38. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8/2018 FORU AGINDUA, otsailaren 6koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana. Honen bidez diru-laguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko deialdi bat onesten da nazioarteko, Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta beste deialdi batzuetan jaso gabeko lehiaketa ofizialetan 2017ko urriaren 1etik 2018ko irailaren 30era bitartean parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen arabera kirola herritarren eskubidea da, eta interes publikoko gizarte jarduera bat, laguntzen duena pertsonaren prestakuntza eta garapen integrala bultzatzen eta bizi kalitatea eta norbanakoen eta kolektiboaren ongizatea hobetzen. Gainera, elkarbizitza eta gizartearen kohesioa eta barne-lotura errazten ditu, osasun publikoa hobetzen du, eta garapen ekonomikoa sustatzen.

Foru legeak modu berri batean jorratzen du goi mailako kirol jarduera, oinarrizko kirol praktikarako pizgarri gisa hartzen baita. Horrez gain, Foru Komunitatea estatuan eta nazioartean ordezkatu eta sustatzen laguntzen du.

Egun Nafarroan indarra duen Kirol Plan Estrategikoan, Gobernuak 2009ko irailaren 7ko Erabakian onetsi, eta Nafarroako Parlamentuak 2010ean berretsi zuen horretan, Kirolari buruzko Legean aipatzen diren kirolaren berezko balioak jasotzen dira, heziketari eta bizi kalitateari dagokienez, eta helburu nagusi hauek azpimarratzen dira: Nafarroaren irudiaren proiekzioa sustatzea eta kirol ekintzan parte hartzen duten eragile guztientzako jarduketa esparru bat sortzea.

Bestalde, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza guztien araubide juridiko orokorra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarrita dago, eta bertan finkatzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, baita diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Gobernuak 2018ko urtarrilaren 10ean hartutako 4281 Erabakiaren bidez, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari baimena eman zitzaion diru-laguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko deialdi bat tramitatzeko, nazioarteko, Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta beste deialdi batzuetan jaso gabeko liga erregular ofizialetan 2017ko urriaren 1etik 2018ko irailaren 30era bitartean parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat.

Klubek aipatu lehiaketetan parte hartzeagatik izaten dituzten gastuak partez ordaintzeko laguntza emateko tresna bat da 2018rako deialdi hau.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Diru-laguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko 2018ko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea nazioarteko, Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta beste deialdi batzuetan jaso gabeko lehiaketa ofizialetan 2017ko urriaren 1etik 2018ko irailaren 30era bitartean parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat. Orobat, foru agindu honetako eranskinak ere onesten dira, kontuan izanik laguntza horiek emateko beharrezkoa izanen dela diru-izendapena izatea aurrekontuan.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 310.000,00 euroko gastua baimentzea. Diru hori ordainduko da Nafarroako 2018ko Aurrekontu Orokorretako “Kirol entitateak, hitzarmenak eta laguntzak” izeneko 940002-95120-4819--336109 partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta 1., 2. eta 3. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatu agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan.

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

5. Foru agindu hau Kirol Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Gai Ekonomikoak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko otsailaren 6an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

1.1. Oinarri hauek helburu dute diru-laguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko prozedura ezartzea nazioarteko, Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta beste deialdi batzuetan jaso gabeko lehiaketa ofizialetan 2017ko urriaren 1etik 2018ko irailaren 30era bitartean parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat. Horretarako, eranskineko baldintzak bete behar dituzte eta kreditu erabilgarria egon behar da aurrekontuan.

Modalitatearen egutegia 2018ko irailaren 30aren ondoren bukatzen denean, egun hori arte egiten diren jardunaldi edo lehiaketetarako soilik eska daiteke diru-laguntza. Horren ondoren egiten direnak 2019ko deialdian hartuko dira kontuan, hala balegokie.

1.2. Diru-laguntza horiek emanda, xedea da klub horiei laguntzea nazioarteko, Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketetan parte hartzen dutenean, lehiaketa horietan parte hartzeko joan-etorriek sortzen dituzten gastuak partez ordainduz. Laguntzak onura publikokoak dira, Nafarroako bizilagunen kirol jarduera sustatzen eta zabaltzen laguntzen dutelako.

2. Onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte har dezakete Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribaturik dauden irabazi-asmorik gabeko kirol klubek eta kirol klub filialek, betiere kasuan kasuko Nafarroako kirol federazioei atxikita badaude eta 2018ko urriaren 1etik 2019ko irailaren 30era bitartean parte hartzen badute oinarri hauetako hurrengo klausulan zehazten diren lehiaketetan.

Nafarroan modalitatearen gaineko kirol federaziorik ez bada, klubek dagokion Espainiako federazioarekin tramitatuko dute lizentzia zuzenean edo, bestela, modalitateko beste autonomia erkidego bateko edozein federazioaren bidez.

2.2. Orobat, nazioarteko lehiaketen kasuan, Espainiako Federazioaren edo egoki den nazioarteko federazioaren bidez frogatu behar dute 3.1.d) oinarrian agertzen diren lehiaketetako bat dela.

2.3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden kirol klubak eta kirol klub filialak ezin izanen dira deialdi honen xede diren diru-laguntzen onuradun izan.

2.4. Zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

3. Lehiaketa diruz lagungarriak.

3.1. Deialdi honen ondorioetarako, diruz lagungarriak izanen dira ondoren azaltzen diren lehiaketak:

a) Beste deialdi batzuetan jaso gabeko Espainiako txapelketa ofizialak: Espainiako txapelketak, Erregearen edo Erreginaren kopak, “play-off” gisako partidak, Espainiako kirol federazioek antolatuak, eta Kirolaren Kontseilu Nagusiak antolatzen dituen eskola-umeentzako Espainiako txapelketak, beste deialdi batzuetan jaso gabeak.

b) Sektoreko faseak edo autonomia erkidegoen arteko ligak, a) atalean adierazitako Espainiako lehiaketa ofizialetan sailkatzeko bide badira.

c) Nafarroarekin mugakide diren autonomia erkidegoetako beste lehiaketa arautu batzuk, betiere Espainiako kasuan kasuko federazioaren edo autonomia erkidego horien egutegi ofizialean badaude.

d) Ondoren azaltzen diren nazioarteko lehiaketak, baldin kategoria absolutuak badira eta parte-hartzaileak goi mailako kirolarien zerrendan agertzen badira:

–Munduko edo Europako Txapelketa.

–Munduko edo Europako Kopa.

–Horietarako eta 2020ko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko lehiaketak.

3.2. Ez dira diruz lagungarriak izanen aurreko atalean agertzen ez diren lehiaketak, eta berariaz hauek:

a) Beteranoentzako edo master kategoriako lehiaketak, galarazi gabe kirolari beterano edo master kategoriako bati diruz laguntzen ahal zaiola aurreko atalean agertzen diren lehiaketetan kategoria senior edo absolutuan parte hartzeagatik.

b) 2006. urtean eta hurrengoetan jaiotakoentzako lehiaketak, hau da, eskuarki haur kategoria izena duenetik beheragoko kategoriak.

c) Nafarroan egindako txapelketak.

d) Nazioarteko lehiaketak, adinaren araberako kategorietan.

e) Nazioarteko lehiaketak, Nafarroako edo Espainiako selekzio batean parte hartuz.

f) “Puntuak emate hutseko” nazioarteko lehiaketak, “sailkapen lehiaketak” izan ezean.

3.3. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta espedienteak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

3.4. Nazioarteko lehiaketen kasuan, diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, bakar-bakarrik kontuan hartuko dira inskripzio, joan-etorri eta ostatu eta mantenurako egindako gastuen zenbatekoak, 3. eranskineko mugekin.

4. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

4.1. Deialdi honetarako onetsitako gastua 310.000,00 eurokoa da, eta Nafarroako 2018ko Aurrekontu Orokorretako “Kirol entitateak, hitzarmenak eta laguntzak” izeneko A50002 A5120 4819 336109 partidaren kargura ordainduko da.

2018ko ekitaldian partida horretan dirurik baldin badago, deialdi honetan aurreikusitako gastua handitzen ahalko da 75.000,00 eurotan gehienez.

4.2. Diru-laguntzaren zenbatekoa deialdi honetako 2. eta 3. eranskinetan deskribatu eta garatzen diren aplikazio irizpideei eta modulu aldakorrei jarraituz zehaztuko da, kasuan kasuko lehiaketaren arabera, eta behar adinako kreditu egokia izanez gero.

5. Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epea.

5.1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkezten ahalko dira (Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere.

Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, eskaera eta eranskinak sinatzen dituen pertsonaren edo pertsonen sinadura elektronikoa beharko da.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2018ko urriaren 22an bukatuko.

Txapelketa edo lehiaketa diruz lagungarriak proba, fase edo jardunaldi batzuk baditu (zirkuitu mota), horietarako diru-laguntza eskaera aurkezten ahal da, lehiaketa bukatu ez bada ere.

Modalitatearen egutegia 2018ko irailaren 30aren ondoren bukatzen denean, 2018ko urriaren 1aren aurretik egin edo eginen diren jardunaldi edo lehiaketetarako soilik eska daiteke diru-laguntza. 2018ko irailaren 30aren ondoren egiten diren kirol probak ez dira deialdi honetan sartuko.

5.2. Entitate eskatzaileak jarduera egin baino lehen aurkezten badu diru-laguntzaren eskaera, eskabidea bete beharko du (4A eranskina Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketak badira, edo 5A eranskina nazioarteko lehiaketak badira), zigilatua eta klubeko lehendakariak eta idazkariak sinatua. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan lor daiteke, baita http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Deporte/ web-orrian ere, eta jarraian adierazten diren agiriak erantsiko zaizkio.

a) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ezen ez dela urratzen, onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inolako debekurik.

b) Eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen egiaztagiria. Ez da beharrezkoa izanen dokumentazio hori aurkeztea NKGIri baimena ematen bazaio egiaztapen hori zuzenean egiteko Foru Ogasunean eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

c) Helbide elektroniko bat, nahi bada, horren bidez eskaeraren akatsak zuzendu daitezela eskatzeko, halakorik badago, oinarri hauetako 6. klausularekin bat.

d) Lehiaketaren egutegi ofiziala eta araudia, lehiaketa gauzatzeko federazioak ezarritako zenbatekoak barne (lizentziak, inskripzio-kuotak, arbitrajeak...), Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketak badira.

e) Inskripzioa eta, halakorik bada, ordainketa egin izanaren frogagiria, datu hauek adierazita: klub eskatzaileko kirolari inskribatuen kopurua, lehiaketaren egunak eta tokia eta lehiaketaren maila edo kategoria. Hala ere, zenbait proba dituzten zirkuitu motako lehiaketetan, parte hartzen den proba bakoitzean inskribatu izanaren frogagiria aurkeztuko da.

f) Kasuan kasuko federazioaren bidez emandako lizentzien zerrenda.

g) Diru-laguntza jaso beharreko jardueraren memoria laburra.

h) Laguntza transferentzia bidez kobratzeko eskabidea (laguntza lehenbiziko aldiz eskatzen bada bakarrik).

i) Aurrekoez gain, nazioarteko lehiaketen kasuan, kasuan kasuko federazioaren egiaztagiria, frogatzen duena klub eskatzaileak parte hartzen duen lehiaketa ofiziala dela eta 3.1.d) oinarrian zerrendatzen diren lehiaketetako bat dela.

5.3. Diru-laguntzaren eskaera jarduera egin ondoren aurkezten bada, aurreko atalean adierazten den dokumentazioa eta 9. oinarrian zerrendatzen diren frogagiriak aurkeztu beharko dira.

6. Antolamendua eta instrukzioa.

6.1. Diru-laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko organo eskuduna NKGIko Kirol Zuzendariordetza izanen da.

Eskaerak aurkeztu ahala tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditu nahikoa dagoen bitartean.

Aurkeztutako dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

6.2. Organo horrek ahalmena du klub eskatzaileei eskatzeko aurkeztutako dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitu dezatela.

6.3. Dokumentazioa osatu edo zuzentzeko aurreko lerroaldean ezarri den errekerimendua komunikazio elektronikoaren bidez egiten ahalko da, eskaeran eskatzaileak adierazitako helbide elektronikora bidalita. Errekerimendua modu horretan egiten ahalko da, bakar-bakarrik, eskatzaileak berariaz baimendu baldin badu 4A-4B edo 5A-5B eranskinetako aitorpena sinatuz.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 14. artikuluarekin bat, dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua interesdunari pertsonalki egin zaiola ulertuko da, legezko ondorio guztietarako, noiz eta hark emandako helbide elektronikora bidalitako mezu elektronikoa irekitzen den unean berean.

Mezu elektronikoa irekitzearekin ondorioztatuko da jakinarazitako egintza administratiboaren edukia eskuratu dela eta interesduna dela eduki horretan sartu dena.

Adierazitako helbide elektronikoan jakinarazpena jaso dela jakinda, hamar egun naturaleko epean mezua irekitzen ez bada, jakinarazpenari uko egiten zaiola ulertuko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak hala eskaturik mezuan sartzeko ezintasun tekniko edo materiala dagoela egiaztatzen den kasuetan.

7. Diru-laguntza emateko ebazpena.

7.1. NKGIko zuzendari kudeatzaileak laguntzak ematearen gaineko ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen du, eskaera bakoitza aurkezten denetik aurrera. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Laguntzak onesteko ematen diren ebazpenetan onetsiko da, halaber, laguntzak ordaintzea, betiere eskaerarekin batera 9. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkeztu badira eta 11. oinarrian ezartzen diren gardentasun betebeharrak bete badira.

7.2. Diru-laguntza emateko ebazpena interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio. Ebazpenak diru-laguntzaren onuradunen zerrenda eta ukatutako eskaeren zerrenda, ukoaren arrazoia barne, jasoko ditu. Orobat, ebazpena http://www.navarra.es/home_eu/ web-orrian egonen da ikusgai.

7.3. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura diru-laguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere diru-laguntzarik eskuratzeko.

8. Diru-laguntza ordaintzea.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da diru-laguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta hurrengo oinarrian adierazitako frogagiriak; transferentzia bidez ordainduko da bi hilabeteko epean, kasuan kasuko ebazpena jakinarazten denetik hasita, eta, nolanahi ere, 2018ko abenduaren 31 baino lehen.

9. Frogagiriak eta aurkezteko epea.

9.1. Frogagiriak aurkezteko epearen azken eguna:

a) Jarduera (proba edo lehiaketa) egin aurretik aurkezten diren diru-laguntzaren eskaeren kasuan, betiere jarduera ekainaren 1a baino lehen egiten bada, epearen azken eguna 2018ko ekainaren 20a izanen da.

b) Jarduera (proba edo lehiaketa) egin aurretik aurkezten diren gainerako diru-laguntzaren eskaeren kasuan, betiere jarduera 2018ko urriaren 1a baino lehen egiten bada, epearen azken eguna 2018ko urriaren 22a izanen da.

c) Jarduera egin ondoren aurkezten diren diru-laguntzaren eskaeren kasuan, betiere jarduera 2018ko urriaren 1a baino lehen egiten bada, epearen azken eguna 2018ko urriaren 22a izanen da. Kasu horretan, hurrengo ataletan adierazten diren frogagiriak erantsi beharko zaizkio diru-laguntzaren eskabideari.

9.2. Onuradunak “Justifikazio inprimakia” bete beharko du (4B eranskina Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketak badira, edo 5B eranskina nazioarteko lehiaketak badira), diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariek sinatua. Aipatu web-orrian lor daiteke inprimakia.

9.3. Inprimakiari erantsi beharreko frogagiriak:

a) Lehiaketen akten edo emaitzen fotokopiak, edo sailkapena eta parte hartzen duten kirolarien identitatea jasotzen dituen agiria.

Aktetan lehiaketa baten emaitza guztiak agertzen badira, argi eta garbi nabarmendu beharko dira diru-laguntza eskatzen duen klubeko kirolariak.

Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketen kasuan, kirolariak batera lehiatu badira, adin-taldeka bereiziko dira kategorien sailkapenak.

b) Kasuan kasuko federazioaren bidez emandako lizentzien zerrenda.

c) Egindako jardueraren memoria laburra.

d) Nazioarteko lehiaketen kasuan:

–Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien zerrenda, zenbakiturik, honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa eta kontzeptua.

–Fakturak edo merkataritzako trafikoan froga balio bera duten agiriak, inskripzio, joan-etorri eta ostatuarengatik sortutako gastuei dagozkienak, eta haien ordainagiriak.

–Jarduera dela eta, edozein Administrazio Publikok, entitate pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakituta eta xehakatuta.

–Aurreko guztiaren fotokopiak, jatorrizko agirien hurrenkera berean erantsiak.

10. Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean diru-laguntza jasotzen duten klubek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzak adierazten diren xedeetarako erabili, helburuak betetzen dituztela agiri bidez frogatu, eta NKGIk egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.

b) Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluen arabera.

c) Zuzeneko eta zeharkako diru-sarrera guzti-guztiak adierazi beharko dituzte, jaso dituztenak eta jasotzeke daudenak, eta beste klub batzuekin egin dituzten joan-etorri guztiak azaldu. Jakinarazpen hori ahal bezain laster eginen da eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

Ematen den diru-laguntza bateragarria izanen da Administrazio berak, beste Administrazio Publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, naziokoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin. Laguntza hauen zenbatekoak, eta jardueraren ondoriozko beste diru-sarrera batzuek, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen dute behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

d) Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dela adieraztea jardueren gaineko edonolako publizitatean, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak adierazten duen irudi korporatiboa jarriz.

e) Hizkuntza berdinzalea erabiltzea komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro saihestea eta berdintasunari, aniztasunari, eginkizunen pluraltasunari eta ardurakidetzari lotutako baloreak sustatzea.

f) Pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko, kirol klubek euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatuko dute komunikazio guztietan: paperak, inskripzio-orriak, kartelak, zabalkunderako bitartekoak, megafonia eta publizitateko logotipoak.

g) Erraztasunak ematea NGKIri diruz lagundutako lehiaketaren gainean dagozkion kontrol lanak egin ditzan, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen ote den egiaztatzeko.

h) Egiaztatu eta kontrolatzeko ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko, kontabilitate-liburuak, erregistro diligentziatuak eta bestelako agiriak eduki eta mantendu beharko dira, behar bezala auditatuak, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

11. Gardentasun betebeharrak.

11.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, entitate onuradunek gardentasun betebeharrak izanen dituzte, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren bidez arautuak (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen foru dekretua). Urtean 20.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten entitate onuradunek, onetsitako laguntza beren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa bada, honako informazio hau eman beharko diote Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari:

a) Entitateen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Entitate onuradunen legezko ordezkariek sinatu beharko dute aipatutako informazioa.

11.2. Entitate onuradunak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

11.3. Atal honetan aipatzen den informazioa diru-laguntza onesteko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendua.

11.4. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa ez aurkezteak onetsitako diru-laguntza ez ordaintzea ekarriko du berekin, eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11.5. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datu pertsonalak jakinarazteko ez da beharrekoa izanen interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.

11.6. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

12. Ez-betetzeak.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki betebeharren atalean ezarritakoa, datu faltsuak ematen badira edo diru-laguntzaren xedea NKGIren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako diru-laguntzaren eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

13. Errekurtsoak.

13.1. Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

13.2. Orobat, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ezartzen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

14. Legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA

Modulu aldagarriak kalkulatzeko metodoa Espainiako
eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketetan

Aplikatzeko irizpideak

Kontuan harturik deialdi honen 1. eranskineko 3. oinarri arautzailean deskribatutakoa, hau da, jarduera diruz lagungarrien sailkapena, eranskin honetako Modulu Aldagarrien arabera kalkulatuko da diru-laguntza Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketetan parte hartzeagatik, behar den eskaera aurkeztu ondoren, “4A edo 4B ERANSKINA” inprimakia horretarako betez.

Lehiaketetarako modulu aldakorra

Oro har, ondotik zehazten den modulu aldakorra aplikatuko da, Nafarroatik kanpo joatea ekartzen duen kirol lehiaketa bakoitza bereizita.

1.–Kontuan hartu beharrekoak.

Diru-laguntza kalkulatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Joan-etorrietako distantzia. Hiru distantzia mota bereizten dira:

–Laburrak: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Burgos, Zaragoza, Huesca, Logroño, Soria eta antzeko distantziara dauden beste herri batzuk.

–Ertainak: Albacete, Ávila, Bartzelona, Castelló, Ciudad Real, Cuenca, Girona, Guadalajara, Lleida, León, Madril, Oviedo, Palentzia, Salamanca, Santander, Segovia, Tarragona, Teruel, Toledo, Valentzia, Valladolid, Zamora eta antzeko distantziara dauden beste herri batzuk.

–Luzeak: Alacant, Almería, Badajoz, Balearrak, Cáceres, Cádiz, Ceuta, Kordoba, Granada, Huelva, Jaén, A Coruña, Las Palmas, Lugo, Málaga, Murtzia, Ourense, Pontevedra, Santa Cruz Tenerifekoa, Sevilla eta antzeko distantziara dauden beste herri batzuk.

b) Parte-hartzaileen kopurua. Modulua aplikatzeko, honela finkatu da kirolaren eta parte-hartzaile kopuruaren arteko erlazioa:

Banakako kirolak:

Zenbat probatan parte hartzen den, horren arabera justifikatuko da parte-hartzaileen kopurua.

4 kirolari edo gutxiago joaten diren kasuetan, laguntzaile bat joanen dela hartuko da kontuan; 4 baino gehiago badira, bi laguntzaile hartuko dira kontuan. Zerrendan ez dauden kiroletan, dagokion aktan inskribatutako pertsonen arabera erabakiko da kirolari kopurua.

–Automobilismoa eta motoziklismoa: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: pilotu bat, teknikari bat eta ibilgailu bat.

–Ziklismoa: 8 ziklistak baino gutxiagok parte hartzen duten joan-etorrietan, bi laguntzaile hartuko dira kontuan. 8 ziklista edo gehiago badira, hiru hartuko dira kontuan. Gainera, proba osatzen duten etapetako bakoitzean egindako kilometrajea hartuko da kontuan.

–Aire kirolak: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: pilotua(k), teknikari bat eta ibilgailu bat. Gainera, proba osatzen duten etapetako bakoitzean egindako kilometrajea hartuko da kontuan.

–Kirol egokituak: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: parte hartzen duten kirolariak eta lehiaketan parte hartzeko behar diren langile laguntzaileak.

–Hipika/Horseball-a: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: zaldizko bat, zaldi bat eta laguntzaile/prestatzaile bat. Taldeen kasuan, honela kalkulatuko da: jokalarien kopurua bider bi, gehi laguntzaile/prestatzaile bat.

–Mushing-a: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: musher bat eta lera bat, eta beste unitate bat hartuko da kontuan parte hartzen duten lau txakurreko.

–Piraguismoa, arrauna eta bela: joan-etorri bakoitzerako, 4 arraunlariko (edo gutxiagoko), teknikari bat eta ibilgailu bat hartuko dira kontuan (hiru teknikari gehienez ere).

–Triatloia: joan-etorri bakoitzerako, 4 triatletako (edo gutxiagoko), teknikari bat eta ibilgailu bat hartuko dira kontuan (hiru teknikari gehienez ere).

Taldeko kirolak:

–Badmintona: 8 parte-hartzaile.

–Saskibaloia: 14 parte-hartzaile.

–Eskubaloia: 18 parte-hartzaile.

–Beisbola: 20 parte-hartzaile.

–Futbola: 18 parte-hartzaile.

–Areto-futbola: 14 parte-hartzaile.

–Patin-hockeya: 12 parte-hartzaile.

–Izotz-hockeya: 15 parte-hartzaile.

–Pilota (zesta punta): 4 parte-hartzaile.

–Pilota (erreminta): 6 parte-hartzaile.

–Esku pilota: 5 parte-hartzaile.

–Errugbia: 24 parte-hartzaile.

–Mahai-tenisa: 4 parte-hartzaile.

–Boleibola: 13 parte-hartzaile.

–Waterpoloa: 15 parte-hartzaile.

Taldeen atal honetan jasotako parte-hartzaile kopuruaren balorazioa handitzen ahalko da kontzentrazio sistemaren bidez egiten diren lehiaketetan, segun eta lehiaketa horretan zenbat parte-hartzaile onartu diren, federazioaren araudiaren arabera.

2.–Puntuazioak.

Eskaera bakoitzari puntu kopuru jakin bat dagokio (ondotik adierazten den moduan).

A) Mantenuaren puntuazioa.

Bazkari edo afari bakoitzeko 2.000 puntu emanen dira.

Pertsona bakoitzaren mantenu kopurua kalkulatzeko, kontuan hartuko dira joan-etorrien distantziak, honela:

–Laburrak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, ken 1.

–Ertainak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, gehi 1.

–Luzeak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, gehi 3.

Mantenuen guztirako puntuazioa kalkulatzeko, eragiketa hau eginen da: pertsona bakoitzaren mantenu kopurua bider kalkulatzen diren parte-hartzaileen kopurua, 1.b atalaren arabera.

Ostatu-gauen puntuazioa:

Ostatu-gau bakoitzeko (gosaria barne) 6.000 puntu emanen dira.

Pertsona bakoitzaren ostatu-gauen kopurua kalkulatzeko, kontuan hartuko dira joan-etorrien distantziak, honela:

–Laburrak: lehiaketa egunen kopurua ken 1.

–Ertainak: lehiaketa egunen kopurua.

–Luzeak: lehiaketa egunen kopurua gehi 1.

Ostatu-gauen guztirako puntuazioa kalkulatzeko, eragiketa hau eginen da: pertsona bakoitzaren ostatu-gauen kopurua bider kalkulatzen diren parte-hartzaileen kopurua, 1.b atalaren arabera.

B) Joan-etorrien puntuak.

Joan-etorrien gastuen kalkuluan, klubaren egoitzaren herritik lehiaketa egiten den herrirainoko joana eta itzulia hartuko dira kontuan. Honela kalkulatuko da joan-etorri bakoitzaren puntu kopurua:

–Autobusetan egindako joan-etorriak: puntu kopuru osoa = kilometro kopurua bider 146, gehi 9.000 puntu autobusa gelditzen den egun bakoitzeko. Prozedura hori 12 lagunetik gorako bidaietan aplikatuko da.

–Auto partikularretan/trenetan egindako joan-etorriak: puntu kopuru osoa = autoen kopurua bider egindako kilometroak eta bider 29, auto bakoitzeko 4 parte-hartzaile izanik. Prozedura hori 12 lagun arteko bidaietan aplikatuko da. Joan-etorria trenez egiten bada, automobilezko joan-etorriaren formula bera erabiliko da.

–Hegazkinez egindako joan-etorriak: Kanarietako joan-etorrietarako, Iruña-Kanariak hegazkineko bidaia hartuko da kontuan, eta 45.000 puntu emanen dira pertsona bakoitzeko. Balearretara joateko eta penintsulan barna hegazkinez bidaiatzeko, 30.000 puntu emanen dira pertsona bakoitzeko.

3.–Emanen diren diru-laguntzak.

Diru-laguntza kalkulatzeko, mantenuaren, ostatu-gauaren eta joan-etorrien puntuazioa batuko da, eta gero, emaitza zuzenketa-indizearekin eta puntuaren balioarekin biderkatuko da. Hau da, [(A+B+C) x E x VP]. Argigarriak:

–A = mantenuaren puntuak.

–B = ostatu-gauen puntuak.

–C = joan-etorrien puntuak.

–VP = puntuaren balioa: 0,0017299717.

–E = lehiaketaren maila-kategoria bakoitzaren zuzenketa-indizea.

  • E=2:

Espainiako lehen mailako lehiaketa kategoria absolutuan, gazteen ohorezko mailan eta Kirolaren Kontseilu Nagusiak antolatzen dituen eskola-umeentzako Espainiako txapelketetan.

  • E=1,60:

kategoria absolutuko lehiaketa nazionalaren bigarren maila.

  • E=1,40:

kategoria absolutuko lehiaketa nazionalaren hirugarren maila.

  • E=1,20:

lehiaketa nazionalen beste maila batzuk, edo autonomia erkidegoen arteko ligak, kategoria absolutuko lehiaketa nazionaletara sailkatzeko balio dutenak, eta Espainiako txapelketetako beste final edo liga batzuk, azpiko kategorietan.

  • E=1:

finalen aurreko sektore faseak azpiko kategorietako txapelketetan, eta autonomia erkidegoen arteko edo Nafarroarekin mugakide diren autonomia erkidegoetako beste liga edo lehiaketa batzuk, betiere Espainiako kasuan kasuko federazioaren edo autonomia erkidego horien egutegi ofizialean badaude.

3. ERANSKINA

Nazioarteko lehiaketetarako diru-laguntza kalkulatzeko metodoa

Aplikatzeko irizpideak

Kontuan harturik deialdi honen 1. eranskineko 3. oinarri arautzailean deskribatutakoa, hau da, nazioarteko lehiaketa diruz lagungarrien sailkapena, eranskin honetako irizpideen arabera kalkulatuko da diru-laguntza, behar den eskaera aurkeztu ondoren, “5A-5B ERANSKINA” inprimakia horretarako betez.

Oro har, eskaera bakoitzean banaka ebaluatuko dira hartan zerrendatutako kirol lehiaketak, Nafarroatik atera beharra eskatu dutenak.

Kasu guztietan, kategoria absolutuetakoak izan behar dute diruz lagundu beharreko nazioarteko lehiaketek.

Honako hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:

a) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren beste deialdi batzuetan jasota dauden lehiaketak.

b) Nazioarteko lehiaketak, Nafarroako edo Espainiako selekzio batean parte hartuz.

c) Adin-kategorien araberako lehiaketak: gazteena, junior...

d) “Puntuak emate hutseko” nazioarteko lehiaketak, “sailkapen lehiaketak” izan ezean.

Lehiaketen mailak

a) 1. mailakotzat hartuko da Munduko edo Europako Txapelketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako Kopa batean, edo Europako lehiaketa batean, Espainiako liga edo kopa txapelketetako sailkapenaren bidez, betiere modalitate olinpikoak badira.

b) 2. mailakotzat hartuko da Munduko edo Europako Txapelketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako Kopa batean, betiere modalitate olinpikoak ez badira.

c) 3. mailakotzat hartuko da Munduko edo Europako Txapelketa baterako sailkatzeko lehiaketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako Kopa baterako, betiere modalitate olinpikoak badira. Eta lehiaketak “faseka” egiten dituztenak.

d) 4. mailakotzat hartuko da Munduko edo Europako Txapelketa baterako sailkatzeko lehiaketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako Kopa baterako, betiere modalitate olinpikoak ez badira. Eta lehiaketak “faseka” egiten dituztenak.

“Puntuak emate hutseko” lehiaketak ez dira “sailkapen lehiaketa”ren parekoak.

Diru-laguntzaren kalkulua

Ordaindu beharreko diru-laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da, lehenik, dagokion koefizientea, segun eta diruz lagunduko den jarduera zer lehiaketa mailatakoa den. Honela:

–Lehiaketako 1. maila = 1,00.

–Lehiaketako 2. maila = 0,70.

–Lehiaketako 3. maila = 0,50.

–Lehiaketako 4. maila = 0,30.

Gehienez ere diru-laguntza hauek emanen dira:

a) Banaka parte hartzeko kiroletan: 200 euro bider kirolari kopurua, bider lehiaketa egunak eta bider egoki den maila. Gehieneko zenbatekoa: 1.000 euro lehiaketa/joan-etorri eta kirolari bakoitzeko.

Kirol egokituei dagokienez, kontuan hartuko dira lehiaketan parte hartzeko behar diren langile laguntzaileak.

b) Taldekako kiroletan: 200 euro bider kirolari kopurua, bider lehiaketa egunak eta bider egoki den maila. Gehieneko zenbatekoa: 3.000 euro lehiaketa/joan-etorri eta kirolari bakoitzeko; edo 4.000 euro, gutxienez 15 kirolarik parte hartzen badute.

Kirolariak edo taldeak lehiaketako zenbat egunetan parte hartu duen zehazteko, kontuan hartuko da aktetan edo lehiaketako emaitzetan azaltzen dena.

Hala ere, azkenean ordaindu beharreko kopuruak ezin du egindako eta frogatutako gastua gainditu (inskripzioari, joan-etorriei eta ostatu eta mantenuari dagokiena baizik ez da kontuan hartuko).

Iragarkiaren kodea: F1801759