileak onestea, 45.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Bestetik, kontuan hartu behar da aipatu gastua baimentzeko, bai helburua bai baldintzak betetzen direla, baita legez ezarritako betebeharrak ere, eta espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna duela.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. “Ediziorako laguntzak argitalpen enpresa eta profesionalentzat, 2018” izeneko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20000-A2010-4709-334100: Ediziorako laguntzak enpresa pribatuentzat

2018

45.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko otsailaren 6an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

OINARRIAK

Ediziorako laguntzak argitalpen enpresa eta profesionalentzat, 2018

1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiak hauxe du xede: diru-laguntzak ematea argitaletxeei eta profesionalei kultur edukia duten liburuak argitaratzeko, bai ohiko euskarrian (papera) bai euskarri elektronikoan. Obrak jatorrizkoak eta argitaragabeak izanen dira, edo aurrenekoz euskaratutako lanak. Aurkeztutako liburuek genero hauetako batekoak izan beharko dute: eleberria, ipuinak, poesia, antzerkia, haur eta gazteentzako literatura, komikia, saiakera eta giza zientziak.

1.2. Deialdiaren helburua Nafarroan edizioa eta kalitatezko eskaintza anitza, egileen literatur jarduna eta lana bultzatzen dituena, sustatzea da. Irakurketari, liburuari eta liburutegiei buruzko ekainaren 22ko 10/2007 Legearen atarikoak adierazten duenez, irakurketa garapen pertsonal eta sozialerako oinarrizko tresna da: “Liburua euskarri fisiko bat da, bere baitan giza pentsamenduaren, zientziaren eta literatur sorkuntzaren isla biltzen duena, gizakientzat traszendental eta bakarra den egintza posible eginez, irakurketa alegia”. Irakurketak “aberastu eta garatzen du pertsonen gaitasun kritikoa, hain beharrezkoa dena”. Liburuaren izaera oinarrizkoaz gain, kultura zabaltzeko tresna den aldetik, argitaletxeen sektoreak eragin ekonomiko handia du harekin lotutako industria kopuru handia dela eta: inprimategiak, liburu-dendak, diseinua, egileak, ilustratzaileak, banaketa eta abar.

1.3. Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetan argitaratutako obrak onartuko dira.

1.4. Lanak 2018ko urtarrilaren 2tik azaroaren 23ra argitaratutakoak izan beharko dira, biak barne.

1.5. Deialdi honen ondorioetarako, honakoak ez dira arte edo kultur liburutzat hartuko:

–Edozein entitate publikok eta beren erakunde autonomoek enkargatutako argitalpenak.

–Testuliburuak, bidaia gidaliburuak, sukaldaritza liburuak, entziklopediak, hiztegiak, bibliofiliako liburuak, argitalpen mugatuak eta zenbakituak, salgarriak ez diren lanak, agendak, dietarioak eta antzekoak, edo aldizkako argitalpenak.

–Xede-hizkuntzan argitaratuta dauden lanen itzulpenak.

–Argitaratutako lanen berrinprimatzeak eta berrargitaratzeak.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskatzen ahalko dituzte argitalpen enpresa guztiek; halakotzat hartzen dira soilik merkataritza izaerako entitate pribatuak edo pertsona fisikoak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Profesionalak:

–863 motako JEZn alta emanik egotea, idazlearenean.

–Nafarroan 2017ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik erroldaturik egotea. Egoera hori erroldatze-agiriaren bidez frogatu beharko da, eta laguntzak irauten duen bitartean horri eutsi beharko zaio.

b) Argitaletxeak:

–Legez 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen eratuta egotea.

–Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

–Sozietatearen helburuan sartuta egotea liburuak argitaratzea.

2.2. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 3. artikuluko 13. eta 2. apartatuetan aipatutako kasuetakoren batean dauden pertsona edo argitaletxeei.

2.3. Lege Gordailuaren betebeharra bete ez duten pertsona edo argitaletxeei ezin izanen zaie laguntzarik eman.

3. Aurrekontuko esleipena eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdiaren zenbatekoa 45.000 eurokoa izanen da.

3.2. Liburu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa eta gehienez ere 4.000 euro liburuko.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz laguntzeko modukoak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.3. Argitaletxe edo profesional bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa ez da 8.000 eurotik gorakoa izanen.

3.4. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

4. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Argitaletxe edo profesional bakoitzak lau liburu aurkezten ahalko ditu gehienez ere, betiere deialdi honen 1. oinarria betetzen badute.

4.3. Pertsona juridikoen kasuan, eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Pertsona fisikoen kasuan, eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira lehentasunez, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarreria kaleko 39an dagoen Erregistro bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta Tramiteen Katalogoko fitxaren baitan egongo dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4.4. Eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa euskarri digitalean aurkeztu beharko da, aiseago tramitatu eta baloratu dadin.

4.5. Eskabidearekin batera (I. eranskina), dokumentu hauek aurkeztu beharko dira kopia digitalean:

a) II. eranskina, obra bakoitzaren datu eta kostuekin.

–Kostuak BEZa gabe jasoko dira.

b) Oroitidazki bat (gehienez hiru orrialdekoa), ondoko hauekin:

–Edukiaren laburpena.

–Zabalkunde plana: atal honetan, proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak sartuko dira.

–Egileen CV laburra.

c) Argitalpenaren aurkibidea eta liburu osoa edo, gutxienez, kapitulu bat, argitalpenari dagokionez ahalik eta aurreratuena eskabidea aurkezten den unean.

d) Aurreko bi urteetan (2016-2017) argitaratutako eta berrargitaratutako lanen zerrenda. Zerrendan jaso beharko dira izenburua, egilea, ISBN eta Lege Gordailua.

e) Enpresak:

–Entitatearen eskriturak.

–Legez 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitate bat dela frogatzeko agiria.

–Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.

f) Profesionalak:

–861 motako JEZn alta emanda egotea frogatzen duen agiria.

–Nafarroan 2017ko urtarrilaren 1a baino lehenenagotik erroldaturik egotearen ziurtagiria.

4.6. Liburuak 2018ko urtarrilaren 2tik deialdian emandako laguntzei buruzko ebazpenera bitarte argitaratuak badira, nahitaezkoa izanen da ale bat aurkeztea.

4.7. Eskabide ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

4.8. Diru-laguntzarako eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.9. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta 2017ko irailaren 1etik 2018ko azaroaren 23a bitarteko epean egiten direnak.

Argitaletxeak edo profesionalak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

–Argitalpen produkzioari buruzko gastuak, argitalpenerako behar diren prozesu guztiak barne: azalaren eta barrenaren diseinua eta maketazioa, ilustrazioa, argazkilaritza eta irudien tratamendua (formatuen edo erresoluzioen aldaketa, digitalizazioa, ukituak eta garbiketa).

–Erreprodukzio eskubideak (SGAE, etab.).

–Itzulpen, idazketa, zuzenketa edo dokumentazio lanak.

–Argitalpenen inprimaketa. Kudeaketa argitalpen digitalaren plataformekin.

–CDa, DVDa edo multimedia grabatzea, proiektuaren azken produktu osoa edo horren zati bat bada.

–Gastu horiek argitaletxeko langileek edo kanpokoek eginak izan daitezke.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Bidalketa gastuak, biltegikoak, alokairukoak, ekipamendukoak eta banaketa, sustapen eta komunikaziokoak.

–Egile eskubideak.

–Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

–Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskuratzen ahal duena.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordeko kideak: Nafarroako Kultura Kontseiluko bi kide, Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko burua, Argitalpen Bulegoko burua eta argitaletxearen sektoreko aditu bat.

–Idazkaria: Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko teknikari bat, hitzarekin baina botorik gabe.

6.3. Balorazio prozesua.

1. fasea.–Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.8 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

2. fasea.–Ebaluazio Batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jaso eta aztertuko dituzte, zeinek bere aldetik eta banaka-banaka.

3. fasea.–Ebaluazio Batzordea puntuazioak bateratzeko bildu eta gero, azken puntuazioa proposatuko du.

Behin onartutako aurrekontuak ezarririk eta proiektu guztien bideragarritasuna segurtaturik, ebaluazio batzordeak zehaztuko du eskatutako gutxieneko puntuazioak gainditu dituzten proiektuei zer zenbateko dagokien, 3. oinarrian ezarritako mugak kontuan harturik.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

6.4. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, Ebaluazio Batzordearen irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa.

Proiektuen balorazioa errazteko, entitate eskatzaileak II. eranskinaren araberako eskabidea aurkeztu beharko du.

Gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Diru-laguntza jasotzeko, eskaerek 50 puntu eskuratu beharko dituzte gutxienez, eta horietatik 35 puntu, gutxienez, “Argitalpenaren kalitatea eta interesa” atalean lortu behar dira.

Zehaztasunik gabe betetzen diren datuak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

7.1. Aurkeztutako proiektuak baloratzeko, Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Argitalpenaren kalitatea eta interesa, gehienez ere 70 puntu. Xehetasun hauek hartuko dira kontuan:

–Lanaren kalitatea, edukien antolamendua, maketazioa, azaleztatzea, inprimaketa eta ilustrazioak sartzea (30).

–Lanaren interesa: berrikuntza, originaltasuna eta sormena, aintzat harturik nori zuzentzen zaion (25).

–Egileen ibilbidea (10).

–Obran sartzea genero estereotipoak hausten eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dituzten edukiak (5).

b) Kultura aldetiko interesa. Gehienez ere 10 puntu:

–Proiektua bat etortzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Argitalpen Planaren helburuekin: berdintasuna, aniztasuna eta parte-hartzea; euskararen presentzia; garaikidetasuna eta tradizioa: Vianako Printzea Erakundearen ezaugarrien edukiak (historia, artea, artearen historia, etnologia eta etnografia, arkeologia, ondarea, bibliografia, filologia, literaturaren historia), gaurkoagoak diren beste eremu batzuekin (soziologia, antropologia, zinema, antzerkia, musika, dantza, sormen industriak, museoak edo arte garaikidea).

c) Nafarroarekiko lotura. Gehienez ere 10 puntu:

–Lotura izatea Nafarroako errealitate kultural, sozial eta linguistikoarekin, eta Nafarroako balio kultural, historiko, herriko eta tradizionalak ezagutarazteko balio duten lanak.

d) Argitaletxe edo profesional eskatzailearen ibilbidea. Gehienez 10 puntu:

–Azken 2 urteetan argitaratutako lanak (5):

  • 20 liburu baino gehiago: 5 puntu.
  • 15 liburutik 19 liburura: 3 puntu.
  • 5 liburutik 14 liburura: puntu bat.

–Azken 2 urteetan egindako berrargitalpenak (5):

  • Puntu bat berrargitaratutako liburu bakoitzeko.

7.2. Erabakiak hobeki hartu ahal izateko, batzordeak informazioari buruzko argibide gehiago eska dezake, baita eskatzailea bera agertzea ere.

8. Diru-laguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Diru-laguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuz jakinaraziko dira (http://www.navarra.eu/home_es/servicios). Horretaz gainera, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskabidean berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

8.3. Laguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du, jakinarazpena jaso eta 15 egun naturaleko epean, zenbatekoarekin ados dagoela. Gainera, hitz emanen du falta den dirua bere kontura ordainduko duela eta proiektua aurkezpenean azaldu bezala gauzatuko duela. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola uste izanen da.

8.4. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.5. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, interesdunek hura kudeatzen duen organora jo dezakete, helbide elektroniko honen bidez: ipvpubli@navarra.es.

9. Diruz lagundutako proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako irabazi-asmorik gabeko entitateentzat eta profesionalentzat.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak, baldin eta helbide fiskala Nafarroan duten pertsona fisikoek egiten badituzte eta horiek ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean alta emanda badaude (legearen 4.f) atalean aipatzen dira), interes sozialekotzat hartuko dira, arau horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

10. Onuradunen betebeharrak.

10.1. Pertsona juridikoak diren onuradunek, diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez eta oinarri hauen III. eranskinean kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den argitalpen proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

10.3. Laguntzen diren proiektuak 2018ko urtarrilaren 2tik azaroaren 23a bitarte argitaratu beharko dira, bi data horiek barne.

10.4. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.5. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta programa aldatzea ekartzen badu.

Diruz lagundutako proiektuan edozein aldaketa egiteko, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna beharko da, eta hark baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, Ebaluazio Batzordearen ustean.

10.6. Jasotako laguntzaren aipamena egitea, argitalpenean honako erreferentzia hau sartuz: «Lan honek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza bat izan du, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak egiten duen Argitalpenetarako Laguntzen deialdiaren bidez emana. / Esta obra ha contado con una subvención del Gobierno de Navarra concedida a través de la convocatoria de Ayudas a la Edición del Departamento de Cultura, Deporte y Juventud.», logotipo ofizialaren kopiaren ondoan. Logotipo ofiziala esaldi horrekin lotuta agertu beharko da beti.

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/ eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Diruz lagundutako liburuek, laguntzak emateari buruzko ebazpena eman aurretik argitaratzen direnek, betebehar hori bete beharko dute eranskailu bat jarriz argitaletxeen eskuetan dauden aleetan.

10.7. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, diru-laguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

10.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

10.11. Diru-laguntzaren onuradunek argitaratutako liburuaren bi ale aurkeztu beharko dituzte.

11. Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Oro har:

Oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren erdia exekutatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, diru-laguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

11.2. Konturako ordainketa:

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, diru-laguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

c) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

11.3. Salbuespenez:

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako diru-laguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere.

Horretarako, entitateak Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari eskatu egin beharko dio, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funts horiek aldez aurretik eskuratu beharra duela justifikatzeko dokumentazio egokia aurkeztuz: egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko dauzkan gastuak eta jasotzeko dauzkan ordainketak, proiektuarekin lotutakoak.

12. Justifikatzeko epeak eta modua.

12.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, diru-laguntzaren likidaziorako, onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte erregistro bidez 2018ko azaroaren 23a baino lehen, egun hori barne:

a) Egindako argitalpenaren bi ale.

b) 11.1 oinarrian adierazitako dokumentazioa.

Konturako ordainketaren bat egin bada, onuradunek abenduaren 28a arte (hori barne) izanen dute aurkeztu gabeko ordainketa egiaztagiriak aurkezteko.

Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

12.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

12.3. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

12.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek gastuaren zenbatekoa jaso beharko dute.

13. Dirua itzultzea.

Onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Bateraezina izanen da proiektu bera Nafarroako Gobernuaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea.

14.2. Beste entitate batzuek emandako diru-laguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, ordainduko den zenbatekoa onartutako laguntza baino txikiagoa izanen da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.

14.3. Norgehiagokako araubideko diru-laguntza hauek bateragarriak dira merkatu bateratuarekin, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.f) artikuluari jarraikiz. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

16. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Obraren datuak eta kostuak (Excela).

III. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

Excel artxibo baten bidez beteko da II. eranskina; hura Nafarroako Gobernuaren web atariko zerbitzuen katalogotik deskargatzen ahal da, deialdia han izanen baita; bestela, deialdiaren kudeatzaileek emanen dute.

Iragarkiaren kodea: F1801834