34. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

JURRAMENDIKO MANKOMUNITATEA

Aldaketa, Hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantzaren testu bateginean. Behin betiko onespena

Jurramendiko Mankomunitateak, 2017ko azaroaren 24ko batzar orokor arruntean, besteak beste, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantzaren testu bateginean.

Erabaki hori 2017ko 241. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 19an. Jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean entitatearen Idazkaritzan, eta inork ez du erreklamaziorik aurkeztu. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoaren arabera, aldaketa hori behin betiko onetsirik gelditu da eta bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lizarran, 2018ko otsailaren 2an.–Mankomunitateko burua, M.ª Victoria Sevilla Marzo.

HONDAKINEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAREN TESTU BATEGINA

Testu berri hau dute hurrengo artikuluek:

43. artikulua. Zehapenak. Zehapenak aplikatzerakoan kontuan hartuko dira erruduntasun maila, zer nolako falta den, arau-hausteak dakarren arriskua, berrerortzea eta gainerako inguruabar aringarriak edo astungarriak.

Honako zehapen hauek aplikatuko dira: 750 euro bitarte arau-hauste arinetarako, 751 eurotik 1.500 euro bitarte arau-hauste larrietarako eta 1.501 eurotik 3.000 euro bitarte arau-hauste oso larrietarako, edo bestela legeria orokorrak alkateei esleitzen dien gehiena.

Hori guztia ukatu gabe, arau-hausleek beren gain hartuko dituzte beren egintzen ondoriozko kostuak, eta beharturik egongo dira arau-haustea egin baino lehenago zegoen egoera lehengoratzera.

Zehapena %25eko murrizketarekin ordaintzen ahal da behar den zenbatekoaren gainean aplikatuta, betiere ebazpena eman aurretik ordainketa borondatez egiten bada. Era berean, %25eko murrizketa aplikatzen ahalko da arau-hausleak bere erantzukizuna onartzen badu, eta bi murrizketak metatzen ahalko dira.

44. artikulua. Zehapen-prozedura. Zehapen-prozedura legeria orokorrean ezarritakoari lotuko zaio: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

Bereziki aplikatuko dira arau horietan ezarritako preskripzio epeak.

Iragarkiaren kodea: L1801519