34. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an hartua, Nafarroako Klima-aldaketaren Ibilbide-orria onesten duena.

Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 27an hartutako erabakiaren bidez, klima-aldaketari buruzko Nafarroako ibilbide-orria prestatzeko lanei hasiera eman zitzaien.

Horretarako, departamentuarteko batzorde bat eratu zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu guztien ordezkariak zituena eta aurretik aipatutako Nafarroako Gobernuaren erabakiaren II. eranskinean aurreikusitako osaera zuena. Batzorde horri esleitu zitzaion Nafarroako Klima-aldaketaren Ibilbide-orria prestatu eta abiarazteko zeregina.

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren erabakiaren I. eranskinean zehaztu egin ziren zein ziren Nafarroako Klima-aldaketaren Ibilbide-orria prestatze aldera egin beharreko lanak; lau faseko plangintza egin zen, eta fase bakoitzean gauzatu beharreko ekintzak identifikatu ziren.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak txosten bidez adierazi duenez, Nafarroako Klima-aldaketaren Ibilbide-orria prestatzeko aurreikusitako lau faseak garatu dira. Nafarroako Gobernuak erabakitakoari jarraikiz, honakoa egin da: Nafarroako Gobernuko departamentuen barne dinamizaziorako ekintzak (1. fasea), 2020-2030-2050 urteetarako proiekzioak prestatzea (2. fasea), parte-hartze publikorako prozesua ezartzea (3. fasea) eta xede horretarako eratutako departamentuarteko batzordeak Klima-aldaketaren Ibilbide-orria idaztea (4. fasea).

Hori horrela izanik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 27an hartutako erabakian xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da Nafarroako Gobernuari prestatutako dokumentua igortzea hark onets dezan.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Klima-aldaketaren Ibilbide-orria onestea. Erabaki honen eranskin gisa sartu da.

2. Administrazioak eta eragile ekonomiko eta sozialek garatu beharreko programa eta jarduketei dagokienez dokumentuak duen izaera koordinatzailea aintzat hartuta, urtero eginen da programa eta jarduketa horien kuantifikazio ekonomikoa, Gobernuaren aurreikuspen ekonomikoetan sartu aurretik.

3. Nafarroako Gobernuko departamentuei igortzea erabaki hau eta eranskina, barnean sartuta horiekin batera doazen eranskin tekniko guztiak.

4. Nafarroako Parlamentuari jakinaraztea erabaki hau eta eranskina, barnean sartuta horiekin batera doazen eranskin tekniko guztiak, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6. Onetsitako dokumentua Nafarroako Gobernuaren Gardentasunaren Atarian kontsultatzen ahal da, gobernu ekintzaren atalean.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

ERANSKINAK

Klima-aldaketaren Ibilbide-orria (PDFa).

–Eranskin teknikoak (PDFn):

Zeharkako neurriak.

 [1. orrialdetik 30.era]

Isurtzeen proiekzioak.

 [31. orrialdetik 74.era]

Arintzeko neurriak.

 [75. orrialdetik 142.era]

Egokitzapen neurriak.

 [143. orrialdetik 274.era]

Iragarkiaren kodea: F1801289