29. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

KASEDA

Ordenantza, diru-laguntzak eta laguntzak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Kasedako Udalak, 2017ko urriaren 19an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Kasedako Udalaren diru-laguntzak eta laguntzak arautzen dituen ordenantza. Hura 2017ko 210. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 31n.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantza behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Kasedan, 2018ko urtarrilaren 2an.–Alkatea, Jesús Esparza Iriarte.

DIRU-LAGUNTZAK ETA LAGUNTZAK ARAUTZEN
DITUEN ORDENANTZA

Diru-laguntzak emanez Udalak sortzen duen suspertzea oso garrantzitsua da ekonomiaren ikuspuntutik, baita diruz lagundutako ekintzen eta proiektuen ondorio sozialen ikuspuntutik ere. Kasedako Udalak badaki egiten diren jarduerek balio erantsi handia dutela udalerriarentzat, hala zuzeneko egile eta bultzatzaileentzat nola jardueren onuradunentzat. Horregatik, gero eta partida handiagoak ematen ditu elkarteen lana errazteko eta, aldi berean, esker ona eta beren jardueraren gizarte-balioa agertzeko.

Publikotasuna, tratu berdintasuna eta kongruentzia dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak, Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez laguntza ekonomikoak ematea eta sustatzea arautzen dituenean.

Toki entitateek ematen dituzten diru-laguntzen esparru juridiko orokorra ezarrita dago, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan.

Xedapen horiek betetzeko, ezinbestekoa da udal arau batzuk jartzea, diru-laguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraituko zaio, nahitaez bete beharrekoa baita, eta, bestetik, udalerriaren aipatu errealitate berriari.

Horrenbestez, aipatu eremuetan egiten den jarduera guztira iritsi nahi du Udalaren ordenantza honek, eta Administrazioaren jarduera guztietan agintzen duten printzipio orokorretan oinarritzen da. Printzipio horietako batzuk dira objektibotasuna eta efizientzia, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3. artikuluan aipatuak; orobat, diru-laguntzen esparruari dagokionez, berdintasunaren, publikotasunaren eta bat etortzearen printzipio arestian aipatuak, gardentasunaren eta objektibotasunaren printzipioekin batera.

1. artikulua. Araudi aplikagarria.

Ordenantza honen helburua da Kasedako Udalak ematen dituen diru-laguntzen araubide juridiko orokorra arautzea; hura lotu beharko zaie Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta Diru-laguntzen gaineko Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren aginduei.

2. artikulua. Diru-laguntzen xedea.

Hona zer jotzen den diru-laguntzatzat: Kasedako Udalak emandako dirua, ordenantza honen arabera diru-laguntzak eskuratzen ahal dituzten pertsonen alde, betiere honako inguruabar hauek betez gero:

a) Dirua onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe ematea.

b) Dirua emateko baldintza izatea xede jakin bat bete dadila, edo proiekturen bat gauzatu, jardueraren bat egin nahiz jokabide berezia har dadila (xede horiek jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo inguruabar jakin batzuk gertatzea; eta onuradunari betebehar material eta formal batzuk ezartzea.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak xede izan dezala onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat sustatzea edo xede publikoren bat sustatzea.

3. artikulua. Printzipio orokorrak.

Diru-laguntzen kudeaketa printzipio hauen arabera egin beharko da: berdintasuna, bazterkeria eza, publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, eraginkortasuna eta eragimena.

4. artikulua. Onuradunak.

1. Diru-laguntzen onuraduntzat joko da diru-laguntza ematea zertan oinarritu den, jarduera horixe gauzatuko duen pertsona, edo diru-laguntza ematea bidezko bilakatzen duen egoeran dagoena.

2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, eta oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik haren izenean eta kontura diru-laguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3. Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, onuradun izaten ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen, publikoen edo pribatuen elkarteak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, baldin nortasun juridikorik ez izan arren proiektuak, jarduerak edo jokabideak gauzatzen ahal badituzte, edo diru-laguntza ematearen arrazoi den egoeran badaude.

Nortasunik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan –publikoak nahiz pribatuak– berariaz adierazi beharko da, hala eskaeran nola diru-laguntza emateko ebazpenean, batasuneko kide bakoitzak zer egiteko konpromisoa hartu duen eta zenbateko diru-laguntza aplikatuko den kide bakoitzeko. Kideok ere onuraduntzat joko dira. Nolanahi ere, batasunaren ordezkari edo ahalorde bat izendatu beharko da, batasunari onuradun gisa dagozkion zereginak betetzeko adinako ahalen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan ezarritako preskripzio epea iragan arte.

4. Diru-laguntzaren deialdiari dagokio ezartzea onuradun nor izan daitekeen mugatzeko inguruabarrak, diru-laguntza motaren arabera. Bizilekua edo egoitza soziala Kasedan egoteko eskakizuna, edo Udalaren intereseko zerbitzuak ematea nahiz jarduerak egitea, nahitaezkoa edo baztertzailea izan daiteke hala zehazten bada oinarri arautzaileetan.

5. artikulua. Entitate laguntzaileak.

1. Entitate laguntzailetzat jotzen ahalko dira erakunde eta gainerako entitate publikoak, merkataritza-sozietateak (baldin eta horietan partaidetza osoa edo handiena bada Administrazio Publikoena, zuzenbide publikoko organismo edo entitateena edo Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bosgarren xedapen gehigarriak aipatutako elkarteena), baita ezartzen diren kaudimen eta eraginkortasun baldintzak betetzen dituzten gainerako pertsona juridikoak ere, publikoak izan nahiz pribatuak.

2. Entitate laguntzaileen kaudimena egiaztatutzat joko da finantza-erakundeen aldeko txostena aurkeztuta, non eta ez den eskatzen deialdian bertan beste baliabide batzuen bitartez frogatzeko.

3. Entitate laguntzaileen eraginkortasuna egiaztatzeko, diru-laguntzaren xedearekin zerikusia duten jardueren zerrenda aurkeztuko da, ez bada deialdian beste bitartekoren bat jartzen.

6. artikulua. Debekuak.

1. Onuradun edo entitate laguntzaile izan daitezke diru-laguntza jaso ahal izateko moduko egoeran dauden pertsona edo entitateak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdian adierazitako egoeran daudenak.

2. Ondotik aipatzen diren pertsona edo entitateak ezin dira ordenantza honetan araututako diru-laguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin eta, diru-laguntzaren izaera kontuan izanik, diru-laguntzari buruzko araudian salbuespenen bat egiten ez bada:

a) Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik egotea.

b) Konkurtso deklarazioa eskatua izatea, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratua izatea, konkurtsoan deklaratua izatea, esku-hartze judizialaren mende egotea, edo desgaitua Konkurtsoari buruzko Legearen arabera, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu gabe.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontratu bukatutzat ematera behartua izatea, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateko administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza eramaten dutenak ez egotea Estatuko Administrazio Orokorraren Goi Karguen erabilera arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean, ezta Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunari buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean ere, edo izatea Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan arautzen diren hautetsietariko edozein, bertan edo gai horiei buruzko araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

e) Indarra duten xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzakoak eguneraturik ez izatea, erregelamendu bidez ezarrita dagoenaren arabera.

f) Erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean izatea egoitza fiskala.

g) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharren ondoriozko ordainketak eguneraturik ez izatea, erregelamendu bidez xedatzen diren baldintzetan.

h) Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, galdu izana diru-laguntzak lortzeko ahalbidea, ordenantza honen, Tributuei buruzko Lege Orokorraren edo Nafarroako Zergei buruzko Foru Lege Orokorraren arabera.

Ezin dira onuradun bilakatu ordenantza honen 4. artikuluan aipatutako elkarteak, haietako edozein kidek aurreko debekuren bat urratuz gero.

3. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuak dituzten elkarteak ezin dira inola ere izan ordenantza honetan araututako diru-laguntzen onuradun edo entitate laguntzaile.

Halaber, elkarteak ezin izanen dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin erregistroan inskribatzeko administrazio prozedura etenik badute, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertu direlako eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatua aplikatu zaielako, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

4. Artikulu honen 2. apartatuko b), d), e), f) eta g) lerroaldeetan eta 3. apartatuan ezarrita dauden debekuak automatikoki aintzatetsiko dira eta egoera horiek amaitu arte iraunen dute.

5. Artikulu honen 2. apartatuko a) eta h) letretan dauden debekuak automatikoki aintzatetsiko dira. Epai edo ebazpen irmoak ezarritakoa izanen da debekuaren irismena. Halakorik ezean, erregelamenduz ezarritako prozeduraren araberakoa izanen da irismena, eta ez da izanen bost urte baino gehiagokoa baldin debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.

6. Artikulu honen 2. apartatuko c) paragrafoan dagoen debekuaren aintzatespena eta iraupena Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoari jarraituz zehaztuko dira.

7. Pertsona edo entitateek, onuradun edo entitate laguntzaile izateko artikulu honen 2. eta 3. apartatuetan ezarri diren debekuetako bat bera ere ez dutela frogatzeko, honako bide hauetakoren bat erabiltzen ahalko dute: auzibidezko lekukotasuna, ziurtagiri telematikoa edo datu-transmisioa, Estatuko Administrazio Orokorrak edo autonomia erkidegoek teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen gainean egiten duten erabilera arautzen duten erregelamenduzko arauekin bat, edo kasuen arabera, administrazio-ziurtapena, eta, agintaritza eskudunak ezin duenean agiri hori eman, horren ordez erantzukizunpeko adierazpena erabil daiteke, agintari administratibo edo notario publikoaren aurrean emandakoa.

7. artikulua. Xedea.

Diruz laguntzen ahal dira jarduera programatuak, baldin eta jarraian aipatzen diren arloetakoren batekoak badira, Udalaren eskumeneko zerbitzuetan lagundu edo horiek ordezten badituzte edo tokiko intereseko jarduerak badira; eta diru-laguntzen deialdiari dagokion aldian gauzatzen badira:

–Kultura.

–Musika.

–Kirola.

–Hezkuntza.

–Gazteria.

–Berdintasuna eta emakumea.

–Hirugarren adina.

–Osasuna eta gizarte laguntza.

–Giza eskubideak, laguntza humanitarioa eta garapenerako lankidetza.

–Enplegua eta prestakuntza.

–Memoria historikoaren berreskurapena.

–Turismoa.

–Jasangarritasuna eta ingurumena.

–Herritarren partaidetza.

–Onuradun izan daitezkeenek egiten dituzten gainerako jarduera edo zerbitzu guztiak, Udalaren eskumenekoen osagarri edo ordezko.

8. artikulua. Laguntzak emateko prozedura.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagoka araubidean tramitatuko da, erran nahi baita, aurkezten diren eskaerak alderatuko direla, horiek lehentasunaren arabera ordenatzeko, deialdi bakoitzaren oinarri arautzaileetan ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei diru-laguntza adjudikatuko zaiela, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarriarena gainditu gabe.

Banakako ebaluazioaren sistemaren bidez ematen ahal da diru-laguntza; haren gaineko araudi berariazkoak irizpideak ezartzen ditu eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera diru-laguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

2. Diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da beti, organo eskudunak onetsitako deialdi baten bidez, eta horren bitartez diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ere onetsiko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23. artikuluaren arabera.

Diru-laguntzak arautzen dituzten oinarriak onestean dagokien gastua baimendu beharko da.

3. Oinarriak argitaratu ondoren, diru-laguntzen eskaerak aurkez daitezke, Kasedako Udaleko alkate udalburuari eskabidea zuzenduz; horrekin batera, orokorrean, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, diru-laguntzen oinarri bakoitzak eskatzen dituenez gain:

a) Ebazpena emateko beharrezkoak iruditzen zaizkionaren IFZak edo dagokion oinarriek eskatzen dituztenak.

b) Eskatzailearen balorazioa.

c) Entitatearen datu orokorrak.

d) Diru-laguntzaren xede den proiektuaren deskribapena.

e) Aurrekontu xehakatuak, diru-sarrerak eta gastuak kontzeptuen arabera azaltzen dituztenak.

f) Bestelako entitate pribatu nahiz publikoen aldetik kasuan kasuko proiekturako hartutako laguntza, halakorik bada.

Eskatutako agiriak dagoeneko Udalaren eskuetan badaude, eskatzaileak, betiere bi urte baino gehiago igaro ez badira dagokien prozedura bukatu zenetik, horiek ez aurkezteko duen eskubidea erabil dezake, ohartaraziz noiz eta zer organo edo sailetan aurkeztu edo eman ziren, eta agirietan aldaketarik izan ez bada.

Eskaerak ez baditu betetzen ordenantza honetan edo deialdiaren arauan eskatzen diren baldintzak, interesdunari errekerimendua eginen zaio gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean horiek zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio, halakorik egiten ez badu, ulertuko dela eskaerari uko egin diola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aginduaren arabera aurretik ebazpena emanda, Lege beraren 68. artikuluan agindutakoari jarraituz.

4. Eskaerak aurkeztuta, honela jokatuko da:

a) Instrukzioa egiten duen organoak (oinarri arautzaileek adieraziko dute zein den) txostenak eta eskaerak eskatzen ahal ditu, kasuan kasuko diru-laguntzaren oinarri arautzaileetan edo, hala behar badu, deialdian aurreikusitako irizpide, modu eta lehentasunekin bat.

Kide anitzeko organo batek eginen du balorazio hori; hura oinarri arautzaileetan adierazten diren kideek osatuko dute. Kide anitzeko organoak instrukzioa egiten duen organoari txostena igorriko dio; hartan zehaztuko da egindako ebaluazioaren emaitza. Dagokion alorreko informazio batzordea, instrukzio organo gisa aritzen ahalko da.

b) Instrukzioa egiten duen organoak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusirik, ebazpen proposamen behar bezala arrazoitua aurkeztuko dio organo eskudunari; honek hamabost eguneko epea izanen du, proposamena aurkezten zaionetik, ebazpena emateko.

c) Ebazpenak honako hau adierazi beharko du:

–Diru-laguntza hartzeko proposatutako eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa, ebaluazioa eta horretarako erabili diren balorazio irizpideak zehaztuta.

–Aurkeztu diren eskabideen artean espresuki zein ezetsi diren, halakorik bada.

Ebazpen proposamenak ez dio inolako eskubiderik ekarriko proposatutako onuradunari Administrazioaren aitzinean, harik eta diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten zaion arte.

Diru-laguntza emateko ebazpenak dagokion gastu konpromisoa dakar.

5. Diru-laguntza ebazteko eta eman dela jakinarazteko epea, orokorrean, sei hilabete izanen da gehienez, kasuan kasuko deialdia argitaratzen denetik hasita.

Hala ere, luzeagoa izaten ahalko da lege mailako arau batek hala ezartzen badu edo Europako Batasunaren araudian horrela aurreikusten bada.

Epe horretan laguntza emateko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezesitzat jo beharko da.

9. artikulua. Diru-laguntzak zuzenean ematea.

Diru-laguntza hauek zuzenean eman ahalko dira:

1. Udalaren aurrekontu orokorrean beren izenekin datozenak.

Udal aurrekontuan agertuko dira onuradunaren izena, diru-laguntzaren xedea eta haren zenbatekoa.

Aurrekontua betearazteko oinarrietan zehaztuko dira mota honetako diru-laguntzak; horiek hitzarmen bidez gauzatuko dira, eta hartan ordaintzeko modua eta diru-laguntzaren justifikazioa zehaztuko dira.

2. Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da diru-laguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

3. Salbuespen gisara, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen diren diru-laguntzak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

10. artikulua. Urte anitzeko diru-laguntzak.

1. Baimentzen ahalko da diru-laguntzak deitzea, eta gastua, laguntza horiek emateko ebazpena adierazi ondorengo ekitaldiei egoztea.

2. Deialdian adierazi beharko da ematen diren diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa, eta baita horien urtez urteko banaketa ere, kontuan izanik noiz aurreikusten den egitea emandako diru-laguntzetatik eratorritako gastua. Kopuru hori balioetsia izanen da, oinarri arautzaileek aurreikusi dutenean eskatzaileek aldez aurretik jaso dezaketela ordainketa. Hasiera batean onetsitako kopurua aldatzeko, beharrezkoa izanen da dagokion espedientea tramitatzea.

3. Araudian berariaz aurreikusten denean konturako sarrerak egin ahal izatea, urte anitzeko diru-laguntza emateko ebazpenean adieraziko da urteko kopuruen banaketa, kontuan hartuz diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko erritmoa. Dagokion zenbatekoaren balio bereko justifikazioa aldez aurretik aurkeztuta egotziko zaio ekitaldi bakoitzari.

11. artikulua. Aurretiazko tramitazioa.

1. Deialdia onartzen ahal da horren gaineko ebazpena egiten den ekitaldiaren aurreko aurrekontu-ekitaldi batean, gastuaren exekuzioa diru-laguntza ematen den urte berean egiten bada eta honako inguruabar hauetako bat betetzen bada:

a) Udalaren aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta behar adinakoa egon ohi bada, dena delako gastua aurrekontu bidez estaltzeko.

b) Udalaren aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta behar adinakoa baldin badago hurrengo ekitaldiari dagokion aurrekontu proiektua egiterakoan; bertan gastu konpromisoa hartuko da, diru-laguntza emateko ebazpena onestearen ondorioz.

2. Kasu horietan, deialdian agertzen den gehieneko zenbateko osoa balioetsia izanen da; horregatik, laguntza hori ematea ebazterakoan, bertan adierazi beharko da espresuki diru-laguntzak ematea kreditu egokia eta behar adinakoa izatera baldintzatua dagoela. Aurrekontu orokorrean onartutako aurrekontu kreditua, hasieran kalkulatutako zenbatekoa baino handiagoa izan daitekeen kasuetan, organo kudeatzaileak erabaki ahal izanen du deialdiari hori aplikatzea edo ez, ebazpenaren aurretik dagokion gastuaren espedientearen izapideak egin ondoren, beste deialdi bat egiteko beharrik izan gabe.

3. Deialdiaren aurretik tramitatzen den gastu espedientean, behar adina kreditu dagoela egiaztatzen duen agiria ordeztu eginen da kontu-hartzailetzaren ziurtagiri batekin; bertan agertuko da artikulu honen 1. apartatuan aipatutako inguruabarretakoren bat badela.

4. Gastu espedientean emandako tramite egintza guzien ondorioak honen arabera baldintzatuak daude; laguntza ematea ebazterakoan, ekintza horiek egin zirenean zeuden egitatezko eta zuzenbidezko inguruabar berberek iraun behar dute.

12. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak honako hauek dira:

1. Diru-laguntza jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

2. Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta diru-laguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

3. Laguntza ematen duen organoak edo erakunde laguntzaileak egiten dituzten egiaztapen jarduketak onartzea edo, bestela, kontrolerako organo eskudun nazionalek zein Europar Batasunekoek egiten ahal dituzten egiaztapen eta kontrol finantzarioko jarduketak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaien informazioa ematea.

4. Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari edo lankide den entitateari.

5. Ebazpen proposamena eman baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga betebeharrak eguneratuak dituztela frogatzea.

6. Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala ikuskatutako bestelako agiriak eduki beharko dira, onuradunei kasu bakoitzean aplikatzen ahal zaizkien merkataritzako nahiz sektoreko legeetan xedatu bezala.

7. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

8. Behar bezala iragartzea diru-laguntza jaso duten programek, jarduerek, inbertsioek edo jarduketek finantzazio publikoa izan dutela.

Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da bildutako dirua.

13. artikulua. Justifikazioa eta kobrantza.

1. Diru-laguntza eskuratzeko, beharrezkoa izanen da Udalari aurkeztea, dagozkion oinarri arautzaileetan eskatzen direnez gain, ondoko agiri hauek:

a) Eskabidea, onuradunak sinatua, alkateari zuzendua, diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

b) Egindako jardueraren oroit-idazkia.

c) Gastua frogatzen duten jatorrizko fakturak edo horien fotokopia konpultsatuak. Fakturak emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren heinekoak izan daitezke, dagokion deialdian hala zehazten bada.

Justifikazio ekonomikoaren ordez, kontu-ikuskari akreditatu batek egindako kontu ikuskatzea aurkezten ahal da, hala zehazten bada oinarri arautzaileetan.

d) Onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duten agiriak.

e) Frogatu beharko da Kasedako Udalaren laguntza jaso izana agertu dela diruz lagundutako jardueren publizitatean (programak, liburuak, kartel iragartzaileak, publizitateko iragarki laburrak...), edo diruz lagundutako argitalpenaren kontrazalean eta lehen orrialdean.

f) Frogatu beharko da bestelako diru-laguntzarik ez dutela eskuratu xede bererako, eta eskuratu badituzte, haien zenbatekoa zehaztu beharko da, baita zer erakundek eman dituen ere; orobat adierazi beharko da Udalak emandako diru-laguntzak, bestelako diru-laguntza edo laguntzekin batera, ez duela gainditzen onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Frogagiriak aurkezteko epea hilabetekoa da diruz lagundutako jarduera bukatu zenetik, deialdiak bestelako epe berariazkorik ezarri ezean.

2. Diru-laguntza arautzen duen oinarri bakoitzak aurreikusi ahal izanen du konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak egiteko aukera. Aukera hori espresuki adierazi beharko da diru-laguntza arautzen duen deialdian.

Konturako ordainketak: diru-laguntzaren izaerak justifikatzen badu, konturako ordainketak egiten ahalko dira. Konturako ordainketa horiek zatituak izaten ahalko dira, diruz lagundutako ekintzak gauzatu ahala, eta aurkeztutako frogagirietako zenbatekoa ordainduko da.

Ordainketa aurreratuak: diru-laguntzaren izaerak justifikatzen badu, ordainketa aurreratuak ere egiten ahalko dira, hau da, gastua frogatu aitzin dirua ematea, diru-laguntzari lotutako jarduerak gauzatzeko behar den finantzaketa gisa. Oinarri arautzaileek, emandako funtsen gaineko bermeen araubidea aurreikus dezakete.

14. artikulua. Laguntza itzuli beharra.

Hartutako diruak itzuli beharko dira eta berandutze-interesa ordaindu, diru-laguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 38.2 artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan ezarritako kasuetan.

15. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantziazioa.

1. Diru-laguntzaren xede den jarduera zati batean norberaren diruarekin finantza dadila eskatu ahal izanen da diru-laguntzari buruzko araudian. Diruz lagundutako proiektuan edo ekintzan norberaren dirua jarri dela frogatu beharko da diru-laguntzaren justifikazioa egiten den unean, eta orduan funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan aplikatu izana zehaztuko dira.

2. Diru-laguntzen zenbatekoa, berez edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, inoiz ez da izanen diru-laguntza ematen zaion jardueraren kostua baino handiagoa.

3. Diru-laguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak deusetan aldatzen badira eta, baldin eta, deialdi honetan baimendutako kasuetatik at beste diru iturri batzuk eskuratzen badira, aldatzen ahalko da diru-laguntzak emateko ebazpena diru-laguntzari buruzko araudian ezarritako epeetan.

16. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Emandako diru-laguntzen publizitatea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. eta 20.8 artikuluei jarraituz eginen da, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritakoa alde batera utzi gabe.

17. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Foru Legearen IV. tituluan aurreikusten dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten indarreko udal ordenantzetako xedapenak, bai eta kontrakoa esaten dutenak ere.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Ordenantza honek aurreikusten ez duen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatua aplikatuko da, baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatua ere.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L1800120