29. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FALTZES

Ordenantza fiskala, Lizentziak emateko, hirigintzaren arloan kontroleko administrazio jarduerak egiteko, planeamendu orokorreko eta garapeneko tresnak nahiz kudeaketa eta urbanizazio tresnak tramitatzeko tasak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Faltsezko Udalak, 2017ko azaroaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lizentziak emateko, hirigintzaren arloan kontroleko administrazio jarduerak egiteko, planeamendu orokorreko eta garapeneko tresnak nahiz kudeaketa eta urbanizazio tresnak tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Iragarkia 2017ko 236. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 12an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Faltzesen, 2018ko urtarrilaren 26an.–Alkate udalburua, Valentín García Olcoz.

ORDENANTZA FISKALA, LIZENTZIAK EMATEKO, HIRIGINTZAREN ARLOAN KONTROLEKO ADMINISTRAZIO JARDUERAK EGITEKO, PLANEAMENDU OROKORREKO ETA GARAPENEKO TRESNAK NAHIZ KUDEAKETA ETA URBANIZAZIO TRESNAK TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zerga-egitatea

2. artikulua.

Hirigintzako jarduketei dagozkien zerbitzu tekniko eta administratiboak ematean datza zerga-egitatea, etxegintzaren eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak egokitu ahal izateko indarra duten hirigintza eta eraikuntza arauei.

Zerga-egitatea da, halaber, kasuan kasuko udal jarduera teknikoa edo administratiboa, subjektu pasiboari era berezian ukipena edo onura egiten diona eta beharrezkoa dena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legean planeamendu orokorrari eta garapenari eta kudeaketari eta urbanizazioari dagokienez aurreikusitako tresnak tramitatzeko.

3. artikulua.

Tasa eskatzen duten hirigintzako jarduketek aurretiazko lizentziaren mendeko egintzak dituzte xede, edo ondoko kontrolaren mendekoak, lizentzia eskatu beharrean aurretiazko komunikazioa edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar denetan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluan xedatuarekin bat.

Ordaindu beharra

4. artikulua.

1) Honako hauek daude salbuetsita tasak ordaintzetik obren lizentzia emateagatik edo erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren mendeko obrak egindakoan kontrolatzeagatik:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta bere helburuak betetzeko sortzen dituen entitate juridikoak.

b) Udalerrien mankomunitateak eta batasunak, betiere Faltsezko Udala kide bada, bai eta helburuak betetzeko sortzen dituzten entitate juridikoak ere.

2) Tasa hauek direla medio Telefónica de España SAU enpresari egokitu lekiokeen ordainketa dirutan egin beharreko urteko ordainaz ordezkatzen da, Nafarroako Foru Erkidegoan Espainiako Telefono Konpainia Nazionalak behar duen tributu araubidea ezarri zuen abenduaren 29ko 11/1987 Foru Legeak xedatuarekin bat.

5. artikulua.

Tasa sortuko da lizentzia eskatzen denean edo, kasua bada, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean. Planeamendu orokorreko eta garapeneko baliabideak eta kudeatu eta urbanizatzeko baliabideak tramitatzeko tasa espedientearen hasierako onespenarekin sortuko da.

Lizentzien eskatzaileek beren eskabideari uko egiten ahalko diote, Udalari ukoa idatziz aurkeztuz gero. Udalak lizentzia emateko erabakia hartu baino lehen egiten bada uko, emandakoan legokiokeen tasaren %50 ordaindu beharko da. Lizentzia eman eta gero egiten bada uko, tasak osorik ordaindu beharko dira.

Lizentzia eskatu beharrean aurretiazko komunikazioa edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar denetan ez da ordaindu beharrik izanen baldin jarduera hasteari uko egiten zaiola adierazten bada jardueraren geroko kontrolaren gaineko udal ebazpena eman aurretik.

Subjektu pasiboa

6. artikulua.

Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomiko edo ondare berezia diren entitateak, baldin eta hirigintzako jarduketa bat egitea eskatu, aitortu edo adierazten badute edo egindako hirigintzako jarduketengatik edo emandako lizentziengatik eragina edo onura hartzen badute.

Eraikitzaileak eta obra kontratistak zergadunaren ordezkoak izanen dira, lurzoruari eta hiri antolamenduari buruzko araudian aurreikusitako hirigintzako lizentziak emateko ezarri diren tasetan.

Tarifak eta karga-tasak

7. artikulua.

Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Kudeatzeko arauak

8. artikulua.

Zerga arloko administrazioak eginen du behin-behineko likidazioa.

9. artikulua.

1) Tasak tarifa finkoak ez badira, interesdunek aurkezten duten aurrekontuaren arabera zehaztuko da hasierako likidazioa, betiere dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsi badu, hura nahitaezko baldintza denean. Bestelakoetan, udal teknikariek zehaztuko dute zerga-oinarria, proiektuaren kostu zenbatetsian oinarrituta.

2) Eraikuntza, instalazioa edo obra egiteko proiektua aldatzen bada, eta horren aurrekontuak goiti egiten badu, behin Udal Administrazioak aldaketa onartu eta gero, zergaren likidazio osagarri bat onetsiko da, hasierako aurrekontuaren eta aldatuaren arteko aldea dela eta.

10. artikulua.

Behin eraikuntzak, instalazioak eta obrak bururatu eta egiazki egin direnak ikusita, gehienez ere hiru hilabeteko epean haien amaiera edo behin-behineko onarpenetik aitzina, tributudunak deklarazio bat aurkeztuko du inguruabar hori azalduz eta eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren benetako eta egiazko kostua adieraziz, eta, deklarazioarekin batera, obraren zuzendari eskudunak haren gainean emandako egiaztagiria, betiere dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsia, eta, halakorik behar izatera, kostu hori egiaztatzeko fakturak edo bestelako agiriak. Irekitzeko lizentziarik, erabilera aldatzekorik, lehen erabilerakorik edo beste zenbait lizentzia bideratu behar izanez gero, agiri horiek kasuan kasuko lizentziarako eskaerarekin batera aurkezten ahalko dira.

Behin benetako kostua ezagututa, eta administrazioak egitekoa den egiaztapena eginik, tributu arloko administrazioak behin betiko likidazioa eginen du, dagoen diferentzia positibo edo negatiboaren gainean, halako eran non, behar izatera, subjektu pasiboari behar den kopurua galdatu edo itzuliko baitzaio.

Arau-hauste eta zehapenak

11. artikulua.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, ordenantza fiskal orokorrean xedatuari jarraituko zaio.

Azken xedapena

Ordenantza honek indarra hartuko du testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

TARIFEN ERANSKINA

–Plan partzialak onetsi edo aldatzeko tramitazioa, hirigintzako proiektuak, hirigintzako jarduerako plan bereziak, xehetasun-azterketak, lurzatien zatiketak eta birzatiketak, konpentsazio batzordeak, hirigintza hitzarmenak: 200 euro (tarifa horiei kanpoko txosten teknikoen eta prentsako iragarkien kostua erantsiko zaie).

–Banantzeko lizentziak ematea edo higiezinen zatiketa baimentzea: 20,00 euro (tarifa horiei kanpoko txosten teknikoen eta prentsako iragarkien kostua erantsiko zaie).

–Obra lizentziak, tramitazio laburrekoak: 20,00 euro (tarifa horiei kanpoko txosten teknikoen eta prentsako iragarkien kostua erantsiko zaie).

–Aurrekoetan sartzen ez diren obra lizentziak ematea. 20,00 euro (tarifa horiei kanpoko txosten teknikoen eta prentsako iragarkien kostua erantsiko zaie).

–Obrak egindakoan kontrola egiteagatik, lizentziaren ordez aurretiazko komunikazioa edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar denetan: 20,00 euro (tarifa horiei kanpoko txosten teknikoen eta prentsako iragarkien kostua erantsiko zaie).

–Udal zerbitzuen hirigintzako txostenak, alderdi batek eskaturik: 20,00 euro (tarifa horiei kanpoko txosten teknikoen eta prentsako iragarkien kostua erantsiko zaie).

–Eraikinak lehen aldiz okupatzeko lizentziak ematea: 20,00 euro (tarifa horiei kanpoko txosten teknikoen eta prentsako iragarkien kostua erantsiko zaie).

–Hirigintzako bestelako espedienteak: 200 euro (tarifa horiei kanpoko txosten teknikoen eta prentsako iragarkien kostua erantsiko zaie).

Iragarkiaren kodea: L1801214