29. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FALTZES

Baimenak emateko, eta ingurumena babestearen eta jarduera kaltegabeen alorrean kontroleko administrazio jarduerak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Faltsezko Udalak, 2017ko azaroaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Baimenak emateko, eta ingurumena babestearen eta jarduera kaltegabeen alorrean kontroleko administrazio jarduerak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Iragarkia 2017ko 236. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 12an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Faltzesen, 2018ko urtarrilaren 26an.–Alkate udalburua, Valentín García Olcoz.

BAIMENAK EMATEKO, ETA INGURUMENA BABESTEAREN ETA JARDUERA KALTEGABEEN ALORREAN KONTROLEKO ADMINISTRAZIO JARDUERA ADMINISTRATIBOAK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

oinarriak

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zerga-egitatea

2. artikulua.

Zerga-egitatea da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen ondorioz jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar duten instalazio eta jardueren ezarpenari, ustiapenari, lekuz aldatzeari, nabarmen aldatzeari, berriz irekitzeari eta abian jartzeari dagozkien zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea, baita, jarduera kaltegabeen kasuan, udal lizentzia behar dutenei dagozkienak ere; orobat, lizentziaren ordez aurretiazko komunikazioa edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar denetan egiten diren kontrol jarduera administratiboak, eta zehatz-mehatz:

a) Jarduera-lizentzia.

b) Irekitzeko lizentzia.

c) Irekitzeko lizentziaren aldaketa.

d) Instalazio eta lokalak berriz irekitzeko baimena.

e) Jarduera hasitakoan edo irekitakoan kontrolak egitea, lizentziaren ordez erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu behar bada.

Ordaindu beharra

3. artikulua.

Tasa sortuko da lizentzia eskatzen denean edo, kasua bada, aurretiazko komunikazioa edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten denean. Lizentzien eskatzaileek beren eskabideari uko egiten ahalko diote, Udalari ukoa idatziz aurkeztuz gero. Udalak lizentzia emateko erabakia hartu baino lehen egiten bada uko, emandakoan legokiokeen tasaren %50 ordaindu beharko da. Lizentzia eman eta gero egiten bada uko, tasa osorik ordaindu beharko da.

Subjektu pasiboa

4. artikulua.

Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaindu behar dituzte pertsona fisiko eta juridikoek, baita, nortasun juridikorik ez izan arren, batasun ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateek ere, baldin haien izenean lizentzia eman, aldatu edo berraztertzen edo eskualdatzen bada, edo haien izenean aurkezten bada aurretiazko komunikazioa edo erantzukizunpeko adierazpena.

Tarifak

5. artikulua.

Ordenantza honen eranskinean jaso dira aplikatuko diren tarifak.

Kudeatzeko arauak

6. artikulua.

Jarduera baterako baimena erdietsi edo jarduera abiarazi nahi dutenek Herriko Etxean aurkeztuko dute behar den lizentzia eskabidea, aurretiazko komunikazioa edo erantzukizunpeko adierazpena, lokalean egin beharreko jarduera edo jarduerak eta lokalaren kokapena zehazten dituztela, dagozkien udal ordenantzek edo udal zerbitzu teknikoek eskatutako dokumentazioarekin batera.

7. artikulua.

Udal administrazioak likidatuko du tasa. Interesdunak zenbateko bat ordaindu beharko du borondatezko kobrantza aldiaren barrenean, jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera; bestela, inolako gaztigurik gabe, premiamendu bidez kobratuko da.

8. artikulua.

Titulartasuna aldatu edo jardueraren eskualdaketa gertatzen denean, lizentziaren titular berriak Udalari jakinaraziko dio, eta horretarako behar diren egiaztagiriak aurkeztuko ditu. Titular berriaren aldeko lizentzia frogatzen duen titulua eskuratze aldera, dagokion tasa kobratuko zaio.

9. artikulua.

Lizentzia iraungiz gero, jardueran aritu nahi duten interesdunek lizentzia berria eskatu beharko dute, eta dagokion tasa ordaindu.

Arau-hausteak

10. artikulua.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, ordenantza fiskal orokorrean xedatuari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

TARIFEN ERANSKINA

–Jarduera sailkatuen espedienteen tramitazioa: 100 euro (tarifa horiei kanpoko txosten teknikoen kostua erantsiko zaie).

–Irekitzeko lizentzia, irekitzeko lizentziaren aldaketa, irekitakoan kontrolak egitea, lizentziaren ordez erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu behar bada, bai eta jarduera kaltegabea irekitzeko lizentzia ere: 100 euro (tarifa horiei kanpoko txosten teknikoen kostua erantsiko zaie).

–Lizentzia eskualdatu izanaren frogagiria egitea: 10 euro.

Iragarkiaren kodea: L1801215